Filtra tu búsqueda



Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 13 urtarrila, 2021 Berrikuntza Energia Fast Track Innobideak programa Ris3 Euskadi

San Juan Grupo: “Mugikortasun elektrikoaren aldeko apustua borondate eta kontzientzia kontua da”

Aitor Santosek, San Juan Grupo taldeko zuzendari kudeatzaileak, Aguraindik iragarri du energia berriztagarriak hazi egingo direla 2021ean, bai industrian eta bai etxeetan
Aitor Santos, director gerente de San Juan Grupo.

 

San Juan Grupo konpainiak Agurainen (Araba) du egoitza, eta lotura estua eta konpromiso handia du jasangarritasunarekin eta ingurumenarekin, pausoz pauso egin duen eraldaketa energetiko koherente baten bidez. 25 langileko enpresa hau Agurainen sortu zen duela 40 urte, eta aspalditik du helburutzat bere hondar aletxoa jartzea energia garbi eta berriztagarriekin funtzionatuko duen mundu bat sustatzeko, non auto-kontsumoa eta instalazio fotovoltaiko eta eolikoak errealitate bat izango diren eta non ibilgailu elektrikoak birkargatzeko zutabeek atzera bueltarik gabeko bidea ekarriko diguten. Aitor Santosengandik dator asmo adierazpen hori; Aitor zuzendari kudeatzailea da ingurumenarekiko errespetuarekin bat datorren eta energia arloko konponbide eraginkorrak eskaintzen dituen konpainia horretan.

 

Hotz eta elur olatu bete-betean gauden honetan, eta Agurain izanik denboraleak Araban gogorren kolpatutako herrietako bat, nola moldatu zarete?

Ongi ezagutzen dugu elurra. Badugu esperientzia eta ohituta gaude, beraz, zuhurrak izan gara eta ongi prestatu gara gure bezeroen premiei erantzuteko, ohiko zerbitzuez harago. Esaterako, industriarako hornikuntzaren arloan, gatza, pellet-ak, berogailuak eta elurretarako palak pilatu ditugu, lurraldeko jarduera sozio-ekonomikoa bermatzen eta mantentzen lagunduko duen zerbitzu azkar eta eraginkorra eman ahal izateko.

 

Aspalditik ari zarete lanean mugikortasun elektrikoaren arloan, eta zentzu horretan, duela hilabete batzuk instalatu zenuten Agurainen birkarga elektrikorako doako lehen udal puntua. Nolakoa izan da lehen esperientzia hori?

Agurain eredugarria da energia eraginkortasunean eta energia berriztagarrietaranzko trantsisioan. Horrelako konponbideetan eginiko inbertsioari esker, kontsumoan gehien aurrezten duen udaletako bat da eta CO2 isurketak gehien murriztu dituenetakoa. Zentzu horretan, Aguraingo udalaren eskutik bildu dugun esperientzia oso ona izan da. Mugikortasun elektrikoaren arloko proiektu hau asko hazi da udalaren konpromisoagatik eta gure esperientzian eta ezagutzan izan duen konfiantzagatik. Ibilgailu elektrikoentzako doako lehen karga-puntua eskaini duen Arabako lehen udala izan da. Proiektu hori inflexio-puntu bat da gure ibilbidean. Eta badu ondorio zuzen bat: instalazioa egin eta hurrengo hilabeteetan dei eta kontsulta mordoa jaso genituen Arabako toki desberdinetatik. Asko Gasteiztik iritsi ziren; herritar, komunitate eta enpresa askori interesatzen zaie birkarga-zutabeak izatea, eta horietako asko instalatu genituen urtearen lehen egunetan. Horregatik, baikortasunez begiratzen diogu 2021ari.

 

Zure ustez pandemiak eta haren ondoriozko itxialdiak izan du eraginik mugikortasun elektrikoa bultzatzeko orduan?

Bai, dudarik gabe. Itxialdi denboran asko izan ziren etxebizitza-eredua birplanteatu zuten familiak eta gero aldatzea erabaki zutenak; eta antzeko zerbait gertatu da ibilgailu elektrikoekin ere. Azken hilabeteotan hogeita hamarretik gora zutabe instalatu ditugu garajeetan eta bizilagunen komunitateetan, eta horrek erakusten du gero eta kontzientzia eta sentsibilizazio handiagoa dagoela eta atzera bueltarik gabeko bide horretan sartuta gaudela.

 

Orduan, zure ustez zergatik dabiltza hain auto elektriko gutxi gure kaleetan?

Ezjakintasunagatik eta mesfidantzagatik. Nik itsu-itsuan sinesten dut teknologia honetan, eta abantailak baino ez dizkiot ikusten. 20.000 kilometro egin ditut nire autoarekin eta 200 euro baino gutxiago gastatu dut erregaian, ez dut izan mantenimendu premiarik, etxeko garajean kargatzen dut eta ez daukat olioa aldatu beharrik. Ikusten duzu, dena da abantaila. Mugikortasun elektrikoaren aldeko apustua borondate eta kontzientzia kontua da.

 

Eta energia fotovoltaikoan edo eolikoan oinarritutako auto-kontsumoa ere borondate kontua da ala araudi malguagoak behar dira?

Araudiari dagokionez, azkenaldian pauso handiak eman dira eta une honetan auto-kontsumoa da alternatiba abantailatsuena. Baina kontzientzia kontua ere bada. Aguraineko lantegian 20 kW-ko instalazio fotovoltaiko bat daukagu; bost etxebizitzarentzat adina argindar da hori… Soilik iaz hamar instalazio fotovoltaiko jarri genituen enpresa industrialetan -batez beste 20 kW-ko instalazioak- eta beste hainbat etxebizitzetan.

 

Epe laburrera begira eta egungo testuingurua ikusirik, zein da San Juan taldearen errezeta aurten bizirauteko? 

Gure lehen erronka da 2020a ahaztea. Ziurgabetasunez eta beldurrez betetako amesgaizto bat izan da, baina, gure langile, bezero eta hornitzaileen ahaleginari eta konpromisoari esker, gai izan gara aurre egiteko. Denok elkarrekin lan eginez nahiko ongi bukatu dugu urtea, eta lanposturen batzuk ere sortu ditugu. Uste dugu aurten ere mantendu ahal izango dugula joera baikor hori, eta goranzko bideari eutsiko diogula, bai lan-kargari dagokionez eta baita ere langileen kontratazioan.

 

Lotutako albisteak

27 Azaroa, 2024 Berrikuntza
Dualia: “Itzulpen literala eskaintzen duen Adimen Artifizialaren aurrean, guk Adimen Emozionala duen interpretazioa profesionala eskaintzen dugu”
Irakurri gehiago
21 Azaroa, 2024 Berrikuntza
Walter Pack: “Gure konpromisoa ez da amaitzen estandarrak beteta, horiek gainditzea lehen urratsa da”
Irakurri gehiago
14 Azaroa, 2024 Berrikuntza
RK Informatikak laneko bajak murrizteko Crossfita eskaintzen du
Irakurri gehiago
29 urria, 2024 Berrikuntza
Fabrikak eskuliburu bat argitaratu du ‘lan-kultura berria’ izenekoa ezartzeko gakoekin
Irakurri gehiago
17 urria, 2024 Berrikuntza
P4Q: “Garrantzitsua da lan-giroa parekidea dela senti dadin”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak