Edorta Arriet, konpainiako marketin zuzendaria.
Berrikuntza
Albisteak 7 otsaila, 2022

Geminis Lathes, negozioaren dibertsifikazioa tamaina handiko makina-erremintaren sektorean

Urtean 40 makina inguru fabrikatzen dituen Elgoibarko enpresa honek SPRI Taldearen Hazitek programako laguntza bat jaso du

Geminis Lathes 65 urte dituen Elgoibarko enpresa bat da. Tamaina eta konplexutasun handiko makina-erremintan espezializatuta dago, eta negozioa dibertsifikatzea funtsezkoa izan da krisialdian aurrera egiteko. Konpainia horrek SPRI Taldearen Hazitek programako laguntza bat jaso du, zeinak ikerketa industriala eta garapen esperimentala bultzatzen baititu euskal enpresetan.

Enpresa hau 1957an sortu zen Elgoibarren Geminis izenarekin eta sasoi hartan tornu horizontalak fabrikatzen zituen. 1979an egin zuten kontrol numerikoko lehen tornua, eta 2002an, konpainiak Goratu izena hartu zuenean, gaur egungo lantegia atondu zuten, fresagailuak eta tornuak ekoizteko. Hurrengo mugarria 2010ean iritsi zen, prozesu anitzeko makinak fabrikatzen hasi zirenean. 2019an Geminis izena hartu zuen berriro, Maher Holding taldearen barruan.

“2016an tren makinak garatzen hasi ginen, eta 2019an produktu-gama guztiz berri bat diseinatu eta fabrikatu genuen, GTi izenekoa. Horrekin, jauzi handi bat eman genuen diseinu arloan” dio Edorta Arrietek, konpainiako marketin zuzendariak. Diseinuak hiru parametro ditu Geminisen. Lehenengoa da langilea errespetatzea ergonomia eta segurtasuna hobetuz. “Horrela, lan-ingurune abegitsuago bat sortu dugu, abangoardiako produkzio-ekipoak erabiliko dituen talentua erakarri eta mantentzeko”.

Bigarrena da makina-erremintak garbiak izatea eta ingurumena errespetatzea. “Sortzen ditugun txirbil guztiak eta daratuluen hondarrak berrerabili egiten ditugu mekanizatuko prozesuan, eta horrela lan-ingurune garbi eta seguru bat lortzen dugu”. Hirugarrena da makina-erremintek ekodiseinuaren irizpidea betetzen dutela, “hau da, kontsumoa eta elementu kutsagarriak gutxitzen ditugu eta osagaien berrerabilpena bultzatu. Izan ere, ekodiseinuaren ISO140006 ziurtagiria dute”.

Ekipoak oso fidagarriak

Edorta Arrietek harro dio bere ekipoak oso fidagarriak direla; “egiturazko elementuen sendotasunean oinarritzen direnez, makinek gehiago irauten dute eta mekanizatuaren zehaztasuna hobea da. Geuk egiten ditugu mekanizatu kritikoak, eta beti erabiltzen ditugu lehen mailako marken osagaiak. Horrela lortzen dena da makinek gehiago irautea eta bezeroei erraztasunak ematea zerbitzu teknikorako edo ordezko piezak eskuratzeko”.

Enpresak hiru produktu-gama eskaintzen ditu: tornu horizontalak 150 tonarainoko makinekin; trenen mantenimendurako makinak (gurpilak, ardatzak, ardatz-gurpil multzoak), “izan ere, lankidetza akordio bat sinatu dugu Talgo enpresarekin”; eta prozesu anitzeko makinak, mekanizatu-operazio konplexu eta anitzak egin ditzaketenak biraketa piezetan, eta modu automatizatuan tamaina handikoetan. Adibidez, zentral nuklearretarako turbinak. “Produktu-gama guztiek dute 4.0 teknologia, beraz, gure bezeroek digital lean manufacturing delakoa txertatu dezakete euren produkzio-lantegietan.

Metatutako esperientzia zabalari, mekanizatu prozesuko ezagutzari eta aplikazioetako ingeniarien lantaldeari esker, Geminis-ek erantzun oso espezializatua eman diezaieke bezero exijenteenei.   Sektore hauetarako egiten du lan gehienbat: altzairu-fabrikak, sektore eolikoa, energia sorkuntza, oil&gas, burdinbideak, garabiak eta itsasontzien zein mekanizatu handien mantenimendua, oro har.

Enpresak orain 71 langile ditu plantillan, eta urtean 20 milioi euro fakturatzen ditu batez beste. Egiten duen lanaren erakusgarri, aipa liteke urtean 40 makina-erreminta inguru fabrikatzen dituela, hori bai, kontuan hartu behar da eredu sinpleenak egiteko sei hilabeteko lana behar dela, eta konplexuenak egiteko urte eta erdirainokoa.

Negozioaren dibertsifikazioa

Negozioaren dibertsifikazioari esker lortu dute krisialdiak gainditzea. “Atzematen ditugun eskaerak oso aldakorrak dira, baina produktu eta sektore desberdinak konbinatzen ditugunez, egonkor mantentzen ditugu bai fakturazioa eta bai lana”.

I+G-n egiten duen inbertsioa fakturazioaren % 5ekoa da. Esportazioak produkzio osoaren % 90etik gorakoak dira: “nagusiki Alemaniara (% 25), AEBetara (% 20) eta Europako beste herrialde batzuetara esportatzen dugu. Eta batzuetan Asia eta Ekialde Ertainera ere bai, baina eskaera horiek aldakorragoak dira”.

SPRI Taldearen Hazitek programako laguntzarekin makina-erreminta berezi bat garatu dute tren makinen gurpilen mantenimendurako. Proiektu hori oraindik garapen fasean dago.

Etorkizunerako erronkei dagokienez, azpimarratu dute beren aldaketa teknologikoen berri eman behar diotela merkatuari, pandemiagatik ezinezkoa izan baitzaie azkenaldian. “Gure merkatuak lerrokatuta egon behar du Geminis gaur egun denarekin. Azken bi urteotan asko aurreratu dugu, baina pandemiak ez digu utzi azoketara joaten, eta hori eragozpen handia izan da gure bilakaera ezagutzera emateko”. Horrez gain, produktu-gama berria sendotzea da helburu nagusia.

 

Lotutako albisteak

Lorra,  lau  hamarkada  inguru  Bizkaiko  nekazaritzako  elikagaien  kooperatibismoaren  funtsezko  zutabe  gisa 
31/03/2025 Berrikuntza

Lorra, lau hamarkada inguru Bizkaiko nekazaritzako elikagaien kooperatibismoaren funtsezko zutabe gisa 

Gaur egun, erakundearen lehentasuna zahartutako sektore honetako erretiroak ordezkatzea da, belaunaldi-erreleboaren bidez. 

NudgeXperience  Bilbon:  CX  eta  Portaera  Zientzien  ekitaldia
28/03/2025 Berrikuntza

NudgeXperience Bilbon: CX eta Portaera Zientzien ekitaldia

Zuzendariei eta gerenteei, Cx-eko arduradunei eta berrikuntza eta marketineko profesionalei zuzendua

Innobideak  Prestakuntza  prestatu  zure  lantaldea  balioan  lehiatzeko  eta  ez  prezioan
25/03/2025 Berrikuntza

Innobideak Prestakuntza prestatu zure lantaldea balioan lehiatzeko eta ez prezioan

Euskadiko ETEen % 60k berrikuntzaren alde egiten du, baina gehienek kostua murrizteko edo kalitatea hobetzeko egiten dute eta ez dute benetako abantaila lehiakorra sortzen merkatuan. Alabaina, berrikuntza ez da etorkizunean mantentzeko tresna soila, etorkizunean liderra izateko estrategia baizik. Horretarako, gakoa teknologia ez ezik, pertsonak, estrategia eta egokitzeko gaitasuna ere badira.

Utilmaik  tresna  industrial  aurreratuak  diseinatzen  ditu  ekoizpen  industriala  optimizatzeko
24/03/2025 Berrikuntza

Utilmaik tresna industrial aurreratuak diseinatzen ditu ekoizpen industriala optimizatzeko

Bizkaiko enpresak berrikuntza eta ezagutza teknikoa uztartzen ditu funtsezko sektoreetan mekanizazio-prozesuak hobetzeko, hala nola garraioan, makineria astunean eta aeronautikan.

Imanol  Rego,  Innobasque  Berrikuntzaren  Euskal  Agentziako  presidente  berria
19/03/2025 Berrikuntza

Imanol Rego, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidente berria

Manuel Salaverriaren lekukoa hartu du. Salaverriak euskal ekosistema publiko pribatuaren balioa sustatzen jakin du, Euskadi garatzeko bide estrategiko gisa

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.