Berrikuntza
Albisteak 8 uztaila, 2020

Durangaldea “Cycle Friendly Employer” eskualdea izango da

Durangaldeko mankomunitateak estrategia bat bultzatu du CFE (Cycle Friendly Employer) ziurtagiria duen lehen eskualdea izateko. Ziurtagiri horrek aitortza egiten dio enpresa eta erakundeek bizikletaren erabilpena sustatzeko eginiko ahaleginari

Estrategia publiko-pribatu horrek enplegua sortuko du kolektibo kalteberentzat.

 

Durangaldeko mankomunitateak estrategia bat bultzatu du CFE (Cycle Friendly Employer) ziurtagiria duen lehen eskualdea izateko. Ziurtagiri horrek aitortza egiten dio enpresa eta erakundeek bizikletaren erabilpena sustatzeko eginiko ahaleginari. Mankomunitateko presidentetzak zuzentzen duen ekimen honen helburua da mugikortasun jasangarria ahalbidetzea administrazio publiko desberdinen, erakundeen eta enpresen arteko lankidetzaren bidez.

 

CFE zigilua Europako Batzordeak European Cyclist Federation erakundearen bidez sustatutako aitortza bat da, eta Durangaldearen kasuan Bike Innovation Hub euskal elkartea ari da prozesua koordinatzen. Eskualdeak datorren uztailaren 17an jasoko du ziurtagiria, baina hori abiapuntua baino ez da izango, 3 urteko ekintza-plan zabal bat gauzatu beharko duelako.

 

Hala, Durangaldea da zigilu hori eskuratu duen lehen eskualdea nazioartean. “Helburua da enpresa eta administrazio publikoen arteko sinergiak bilatzea elkarren osagarri izateko eta onurak lortzeko, bai enpresentzat, bai langileentzat eta baita ere herritarrentzat” azaldu du Aitzol Fernándezek, Bike Innovation Hub elkarteko presidente eta Axalko enpresaren fundatzaileak, “proiektu aitzindaria da eta dagoeneko eredu bihurtzen ari gara beste eskualde batzuentzat: hainbat kontsulta iritsi zaizkigu Europatik eta Latinoamerikatik”. Halaber, Bizkaiko Foru Aldundiak proiektu hori aukeratu du Bizikletaren Liburu Zurian sartzeko.

 

Estrategiak ibilbide-orri bat dauka hainbat lan-eremurekin, besteak beste, komunikazioa eta kontzientziazioa edota zerbitzu eta azpiegitura berriak bultzatzea. Esaterako, antolatuko diren ekintzetako batzuk dira bide-gorrientzako ibilbideak proposatzea gune industrialetako langile-fluxuak koordinatuz, aparkalekuak kudeatzea bizikletaren erabilpena lehenetsiz edo puntu publikoak sortzea tresnekin edo konponketa-tailer txikiekin.

 

Asmoa da ekintza horiekin tokiko ekonomia bultzatzea eta kolektibo kalteberen enplegua lehenestea. “Sortuko diren ekintza, zerbitzu eta produktuak bazterkeria sozialeko arriskuan dauden pertsonek egingo lituzkete, horrela aukera berriak sortuz tokiko ingurunean” azaldu du Aitzol Fernándezek.

 

Estrategia horrekin, Durangaldeko mankomunitateak lortu nahi duena da mugikortasun jasangarriak eta, bereziki, bizikletaren erabilpenak ingurumenean eta maila sozial nahiz ekonomikoan eskaintzen dituen askotariko onurak aprobetxatzea. Bike Innovation Hub erakundeko presidenteak dioenez, “osasun arloko onurak eta inpaktu ekonomikoa kuantifikatuta daude: gaur egun, urtean 150.000 milioi eurokoak dira Europan”. Izan ere, aurreztu egiten da osasun arloan eta azpiegituretan, trafikoa hobetzen da, negozio-eredu jasangarri berriak bultzatzen dira, eta inpaktu positibo handia sortzen da ingurumenean.

 

CFE ziurtagiria beraizik zuzentzen zaie langileen edo herritarren artean bizikletaren erabilpena sustatu nahi duten enpresa publikoei, pribatuei nahiz eskualdeei. Bike2Work proiektu europarraren bitartez sortutako bereizgarri horrek auto-ebaluaziorako tresnak eta ikuskapenak eskaintzen ditu ekintza-plan bat bultzatzeko.

 

Bike Innovation Hub irabazi asmorik gabeko elkarte bat da, honako hauek osatua: Urbegi, kolektibo kalteberentzako lan-aukerak sortzen dituen enpresa taldea, Bike Friendly ziklo-turismo enpresa eta Axalko, bizikleta pertsonalizatuen fabrikatzailea eta mugikortasun jasangarriko aholkularitzan aditua.

Lotutako albisteak

Euskadik  Europan  herrialde  berritzaile  gisa  duen  ahala  finkatu  du,  enpresa  txiki  eta  ertainen  ahaleginari  esker
12/03/2025 Berrikuntza

Euskadik Europan herrialde berritzaile gisa duen ahala finkatu du, enpresa txiki eta ertainen ahaleginari esker

Topaketak lurraldeko eta sektoreko berrikuntzaren 30 eragile eta Euskadiko 70 enpresa txiki eta ertain baino gehiago bildu ditu; eragile eta enpresa horiek 2023an berrikuntza-proiektu bat garatu dute HAZINNOVAren bidez, SPRIk eta Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziak kudeatutako Eusko Jaurlaritzaren programaren bidez

Euskocam  System  S.L.-k  elektrohigadurarako  grafitozko  soluzioak  eskaintzen  ditu
12/03/2025 Berrikuntza

Euskocam System S.L.-k elektrohigadurarako grafitozko soluzioak eskaintzen ditu

Elorrioko enpresak elektrohigadurarako grafito-elektrodoen diseinuan eta fabrikazioan zerbitzu integrala eskaintzen du, berrikuntzaren eta iraunkortasunaren aldeko apustu argiarekin.

Hazinnovaren  eskutik  Estatu  Batuetan  haztea  du  helburu  Rob-Jor  enpresak
10/03/2025 Berrikuntza

Hazinnovaren eskutik Estatu Batuetan haztea du helburu Rob-Jor enpresak

Manikurako eta pedikurako produktuak fabrikatzen dituen enpresa arabarra industria mota horretako fabrikatzaile europar bakarrenetakoa da, eta berrikuntzaren eta pertsonalizazioaren alde egiten du Asiako lehiakortasunaren aurka borrokatzeko.

Soldaduraren  balio-kateari  buruzko  azokaren,  UNIREren,  bigarren  edizioa  egingo  dute  Ficoban
07/03/2025 Berrikuntza

Soldaduraren balio-kateari buruzko azokaren, UNIREren, bigarren edizioa egingo dute Ficoban

Sektore horrek Estatu osoan egiten duen kongresu bakarra martxoaren 18 eta 19an izango da

Betielek  droneak  integratu  ditu  bere  jardueran  Hazinnovari  esker
27/02/2025 Berrikuntza

Betielek droneak integratu ditu bere jardueran Hazinnovari esker

Enpresa bizkaitarrak eguzki plakak instalatzen ditu industria-sektorean, administrazio publikoan eta etxe partikularretan, eta bere negozio esparruan aukera berriak aztertu nahi ditu.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.