Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 24 urtarrila, 2022 Berrikuntza

Izar Cutting Tools: “Egoerak hamar hilabeteko aurrerapenarekin planifikatzera behartzen gaitu”

Ehun urte baino gehiago dituen eta ebaketarako tresnen sektorean erreferente den Boroako ETEak inoizko zenbaki onenekin itxi du 2021 kezkagarri hau  
Izar Cutting Tools enpresako zuzendari kudeatzailea Carlos Pujana.

 

Izar Cuttins Tools enpresa itzal handiko ahotsa da Europan ebaketarako tresnen -nagusiki barautsak- diseinu eta fabrikazio arloan. Boroan du egoitza duela ehun bat urtetik, eta gaur egun 200 langile ditu, denak buru-belarri lanean sektore industrialak bizi duen “ekaitz perfektua” gainditu nahian. Lehengaien inflazioa -batik bat altzairuarena, urtebetean bikoiztu egin baitu bere prezioa-, itsasoko edukiontzi gabezia, argindarraren garestitze geldiezina, gasaren hornikuntza-arazoak…  Nola eusten dio enpresa batek horrelako testuinguru ziurgabe bati? Zein neurri har ditzake egoerari aurre egiteko? Izar Cutting Tools enpresako zuzendari kudeatzaile Carlos Pujana galdera horiei erantzuten ahalegindu da SPRI Taldearekin izandako solasaldi honetan.

 

Nola azal liteke industria hainbeste hilabetez jasaten ari den Ekaitz Perfektu hau?

Egoera ez da berdina enpresa guztientzat, ezta sektore industrialaren barruan ere, zeren batzuk dagoeneko atera dira zulotik, eta pandemia aurreko salmentak gainditzera iritsi dira. MRO (Mantenimendua, Konponketak eta Operazioak) arloko enpresez eta etxeen hobekuntzan dihardutenez ari naiz. Aldiz, automozioarekin edo sektore aeroespazialarekin erlazionatuta daudenak oso egoera delikatuan daude oraindik. Gaur egungo egoeraren jatorria ezagutzeko pandemiara jo beharra dago, eta baita ere 2020an “jarduera ez oinarrizko” guztiei agindu zitzaien itxialdira. Urte hartako ekainetik aurrera, kontsumo sektoreak aurreikusitakoa baino askoz azkarrago suspertu ziren, eta horrek ustekabean harrapatu zuen hornikuntza-katea: stock oso baxuak zituzten eta berrezarri egin behar izan ziren eskaera izugarri handiari aurre egiteko. Horrek, gure ikuspuntutik, itxurazko eskaera bat sortu zuen, benetako eskaera baino askoz handiagoa.

 

Eta eskaeraren boom horrek berekin ekarri zuen…

Besteak beste, itsasoratzeko prezioak asko igotzea: 40”-ko edukiontzi bat itsasoratzea 1.900 dolar kostatzen bazen, kostu hori gaur egun 13.000 dolarreraino igo da, eta horrek sekulako ilarak eragin ditu munduko portu askotan. Horrez gain, bada guregan eragin askoz handiagoa izan duen beste ondorio bat: energiaren prezioaren igoera bortitza. Izan ere, industrian orduko kontsumitzen den KW bakoitzaren prezioa % 100dik gora igo da. Igoera horrek zerikusia du ez bakarrik eskaera handiagoarekin, baina baita ere eredu energetiko berde eta jasangarriago bat lortzeko ahaleginekin, hori ordaindu egin behar baita. Azkenik, ebaketarako tresnak fabrikatzen ditugunontzat berebiziko garrantzia du lehengaien zurrunbilo inflazionista honek. Zehazki, fabrikazioan erabiltzen ditugun altzairu berezien kasuan, hiruhileko bakoitzeko kostuak % 35 hazi dira, eta gainera hornikuntza ez dago bermatuta. Ekaitz perfektua, alegia!

 

 25 urteko ibilbidea egin duzu konpainian, inoiz ikusi duzu halakorik?

Egoera zail asko bizi izan ditugu. Bidea oztopoz beteta egon da hasieratik, eta era guztietako gorabeherak gainditu ditugu: ibilbidearen hastapenetan lan-sozietate bat eratu genuen, eta horri esker lortu genuen hasieratik oinarri sendoak zituen enpresa bat berreraikitzea; gero lehengaien hainbat krisi iragan ditugu, esaterako 2004koa; ondoren, 2008koa (2009an bortizki bukatu zena Lehman Brother enpresaren eta preferenteen hondamendiarekin); eta ezin ahaztu 2018koa… Krisialdi guztiak dira desberdinak. Bizi izan dugun krisi bakoitzak bere berezitasunak izan ditu, baina badituzte elementu komunak ere. Denbora horretan bi ABEE egin behar izan ditugu, eta azkar eta indarturik irten gara bietatik, baina gaur arte inoiz ez zaigu egokitu honelako faktore-konbinaziorik: inflazio handia eta hornigaien eskasia aldi berean.

