“Teknologia fotovoltaikoak nabarmen murriztu ditu bere kostuak, eta lehiakorra da orain”
Stansol Energy enpresak garapen bat patentatu du xafla fotovoltaikoak uraren azalera gainean instalatzeko
Egoitza Gasteizko Azucarera Eraikinean daukan Arabako konpainia sortu berri horrek irmoki defendatzen du auto-kontsumo elektrikoa, bere ustez bideragarria eta errentagarria delako sektore industrialerako. Horixe dio Fermín Ollorak, Stansol Energy enpresaren sortzaileak. Ollora Euskadiko ordezkaria da UNEFen, sektore fotovoltaikoko patronalean. Aurreikuspenen arabera, sektore fotovoltaikoaren merkatu-nitxoan askoz instalazio gehiago egingo dira datozen urteetan, eta horiei esker aurreztu eta lehiakortasuna hobetuko dugu. Horri guztiari buruz hitz egin digu Ferminek Made in Basque Country irratsaioan.
Agian oker gaude, baina, itxuraz behintzat, sektore fotovoltaikoa oso azkar hazi zen bere garaian horretarako eman ziren diru-laguntza handiei esker, eta halako burbuila bat sortu zen, gero zarata handiz lehertu zena. Baina zuk diozunaren arabera, sektore fotovoltaikoaren etorkizuna geldiezina da…
Espainia aitzindaria izan zen sektore fotovoltaikoaren garapenean, eta horixe da aitzindari izatearen arriskuetako bat, akatsak egiten ere aitzindaria izatea. Eta akats handienetako bat izan zen –funtsezkoa, esango nuke- pentsatzea sektorea errentagarria izango zela diru-laguntzen edo hobarien bidez. Pentsaera hori epe laburreko ikuspegian oinarritzen zen, eta okerrera egin zuen 2012an, Dekretazoa onartu zenean, zeinak bertan behera utzi baitzituen hobari guztiak, atzeraeraginezko murrizketak aplikatuz. Nazioarteko inbertitzaile handiak ez ziren konformatu ordea, eta Espainiako Industria Ministerioa oraintxe hasi da Dekretazo haren fakturak ordaintzen, oraintxe hasi da haren eragina iristen erabiltzaile guztiongana argindarraren fakturan.
Zure ustez zer aldatu da orain?, zergatik izango da desberdina eszenatokia?, zergatik ez da egongo mesfidantzarik?
Batetik, alderdi kuantitatiboa dago, alegia, teknologia fotovoltaikoak nabarmen murriztu ditu bere kostuak, eta horregatik da lehiakorragoa. Megawatio batek duela sei urte balio zuenaren herena balio du egun, besteak beste, asko garelako I+G-n sinesten dugun enpresak. Estrategia horri esker, osagai batzuen kostuak murriztu egin dira eta, beraz, energia fotovoltaikoko proiektuen kostu globalek ez dute hobaririk edo diru-laguntzarik behar lehiakor izateko.
Nola berreskuratzen dira sinesgarritasuna eta inbertitzaile eta bezeroen konfiantza sostengaezina izan den urtetako burbuilaren ostean?
Pedagogia asko egin behar da, mesfidantza handia dagoelako esparru sozialean. Garai batean askok jasan zuten Dekretazo haren zartada, eta ulergarria da orain jendeak errezeloak izatea. Zorionez gauzek hobera egin dute, baina oraindik ere bada zer hobetu.
Instalazio publikoetan ere antzematen da sintonia hori?
Bai, zalantzarik gabe. Energiaren Euskal Klusterrak gure ikuspegi berbera du, eta ildo estrategiko bat aktibatu du. Testuinguru horretan badira proiektu berritzaileak, azken urteotan sektorean ikusi direnaz oso bestelakoak.
Gerta liteke berriz harri berarekin estropuz egitea? Duela hilabete batzuk egin zen enkantean bazirudien Espainiako gobernuak azkarregi egin nahi zuela aurrera…
Egia da. Joan den uztailean Estatu mailako enkante bat egin zen, non 3,9 GW –Estatu osoa batera argiztatzeko adina potentzia- esleitu baitzitzaizkion sektore fotovoltaikoari, eta eraikita egon behar dute 2019rako. Nire ustez arrisku handia dago sistema eta premiak berriro saturatzeko. Horregatik, UNEFek proposatzen du aurrera egitea baina modu mailakatuan, zeren 3,9 GW eraiki behar badira hain denbora laburrean zailtasun handiak sortuko baitira eraginkorki eta lehiakorki erantzuteko. Kostu-eraginkortasunaren aurkako erabakia da.
Zer egiten du Stansol Energy enpresak?
Gure negozioa da zerbitzua ematea sektore fotovoltaikoak behar dituen egituretarako, batez ere, sorkuntza lantegietako egitura finkoetarako. Horrez gain, konponbide berezi samar bat garatu dugu ur-gaineko sistema fotovoltaikoentzat, joan den abenduan patentatu genuena. Oso ongi sartu da merkatuan, sektorean guztiz berritzaileak diren materialak eta konponbide malguak eskaintzen baititu, eta ez Estatuan bakarrik, baita ere nazioartean.
Zeintzuk dira zuen igurikapenak?
Oso baikorrak gara, uste dugu proiektu horrek ongi funtziona dezakeela. Ur-gaineko konponbideak dira, nagusiki urtegietarako eta ureztatze urmaeletarako pentsatuak. Zergatik? Ureztatzaileen komunitateetan argindarraren faktura delako negozio-planen arazo handienetako bat, argia behar dutelako ureztatzeko, ereiteko eta abarretarako. Horregatik, seguru gaude konponbide honekin posible izango dutela autonomo izatea, isolatuta egotea eta energia kostuak kontrolatzea, eta orobat lehiakorrago izatea beren produktuetan.
Lotutako albisteak

Lorra, lau hamarkada inguru Bizkaiko nekazaritzako elikagaien kooperatibismoaren funtsezko zutabe gisa
Gaur egun, erakundearen lehentasuna zahartutako sektore honetako erretiroak ordezkatzea da, belaunaldi-erreleboaren bidez.

NudgeXperience Bilbon: CX eta Portaera Zientzien ekitaldia
Zuzendariei eta gerenteei, Cx-eko arduradunei eta berrikuntza eta marketineko profesionalei zuzendua

Connect Group, zentro teknologikoa Donostian duen multinazionala
Donostiako lantegiak SPRI Taldearen BDIH Konexio programaren laguntza jaso du, eta urtean bi milioi txartel elektroniko diseinatu eta fabrikatzen ditu

Innobideak Prestakuntza prestatu zure lantaldea balioan lehiatzeko eta ez prezioan
Euskadiko ETEen % 60k berrikuntzaren alde egiten du, baina gehienek kostua murrizteko edo kalitatea hobetzeko egiten dute eta ez dute benetako abantaila lehiakorra sortzen merkatuan. Alabaina, berrikuntza ez da etorkizunean mantentzeko tresna soila, etorkizunean liderra izateko estrategia baizik. Horretarako, gakoa teknologia ez ezik, pertsonak, estrategia eta egokitzeko gaitasuna ere badira.

Utilmaik tresna industrial aurreratuak diseinatzen ditu ekoizpen industriala optimizatzeko
Bizkaiko enpresak berrikuntza eta ezagutza teknikoa uztartzen ditu funtsezko sektoreetan mekanizazio-prozesuak hobetzeko, hala nola garraioan, makineria astunean eta aeronautikan.