EIC Europako Berrikuntza Azeleratzaileak Europa osoko enpresarik berritzaileenak aukeratzen ditu
EIC Europako Berrikuntza Azeleratzaileak Europan berrikuntza eta I+G bultzatzen duen tresna izarretako bat da
2014tik, 81 euskal enpresek 39 milioi euroko finantzaketa lortu dute EIC Berrikuntza Azeleratzailearen eta haren aurreko “ETE Tresna” programaren eskutik
Berrikuntza disruptiboko euskal enpresa txiki eta ertainek (ETE) EIC Europako Berrikuntza Azeleratzaileak eskaintzen dituen finantzaketa eta aukerak balia ditzakete. Berrikuntzako Europako Kontseiluak bultzatzen du azeleratzaile hori. Tresna horrek enpresa txiki eta ertainen (ETE) berrikuntza disruptiboa babesten du, finantzaketaren bidez eta lehen mailako adituen aholkularitza- eta orientazio-zerbitzuaren bidez, baita inbertitzaileekin eta enpresekin lotura-lanak eginez ere, modu horretara ETE horien berrikuntza-proiektuak bultzatzeko eta merkatura ahalik eta azkarren iristeko.
Programa horretan sartzea zaila izan arren, ez da ezinezkoa; izan ere, 102 euskal ETEk lortu dute jada. Hala, azeleratzaile horretara proiektuak arrakastaz nola aurkeztu azaltzeko helburuarekin, “EIC Europako Berrikuntza Azeleratzailea. ETE berritzaileentzako finantzaketa” webinarra egingo da datorren uztailaren 14an. Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Spri Taldeak eta Beazek (Basque Enterprise Europe Network elkargoko kideak) antolatu dute jardunaldia, Industriaren Garapen Teknologikorako Zentroaren (CDTI) laguntzarekin.
Hauek ariko dira hizlari mintegi digital horretan: Luis J. Guerra, CDTIko H2020 programan ETE-en ordezkaria, EIC Europako Berrikuntza Azeleratzailearen epaimahaiko kidea; Arturo Antón, Spri Taldean EEN Sarearen euskal nodoko koordinatzailea, eta Iciar Alaña. Innobasque agentzian Enterprise Europe Network (EEN) elkargoaren arduraduna. Haiekin batera izango dira Frank J. Hernández, SOMAprobes enpresaren sortzaileetako bat, eta Jon Madariaga, Zuma Innovation enpresaren sortzailea. Enpresa oso berritzaileen zuzendari dira Hernández eta Madariaga. Bi ETE horiek Europako Batzordearen programa horren laguntza jaso dute jada, Horizon 2020 Esparru Programa horren baitan. Biek ala biek beren esperientziaren berri emango dute, eta azeleratzailean sartu ahal izateko zer oztopo gainditu behar izan dituzten azalduko dute.
Azeleratzailea, aurreko “ETE Tresna” programaren oinordekoa, arriskuak hartu dituzten ahalmen handiko proiektuak bultzatzeko tresna bat da, enpresa txiki eta ertain horiek produktu berritzaileak, zerbitzu eta negozio-eredu berriak eraman ahal izan ditzaten merkatura. Berrikuntza eta I+G bultzatzeko Horizon 2020 Europako esparru-programaren tresna izarretako bat da, eta halaxe izango da Horizon Europe programa berriaren baitan ere. Europar Batasunaren 2021-2027 aldirako etorkizuneko esparru-programa horrek 100.000 milioi euro inguruko aurrekontua izango du. Programak EBko zientzia eta teknologia indartuko ditu funtsezko zenbait esparrutan (osasuna, biztanleriaren zahartzea, segurtasuna, kutsadura eta klima-aldaketa) dauden mundu mailako erronka nagusiei aurre egiteko. Webinar horretan hurrengo Horizon Europe esparru-programaren berrikuntzak ere aurreratuko dira.
Euskal ETE-en arrakasta azeleratzailean
Azeleratzaileak haren aurrekaria xurgatu du (ETE Tresna), eta euskal enpresek oso esperientzia positiboa izan dute bietan. 2014tik, 81 enpresak baliatu dituzte laguntza horiek, eta 39 milioi euroko finantzaketa lortu dute beren disrupzioetarako.
Proiektu disruptibo horiek bat datoz RIS3 Euskadi Espezializazio Adimenduneko Euskal Estrategiaren lehentasun estrategikoekin. Esparru hauekin loturiko ekimenak dira:
– Fabrikazio aurreratua: fabrikazio-prozesuan material aurreratuak, hala nola grafenoa edo ura berrerabiltzeko nano-mintzak
– Biozientziak/osasuna: koronabirus infekzioak atzemateko test azkarrak, osasun-ekipamendua eta kirurgia-material aurreratuak, errehabilitaziorako kanpo-eskeletoak edota diagnostiko medikoei aplikatutako errealitate birtuala
– Energia: automobiletako laguntza-sistema prediktiboetarako adimen birtuala, energia eolikorako soluzio berritzaileak, bizikleten transmisio-sistemetarako elektromekanika…
– Hezkuntza sektorean erabiltzaileak on line identifikatzeko eta monitorizatzeko sistemak
– Satelitetako sistema integratuak.
Topaketa birtualean parte hartzeaz gain, aukera izango da banakako bilerak hitzartzeko laguntza horietan adituak diren pertsonekin, CDTIren Horizon 2020 programaren ordezkariekin, hain zuzen (kontaktuko puntu nazionalak deritze). Haiekin ideia edo proiektu berritzaileei buruz hitz egin ahal izango dute ETE-etako ordezkariek, aldez aurretik helbide honetan bilera hitzartuta: www.innobasque.eus.
Basque Enterprise Europe Network
Funtsezko bi arrazoi daude euskal proposamenek arrakasta izateko horrelako programetan: batetik, haien berrikuntza-maila handia delako, eta, bestetik, Euskadin eskueran dituzten laguntza-zerbitzuak baliatu ditzaketelako Enterprise Europe Network sareari esker. Munduko sarerik handiena da aipatutakoa, nazioarteko proiekzioa duten ETE-ei laguntzeko, eta Innobasque partaide da bertan. Euskadin du oinarria sareak, eta konexioa mundu zabalarekin, ETE berritzaileei zerbitzuak eskaintzeko, nazioarteko merkatuetan sarbidea izan dezaten. Enpresa txiki eta ertainei zuzendurik, sareak lagundu egiten die ETE horiei negozioetan nazioarteko bazkideak lortzen, eta, besteak beste, honako baliabide hauek lortzen: hazteko teknologiak eta ideiak, enpresa-bazkideak eta aholkularitza espezializatua. Hauek dira euskal nodoaren kideak: Spri Taldea, BEAZ, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberak eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentzia.
Jardunaldiari eta izen-emateei buruzko informazio gehiago, agentziaren webgunean: www.innobasque.eus
Lotutako albisteak

Mecanizados Patro enpresak “fidagarritasuna, segurtasuna eta eraginkortasuna” eskaintzen ditu trenbide-sektorean
Serie laburretarako eta luzeetarako pieza espezifikoak fabrikatzen ditu enpresa arabarrak, doitasun handiko lan-tresna eta makinekin.

Kontsulta irekia: Spri Taldearen laneko prebentzio-zerbitzuak definitzeko zure aukera
Sprik merkatuko aurretiazko kontsulta jarri du abian, lan-arriskuen prebentzioaren eta osasunaren zaintzaren sektorearen benetako beharretara egokitutako lizitazioa diseinatzeko. Horren bidez, operadore ekonomikoen ekarpenak bildu nahi dira, kontratazio-prozesu lehiakor, garden eta merkatuko jardunbide egokienekin lerrokatua egituratzeko.

Lorra, lau hamarkada inguru Bizkaiko nekazaritzako elikagaien kooperatibismoaren funtsezko zutabe gisa
Gaur egun, erakundearen lehentasuna zahartutako sektore honetako erretiroak ordezkatzea da, belaunaldi-erreleboaren bidez.

NudgeXperience Bilbon: CX eta Portaera Zientzien ekitaldia
Zuzendariei eta gerenteei, Cx-eko arduradunei eta berrikuntza eta marketineko profesionalei zuzendua

Innobideak Prestakuntza prestatu zure lantaldea balioan lehiatzeko eta ez prezioan
Euskadiko ETEen % 60k berrikuntzaren alde egiten du, baina gehienek kostua murrizteko edo kalitatea hobetzeko egiten dute eta ez dute benetako abantaila lehiakorra sortzen merkatuan. Alabaina, berrikuntza ez da etorkizunean mantentzeko tresna soila, etorkizunean liderra izateko estrategia baizik. Horretarako, gakoa teknologia ez ezik, pertsonak, estrategia eta egokitzeko gaitasuna ere badira.

Utilmaik tresna industrial aurreratuak diseinatzen ditu ekoizpen industriala optimizatzeko
Bizkaiko enpresak berrikuntza eta ezagutza teknikoa uztartzen ditu funtsezko sektoreetan mekanizazio-prozesuak hobetzeko, hala nola garraioan, makineria astunean eta aeronautikan.

Imanol Rego, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidente berria
Manuel Salaverriaren lekukoa hartu du. Salaverriak euskal ekosistema publiko pribatuaren balioa sustatzen jakin du, Euskadi garatzeko bide estrategiko gisa

UNIREn bigarren edizioak 80 enpresa baino gehiago bildu ditu FICOBAn
Soldaduran eta beste lotura-teknologietan espezializatutako Estatuko azoka bakarra da

AVVI laguntzaile birtualak etxebizitzen salmenta eraberritu du, etxeak eraiki aurretik bisitatzeko aukera ematen baitu
Trivima enpresa donostiarrak soluzio berritzaile bat garatu du, salmenta epeak murriztu eta transformazioa areagotzen duen esperientzia interaktiboa ahalbidetzen duena.

Euskadik Europan herrialde berritzaile gisa duen ahala finkatu du, enpresa txiki eta ertainen ahaleginari esker
Topaketak lurraldeko eta sektoreko berrikuntzaren 30 eragile eta Euskadiko 70 enpresa txiki eta ertain baino gehiago bildu ditu; eragile eta enpresa horiek 2023an berrikuntza-proiektu bat garatu dute HAZINNOVAren bidez, SPRIk eta Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziak kudeatutako Eusko Jaurlaritzaren programaren bidez