Talentua erakartzeko eta zaintzeko eskatu du industriako sailburuordeak, euskal industriaren lehiakortasuna bultzatzeko
“Talentua erakartzeko lehia bizia dabil Europan. Nahitaez, ekin behar diogu talentua sortu, zaindu eta erakartzeari”, zioen Javier Zarraonandiak Basque Cluster Day-n.
Bere iritzian, klusterren eta hezkuntza-sistemaren arteko lankidetza da “Euskadirako enplegua, aberastasuna eta ongizatea sortzeko bidea”.
2018ko Basque Cluster Day jardunaldiaren aurkezpenak ikus ditzakezu hemen.
Industriako sailburuorde Javier Zarraonandiak esan zuenez, talentua zaintzea eta erakartzea funtsezkoa da euskal industriaren lehiakortasuna sustatzeko eta, aldi berean, Euskadirako enplegua eta aberastasuna sortzeko. “Talentua erakartzeko lehia bizia dabil Europan. Nahitaez, ekin behar diogu talentua sortu, zaindu eta erakartzeari”.
SPRI Taldeak urtero antolatzen duen Basque Cluster Day jardunaldian izan zen Zarraonandia, EHUren Ingeniaritza Eskolan, eta berak eman zuen hasierako hitzaldia. Hezkuntza-sistemaren eta klusterren arteko lankidetzak dakartzan aukerak izan zituen hizpide.
“Oso egokia iruditzen zait jardunaldiaren goiburua, estrategikoa baita gai hori enpresentzat, erakundeentzat, hezkuntza-sistemarentzat eta euskal gizarte osoarentzat”, adierazi zuen. Bestalde, erronkatzat jo zuen “emakumeak industriara erakartzea”.
Eskaintzaren eta eskariaren artean dagoen desoreka aipatu zuen sailburuordeak: “Desoreka hori dela eta, jende asko ari da bere titulazio profesionalaz azpiko lanetan; bestalde, enpresek ez dute aurkitzen trebakuntza egokia duen jenderik egungo testuinguru teknologiko eta ekonomiko aldakor honetan”.
Zarraonandiak zioenez, arazo hori ez dugu Euskadin bakarrik jasaten. “Europan eta Estatu Batuetan ere gertatzen da hori. McKinsey nazioarteko aholkularitza-enpresaren arabera, enplegatzaileen % 40k ez dute aurkitzen behar dituzten gaitasunen jabe den jenderik. Egoera ikusirik, gerra orokorra dago talentua nork eskuratuko”.
Euskal ekonomiaren bilakaera onari buruzko zenbait datu eman ditu Industriako sailburuordeak: BPGa, 72.000 milioi euro; langabezia, % 9,9 (“eta % 8,3ra jaistea espero dugu”); eta esportazio-bolumen jarraitua (ia 24.000 milioi euro urtean, hau da, “BPG osoaren heren bat”).
Osteguneko topaketaren garrantzia azpimarratu zuen sailburuordeak, klusterren, administrazioen, eragile teknologikoen eta hezkuntza-sistemaren ordezkariak bildu baitzituen. “Guztioi dagokigu elkarlanean jardutea lehiaketaren erronkei ekiteko. Euskadiren ongizatea dago jokoan”. Jardunaldiaren goiburua aintzat hartzeko eskatu zuen Zarraonandiak (“Klusterrak eta hezkuntza, balio partekatuak sortzen”), “hori baita Euskadirako enplegua, aberastasuna eta ongizatea sortzeko bidea”.
Unibertsitatearen eta enpresen arteko lankidetza
Orkestrako James Wilsonek, berriz, esan zuen unibertsitatearen eta enpresen arteko lankidetzak “komertzializazio-mekanismo formalak” izan dituela ardatz; besteak bete, patenteak eta lizentziak. “Lankidetzan jarduteko aukera-eremu zabal-zabala dago”, nabarmendu zuen.
“Zergatik den hain garrantzitsua hezkuntza-sistemaren eta klusterren arteko lankidetza?”, galdetu zuen, eta berak erantzun, honela: klusterrek ahalmena daukatelako enpresen eta unibertsitateen estrategiak hobeto uztartzeko.
Lankidetza horrek “denbora asko” behar duela esan zuen, eta hori aitortzea dela gaiaren gakoetako bat; bestalde, neurri espezifikoak adierazi zituen: ikasleak industrian jarduteko mugikortasun-programak, praktikaldiak, egonaldiak, trebakuntza duala eta abar.
Mahai-inguruetan, berriz, industriaren eta unibertsitatearen arteko elkarlana sustatzeko bultzatutako ekimenen berri eman zuen AFM klusterreko Josu Riezuk; besteak beste, IMH zentroa, makina-erremintaren ikasgela eta Makina Erremintaren Bienalaren barneko enplegu industrialaren azoka.
Energiaren klusterreko Marcos Suárezek, berriz, adierazi zuen urtearen erdi aldera ekintza-plan bat jarri zutela martxan ikasleak enpresetara bideratzeko, “bilatzen ari garen talentua aurkitzeko zailtasunak ikusirik”. Izan ere, zenbait enpresatara bidalitako inkesta batek argi utzi zuen hautagai egokien eskasia.
Gaia klusterreko Tomás Iriondok, azkenik, esan zuen hezkuntza-sistemaren alternatibaren baten bila ari direla enpresak talentua berenganatzeko. “Aldaketa bat behar da: eskariak ezarri behar du hautagaien profila. Gaitasun digitalak profil guztiei eskatu behar zaizkie”.
Jardunaldiaren hitzaldiak ikusi nahi dituzu?
Sartu, berrikusi eta deskargatu interesatzen zaizkizunak
Lotutako albisteak

Lorra, lau hamarkada inguru Bizkaiko nekazaritzako elikagaien kooperatibismoaren funtsezko zutabe gisa
Gaur egun, erakundearen lehentasuna zahartutako sektore honetako erretiroak ordezkatzea da, belaunaldi-erreleboaren bidez.

ACLIMA bere 30. urteurrena ospatzen du industria garbiago baterako lankidetza publiko-pribatuaren balioa azpimarratuz
Klusterra 1995ean sortu zen, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, Ihobe eta SPRI sozietate publikoen bitartez

NudgeXperience Bilbon: CX eta Portaera Zientzien ekitaldia
Zuzendariei eta gerenteei, Cx-eko arduradunei eta berrikuntza eta marketineko profesionalei zuzendua

Innobideak Prestakuntza prestatu zure lantaldea balioan lehiatzeko eta ez prezioan
Euskadiko ETEen % 60k berrikuntzaren alde egiten du, baina gehienek kostua murrizteko edo kalitatea hobetzeko egiten dute eta ez dute benetako abantaila lehiakorra sortzen merkatuan. Alabaina, berrikuntza ez da etorkizunean mantentzeko tresna soila, etorkizunean liderra izateko estrategia baizik. Horretarako, gakoa teknologia ez ezik, pertsonak, estrategia eta egokitzeko gaitasuna ere badira.

Utilmaik tresna industrial aurreratuak diseinatzen ditu ekoizpen industriala optimizatzeko
Bizkaiko enpresak berrikuntza eta ezagutza teknikoa uztartzen ditu funtsezko sektoreetan mekanizazio-prozesuak hobetzeko, hala nola garraioan, makineria astunean eta aeronautikan.