Doitasun handiko makinak
Arabako Zayer enpresak Berrikuntza saria jaso du azken Biurtekoan, milioi bat euro balio duen funtzio anitzeko makina sofistikatu bategatik
Zayer enpresak duela 61 urtetik ekoizten ditu neurri handiko makinak, sektoreak bizi duen erritmo eta kemen berdinarekin. Sektoreko erreferente kontrastatu bat dela argi geratu da Makina-erremintaren Biurtekoaren hogeita hamargarren edizioan. Barakaldoko BEC-en ospatutako azoka horretan, sektorearen Estatuko bilgune garrantzitsuenean, Zayer enpresa arabarra berriro protagonista bilakatu zen, makina-erreminta arloko Berrikuntza saria jaso zuelako fresaketa-torneaketako funtzio anitzeko bere mekanizazio-zentroarekin, puntako teknologiako tresna bat milioi bat euro inguru balio duena eta liluraturik utzi zituena epaimahaiko hamaika adituak.
Zayer enpresa 1957an hasi zen fresatzeko makina txikiak, artezteko makinak eta tornuak egiten, denak ere gero eta sofistikatuagoak, harik eta denborarekin nazioarteko marka ospetsu bihurtu den arte. Gaur egun 200 langile ditu Betoñoko industrialdeko bere kuartel generalean, eta munduko herrialde garrantzitsuenetara esportatzen ditu bere makinak. Zayer-eko zuzendari teknikoak, Luis Callejak, enpresaren gakoak azaltzen dizkigu.
Zer ikusi zuen epaimahaiak zuen makinan?
Hainbat alderdi baloratu zituen: %50, berrikuntza; %25, makinaren diseinu estetikoa; eta gainerakoa beste kontu batzuk, hala nola ergonomia, segurtasuna eta jasangarritasuna. Badirudi hortxe lortu genituela puntuazio onenak. Sari honek ikaragarri animatzen gaitu eta bultzada moral handia ematen digu aurrera jarraitzeko bide beretik.
Nola deskribatu daiteke ARION G izeneko zuen makina hori?
Txirbil-harroketa bidez dabilen makina-erreminta bat da, mekanizazio sektorean ohikoak diren bi prozesu egiteko aukera ematen duena: fresaketa eta torneaketa. Bestela esanda, “bi batera” motako zerbitzu bat eskaintzen dugu, enpresei lehiarako funtsezko abantaila emango diena. Makina honekin lortzen dena da malgutasun gehiago izatea mekanizazio prozesuetan, produktibitatea handitzeko eta, batez ere, doitasuna bermatzeko pieza batean, posible izango delako makina berean aritzea lanean, hasieratik bukaeraraino, pieza makinatik kendu behar izan gabe, kentzen denean normalean handitu egiten baita desdoiketa arriskua.
Nori interesatzen zaizkio zuek Gasteizen diseinatu eta egiten dituzuen honelako makinak?
Fresaketa eta torneaketako mekanizazio prozesuekin sektore askotako piezak landu daitezke, baina nola gure makinak bi metro diametroko plater bat daukan hamar tonarainoko piezak moldatzeko gauza dena, aurkeztu dugun makina sektore aeronautikora dago zuzendua gehienbat.
Oker al gaude esaten badugu Airbus edo Boeing bezalako fabrikatzaile bati saltzen zaion Rolls Royce turbina batean aurki daitezkeen piezen moldaketaren zati bat zuen makina bati esker izan dela posible?
Ez, ez, halaxe da, gure zorionerako. Horrelako bezeroekin lan egiteak egundoko exijentzia maila ezartzen digu egunero.
2010ean zuen instalazioak handitu zenituzten euren gaitasuna emendatzeko eta garabi bat sartu zenuten makina handiagoak egiteko. Nolako tamainez ari gara?
Biurtekora eraman dugun makina txikienetako bat da. Prestatuta gaude askoz makina handiagoak egiteko, hamahiru metroko altuera izan dezaketenak eta hirurogei tonarainoko piezak mugitzeko gauza direnak. Hori guztia, gainera, muntaketa-pabiloi girotu batean, bezeroentzako produktuen azken harrera ingurune kontrolatu batean egiteko modua eskaintzen diguna.
Zer balio dezake merkatuan Biurtekoan aurkeztu duzuen bezalako makina batek?
Kostuak ezberdinak dira bezero bakoitzaren beharren arabera eta makina bakoitzak dituen osagarrien arabera, baina BECen erakutsi genuenak milioi eurotik gora balio du. Makina oso azkarrak dira eta sinestezineko teknologia dutenak, informazio mordo bat ematen diotena hala bezeroari nola fabrikatzaileari.
Makina horiek zerikusi gutxi izango dute noski zuk 1984an, enpresara sartu zinenean, erabiltzen zenituen haiekin…
Bai horixe, ez dute batere zerikusirik. Bilakaera izugarria izan dute, batez ere alde mekanikoan, ikaragarri sinplifikatu baita. Bestalde, alde elektronikoak funtzionalitate handia ematen die egungo makinei, eta horren ondorioz azkenean ekipoak askoz ere produktiboagoak dira.
Lotutako albisteak

IDDTEK: “Industriaren eta talentuaren arteko lotura gara”
Orain 20 urte Irene Rodríguez donostiarrak sortu zuen ETEa ingeniaritza arloko outsourcingean erreferentea da eta sektore estrategikoetan lan egiten duen talde sendoa eta proiektuak ditu abian.

NAW: “Gure abantaila lehiakorra 10 urte bitarteko kirol-oinetako minimalista eskaintzea da”
Silvia Echeverríak, NAWren sortzaileak, oinetako minimalistak postura-osasunean eta garapen biomekanikoan haurtzarotik helduarora arte nola eragin dezakeen azaltzen du.

Ezarri Mosaicos: “Enpresa baten egunerokoa lehiatzea, ikertzea eta bezeroei erantzunak ematea da”
Gipuzkoako enpresaren beirazko diseinuak 100 herrialdetan baino gehiagotan daude, eta nazioarteko transakzioak haren negozio-zifraren % 70 dira

Begoña San Miguel: “Oja-Remen trokelen diseinua menderatzea bilatzen dugu kalitatezko piezak prezio lehiakorrean eskaintzeko”
Ia 60 urteko ibilbidearekin, Gernikan sortu eta Zornotzan egoitza duen enpresak berrikuntza teknologikoaren eta dibertsifikazioaren alde egin du, estanpazio metalikoaren sektorean hazten jarraitzeko.

Naberan Sareak: “Hazinnovak enpresan pertsonen arteko harremanak hobetzen lagundu digu”
Gipuzkoako enpresak itsasorako arraste-sareak fabrikatzen ditu berrikuntza-elementu ugarirekin, artisau-lana eta teknologia aurreratua konbinatuz.