Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 27 uztaila, 2021 Berrikuntza Energia Fast Track Innobideak programa Ris3 Euskadi

Teknologia digitalak itsasoko energia berriztagarrietan aplikatzearen arrakasta

Energia Klusterreko zuzendari José Ignacio Hormaetxek hizpide hartu du EBk finantzatutako eta euskal enpresen parte-hartzearekin garatutako DOCC-OFF proiektua
José Ignacio Hormaeche.

 

Euskadiko Energia Klusterreko zuzendariak, José Ignacio Hormaetxek, Digitalization of Critical Componentes in OFFshore wind turbines (DOCC-OFF) proiektua aurkeztu du, teknologia digitalak itsasoko energia berriztagarrietan aplikatuz lortutako arrakastaren erakusgarri.

 

Zertan datza DOCC-OFF proiektua?

Europako Batzordeko MARE Zuzendaritza Nagusiaren European Maritime and Fisheries Fund (EMFF) Funtsak 2018ko “Blue Economy” deialdiaren bitartez finantzatutako proiektu bat da. Bere xedea da plataforma digital bat garatzea haize-sorgailu baten pitch hidraulikoko sistemaren datuak atzeman eta aztertzeko, eta hauek izan dira proiektuan parte hartu duten enpresak: HINE, pitch hidraulikoko sistemak fabrikatzen dituen euskal enpresa; Xabet, “Data analytics” arloko gaitasunak dituen euskal startup-a; eta Sirris, sektore eolikoko baliozkotze-entseguetan esperientzia zabala duen teknologi zentro belgikarra. Energia Kluster Elkartea (ACE) da proiektuaren kudeatzailea eta koordinatzailea, eta orobat haren emaitzak komunikatzeko eta zabaltzeko ardura duena.

 

Pitch hidraulikoko sistema azpi-sistema kritiko bat da itsasoko turbina eolikoen funtzionaltasunarentzat, berak kontrolatzen baitu sorgailuan sartzen den energia eolikoa besoen angelua erregulatuz. Haize-sorgailuen fidagarritasunean duen garrantziak justifikatzen du datuak aztertu eta monitorizatzeko sistema bat diseinatzeko beharra, helburua baita hutsegite-modu kritikoak detektatzeko probabilitatea handitzea. DOCC-OFF proiektuko bazkideek plataforma digital bat garatu dute, hutsegite-modu horien inpaktua murriztu dezakeena.

 

Zer suposatzen du teknologia digitalak itsasoko energia berriztagarrietan aplikatzeak?

Haize-sorgailuentzako osagaien Europako hornitzaileak ongi posizionatuta daude merkatuan. Halere, badauzkate euren produktuak kostu baxuan eskaintzen dituzten lehiakideak. Horregatik, Europako enpresak balio erantsi handiagoko estrategia berritzaileak aztertzen ari dira, gainerakoengandik bereizteko eta lehiakorrago izateko merkatu-nitxo horretan.

 

Itsasoko energia eolikoaren balio-kateko enpresa europarrek uste dute haize-sorgailuetako osagai eta sistemak digitalizatzea dela euren lehiakortasuna hobetzen lagundu dezakeen elementu garrantzitsuena, horrek berekin ekarriko baititu diseinuaren optimizazioa, operazio- zein mantenimendu-kostuen murrizketa eta zerbitzu berriak eskaintzeko aukera.

 

Digitalizazioan, komunikazioetan eta datuen analisian eginiko aurrerapenei esker (bai funtzionaltasunean eta baita ere kostuen murrizketan), gaur egun posible da operazioen datuak biltzen dituzten konponbideak sortzea eta, horrela, balio komertziala handitzea.

 

Garrantzitsua al da Energia Klusterra izatea proiektu honetako kudeatzailea eta koordinatzailea?

DOCC-OFF bezalako proiektuak koordinatuz, Energia Klusterra bere hondar aletxoa jartzen ari da euskal energia sektoreko enpresek I+G-ko programetan parte har dezaten eta kolabora dezaten. ACEk laguntza ematen die bere bazkideei lankidetzako I+G-ko proiektuetarako proposamenak definitu eta konfigura ditzaten, bai Euskadi mailako programetan eta baita ere Estatu mailakoetan zein nazioartekoetan. Laguntza hori hainbat eratakoa izan daiteke: bazkideak identifikatzea, partzuergoa osatzen laguntzea, proposamenaren garapena koordinatzea edota ekimena orientatzen eta administrazio publikoetan aurkezten laguntzea.