 

Egia al da itzal handiko hainbat ahotsek adierazi dutena?, hau da, enpresek gaizki planifikatu dituzte gauzak?

Zezenak erraz ikusten dira hesiaren atzetik, eta epaitzea ere erraza da behin ekaitza igaro denean. Gustatuko litzaidake “aditu” horiek ikustea enpresaren egunerokotasunean, pandemiaren unerik okerrenetan ateak zabalik mantenduz, geure protokolo propioak sortuz (bide batez, aipatzekoa da ez dugula kutsatzerik izan enpresa barruan), eta “adituen” laguntza eskatuz, erantzunik jaso gabe. Geuk atera behar izan ditugu babak eltzetik NBEak lortzeko eta geure langileak babesteko, eta behin esku artean izan ditugunean konfiskatu egin dizkigute. Tira, nik ere entzun dut enpresek stock maila handiagoa eduki beharko zutela krisiaren unerik gogorrenean. Baliteke, baina enpresa bat ABEEn badago, plantilla murriztu behar badu eta zailtasunak baditu soldatak ordaintzeko… eta bi aukera baditu, hots, edo stock-ean inbertitu etor litekeen eskaeraren bat-bateko gorakada bati aurre egiteko edo soldatak ordaindu… argi dago zein den erabakia. Azkenik, esan behar da bankuen politika izan dela merkatuak likideziaz asetzea helburu honekin: krisia ez zedila izan hain bortitza, eta sendoago eta azkarrago irtetea egoera honetatik. Merkatuetara bideratutako diru kopuru izugarri horrek gehiegizko eskaera eragin du, eta enpresek ez dute inolako zerikusirik izan horretan.

 

Egun bizi duguna bezalako testuinguru ziurgabeetan, enpresen irabazi marjinak murriztu egiten dira. Nola helarazten zaio hori bezeroari?

Lehen esan bezala, egoera ez da berdina enpresa guztientzat. Kasu batzuetan irabaziak apur bat gutxituko dira, beste batzuetan izugarri, eta kasu batzuetan baliteke galerak izatea ere. Oro har, euskal ETEentzat ez da erraza kostuetan izandako gorakadak bezeroei helaraztea. Lehengai eta energia hornitzaileak korporazio handiak izaten dira, eta enpresok indar gutxi daukagu haiekin negoziatzeko. Aldiz, gure merkatuak oso lehiakorrak dira, eta askotan, gure bezeroen tamaina ere gurea baino askoz handiagoa da, eta oso zaila da haiekin negoziatzea. IZARen katalogo/tarifa berriak aurkezten ditugu bi urterik behin, eta prezioak egonkor mantentzen ditugu. Halere, oraingoan ezin izan diogu eutsi politika horri, eta prezioak eguneratu behar izan ditugu ezinbestean. Hori bai, prezioen gorakada ez da izan jaso dugun inpaktua bezain handia, eta gainera denboran mailakatzea lortu dugu. Espero dugu merkatuaren zuzenketa bat gertatuko dela eta horrek inpaktu positiboa izango duela gure kostuetan.

 

Zer ari zarete egiten IZARen hornikuntza-katearen tentsio hori gainditzeko?

2004ko lehengaien lehen krisi hura jasan genuenean erabaki genuen epe luzeko planifikazio-politika bat egitea, eta 2008an gauzatu genuen politika hori, baina arazo honekiko sentsibilitatea askoz lehenagotik zetorren. Gaur egun, 2022ko urrian jasoko ditugun lehengaien eskaerak planifikatzen ari gara. Hau da, hamar hilabeteko aurrerapenarekin ari gara  planifikatzen egoera, nahiz eta ez dakigun ziur materialak jasoko ditugun, eta jasotzekotan, zein prezio ordaindu beharko dugun, izan ere, gure altzairuen aleazioagatiko errekarguak hiru hilean behin aldatzen dira eta ez dira negoziagarriak. Bestalde, energiari dagokionez, epe oso luzeko akordio bat (PPA) dugu lehen aldiz: epemuga hamar urtekoa da, eta horrek berekin dakar adostutako prezioarekin asmatu ez izanaren arriskua, zeren egungo merkatuko prezioa baino baxuagoa bada ere, baliteke etorkizuneko prezioak baino garestiago izatea. Gainera, egungo kontsumo osoaren % 50 bakarrik kontratatu ahal izan dugu baldintza horietan.

 

Zalantza bat: zure ustez zer da hobea, zerbitzu onargarria eskaintzen duen produktu on bat ala alderantzizkoa?

Fabrikatzaile europarrak garenez ez daukagu aukerarik, beti bermatu behar dugu kalitatea. Soldadu bati beti ausarta izatea eskatzen zaion bezala. Horretan huts eginez gero, bezeroak galduko ditugu automatikoki, ekialdetik datozen produktu inportatzaileek baino garestiago saltzen dugulako. Halere, gaur egungo gizarte honetan zerbitzua ere oinarrizkoa da. Mekanizatu-zentro bat gelditu egiten bada tresnarik ez dagoelako, zerbitzua eman beharra dago, eta ez 24 orduan, baizik eta denbora gutxiagoan. Galdera horrek ez du erantzun errazik. “Aita ala ama, nor duzu maiteago?” galdetzea bezalakoa da. Gure balio-proposamena hiru ardatzetan oinarritzen da: akatsik gabeko kalitatea, zerbitzu bikaina eta gama zabala. Hiruretako edozeinetan huts eginez gero, bezeroak galduko ditugu.

 

Nola eta, batez ere, noiz bukatuko da hau dena?

Etorkizuna iragartzea zaila da oso, eta saiatzen diren gehienek hanka sartzen dute. Baina pentsatu behar dugu merkatuek badakitela beren burua erregulatzen, eta zenbait osagairen eskasia eragina izaten ari dela hazkundean. Bestalde, eskaintza oso erreakzio indartsua izaten ari da, eta inori ez zaio interesatzen egoera hau asko luzatzea. Zailtasunak zailtasun, hornikuntza-katea eraginkortasun handiz ari da funtzionatzen. Horregatik arrazoizkoa litzateke pentsatzea zurrunbilo inflazionista honen txarrena pasatzen ari dela, sortutako gorabeherak pixkanaka desagertuko direla datorren urtean, eta egoera normaltasunera itzuliko dela 2022ko bigarren erdian. Hori bai, badirudi oraindik luzaroan jasan beharko ditugula energiaren prezio altuak.

 

Eszenatoki aldakor hau gorabehera, 2021eko ekitaldia aurrekoa baino askoz hobeto bukatu duzue. Zergatik gertatu da hori?

Gure salmenta gehienak Mantenimendu, Konponketa eta Operazio (MRO) arlora zuzenduta daude, eta baita ere etxeen hobekuntza sektorera. Beste kasu batzuetan bezala, sektore horiek ere asko sufritu dute pandemian, baina harrezkero sekulako hazkundea izan dute, eta badirudi  ohitura aldaketak onuragarri izan direla eurentzat. Horixe izan da gure hazkundearen bektore garrantzitsuena, Industriara (bereziki automobilgintzara eta sektore aeroespazialera) eginiko salmenten bilakaera ez baita berdina izan.  Bestalde, aspalditik gabiltza ahaleginetan gure produktu-sorta handitzeko eta gure bezeroen premia berrietara egokitzeko, salmenta-puntua eta estutxatuak hobetuz, eta etengabe inbertitzen dugu logistikaren eta zerbitzuaren hobekuntzan. Egunean bertan eskain ditzakegu goizeko 7:00ak baino lehen jasotako eskaerak, % 99ko zerbitzu-tasarekin. Hori guztia onuragarri izan da guretzat, eta 2020ko salmentak ez ezik, 2019koak ere gainditu ditugu. Errentagarritasuna beste kontu bat da, horrek guztiak inpaktu handia izan baitu gure kostuetan, eta salmentak baino askoz gehiago hazi dira. Urte amaierako emaitzak positiboak dira, bai, baina ez salmenten hazkunde handiak pentsaraz zitzakeen bezalakoak.

 

Eta zeintzuk dira IZARen espektatibak hasiberri dugun 2022rako?

Aurtengoa ekitaldi ziurgabea izango da. NDFk halaxe adierazi zuen 2021eko urrian munduko ekonomiaren perspektibei buruz eginiko txostenean: “Munduko ekonomiak suspertzen jarraitzen du, baina susperraldiak indarra galdu du eta ziurgabetasuna handitu egin da”. Hortaz, zaila da jakitea zer ekarriko duen hasiberri den urte honek, baina uste dugu tentsio inflazionistak leundu egingo direla, energiaren kasuan izan ezik seguruenik. Zentzu horretan, zuhur jokatu nahi dugu, zenbait agenterengan sumatu dugun gehiegizko baikortasunetik aldenduz. 2021a gure enpresaren historiako urterik onena izan da, eta horixe errepikatu nahi dugu, fakturazioa % 3 handituz, gure errentagarritasuna hobetu ahal izateko.

Lotutako albisteak

21 Azaroa, 2024 Berrikuntza
Walter Pack: “Gure konpromisoa ez da amaitzen estandarrak beteta, horiek gainditzea lehen urratsa da”
Irakurri gehiago
14 Azaroa, 2024 Berrikuntza
RK Informatikak laneko bajak murrizteko Crossfita eskaintzen du
Irakurri gehiago
29 urria, 2024 Berrikuntza
Fabrikak eskuliburu bat argitaratu du ‘lan-kultura berria’ izenekoa ezartzeko gakoekin
Irakurri gehiago
17 urria, 2024 Azpiegiturak
P4Q: “Garrantzitsua da lan-giroa parekidea dela senti dadin”
Irakurri gehiago
24 iraila, 2024 Berrikuntza
Gesklima: “Hazinnovak gure barne baliabideak hobeto optimizatzen eta eraginkortasuna hobetzen lagundu digu”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak