Euskadiko ETEntzako Eusko Jaurlaritzaren 2025 laguntzen plana.

Euskal enpresentzako laguntzak.

Onlineko jardunaldiak euskal enpresarentzat.

Filtra tu búsqueda

Alicia Gómez.
Elkarrizketak 30 Azaroa, 2021

DIDEA: “Baliotsua da zer egin behar den esatea, baina egiteak ez du preziorik”

Alicia Gómez ingeniariak aholkularitza bat sortu du enpresa baten eguneroko zereginei balioa ematen dieten “konponbide desberdinak” ezartzeko

 

Alicia Gómez Legorburu euskal enpresa-sareko erreferente teknologikoetako bat da bere gaitasun, curriculum eta ibilbideagatik, baina, horrez gain, benetako eredu bat ere bada etorkizuneko belaunaldientzat, zeren emakumeari ezarri zaizkion topiko, muga eta estereotipo guztien gainetik, erakutsi baitu posible dela emakume izanik zuzendaritza-kargu garrantzitsuak betetzea “horretarako asmo irmoa izanez gero”. Eta hori da, behintzat, bere ibilbideak erakusten duena, hainbat proiektu eta lantalde arrakastatsu gidatu baititu ITP Aero, Precicast Bilbao, Incoesa, Grupo Egile edo Macarbox bezalako enpresetan. Esperientzia hori bere azken proiektuan aplikatu du berriki. Proiektu horrek DIDEA Dirección Delegada du izena, eta bere ekimenez bultzatu duen “aholkularitza” bat da, helburutzat duena balio handiko “konponbide desberdinak” ezartzea enpresek hobetzen jarraitu dezaten.

 

Ez al zara nekatu hainbeste urtetan proiektuen gidari izateaz?

Ez, kontrara. Indartsu eta gogotsu nago, eta, besteak beste, horrexegatik erabaki genuen duela urtebete DIDEA martxan jartzea. Asmoa da enpresei laguntzea zuzendaritza arloan eta kudeaketaren profesionalizazioan, aukera izan dezaten hobetzeko eta hazteko eta, kasu batzuetan, jasangarriago izateko.

 

Zer egiten du zure enpresak?

Ez gara aholkulariak; egia da enpresarekin hitz egiten dugunean laguntzan jartzen dugula fokua (eta horri aholkularitza deitu izan zaio tradizionalki), baina barrutik lan egiten dugu, paper exekutiboa hartuz enpresako lantaldearekin batera. Esango nuke badagoela oso ondo irudikatzen gaituen esaldi bat: “Baliotsua da zer egin behar den esatea, baina egiteak ez du preziorik”. Hala, modu exekutiboan jokatzen dugu, hots, modu praktikoan, Interim Management (zuzendaritza delegatua) bat bezala. Zuzendaritzan eta kudeaketan esperientzia zabala duten profesionalak gara, eta misio bat gauzatzen dugu denbora-tarte zehatz batean eta ezarritako helburuak kontuan hartuta.

 

Ia hogeita hamar urtez langile izan ondoren zeure enpresa bultzatu duzu… Asko aldatu da enpresa kontzeptuaz duzun ikuspegia?

Ezetz esango nuke, norbere edo besteren kontura lan eginda ere, pertsonaren barruan daude erantzukizun edo konpromiso baloreak. Nire ibilbide profesionalean, enpresa batean lanean aritu naizenean neuretzat hartu dut enpresa hori, eta horren arabera jokatu dut. Enpresa bat proiektu partekatu bat da, helburutzat duena akziodunentzat, enplegatuentzat, gizartearentzat eta, oro har, intereseko agente guztientzat balioa sortzea.

 

Nolako etorkizuna izan dezake Interim Management tresna honek euskal enpresetan?

Interim Management asko eta aspalditik erabiltzen da nazioartean, baina hemen, Euskadin, enpresa askok ez dute ezagutu ere egiten, eta tamalgarria da, onura eta abantaila asko dituelako eta ez erabiltzea lehiakortasunaren kaltetan izan daitekeelako.  Horregatik, DIDEA abiarazi genuenean AIME Interim Management Elkarteko kide egin ginen, eta Iparraldeko Foroko presidentetzatik, ahalegina egiten dugu tresna hau ezagutarazteko eta azaltzeko nolako eragin estrategikoa izan dezakeen enpresentzat. Exekutibo senior baten laguntza eskuratzea modu arin eta seguruan,  funtsezko proiektuak gauzatzeko behar den unean; horixe da eskaintzen duguna eta balio-ekarpen argi eta oso baliagarria da.

 

Enpresa bat zuekin harremanetan jartzen denean, zergatik egiten du? Benetan arazo bat duelako eta salbamendu-ontzi baten bila dabilelako? Ala hazten jarraitu nahi duelako eta gauzak beste era batean egin nahi dituelako?

Urtebete daramagu lanean, eta esan diezazuket denetarik dagoela. Kasuistika oso anitza da. Adibidez, enpresa batzuek eraldaketa digital bat egin nahi dute eta horrexetan laguntzen diegu. Badaude baita ere arlo ekonomikoan edo merkatuan arazo larriak dituztenak, eta kasu horietan egoerari buelta ematen laguntzen diegu. Baina beti barrutik lan eginaz. Eta badago hirugarren enpresa-multzo bat, belaunaldi aldaketa bat bizi dutenak eta, ondorioz, zuzendaritza eta kudeatzailetza aldatu behar dutenak. Interim Management-aren figura oso lagungarria da halakoetan, eskarmentu handiko exekutiboak garelako eta aldaketa hori egiten lagundu diezaiekegulako. Hau da, denbora batez lantaldea osatzen dugu barrutik, eta gero bakarrik uzten ditugu aurrera jarrai dezaten. Hori baita gure asmoa, behar dituzten tresnak sortu, ezarri eta erabiltzen erakustea, gero enpresako lantaldea guztiz autonomoa izan dadin.

 

Pentsatzen dut tresna hau baliagarri dela bai ETEetan eta baita ere konpainia handietan, baina berdin balio dezake startup-entzat ere?

Jakina baietz, tresna hau guztiz transbertsala da. Enpresa sortu berrien kasuan, kudeaketa osoa definitzen eta profesionalizatzen laguntzen diegu, normalean euren egunerokoa gehiago zentratzen baita sormenean eta produktuaren garapenean, eta ez hainbeste kudeaketan. Gu enpresaren kudeaketaren sistematikan zentratzen gara, etorkizuneko hazkundera eta jasangarritasunera gidatuko duten beharrezko oinarriak ezarriz.

 

Agian erosoagoa da hasten ari diren gazteekin kudeatzaile edo zuzendari jardutea ongi errotutako konpainia bateko langileekin baino, ezta?

Lantaldeetan sartzea ez da batere erraza, eta proiektu bakoitza erronka bat da. Lehenik eta behin, enpresa zehatz horren kultura ulertu behar da ikuspegi sistemikotik, eta bertako langileekin enpatizatu. Gauza bera gertatzen da enpresa berri batean lanean hasten zarenean, ezinbestekoa da kultura eta pertsona arteko harremanak ulertzea, taldean norbere txokoa aurkitzea… Interim manager-ak gara, esperientzia handia dugunak kultura eta lantalde desberdinekin, eta kanpotik etortzeak baditu hainbat abantaila. Adibidez, ikuspegi garbia dugu, eta gai gara gauzak beste era batean ikusteko, gainera, ez gaituzte mehatxutzat hartzen, baizik eta enpresa horretan botere-kargu bat izan dezakeen norbait bezala.

 

Independentziaren balioa…

Kanpoko ikuspegi hori oso baliotsua da guretzat, autonomia eta independentzia ematen digulako gomendio edo erabakiak libreki eta barruko menpekotasunetatik aske planteatzeko. Egia da prozesu hau ez dela erraza, baina kudeaketako sistematikak eta pertsonen kudeaketak emaitza onak ematen ditu azkenean.

 

Pertsonak eta berdintasuna hizpide ditugunez… Gaur hemen profil oso teknikoa duen emakume batekin ari gara, baina zoritxarrez zurea bezalako kasuak ez dira oso ohikoak… Nola ikusten duzu emakumearen papera XXI. mendeko enpresan?

Oraindik indar gutxi du, baina funtsezkoa da, zalantzarik gabe. Eta ez enpresan bakarrik. Asko gara, gainera gehiengoa gara unibertsitatean, baina oraindik bide luzea dugu egiteko, batik bat ikasketa teknikoenetan. Hori bai, aurrera goaz gelditu gabe, ongi prestatuta gaudelako eta baditugulako talentua, gogoa eta jarrera. Dozenaka ikerketak (adibidez Harvardeko unibertsitateak eginiko batek) diote enpresen finantza arloko emaitzak hobetu egiten direla administrazio kontseiluetan emakumeak sartzen direnean.

 

Eta hori horrela bada, zer egin behar da kristalezko sabaiak behin betiko apurtzeko?

Duela gutxi irakurri dut egoitza Euskadin duten eta burtsan kotizatzen duten 18 enpresetako batek ere ez duela emakumerik zuzendaritza postuetan. Tamalgarria da. Bide luzea daukagu aurretik maila guztietan… Enpresei esaten diet utz ditzatela atzean paradigma zaharrak, sar ditzatela emakumeak erantzukizun handieneko postuetan; eta administrazio publikoari, berriz, jarrai dezala erantzukidetasun politikak sortzen aukera berdintasuna bermatzeko, soldaten arrakala murrizteko…

 

Eta emakumeei?

Indartu dezatela euren konfiantza! Eta jarrai dezatela aurrera euren ibilbide profesionalean, beldurrik gabe. Aukera asko daude, eta elkar babesten jakin behar dugu, mentoring programekin edo geure arrakastez eta zailtasunez mintzatzeko hitzaldiekin. Azkenean, aldaketa hau aldaketa kultural handiago baten parte da, eta badakigu bidea luzea dela, baina baikorra naiz; sinetsi nahi dut belaunaldi berriek guk baino aurreiritzi gutxiago dituztela, gure belaunaldiak eta aurrekoek zituztenak baino sinesmen historiko eta mugatzaile gutxiago dakartzatela eurekin.

Lotutako albisteak

Ezarri  Mosaicos:  “Enpresa  baten  egunerokoa  lehiatzea,  ikertzea  eta  bezeroei  erantzunak  ematea  da”
20/02/2025 Berrikuntza

Ezarri Mosaicos: “Enpresa baten egunerokoa lehiatzea, ikertzea eta bezeroei erantzunak ematea da”

Gipuzkoako enpresaren beirazko diseinuak 100 herrialdetan baino gehiagotan daude, eta nazioarteko transakzioak haren negozio-zifraren % 70 dira

Begoña  San  Miguel:  “Oja-Remen  trokelen  diseinua  menderatzea  bilatzen  dugu  kalitatezko  piezak  prezio  lehiakorrean  eskaintzeko”
13/02/2025 Berrikuntza

Begoña San Miguel: “Oja-Remen trokelen diseinua menderatzea bilatzen dugu kalitatezko piezak prezio lehiakorrean eskaintzeko”

Ia 60 urteko ibilbidearekin, Gernikan sortu eta Zornotzan egoitza duen enpresak berrikuntza teknologikoaren eta dibertsifikazioaren alde egin du, estanpazio metalikoaren sektorean hazten jarraitzeko.

Isabel  Urbano:  “Novia  Salcedo  Fundazioarekin  praktiketan  dauden  gazteen  %60k  kontratu  bat  lortzen  dute”
06/02/2025 Ekintzailetza

Isabel Urbano: “Novia Salcedo Fundazioarekin praktiketan dauden gazteen %60k kontratu bat lortzen dute”

Novia Salcedo Fundazioak 45 urte inguru eman ditu ikasketa-ingurunetik lan-mundurako trantsizioa errazten, prestakuntza praktiko ez-laboraleko programen bidez.

AIDTEC  Solutions  :“Ekintzaileak  zaindu  egin  behar  ditugu”
05/02/2025 Ekintzailetza

AIDTEC Solutions :“Ekintzaileak zaindu egin behar ditugu”

Nekazaritza jasangarriagoa lortzeko soluzioetan espezializatutako startuparen sortzaileetako bat da Izaskun Oribe

Naberan  Sareak:  “Hazinnovak  enpresan  pertsonen  arteko  harremanak  hobetzen  lagundu  digu”
30/01/2025 Berrikuntza

Naberan Sareak: “Hazinnovak enpresan pertsonen arteko harremanak hobetzen lagundu digu”

Gipuzkoako enpresak itsasorako arraste-sareak fabrikatzen ditu berrikuntza-elementu ugarirekin, artisau-lana eta teknologia aurreratua konbinatuz.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.