Euskadik Europan herrialde berritzaile gisa duen ahala finkatu du, enpresa txiki eta ertainen ahaleginari esker
- rogramaren hasieratik, esperientzia pilotua 2019an hasi zenetik, HAZINNOVAk bost edizioetan 1.045 enpresa berezi mobilizatu ditu, eta 2.103 proiektu berritzaile garatu ditu
- Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik hasiera eman dio ekitaldiari, enpresa txiki eta ertainak berrikuntzaren bidez beren gaitasunak indartzera gonbidatuz, “Euskadi erreferentzia bihur dadin eta etorkizuneko erronkak gaindi ditzan gakoa baita”
Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik gaur Euskadiko ETEen eta lehiakortasuna eta jasangarritasuna sustatzeko baliabide eta soluzioak eskuratzen laguntzen dien ekosistemaren berrikuntzarekiko konpromisoa aitortzeko topaketa zuzendu du.
Sailburuak azpimarratu du zein garrantzitsua den industria-ehuna indartzea ekonomia eta ongizate sozialaren eragile gisa, hiru helburu nagusirekin: industria gehiago, industria hobea eta emisio gutxiago. “Europak berrindustrializazioaren alde egin duen apustuak horizontea ireki du Euskadin; izan ere Europar Batasuneko lurralde industrializatuenetako bat denez, indar handia du Europako industriaren birsortze horren abangoardian egoteko”, adierazi du.
2023tik, Europar Batzordeak oso berritzailea den herrialde gisa sailkatu du Euskadi, Frantziaren parean, eta, besteak beste, Danimarka, Suedia, Finlandia eta Herbehereak herrialdeek bakarrik gainditzen dute. “Argi dugu, hein handi batean, enpresa txiki eta ertainen ahalegin berritzaileari esker dela posiblea”, gehitu du sailburuak. “Lankidetza publiko-pribatuko gure eredua gakoa da berrikuntzan aurrera egiteko; I+Gn egiten dugun inbertsioa handituko dugu, 2030erako BPGd-aren % 3 izan arte, eta gure ETEek egiten duten ahalegina babesten jarraituko dugu”.
Jauregik hau azpimarratu du: “enpresa txiki eta ertainak gure enpresen % 98 dira, eta Euskadiko enpresa-ehunaren oinarrizko zutabea dira; hortaz, ezinbestekoa da horien gaitasunak indartzea, lehiakorragoa, berritzaileagoa eta jasangarriagoa den industria baterantz aurrera egiteko”. Testuinguru horretan, azpimarratu du “berrikuntza, garapen teknologikoarekin batera, oinarrizkoa dela Euskadi erreferente bihur dadin eta etorkizuneko erronkei aurre egin diezaien, hala nola trantsizio energetikoari eta eraldatze digitalari”; hala, berretsi du beharrezkoa dela ezagutzan eta garapen teknologikoan oinarritutako industria-eraldaketa.
“HAZINNOVA berrikuntza-programako ETE parte-hartzaileen lan-gosaria” Bilboko Ercilla Hotelean egin da, eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Teknologiko eta Jasangarritasun Sailak antolatu du, SPRI Taldearekin eta Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin batera. Guztira, ekitaldiak berrikuntzako lurralde eta sektoreko 30 eragile bildu ditu, baita Euskadiko hainbat sektore eta herritako 73 enpresa txiki eta ertain ere.
Bertaratutako ETE guztiek berrikuntza-proiektu bat garatu dute 2023an HAZINNOVAren laguntzarekin. Programa SPRIk eta Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziak kudeatzen dute, eta, programaren bidez, enpresei inolako kosturik sortu gabe, laguntza aditua eta aholkularitza pertsonalizatua eskaintzen zaie, gutxi gora behera 4.500 euroko baliokoa, lehiakortasunerako eta hazkuntzarako gakoak diren arloetan proiektu berritzaileak sustatzeko.
Eragileen Sarea, ETEen berrikuntzarako gakoa
Topaketan SPRIko zuzendari nagusi Jon Ansoleagak eta Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusi Leire Bilbaok hartu dute parte, eta azpimarratu dute berrikuntzak eginkizun garrantzitsua duela euskal enpresa txiki eta ertainen garapen eta lehiakortasunerako.
Ansoleagak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak konpromiso handia duela ETEetan berrikuntza indartzeko, eta gogorarazi du 2025eko Industriarentzako Laguntza Planean 500 milioi euro baino gehiago erabiliko direla Euskadiko industria-sektoreari etorkizuneko erronketara egokitzen laguntzeko, teknologian, digitalizazioan, nazioartekotzean eta berrikuntzan inbertituz.
SPRIko zuzendari nagusiak Jauregi sailburuak iragarritako hiru erronkei (“Industria gehiago, industria hobea eta emisio gutxiago”) eusten dieten programen garrantziaren balioa azpimarratu du, besteak beste honako hauena: Gauzatu Industria, Indartu, Hazitek, Industria Digitala, Industria Deskarbonizazioa, Zibersegurtasun Industriala, Fast Track Innobideak, edo HAZINNOVA bera, zeinak enpresen lehiakortasuna sendotzeko eta sektore estrategikoetan berrikuntza sustatzeko diseinatu diren. “Zuek HAZINNOVA programaren bidez urrats bat aurrera egin duzuen ETEak zarete. Zuena bezalako enpresen apustuei esker, Euskadik hobetu egin du berrikuntzan duen errendimendua, UE-27ren batezbestekoa baino berrikuntza-jarduera handiagoa duten Europako gainerako eskualdeen aldean, baina enpresa ertain eta txiki berritzaileen kopurua handitzeko erronkari aurre egiten jarraitzen dugu”, adierazi du.
Ildo horri jarraikiz, Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusi Leire Bilbaok berrikuntza-ekosistemak Euskadin duen funtsezko zeregina nabarmendu du eta lankidetza publiko-pribatuak sistemako ardatz gisa duen garrantzia azpimarratu du. “Enpresa, zentro teknologiko, unibertsitate, erakunde publiko eta bitarteko eragileen arteko lankidetza estuari esker, Euskadik Europako berrikuntza-ekosistema sendoena eta dinamikoena du”.
Zuzendari nagusiak Berrikuntzari Laguntzeko Eragileen Sarearen balioa azpimarratu du. Ekimen hori Eusko Jaurlaritzak, SPRIk eta Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziak babesten dute eta 90 eragilek osatzen dute, zeinak “funtsezko zeregina duten: enpresek eta, batez ere, ETEek modu eraginkor eta jasangarrian berritzeko beharrezkoak diren ezagutza, teknologiak eta baliabideak eskuratzeko aukera ematea”.
Enpresa-berrikuntzaren kasu praktikoak eta erronkak
Ekitaldian, gainera, mahai-inguru bat egin da enpresa berrikuntzako esperientzia arrakastatsuen berri emateko. Mahai-inguruaren moderatzailea Olga Martín izan da, ACLIMA ingurumen-sektoreko klusterraren zuzendari eta Berrikuntzaren Eragileen Sareko kidea.
Honako hauek egungo erronkei aurre egiteko eta berrikuntza hazkundearen palanka gisa baliatzeko estrategiak partekatu dituzte: Bergaran (Gipuzkoa) dagoen eta azkoinak fabrikatzen eta merkaturatzen espezialista den Industrias Ugatuko zuzendari-kudeatzaile Amaia Ugalde; Vitoria-Gasteizen dagoen (Araba) eta sektore eolikoko teknologia garatzen duen Nabla Wind Hub-eko Eragiketen buru Eder Muga; eta Gordexolan dagoen eta tonaje handiko orgak eta edukiontziak manipulatzeko ekipoak birmanufakturatzen dituen Revenant Industrial & Ports Machinery enpresako CEO Alex López Aller.
HAZINNOVAri buruz
HAZINNOVAk euskal ETEak berrikuntzan sartzeko atea izan nahi du, eta enpresa bakoitzari laguntza pertsonalizatua eta egokitua eskaintzen dio funtsezko arloetan (hala nola, fabrikazioa, logistika, pertsonak, merkaturatzea edo administrazio- eta finantza-kudeaketa) mikroproiektuak ezartzeko.
Programaren hasieratik, esperientzia pilotua 2019an hasi zenetik, HAZINNOVAk bost edizioetan 1.045 enpresa berezi mobilizatu ditu, eta 2.103 proiektu berritzaile garatu ditu.
Azken bi edizioetan, 2023an (ekitaldi honetan parte hartu dutenen promozioa) eta 2024an, programak urtean 500 proiektu baino gehiago sustatzeko mugarria gainditu du.
Azkeneko deialdian, programako zortzi jarduera-eremuetako bostetan plazak agortu ziren eta gainerakoek eskari handia izan zuten. 2024an parte hartu zuten 369 enpresek 10etik 8,42 puntuko balorazio orokorra eman diote programari eta % 99k adierazi dute berriz parte hartzeko asmoa dutela.
Berrikuntza Eragileen Sarea
Berrikuntzari Laguntzeko Eragileen Sareak funtsezko zeregina du HAZINNOVA programan enpresak mugiarazten eta proiektuak garatzen. Gaur egun, sektoreko eta lurraldeko 50 eragilek osatzen dute, ETE guztientzat hurbilekoak.
Eragileen lana erabakigarria izan da berrikuntzaren eremutik urrutien zeuden enpresa txikietara iritsi eta berrikuntzarako lehenengo sarbidea eskaintzeko enpresa bakoitzarentzat 50 orduko aholkularitza espezializatuaren eta pertsonalaren bidez.
Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziak koordinatzen eta dinamizatzen du eragileen sarea, eta informazioa eta prestakuntza eskaintzen ditu programaren irismena maximizatzeko eta Euskadiko ETEetara iristeko.
Lotutako albisteak

Euskocam System S.L.-k elektrohigadurarako grafitozko soluzioak eskaintzen ditu
Elorrioko enpresak elektrohigadurarako grafito-elektrodoen diseinuan eta fabrikazioan zerbitzu integrala eskaintzen du, berrikuntzaren eta iraunkortasunaren aldeko apustu argiarekin.

Hazinnovaren eskutik Estatu Batuetan haztea du helburu Rob-Jor enpresak
Manikurako eta pedikurako produktuak fabrikatzen dituen enpresa arabarra industria mota horretako fabrikatzaile europar bakarrenetakoa da, eta berrikuntzaren eta pertsonalizazioaren alde egiten du Asiako lehiakortasunaren aurka borrokatzeko.

Soldaduraren balio-kateari buruzko azokaren, UNIREren, bigarren edizioa egingo dute Ficoban
Sektore horrek Estatu osoan egiten duen kongresu bakarra martxoaren 18 eta 19an izango da

Betielek droneak integratu ditu bere jardueran Hazinnovari esker
Enpresa bizkaitarrak eguzki plakak instalatzen ditu industria-sektorean, administrazio publikoan eta etxe partikularretan, eta bere negozio esparruan aukera berriak aztertu nahi ditu.

Diker, osasungintzaren sektorerako injekzio bidezko plastikoetan Euskadi mailako erreferente bihurtu nahi duen ETEa
Oiartzungo enpresa, gaur egun, batez ere automobilgintzaren eta elektronikaren sektorearentzat ari da lanean