Ibaizabal Behekaldeko Industrialdea, S.A.k azpiegitura industrialak sustatu ahal izango ditu Ibaizabal ibarreko eta Txorierriko herrietan.
Abanto Zierbenako Industrialdea, S.A. sozietateak bere izena aldatu du eta Ibaizabal Behekaldeko Industrialdea, S.A. izango da hemendik aurrera, Sozietatearen Batzar Nagusiak (non partaide baitira Sprilur, S.A., Azpiegiturak eta Abanto eta Zierbenako Udala) iazko urte amaieran adostutako akordioaren arabera. Erakunde arteko akordio horren ondorioz, sozietatearen izena ez ezik xedea ere aldatuko da eta Txorierriko beste herri batzuetara zabalduko da bere jarduera.
2019tik aurrera, Ibaizabal Behekaldeko Industrialdea, S.A.k jarduera ekonomikoetako ekimena eta inbertsioak sustatuko ditu Ibaizabal ibarrean eta Txorierrin, herri hauetan zehazki: Alonsotegi, Barakaldo, Basauri, Sestao, Trapagaran, Erandio, Etxebarri, Portugalete, Santurtzi, Ortuella, Muskiz, Zierbena, Abanto eta Zierbena, Loiu, Sondika, Derio, Zamudio, Lezama eta Larrabetzu. Hala, era askotako proiektuak gauzatu ahal izango dira herri horietan, hala nola: enpresak ezartzeko hirigintza sustapenak, hirigintza planak nahiz urbanizazio proiektuak sustatuz eta idatziz, birpartzelazio proiektuak, konpentsazio proiektuak, lurzoru erosketak, eta konplexu industrialen eraikuntza arestian esandako Bizkaiko herri horietan jarduera ekonomikoak ezartzeko.
2018an zehar, lurzoru industriala aztertu eta analizatu ostean, Sprilur-ek Abanto Zierbenako Industrialdea, S.A.ri proposatu zion bere gain har zitzala Txorierrin garatu beharreko aktibo batzuen sustapena eta kudeaketa.
Enpresentzat zein industriarentzat interesgarria den eskualde horretan Sprilur-ek badu 3.784 m²ko lursail bat Zamudion (Pinoa industrialdea). Ibaizabal Behekaldeko Industrialdea, S.A. sozietate berriak erosi du, garatua eta balioan jarria izateko, eta lokal industrialen eskaintza handitzeko Txorierrin.
Hala, Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailari atxikitako enpresa-azpiegituren sustapen sozietateak aurrera doaz baliabideen kudeaketa modu ireki eta partekatuan egiteko bidean, zeinari esker posible izango baita euskal enpresen neurrira eginiko espazio-sare bat eskaintzea modu arin eta eraginkorrago batean.
33 urte enpresa-guneak sustatzen eta kudeatzen Ibar Ezkerran
Abanto Zierbenako Industrialdea, S.A. 1985ean sortu zen, Abanto eta Zierbena herri meatzariko El Campillo industrialdean, pabilioi industrialak eraikitzeko eta enpresak bertan ezartzea errazteko. 33 urte horietan pabilioiak, lurzoru urbanizatua eta bulegoak sustatu eta kudeatu ditu El Campillo, Abra Industrial eta Granada (Ortuella) industrialdeetan.
2018ra arte 27,1 milioi euroko inbertsioak egin dira guztira. Orain arte industri arloko 138.433 m² gordin kudeatu dira, lurzoru urbanizatuko 15.297 m², pabilioi modularren 51.089 m² eta bulegoen 3.029 m². Bere industrialdeetan 78 enpresa daude, 823 langile zuzenean enplegatzen dituztenak.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?