Kimua, Aefameko gazte-taldea, sendotuz doa, eta azken urtean % 37 handitu du bazkide-kopurua
Kimuak, Euskadiko Familia Enpresen Elkarteko (Aefameko) gazte-taldeak, VIII. Urteko Batzarra egin du gaur, Bilbon. 2024ko ekitaldian garatutako jarduera nagusiak eta etorkizunerako erronkak zehaztu ditu. 2016an sortu zenez geroztik, sendotuz joan da, eta nabarmen handitu du bazkide-kopurua. Iazko ekitaldian soilik, % 37,36 hazi zaio bazkide-kopurua 2023koaren aldean, orduko 91tik oraingo 125era.
Agora La Caixan egindako Urteko Batzarrean familia-enpresari buruzko solasaldia antolatu da, non Eki Fundazioko zuzendari Nuria López de Guereñuk parte hartu duen (Saharaz hegoaldeko komunitate afrikarrei energia garbiak eskuratzen laguntzen dihardu Ekik). Esku hartu ondoren, mahai-inguruan hartu du parte López de Guereñuk. Kimuako lehendakari Nerea Uribe Etxebarria izan da moderatzailea, eta La Rioja Alta Taldeko zuzendari-ondoko Álex de Aranzabalek ere hartu du parte.
Kimua Aefamek sortu zuen, 2016an, helburu honekin: familia-enpresetako etorkizuneko belaunaldiak prestatzea, eta, horrela, enpresa horien ondorengotza-prozesuan laguntzea. Izan ere, enpresa guztiek aurre egin behar diote, lehenago edo beranduago, belaunaldi-erreleboari. Beraz, familia-enpresan karguak eskuratzea erabaki duten gazteak dira ekimenaren xede-taldea, bai eta, kudeaketan parte hartzen ez badute ere, konpainiako akziodun arduratsuak direnak ere.
Gaur egun, 125 gaztek osatzen dute Kimua, Aefameko 49 euskal familia-enpresa ordezkatzen dituztenak (Bizkaiko 29, Gipuzkoako 10 eta Arabako 10). Enpresa horiek zerbitzuetan, metalgintzan, ondasunen fabrikazioan, sektore elektriko/energetikoan, industrian eta automobilgintzan dihardute, besteak beste. Iazko ekitaldiaz geroztik, Nerea Uribe Etxebarria da Aefameko gazte-taldeko lehendakaria (GEINSA familia-enpresako Negozio Garapenaren arduraduna da).
Kimuak asmo honi eutsi dio sortu zenetik: Aefameko gazteentzako elkargune eta harremangune izatea, esperientziak partekatzeko, balio erantsia emango dieten mintegi, topaketa eta hitzaldietan, eta beste lurraldeetako zein Europako gainerako elkarteekin antolatutako forumetan. Horrez gain, familia-enpresaren inguruko ezagutza —belaunaldi-erreleboa, enpresaren balioak eta abar— gazteen artean hedatzeaz arduratzen da, elkartearekin koordinatuta.
Aefameri buruz
Aefame – Euskadiko Familia Enpresen Elkartea 2015ean sortu zen, eta IEF erakundeari lotuta dago. Guztira 76 euskal enpresak osatzen dute elkartea —liderrak dira zein bere jarduera-sektorean—. Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-ehunaren % 84 familia-enpresek osatzen dutenez, erreferentzia bat da gizartearentzat eta erakundeentzat, familia-enpresei eta familia enpresariei dagokienez. Guztien artean 15.500 milioi eurotik gorako fakturazio agregatua dute, eta 149.000tik gora langile. Aefame aspalditik ari da lanean Ecosistema proiektuan, zeinaren helburua baita familia-enpresarentzako eta familia enpresariarentzako ingurune faboragarri eta egokia sortzea, Euskadin errotuta jarrai dezaten bermatzeko.
Lotutako albisteak

Diker, osasungintzaren sektorerako injekzio bidezko plastikoetan Euskadi mailako erreferente bihurtu nahi duen ETEa
Oiartzungo enpresa, gaur egun, batez ere automobilgintzaren eta elektronikaren sektorearentzat ari da lanean

Prado Silos nazioartean indartzen, estrategia eta inbertsio berriekin hazkundea bultzatuz
38 herrialdetan presentzia handituz eta 2025erako 9 milioi euroko kontratuak aurreikusiz

Segundu bakoitzak kontatzen du. Ziurtatu zure erreskatea ResQaRrekin
Erreskate-orria formatu digitalean: larrialdi ekipoak, erreskatea modu seguruan egin ahal izateko, behar diren ibilgailuko elementuei buruzko infomazio zehatza eta azkarra.

Landatu Solarrek, bere produktu berritzaileen bidez, eguzki-panelak instalatzea errazten du
Bilboko ingeniaritzak bi sistema sortu ditu: Landblock, teilatu eta zoruetan instalatzeko, eta Lamaru, eguzki-energia flotatzailerako soluzioa.

Fecin, industriako eskuilagintzan espezializatuta 60 urte daramatzan Gipuzkoako ETEa
Deban kokatuta dagoen enpresa da Europa mailan sektore honetako bost fabrikatzaileetako bat eta SPRI Taldearen zibersegurtasun-programaren laguntza jaso du