Aitor Soria director general de Eika.
Aitor Soria, zuzendari nagusia.
Albisteak 1 otsaila, 2024

Eika, bitrozeramika-plaketarako bero-fokuen salmentan munduko liderra den kooperatiba bizkaitarra

Enpresa Etxebarrian dago kokatuta. Segundo bakoitzeko foku bat fabrikatzen du, eta hiru startupetan inbertitzen du negozioa dibertsifikatzeko

Mondragon Taldeko enpresa bizkaitarra da Eika, eta duela mende erdi baino gehiago sortu zen. Munduko liderra da bitrozeramiketarako foku erradiatzaileen salmentan. Hain zuzen ere, merkatuaren % 42 biltzen du eta foku bat fabrikatzen du segundoko.  Urteko fakturazioa 100 milioi eurotik gorakoa da. Gainera, azken urteetan hiru enpresatan inbertitu du, negozioa dibertsifikatzeko eta hazten jarraitu ahal izateko. SPRI Taldeak EAEko enpresei beren proiektuak ezagutarazteko aukera eskaintzen die “Zutaz mintzo gara” egitasmoaren bidez.

Eika 1973an sortu zuten Bizkaiko Etxebarria herrian, “eskualdeko emakumeei lana eskaintzeko beharragatik”, Aitor Soria zuzendari nagusiaren eta Iratxe Acha Giza Baliabideetako zuzendariaren hitzetan, “Kooperatiba bat izan zen hasieratik”.

Sukaldeko galdaketako plakak fabrikatzen zituen orduan enpresak (duela 15 urte erretiratu zuten produktu hori), baita labeetako erresistentziak ere; horiek 2022ra arte mantendu dituzte. “Hortik bitrozeramiketara eta kontrolerako elektronikara pasatu ginen, eta produktua globalki eskaintzen hasi ginen”.

Beroaren sorrera, beroaren kudeaketa (elektronikaren bidez) eta isolamendua kontrolatzen ditu Eikak. “Foku bitrozeramikoari dagokionez, munduko merkatuaren % 42 biltzen dugu, eta AEBko merkatuaren % 60 baino gehiago”. 2021 mugarria izan zen: 200 miloi foku fabrikatu zituzten.  “Foku bat bestearen atzean jarrita, munduari bira bat emango genioke”.

Bitrozeramika-plaketarako foku erradiatzaileak, sukaldeko eta labeko erreketaren kontrol elektronikoa (sukaldeko garuna) eta labeko termostatoa dira haien produktuak. Historikoki, ekoizpenaren % 90 zegokien etxetresna elektrikoen osagarriei, baina azken urteetan dibertsifikazio-plan anbiziotsua hasi du enpresak.

Hala, duten ezagutza teknologikoari esker, Isoleika izeneko jarduera berri batean murgildu dira: termikoki oso isolagarria den material bat da, metalurgiaren gisako sektoreetarako edo labe industrialetarako. “Pandemian zehar txertoen kaxak estaltzen zituen produktua da. 10 urte baino gehiago daramatzagu horrekin, eta urtean 3 milioi eurotik gorakoak dira salmentak. Europa mailan erreferenteak gara produktu horri dagokionez”.

Startupetan egindako inbertsioa

2022az geroztik hiru startupetan inbertitu dute, eta % 20ko partaidetza dute akziodunen artean. Lehenengoa Smartcomfort izan da, azpiegitura handietarako berogailuak egiten dituena. “Distantzia handira egon arren, sentsazio termiko atsegina eskaintzen dute. Adibidez, animalia-haztegietan erabiltzen dira, edo fabrika industrialetan, pertsonak berotzeko”.

Bigarren apustua Stonecooker izan da. Sukaldea txertatuta duten mahaiak egiten dituzte, eta jatetxeetan, kanpinetan edo aisialdi partikularrean erabiltzen dira horiek. “Merkatua sortzen ari gara orain”. Eta hirugarrena Muxunav da. Horrek vending makinetako bistaratze-pantailekin lotutako produktuak fabrikatzen ditu.

Munduko etxetresna elektrikoen fabrikatzaile guztiak dira haien bezeroak. Inbertsio berrien bidez zabaldutako negozio-ildoetan, berriz, industria eta eraikuntza dira bezeroak.

2023an 101 milioi euroko fakturazioa izan dute, eta 1.000 langile inguru dituzte. Horietatik 450ek lan egiten dute Etxebarrian, 350ek Mexikon eta 230ek Turkian, bi herrialde horietan ere fabrikak baitituzte. Ekoitzitakoaren % 98 esportatzen dute, eta liderrak dira Amerikako merkatuan. “Munduko edozein lekutan bitrozeramika bat pizten baduzu, % 50eko aukerak dituzu Eikaren produktu bat izan dezan”.

Enpresak 3 milioi euro baino gehiago bideratzen ditu I+G arlora, hau da, fakturazioaren % 3. Eta ikerketara bideratutako sail espezifiko bat du, 30 pertsonaz baino gehiagoz osatua.

Plan estrategikoaren baitako lau ildo betetzea da enpresaren erronka. Lehenengoa hazkunde jasangarria da, “gure helburua lanpostuak sortzea baita, eta negozio guztietan munduko lidergoa bilatzea”. Bigarrena lotuta dago pertsonekin, garapenarekin, autogestioarekin eta partaidetzarekin. Hirugarren ildoa jarduera berriak bultzatzea da, arriskatuta. Eta, laugarrena, eraldaketa soziala eta konpromiso kooperatiboa.

 

Lotutako albisteak

Euskadik  Europan  herrialde  berritzaile  gisa  duen  ahala  finkatu  du,  enpresa  txiki  eta  ertainen  ahaleginari  esker
12/03/2025 Berrikuntza

Euskadik Europan herrialde berritzaile gisa duen ahala finkatu du, enpresa txiki eta ertainen ahaleginari esker

Topaketak lurraldeko eta sektoreko berrikuntzaren 30 eragile eta Euskadiko 70 enpresa txiki eta ertain baino gehiago bildu ditu; eragile eta enpresa horiek 2023an berrikuntza-proiektu bat garatu dute HAZINNOVAren bidez, SPRIk eta Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziak kudeatutako Eusko Jaurlaritzaren programaren bidez

Euskocam  System  S.L.-k  elektrohigadurarako  grafitozko  soluzioak  eskaintzen  ditu
12/03/2025 Berrikuntza

Euskocam System S.L.-k elektrohigadurarako grafitozko soluzioak eskaintzen ditu

Elorrioko enpresak elektrohigadurarako grafito-elektrodoen diseinuan eta fabrikazioan zerbitzu integrala eskaintzen du, berrikuntzaren eta iraunkortasunaren aldeko apustu argiarekin.

Hazinnovaren  eskutik  Estatu  Batuetan  haztea  du  helburu  Rob-Jor  enpresak
10/03/2025 Berrikuntza

Hazinnovaren eskutik Estatu Batuetan haztea du helburu Rob-Jor enpresak

Manikurako eta pedikurako produktuak fabrikatzen dituen enpresa arabarra industria mota horretako fabrikatzaile europar bakarrenetakoa da, eta berrikuntzaren eta pertsonalizazioaren alde egiten du Asiako lehiakortasunaren aurka borrokatzeko.

Soldaduraren  balio-kateari  buruzko  azokaren,  UNIREren,  bigarren  edizioa  egingo  dute  Ficoban
07/03/2025 Berrikuntza

Soldaduraren balio-kateari buruzko azokaren, UNIREren, bigarren edizioa egingo dute Ficoban

Sektore horrek Estatu osoan egiten duen kongresu bakarra martxoaren 18 eta 19an izango da

Betielek  droneak  integratu  ditu  bere  jardueran  Hazinnovari  esker
27/02/2025 Berrikuntza

Betielek droneak integratu ditu bere jardueran Hazinnovari esker

Enpresa bizkaitarrak eguzki plakak instalatzen ditu industria-sektorean, administrazio publikoan eta etxe partikularretan, eta bere negozio esparruan aukera berriak aztertu nahi ditu.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.