Pezestudio arkitekturaren bidez inguruak sozial eta ekologikoki aldatu nahi duten arkitektoen taldea da. Bizitza erdigunean kokatzeko asmoa dute. Bilbon eta Madrilen kokaturik, hirien diseinurako proiektuak burutzen dituzte biztanleen partehartzea eta jasangarritasuna lehenetsiz. Proiektu honen adibide ona dugu hainbat hiritan garatutako Agroplaza ekimena, orain Bilboko Irala auzoan burutu dutena Bilboko Udala eta Designscapes programa europarraren laguntzaz.
Zer da Agroplaza?
Ikerbide baten parte da. Leku publikoak ikuspegi ekologiko, inklusibo, feminista eta elkarlanezkoaz berrantolatzen ditugu pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko. Hortaz, ingurugiroarekiko errespetu handiagoa duten hiri jasangarriagoak izateko aurrera pausua da, gune inklusiboak sortzeko, norbere energia sustatzeko…
Agroplaza proiektua 2011n hasi genuen eta eboluzionatzen joan da. Esperimentaziorako tailerrak garatu ditugu hiriko altzariak bertokoekin diseinatzeko. Denbora tarte honetan 20 bat dispositibo ezberdin garatu ditugu, gai jakin batzuei lotutakoak: energia berriztagarriak, hiriko baratzak, ura eta hondakinak.
Zertan datza Bilboko kasua?
Bilbon parte hartzeko eta elkarrekin sortzeko prozesua garatu dugu, Iralako Kirikiño plazan, hain zuzen ere. Lehenengo fasean auzoko erakunde eta pertsonen ideiak jaso genituen haien beharrizanak ezagutzeko. Ostean, plazak izan ditzakeen erabilerak identifikatzeko saioak antolatu ditugu, konponbideak emateko.
Proiektua hiriko altzairu-piezen bidez gauzatzen da. Nolakoak dira?
Prozesutik bi egitura sortu dira. Lehena sonoritate handiko eszenatokia, argiztapena eta bozgorailu-sistema dituen plataforma estalia eguzki-plaken energiaz musika jarri ahal izateko. Kanpotik ispiluak ditu eta batez ere gazteentzako pentsatuta dago, haiek musika jarri, dantzatu edo entseatzeko. Izan ere, auzokoen ahotan, gazteentzako eta erakundeen ekintzetarako guneak falta ziren.
Bigarren dispositiboa harmailak dira. Berez ureztatzen diren lorategiak, argiztapena eta telefono mugikorra kargatzeko panelak ditu.
Dispositibo hauek ikasketa eta sentsibilizaziorako guneak izatea nahi dugu; azken batean, proiektu txikia da eta inguruarekiko eragin eskasa izan dezake. Ikuspegia aldatzea da helburu nagusia.
Veneziako Arkitektura Bienalean hautatu zaituztete; zer eramango duzue erakustokira?
Agroplazan jendearekin batera diseinatutako piezetako bat eramango dugu: erabiltzean argia sortzen duen zabu-farola bat. Pieza eskala errealean eramango dugu, eta erakusketaren ondoren, gune publiko edo komunitarioren batean kokatzea nahi genuke, jendeak erabil dezan. Pieza eraikitzeko, Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso dugu; Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailaren bitartez. Oso pozik gaude, laguntza honek kalitate hobeaz ekoiztea ahalbidetu digulako.
Konfinamendua dela eta, leku publikoak gehiago erabiltzen ari gara eta hauen garrantziaz ohartu gara. Nola hobe ditzakegu espazio publikoak bizitza erdialdean kokatzeko?
Hasteko, partehartzea beharrezkoa da; espazioak erabiltzen dituzten pertsonen beharrizanak jaso behar dira. Guretzat beti izan da oso argigarria, bestela kontuan hartuko ez genituzkeen hainbat gauza ikusten laguntzen digulako. Ikuspegi teknikoa biztanleen esperientziarekin uztartu behar dugu. Ekologiaren ikuspuntutik ibilbide handia dago egiteko. Hiriak elkarrekin erlazionatuta dauden guneen ekosistemaren partetzat hartu behar ditugu, natura azpiegituretako bat baita. Hiriak harreman orekatuagoa behar du naturarekin eta bioaniztasuna zaindu behar du. Hala, ekologiari ez ezik, pertsonen bizitzari ere onurak ematen dizkio zentzu askotan.
info+: www.pezestudio.org
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?