ORTZE proiektuak estatuan aitzindaria den ontzi elektrikoa sortu du
Sistemak portuetan eta eremu babestuetan zero isurpenekin nabigatzeko aukera emango du.
ORTZE-CV deritzon I+G arloko proiektuak kostaldeko itsasontzien isurpenak murrizten lagun dezaketen energia-eraginkortasun handiko soluzio berritzaileak garatzea du helburu. Ekimena Ingeteam buru duen euskal partzuergo batek bultzatu du, ontzigintza arloko enpresen, ikerketa-zentroen eta unibertsitateen parte-hartzeaz. 2016an hasitako proiektu honen emaitza bateria elektrikoak eta diesel sorkuntza uztartzen dituen sistema hibridoa da, potentzia handiko itsasontzietan instala daitekeena. Estatuan aitzindaria den teknologia honi esker, itsasontziek kostaldean lan egin ahal izango dute gas kutsatzaileak edo zaratak eragin gabe.
“Kostaldeko potentzia handiko ontziek diesel sorgailuak piztuta eraman behar dituzte portura sartzean edo portutik ateratzean, eta horrek, zarata ez ezik, CO2 eta sufre isurpen handiak eragiten ditu, guztiz kaltegarriak ingurumenarentzat nahiz pertsonen osasunarentzat”, azaldu du Juanjo Varela ORTZE-CV proiektuaren Ingeteameko arduradunak; “teknologia honen bitartez, ontziak kostaldetik hurbil daudenean bateria elektrikoen laguntzaz nabigatzen jarraitzeko aukera izango dute, isurpen kaltegarriak eta kutsadura akustikoa deuseztatuz”.
Proiektuan erabiltzen diren bateria elektrikoek 200 kW/orduko energia biltegiratua dute, eta 12 itsas-miliako autonomia ere izan dezakete 5 korapiloko abiaduran. Gainera, potentzia handiko konexio elektrikoak erabiliz gero, osoko birkarga ordu erdian ere egin daiteke. ORTZE-CV partzuergoak egindako ikerlanaren arabera, nabigazio modu elektriko honek isurpenen ia % 100 murriz dezake, eta modu hibridoan murrizketa % 30ekoa ere izan daiteke. Modu hibridoak diesela ere erabiltzen du eta larrialdi egoeretarako diseinatuta dago, bateriek huts egiten dutenerako, baita kostaldetik urrun nabigatzeko ere.
Teknologia hau Pasaiako Itsas Arrantza BHIak operatutako Ortze eskola-ontzian instalatzen ari da eta datorren urteko udaberrian nabigatzeko prest egongo da. Horrela, Euskadin diseinatu, garatu eta operatutako lehen ontzi elektrikoa izango da, estatuan parekorik ez duen teknologiaz hornitutakoa. Ontzia erreferente bihurtu eta itsas-garraio eraginkor eta iraunkorragoaren aldeko prestakuntzan nahiz ikerketan aurrera egiten laguntzea da xedea. “Ezagutza gehitzea da partzuergoaren helburua, ez bakarrik ontzi elektrikoei buruzkoa, baita horrelako ontziak operatzeko behar den ekosistema osoari buruzkoa ere”, ziurtatu du Juanjo Varelak, “izan ere, proiektua eskola-ontzi batean garatzeak itsas sektoreari bermatzen dio etorkizun hurbilean Euskadin profil espezializatuak izateko aukera”.
Hauexek dira ORTZE-CV partzuergoko kideak: Ingeteam Taldea, SKV Group, Ormazabal, Lasa Naval, Euskal Herriko Itsas Foroa, UPV-EHU Bilboko Ingeniaritza Eskolaren bitartez, Mondragon Unibertsitatea eta Azti-Tecnalia. Proiektua I+G arloko Hazitek 2017 programa estrategikoari atxikita dago eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak eta FEDER 2014-2020ko Euskadiko Programa Operatiboak kofinantzatu dute.
Lotutako albisteak

Imanol Rego, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidente berria
Manuel Salaverriaren lekukoa hartu du. Salaverriak euskal ekosistema publiko pribatuaren balioa sustatzen jakin du, Euskadi garatzeko bide estrategiko gisa

UNIREn bigarren edizioak 80 enpresa baino gehiago bildu ditu FICOBAn
Soldaduran eta beste lotura-teknologietan espezializatutako Estatuko azoka bakarra da

Lehendakariak I+Med laborategiko instalazio berriak bisitatu ditu, munduko lehen Nanohidrogel Adimendunen Institutu Biomedikoa
"Gure helburua da gero eta ikertzaile eta ekintzaile gehiago egoteko baldintza egokienak sortzea"

Bianditz, esku-erremintak, doitasuneko piezak eta kautxuzko injekzio-moldeak fabrikatzen dituen 60 urteko enpresa
Irunen kokatuta dagoen konpainiak, azken urtean fakturazioa % 30 handitu duenak, SPRI Taldearen zibersegurtasun-programako laguntza jaso du

AVVI laguntzaile birtualak etxebizitzen salmenta eraberritu du, etxeak eraiki aurretik bisitatzeko aukera ematen baitu
Trivima enpresa donostiarrak soluzio berritzaile bat garatu du, salmenta epeak murriztu eta transformazioa areagotzen duen esperientzia interaktiboa ahalbidetzen duena.