Medikamentu berrien garapena bultzatzen duen “motorra”
2005ean sortu zen Dynakin spin offa, EHUren babespean; harrezkeroztik, farmakologiaren alorreko erreferentzia bihurtu da mundu osoan.
Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean du egoitza euskal enpresa horrek azken hamahiru urteotan; aitzindaria da biozientzien alorrean, eta nazioarteko erreferentzia medikamentu berriak garatzeko prozesuen eraginkortasuna areagotzen. Nerea Leal eta Mónica Rodríguez zientzialarien ekimenez sortu zen Dynakin, 2005ean. Ikerlari jardunak ziren biak Europan eta Estatu Batuetan, non merkatu-hobi berri bat aurkitu zuten, lehiakide gutxi eta aukera ugari zituena. Gaur egun, berriz, konpainia oso berritzaile batean ari dira, biofarmaziaren alorreko merkatuan erreferentziakoa, urtean hiru milioi euro fakturatzen dituena. Hogeita bat ikertzaile ditu konpainiak: horietatik % 70 doktoreak dira, eta % 75 emakumezkoak.
Adieraziko al diguzu, labur, zertan datzan zuen lana?
Medikamentu berriak garatzeko prozesuaren eraginkortasuna areagotzen jarduten gara. Farmazia-alorretik gatoz biok, Euskal Herriko Unibertsitateko Farmakologia Departamentutik, zeinaren spin off bat baikara. Calvo doktoreak zuzentzen zuen taldeak Estatu Batuetatik ekarri zuen zientzia espezifiko batek eredu matematikoak aplikatzen zituen farmakoen portaera hobeto ulertzeko eta beste egoera batzuetan zer jokabide izan lezaketen aurreikusteko. Meteorologian, finantzetan…, baita hegazkinak pilotatzeko ere erabili ohi dira iragarpen-ereduak, beste egoera batzuetan zer jokabide izango diren aurreikusteko. Bada, gaingiroki azalduta, horixe bera egiten dugu guk farmakologiaren alorrean…
Zertarako erabiltzen dituzue iragarpen matematikoak?
Besteak beste, medikamentuen garapena optimizatzeko inoiz ikertu ez den populazio-eremu batean; haurren artean —pediatrian—, adibidez. Normalean, helduentzat aztertzen eta egiten dira botikak, baina haurrek ere erabili behar izaten dituzte. Kontua da askotan ez dela jakiten zer dosi behar duten haurrek, ez baita egiten saiakuntza klinikorik haiekin.
Zer dela-eta utzi zenuten farmakologiako doktore-lana eta bihurtu zineten enpresaburu?
Beharbada, kasualitatez, baina, agian, beharrak ere bultzatu gintuen horretara. Ohartu ginenean iragarpen horiek Estatu Batuetan bakarrik egiten zituztela, aukera baten aurrean geundela iruditu zitzaigun, batez ere Europan, non medikamentuen garapen-prozesua ez baitzen eraginkorra. Hala, bada, aurrera egitea erabaki genuen, EHUk bere enpresa-mintegia sortu zuenean. Izan ere, enpresak sortzeko ekimena zuen jendearen bila ari zen EHU ikerketa-taldeetan.
Zein da zuen arrakastaren giltzarria?
Seguru asko, lan egiten dugun merkatu-segmentuaren berezitasuna, aurrekari gutxi baititu Europan. Bere alde ona izan zuen horrek, baina txarra ere bai, hasiera ez baitzen batere erraza izan. Pentsa: doktoretza eskuratu berria duten bi gazte, enpresa bat sortu nahian dabiltzanak, ilusioz beterik baina esperientziarik gabe… Sektore farmazeutikoan, traba da eskarmenturik eza, eta inork ez dizu aterik zabaltzen. Hala eta guztiz ere, lortu genuen aurrera egitea, biok baikara oso egoskorrak. 2010ean ekin genion konpainia nazioartean hedatzeari eta Europako zein Estatu Batuetako zenbait talderekin sinergiak sortzeari; orduan hasi zen, pixkanaka, enpresa hazten, ezaguna egiten…, eta horrela iritsi gara honaino.
Emakumezkoak zarete enpresako langileetatik % 75…
Kasualitatez, ez baikara horretan saiatu. Talde misto bat osatzea zen gure asmoa, baina emakumezkoak gara gehienak (hiru gizon bakarrik ditugu). Zergatik? Bada, besteak beste, emakumezkoak direlako Farmazia ikasten duten gehienak. Zorionez, beti jardun gara harremanetan EHUko Farmakologia Sailarekin, eta beti jaso dugu haren laguntza; gure alorrean lan egiteko prest baldin bazegoen inor, guregana bidaltzen zuten.
Zer duzue nahiago, laborategia ala bulegoa?
Lau urte dira etxetik lan egiten dudala, gainerako lankideek bezala (hamar, guztira). Luxu handia da hori. Hilean behin joaten naiz laborategira edo bulegora, edo bileraren bat dugunean, baina normalean etxetik jarduten gara. Oso handiak dira gure eraginkortasun- eta, noski, kontziliazio-tasak.
Lotutako albisteak

Kimaiwi: “Gure proposamen teknologikoa balioztatzean eta nazioarteko turismo-industriaren aurrean proiektatzean zentratu gara”
Startup arabarrak online irtenbideak garatzen ditu turismo-sektorearentzat, eta hazkunde eta babes handia izan du bere bederatzi hilabeteko bizitzan.

IDDTEK: “Industriaren eta talentuaren arteko lotura gara”
Orain 20 urte Irene Rodríguez donostiarrak sortu zuen ETEa ingeniaritza arloko outsourcingean erreferentea da eta sektore estrategikoetan lan egiten duen talde sendoa eta proiektuak ditu abian.

NAW: “Gure abantaila lehiakorra 10 urte bitarteko kirol-oinetako minimalista eskaintzea da”
Silvia Echeverríak, NAWren sortzaileak, oinetako minimalistak postura-osasunean eta garapen biomekanikoan haurtzarotik helduarora arte nola eragin dezakeen azaltzen du.

Ezarri Mosaicos: “Enpresa baten egunerokoa lehiatzea, ikertzea eta bezeroei erantzunak ematea da”
Gipuzkoako enpresaren beirazko diseinuak 100 herrialdetan baino gehiagotan daude, eta nazioarteko transakzioak haren negozio-zifraren % 70 dira

Begoña San Miguel: “Oja-Remen trokelen diseinua menderatzea bilatzen dugu kalitatezko piezak prezio lehiakorrean eskaintzeko”
Ia 60 urteko ibilbidearekin, Gernikan sortu eta Zornotzan egoitza duen enpresak berrikuntza teknologikoaren eta dibertsifikazioaren alde egin du, estanpazio metalikoaren sektorean hazten jarraitzeko.