 

Horrez gain, beste aukera bat ere eskaintzen diegu gure bazkideei, hots, bazkide gisa inplikatzea Europa mailako proposamenetan parte hartzen dutenean, geure gain hartuz proiektuaren lidergoa edota komunikazio, hedapen eta ustiapen jardueren garapena.  Esperientzia zabala daukagu mota horretako jarduerak garatzen I+G-ko lankidetzako proiektuetan, bai tokikoetan (Hazitek, Elkartek…), eta bai Europakoetan (H2020, COSME, Interreg, EMFF…).

 

DOCC-OFF proiektuaren kasuan, ACEk ikusi zuen EMFF Funtsaren Blue Economy Call deialdia interesgarria izan zitekeela, proposamen bat egin zuen HINE eta XABET euskal enpresak inplikatuz, harremanetan jarri zen Belgikako bazkide batekin (SIRRIS) eta aurkeztu egin zuen. Orain, proiektua martxan dagoenean, kudeaketaz arduratzen gara, eta geuk zuzentzen ditugu komunikazio eta hedapen arloak.

 

Zeintzuk dira proiektu honen emaitzak?

 

DOCC-OFF proiektuaren bidez haize-sorgailu bateko pitch hidraulikoko sistemaren hutsegite-modu kritikoak eta monitorizazio-beharrak identifikatu dira. Monitorizazio-estrategia bat definitu da hutsegite-modu horiei aurre egiteko, eta plataforma digital bat garatu da parke eolikoetako operatzaileek balizko arazoak detektatu ditzaten gertatu baino lehen, horrela pitch sistemaren mantenimendu prediktiboa egin ahal izateko. Beharrezkoak dira Pitch sistemen egoera ebaluatzeko modu hobeak, besteak beste ez delako erraza arazoak detektatzea ikusizko ikuskapen teknika arruntak erabiliz eta, hortaz, balitekeelako oharkabean pasatzea. Plataforma digitalaren sistema laborategiko proba-banku batean baliozkotu da; hurrengo fasea litzateke balizko bezeroak identifikatzea, plataforma ingurune erreal batean probatzeko itsasoko turbina eoliko batean.

 

Haize-sorgailuen jabeek zergatik partekatu behar lituzkete euren gailuetako datuak?

Parke eolikoen jabe eta haize-sorgailuen fabrikatzaile gehienek ez dituzte partekatu nahi izaten haize-sorgailuei buruzko datu eta informazioak, euren teknologiak eta konfidentzialtasuna babesteko. Horregatik, beharrezkoa da balio-proposamen bat eskaintzea, eurek saldu, erabili eta mantentzen dituzten haize-sorgailuen datuak partekatzean oinarrituko dena eta uneoro bermatuko duena “datuaren subiranotasuna”, partekatutako datuen gobernantza eta pribatutasuna kudeatzeko aukera emango dieten arkitekturen eta aplikazioen bitartez.

 

Datuak partekatzeak hainbat abantaila emango lizkieke, esaterako, aukera emango lieke sektore eolikoko balio-kateko enpresei datuen kudeaketa eta azterketarako aplikazioak garatzeko, eta horrek onura garrantzitsuak ekarriko lizkieke:

  • Produktibitatea hobetzea. Aktibo bati mantenimendu ona egiten zaionean, disponibilitatea handitu egiten da.
  • Operazio eta Mantenimendu (O&M) kostuak murriztea. O&M programa prediktibo batek balizko egoerak zuzentzen ditu arazo larri bihurtu baino lehen, akatsak izateko arriskua eta ekintza zuzentzaileen maiztasuna murriztuz.
  • Bizitza erabilgarria luzatzea. Bizitza luzatzeko estrategiek parkearen operazio-tartea handitzen dute.

 

Lotutako albisteak

27 Azaroa, 2024 Berrikuntza
Dualia: “Itzulpen literala eskaintzen duen Adimen Artifizialaren aurrean, guk Adimen Emozionala duen interpretazioa profesionala eskaintzen dugu”
Irakurri gehiago
21 Azaroa, 2024 Berrikuntza
Walter Pack: “Gure konpromisoa ez da amaitzen estandarrak beteta, horiek gainditzea lehen urratsa da”
Irakurri gehiago
14 Azaroa, 2024 Berrikuntza
RK Informatikak laneko bajak murrizteko Crossfita eskaintzen du
Irakurri gehiago
29 urria, 2024 Berrikuntza
Fabrikak eskuliburu bat argitaratu du ‘lan-kultura berria’ izenekoa ezartzeko gakoekin
Irakurri gehiago
17 urria, 2024 Azpiegiturak
P4Q: “Garrantzitsua da lan-giroa parekidea dela senti dadin”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak