Filtra tu búsqueda



Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 3 otsaila, 2020 Berrikuntza Ekintzailetza I+G BIND Bio-osasuna Fast Track Innobideak programa Ris3 Euskadi Start up UP Euskadi

Euskal enpresa batek mundu mailako erreferente izan nahi du malariaren aurkako tratamenduan

BIC Bizkaian kokatutako The Art of Discovery enpresa sagu humanizatuen eredu batekin ari da lanean ikerketan aurrera egiteko

BIC Bizkaian kokatutako The Art of Discovery enpresa sagu humanizatuen eredu batekin ari da lanean ikerketan aurrera egiteko

Aurten abiaraziko du bere bigarren plan estrategikoa: gizakiaren zahartzea geldiarazteko esperimentazioa

Bere helburua da Bizkaiak gaixotasun globalen tratamenduko aurreikuspen-zentro bat izan dezala “eta baliatu dezala gure teknologia: sagu humanizatuak eta adimen artifiziala”

BIC Bizkaian (Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean) kokatutako euskal enpresa batek mundu mailako erreferente izan nahi du malariaren aurkako tratamenduetan. Gainera, The Art of Discovery konpainiak bere bigarren plan estrategikoa jarriko du martxan aurten:gizakiaren zahartzea geldiarazteko esperimentazioa.

 

Iñigo Angulo-Barturen biologo eta immunologoa da izugarrizko espiritu ekintzaile eta berritzailea duen enpresa honetako zuzendari nagusia. Hori baino lehen GSK enpresan aritu zen lanean, munduko multinazional farmazeutiko handienetako horrek Madrilen duen ikerketa zentroan, non farmakoak bilatzen baitzituen garapen bidean dauden herrialdeetako gaixotasunentzat. “Erabaki nuen beste konpainia bat sortzea adinaren birprogramazioa ikertzeko” dio, horrekin esan nahi duelarik gizakia 25 urte balitu bezala bizi litekeela hainbat mendez.

 

Hala, The Art of Discovery 2016ko otsailean jarri zen martxan. Izenak berak adierazten du enpresaren espiritua. “Nire ustez, botiken deskubrimenduak gehiago du artetik zientziatik baino, eta horregatik aukeratu genuen izen hau”.

 

Angulo-Barturenek (bere bi abizenak dira, baina gidoia jartzen die tartean AEBetan biak ager daitezen, han lehenengoa bakarrik erabiltzen baita) BIC Bizkaian jarri zuen enpresaren egoitza, “ikerketa hemendik egitea nahi dugulako”, eta animaliekin esperimentatzeko instalazio bat atondu zuen beste bi bazkiderekin batera. Gaur egun 10 langilek osatzen dute plantilla. Nola adituak diren malariaren aurkako borrokan, konpainiaren jarduera komertziala da “malariaren aurkako botika berriak sagu humanizatuetan ebaluatzeko zerbitzuak saltzea. Beraz, gizakien ehunak jartzen dizkiegu saguei. Ez da ezer berria, baina ikerketa zentro gutxitan egiten da”.

 

Malaria gizakiona bakarrik den gaixotasun bat da: urtean 350 – 500 milioi kasu diagnostikatzen dira eta munduan zabalduen dagoen gaixotasunetako bat da, batik bat, tropikoaren azpiko herrialdeetan.

 

Sagu humanizatuekin egiten den esperimentazioak abantaila handi bat du. “Giza patogenoak erabiltzen ditugu, eta ez beste espezie batzuenak. Horrela, farmakoak probatu ditzakegu benetako giza patogenoetan”.

 

Angulo-Barturenek harro dio eurak izan zirela “antimalarikoek giza patogenoen aurka duten eraginkortasuna neurtzeko eredu industrial bat diseinatu zuen lehen taldea”.  Bere helburua da Bizkaiak gaixotasun globalen tratamenduko aurreikuspen-zentro bat izan dezala “eta baliatu dezala gure teknologia: sagu humanizatuak eta adimen artifiziala”.

 

Art of Discovery enpresak malariaren aurkako botika konbinaketa berriak ebaluatu nahi ditu Medicines for Malaria Venture antolakundearentzat. Medicines for Malaria Venture Suitzako irabazi asmorik gabeko antolakunde bat da, bere baitan biltzen duena malariaren aurkako botika berri gehienen garapena. “Konpromisoa hartu dugu malaria desagerrarazten laguntzeko eta gaitzaren ziklo osoan esperimentatzeko eltxoekin. Horrela lor genezake tratamendu estrategia guztiak probatzea eta transmisioa saihestea”.

 

Laborategi berria

Hain zuzen, horixe da euren hurrengo proiektua. Enpresa laborategi berri bat eraikitzen ari da, non malariaz infektatutako eltxoak edukiko baititu segurtasun-sistema izugarri batez babestuta. “Zortzi segurtasun geruza izango ditu” zehaztu du. Eredu honekin zuzenean infektatu daitezke saguak. Lasaigarriak emanda, lo eramaten dira laborategira eta lo ateratzen dira handik. Horrela, posible da “infekzio naturala baloratzea eta zikloa etengo duen tratamendua aurkitzea, eta hori oso garrantzitsua da malaria desagerrarazteko”. Angulo-Barturenek azaldu du orain arte gaixoari gertatzen zaiona bakarrik baloratu izan dela; eredu honekin, berriz, “tratamendu bat aurki dezakegu zikloa eteteko, ziklo horren bidez infektatutako pertsonak gaitza pasatzen baitio eltxo bati, eta eltxoak beste pertsona bati”.

 

The Art of Discovery enpresaren arduradunak dio profilaxia ere oso garrantzitsua dela. “Gibelaren infekzioa blokeatzen duten tratamenduak probatzen ari gara. Badaukagu tratamendu bat infektatutako eltxo batek ziztatu eta gaixotasuna gibelera pasatzen denerako; falta zaiguna da gaixotasuna gizaki artean transmititzen denerako tratamendua”.

 

Enpresak Medicines for Malaria Venture erakundearekin eta Bill and Melinda Gates Fundazioarekin lan egiten du nagusiki, eta orobat parte hartzen du Eurostars programak finantzatutako proiektu europar batean, Holandako enpresa batekin lankidetzan: “haiek adituak dira zelulen hazkuntzan, eta gu adituak gara alderdi bizidunean, beraz, elkar osatzen dugu”.

 

Datu bakar batekin uler daiteke zenbateko inbertsioa behar den lan hau aurrera eramateko: hiru urtean 4,8 milioi dolarreko inbertsioa egin dute ikerketan. “Esperimentuak oso garestiak dira, langile asko behar dira eta saguak egunero zaindu behar dira. Giza gibel bat duen sagu bakoitzak 3.500 euro balio ditu”.

 

Saguak errespetuz tratatzea da konpainiaren nortasun ikurretako bat. “Saguak pazienteak dira, beraz, gure errespetu osoa merezi dute. Ahalik eta gutxien estresatzen eta erabiltzen saiatzen gara. Psikikoki eta fisikoki ongi daudela ziurtatzen dugu. Gehienez 400 sagu inguru izaten ditugu, nahiz eta tokia izan 4.000rentzako. Ahalegin handia egiten dugu baldintza onenetan egon daitezen eta jolas programak jartzen dizkiegu. Gainera, edozein unetan ken diezazkiekegu giza ehunak eta, horrela, infekzioa desagertzen da”.

 

Iñigo Angulo-Bartureni aurpegia argitzen zaio bigarren ikerketa-ildoaz mintzatzean: zahartze-prozesuaren leheneratzea. “Aurten hasiko gara saguekin ikertzen.  Ez dakit zenbat denbora beharko dugun, baina ikusirik dagoeneko eskuartean dugun ezagutza zientifiko globala, ez dut uste kimera bat denik gure organismoaren egoera kontrolatzea eta mendetan bizi ahal izatea ehun guztiak osasuntsu mantenduz. Hemendik gutxira luzeago biziko gara eta baldintza onetan. Lortu behar duguna da aukera hori eliteentzat bakarrik ez izatea”.

 

Konpainiak plantilla bikoiztu nahi du 25 langile inguru izateraino, “bi proiektuak lantzeko: malariarena eta bizitza luzeagoa izatearena”.

 

Lotutako albisteak

28 Azaroa, 2024 Berrikuntza
Eskualdeen lehiakortasuna sustatzeko topaketa batean parte hartu du SPRIk Belgikan
Irakurri gehiago
28 Azaroa, 2024 Berrikuntza
EMA Ergonomiak lan-inguruneetan kargak manipulatzeko irtenbideak eskaintzen ditu
Irakurri gehiago
27 Azaroa, 2024 Berrikuntza
Lehendakariak Pepe Barreira, Begoña Castro eta Josean Murori eman dizkie Joxe Mari Korta 2024 sariak
Irakurri gehiago
25 Azaroa, 2024 Berrikuntza
Sidenorrek estrategia bat sustatu du enpresaren balio-kate osoan emakumearen presentzia handitzeko
Irakurri gehiago
25 Azaroa, 2024 Berrikuntza
Eximportek irtenbide itsasgarriak eta urratzaileak eskaintzen ditu automobilgintza, trenbide edo energia berriztagarriak bezalako sektoreetarako
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak