Imanol Rego, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidente berria
Irizar Taldeko egungo zuzendari nagusi Imanol Riego Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako bosgarren presidentea izango da. Hala onetsi du gaur goizean Zuzendaritza Batzordeko kideen gehiengo osoak, ezohiko batzarrean bilduta. Imanol Regok (Donostia, 1972) 2017tik Agentziako presidente izan den Manuel Salaverriaren lekukoa hartu du.
Gaur goizeko 09:00etan egin den ezohiko batzarrean honako hauek bertaratu dira: Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburu Mikel Jauregi eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesias; Innobasqueko hiru presidente ohiak, Pedro Luis Uriarte, Guillermo Ulacia eta Alberto García Erauzkin; eta Euskadiko berrikuntzako eta esparru sozioekonomikoko eremu estrategikoetako hainbat arduradun. Innobasqueko Zuzendaritza Batzordea 60 kidek osatzen dute.
Imanol Rego Iturralde Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidente izendatu ostean, kargua uzten duen presidentea, Manuel Salaverria, Batzordeari mintzatu zaio laburki, elkarrekin egindako bidaian emandako babesa eskertzeko, eta harro dagoela adierazi du. “Guztiok, Innobasquek, bere 900 erakunde bazkide publiko eta pribatu baino gehiagok, berrikuntzaren euskal ekosistemak eta, oro har, euskal gizarteak, lan nekaezina egin dugu Euskadiko berrikuntzaren alde”.
Agur esan aurretik, Salaverria presidente hautatu berriari mintzatu zaio: “Imanol, erronka handia duzu aurretik. Trantsizio sakonak eta erradikalak; geoestrategikoki nahasia den mundu bat; eta herrialde bat, Euskadi, balio eta ahalmen itzelekin eta, aldi berean, ahulezia handiekin, horietako batzuk egiturazkoak. Horiek izango dira zure inguruneko baldintzak. Baina ziur nago Innobasquek talentua eta energia duela Euskadin berrikuntza bultzatzeko eragile nagusia izaten jarraitzeko”.
Imanol Rego
Berrikuntzaren Euskal Agentziako bosgarren presidente Imanol Regok kargua bere gain hartu du, “Manuel Salaverriaren lekukoa hartzeko ohorearekin, Innobasqueren ikuspegia finkatu den etapa gako baten ondoren: berrikuntzaren euskal ekosistemaren bidez Euskadi Europa mailan Berrikuntzaren lider diren eskualdeen ligan jokatzea. Aurrerapen hori posible izan da pertsona eta eragile askoren konpromisoari esker, berrikuntza Euskadirentzat lehiakortasunaren eta aurrerabidearen eragilea izan dadin lan egin baitute”.
Imanol Rego (Donostia, 1972) Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako Zuzendaritza Batzordeko kidea da 2022ko irailetik, orduan izendatu baitzuten Irizar Taldeko zuzendari nagusi. Industria‑ingeniaria da eta MBA bat du Lovainan. Halaber, Harvard eta Singapurreko CCL negozio‑eskoletan trebatu da, eta ibilbide profesional zabala du industriari, teknologiari eta kanpo-merkatuari lotuta. Irizar Taldeko zuzendari nagusia izan aurretik, Irizar e-mobility filialaren buru izan zen, eta erantzukizun‑karguak izan zituen negozio eta merkatuko hainbat arlotan Schneider Electric multinazionalean. Hara Corporación Patricio Echevarría enpresatik iritsi zen. Gaur egun, gainera, Tecnaliako Patronatuko eta Batzorde Betearazleko kide da, baita CIDETECen Patronatukoa (Centro de investigación y desarrollo tecnológico) eta Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolako (Tecnun) Enpresa Aholkularitza Kontseilukoa ere, eta horrek Euskal Herriko enpresa, ikerketa eta hezkuntzari buruz duen ikuspegia osatzen du.
Innobasqueko presidente berriak ere adierazi du “une historiko hain garrantzitsu honetan Salaverriaren lanarekin jarraitzeko ilusioa” duela. “Inflexio‑puntu batean gaude, arreta berezia eskatzen duten hainbat faktorerekin: berregituratze geopolitikoa eta deskarbonizazioa, trantsizio energetikoa, iraultza teknologikoa eta erronka soziodemografikoa. Gure enpresa- eta industria‑ehunaren jasangarritasuna bermatzeko, beharrezkoa izango da ikuspegi estrategikoa eta etengabe aldatzen ari den munduan talentua erakartzeko, fidelizatzeko gaitasuna izatea”, nabarmendu du.
Manuel Salaverriaren presidentetza-aldiaren balantzea
Manuel Salaverria presidente izan den zazpi urteetan, Innobasque Berrikuntzaren Euskal agentziak bere burua finkatu du Euskadiko berrikuntzarako eragile gako gisa, eta ZTBP 2030eko hainbat adierazle hobetzen lagundu du: enpresa berritzaileen ehunekoak gora egin du, 2020an % 39,9 izatetik 2023an % 46 izatera (+ % 15,5); ikerketa eta berrikuntzarako Europako esparru-programaren nazioarteko finantzaketa 2020an 126 milioi eurokoa izatetik 2023an 160 milioi eurokoa izatera igaro da (+ % 27); eta 2023an 102 enpresa parte-hartzaile egon ziren, 2020ko 82ekin alderatuta (+ % 24,4). Bestalde, talentu zientifiko-teknologikoari ere ekarpena egin zaio; izan ere, STEM arloko unibertsitate-sarrera berrien ehunekoak gora egin du, % 30,1era iritsi arte (aurreko urtean baino % 4,6 gehiago), eta emakumeen azpitaldean igoera antzekoa izan da (+ % 4,1).
Innobasquek Eusko Jaurlaritzari eta foru-aldundiei berrikuntzari lotutako plan eta estrategiak garatzen eta ezartzen laguntzeko duen funtzioa finkatu du, eta, gainera, ZTBP 2030aren aldizkako ebaluazioan ere lagundu du. Halaber, euskal I+G+b-ari buruzko aldizkako jardunaldi, txosten eta jakinarazpenen bidez berrikuntzaren ikerketa eta jendarteratzea sustatu ditu.
Helburua honako hau izaten jarraitzen du: Euskadi Europako berrikuntza‑maila handieneko eskualdeen artean kokatzea, talentua eta inbertsioa erakartzeko estrategia gisa, eta gizarte aurreratua, eta, beraz, oparoa garatzea.
Lotutako albisteak

MEPRO Medical Reproductive Solutions, gizarte-helburu teknologia: ugalkortasun maskulinoa berritzen
Gure helburua osasun-profesionalei eta bikoteei antzutasunaren erronkei aurre egiteko tresna berritzaile, seguru eta eraginkorrak eskaintzea da

Kontsulta irekia: Spri Taldearen laneko prebentzio-zerbitzuak definitzeko zure aukera
Sprik merkatuko aurretiazko kontsulta jarri du abian, lan-arriskuen prebentzioaren eta osasunaren zaintzaren sektorearen benetako beharretara egokitutako lizitazioa diseinatzeko. Horren bidez, operadore ekonomikoen ekarpenak bildu nahi dira, kontratazio-prozesu lehiakor, garden eta merkatuko jardunbide egokienekin lerrokatua egituratzeko.

Aloka, profesionalen artean ikus-entzunezko materiala alokatzeko plataforma
Gipuzkoako startup-ak hainbat ekipo eskaintzen ditu, hala nola kamerak, grabagailuak, mikrofonoak, droneak. Mobile World Congress-eko 4YFN biltzarrean parte hartu zuen, SPRI Taldeak kudeatutako stand batekin, webgunea inbertsore eta bezero potentzialei aurkezteko.

Metagra, mende erdiko berrikuntza automobilgintzarako hotzeko estanpazioan
Bergarako enpresa pieza konplexuen fabrikazioan sendotu da, jasangarritasunaren eta berrikuntzaren alde eginez.

Sustatu berrikuntza-proiektuak zure enpresan Fast Track Innobideak ekimenarekin
Fast Track Innobideak Euskadiko enpresa berritzaileen kopurua handitzeko eta sustatzeko sortu zen. Merkatuan ondasun edo zerbitzu berriak sartu dituzten edo enpresan negozio-prozesuak hobetzen dituzten berrikuntza-jarduerak babesten ditu, enpresa lehiakorrago bihurtzeko.

Jon Ander Egaña: “BASQUE FOOD CLUSTERrek elikadura euskal industriaren sektore estrategiko gisa kokatzea lortu du”
Elikatze-katearen euskal elkartea 150 enpresa eta erakunde baino gehiagoren lehiakortasuna hobetzeko lanean ari da, berrikuntzaren garapenarekin, lankidetza-proiektuekin eta teknologien integrazioarekin.

Siteco, 30 urte automatikoki ordaintzeko makinak ekoizten
Arabako enpresak administrazio publikoarekin eta ostalaritza sektorearekin egiten du lan, eta urteak daramatza nazioarteko merkatuan.

Mecanizados Patro enpresak “fidagarritasuna, segurtasuna eta eraginkortasuna” eskaintzen ditu trenbide-sektorean
Serie laburretarako eta luzeetarako pieza espezifikoak fabrikatzen ditu enpresa arabarrak, doitasun handiko lan-tresna eta makinekin.

Lorra, lau hamarkada inguru Bizkaiko nekazaritzako elikagaien kooperatibismoaren funtsezko zutabe gisa
Gaur egun, erakundearen lehentasuna zahartutako sektore honetako erretiroak ordezkatzea da, belaunaldi-erreleboaren bidez.

NudgeXperience Bilbon: CX eta Portaera Zientzien ekitaldia
Zuzendariei eta gerenteei, Cx-eko arduradunei eta berrikuntza eta marketineko profesionalei zuzendua