Jon Uriarte dugu azken urteotako euskal ekintzaile aktibo eta arrakastatsuenetako bat. Jon ezin hobeto sartzen da ekintzailearen kategorian: jakin-min handiko pertsona, anbiziotsua eta ikuspegi pribilejiatuduna, 2016an egundoko sorpresa eman zuena Ticketbits enpresa eBAY bezalako erraldoi bati salduta; gaur egun, beste ekintzaile batzuei laguntzen die euren ametsak betetzen, XIX. mendean Bilbora iritsitako meatzari britainiarrek burdin purua aurkitzean abesten zuten “all iron” haren erritmoan… Uriartek Bilbon sortu zuen All Iron Group, Ander Michelenarekin batera. Enpresentzako aterki honek askotariko interesak barne hartzen ditu, eta beharbada gehien gailentzen dena da osagai berritzaile handiko startup-ekin duen harremana, bere DNAn baitarama berrikuntza. Une honetan, taldeak 40 enpresa partaidetu ditu, horien artean Estatu osoan aski ezagunak diren batzuk (Bilboko Lookiero, edo Jeff, Lingokids, Seedtag nahiz Spotahome) eta Europa, AEB edo Latinoamerikakoak ere bai.
Beraz, “Aliron” aukeratu duzue alaitasunaren eta enpresa arloko arrakastaren sinonimo gisa…
Bai, jakina. Eta ez hori bakarrik, gauzak ikusteko modu bat ere bada, gauza garrantzitsuak eta interesgarriak, enpresa-proiektu handiak egin daitezkeelako ustez txikia den hiri batean, nahiz eta Bilbo munduko hiriburua izan (barreka)…
Frogatu duzue posible dela gauza handiak egitea esparru lokaletik aldendu gabe…
Ez dugu lortu berdinketarik inorekin, baina saiatzen ari gara. Gure aurreko proiektua (Ticketbis) oso ondo atera zen. Ander Michelena bazkidea eta biok hementxe hasi ginen, Bilbon bertan, eta azkenean 48 herrialdetan operatzera iritsi ginen, mundu osoko 500 pertsona enplegatuz proiektu hartarako. Beraz, esan liteke gauzak ongi joan zirela, eta horrek erakusten du posible dela proiektu handi bat muntatzea San Frantzisko, Londres edo Tokyo bezalako toki ikonikoetara joan beharrik gabe.
Gaur egungoa bezalako egoera ziurgabe eta aldakor batean, bankako akzioetan edo energia sektorean inbertitzea baino hobe al da startupen proiektuetan inbertitzea?
Galdera zaila da hori, eta ez nuke Burtsako aholkurik eman nahi, baina uste dut gauza desberdinak direla eta elkarrekiko osagarriak. Inbertitzea oso zaila da, eta beti da hobe konfiantza ematen dizun eta trebatua dagoen norbaiten eskutik egitea, baldin eta bidezko komisioak kobratzen baditu, jakina. Startup-etan inbertitzeari dagokionez, egia da oso modan daudela, eta jende askok inbertitu nahi duela, baina oso arriskutsua da. Erokeria bat litzateke norbere ondarearen zati handi bat horretan inbertitzea, halere badago aukera arloko profesionalen laguntzaz inbertitzeko arriskuak murriztuz.
Zein baldintza izan behar ditu enpresa-proiektu batek zuek bezalako inbertitzaileak erakartzeko?
Oro har, ez dugu inbertitzen ideia fasean dauden proiektuetan, baizik eta fase aurreratuago batean daudenetan, adibidez, produktua edo zerbitzua dagoeneko merkatuan dutenetan, beti ere frogatu badute funtzionatzen dutela, nahiz eta enpresa oso gazteak izan. Horixe bilatzen dugu, egiaztatutako produktu edo zerbitzu bat, garatzeko gaitasuna eta merkatuko potentzial handia duena, baina, batez ere, gaitasun handiko lantalde batez osatua dagoena, gai izango dena proiektua eraman nahi duen tokiraino eramateko.
Eta behin erabaki ondoren parte hartuko duzuela startup batean, zein motibaziorekin egiten duzue?
Gure helburua da enpresan gelditzea, baina horizonte batekin; hau da, gure zeregina da startup batean sartu nahi duen inbertitzailearen dirua bideratzea ibilgailu baten bidez. Jakina, inbertitzaileek euren inbertsioa berreskuratu nahi dute, beraz, gu enpresetan sartzen gara, garatzen laguntzen diegu, eta zazpi edo hamar urteko epean enpresatik irteten gara. Hau da, gure helburua ez da espekulatzea, hots, enpresa batean sartu eta handik urtebetera irtetea. Gainera, hori ia ezinezkoa da. Etorkizun handiko proiektuetan sartzen gara balioa sortzeko eta balio hori konpainiei emateko, horrela proiektu handi bihur daitezen.
Pelotazoaren antitesia da hori…
Ez zait hitz hori gustatzen, eta nire kasuan askotan erabili zen Ticketbis-en fenomenoa azaltzeko: bazirudien zerbait sortu genuela hutsetik, zortea izan genuela eta diru kopuru handi baten truke saldu genuela. Eta ez da horrela, gure bizitza profesional osoa eta bizitza pertsonalaren zati bat eskaini geniolako proiektu hari, gorputz eta arima lanean aritu ginen zazpi urte baino gehiagoz. Proiektu bat saltzen denean, jakin behar da ikaragarrizko ahalegina egin dela proiektu hori aurrera eramateko, eta horri ezin zaio pelotazo deitu.
Badira ekintzaile batzuk, zeu horietako bat, proiektuak abiarazten dituztenak benetako premia dutelako, “barruak eskatzen dielako”… Zer esan nahi duzu?
Ez da erraza azaltzea. Niri oso zaila egiten zait bururatzen zaizkidan proiektuak baztertzea, beti saiatzen naiz martxan jartzen. Barruan dudan zerbait da, eta unibertsitatean nengoela piztu zitzaidan premia hori. Horrelakoak garenok premia izaten dugu buruan darabilguna martxan jartzeko, bestela barrutik jaten gaitu.
Nola gainditzen da ekintzailetzarako beldurra? Nola gainditzen dira “balu” eta “balitz” guztiak?
Oso galdera zaila da, nik neuk ere beldur asko izan nituen ekintzaile izan aurretik. Ekiteko gogoa eta bokazioa baneuzkan unibertsitate garaitik, baina zortzi bat urte behar izan nituen ekintzailetzari heltzeko. Asko kostatzen da erabaki hori hartzea, faktore asko daudelako tartean, batik bat pertsonalak. Horregatik, beldur eta zalantza asko sortzen dira sarerik gabe jauzi egin aurretik. Nik neuk beti nahi izan dut ekintzaile izan, baina gurasoek burutik kendu zidaten ideia hori. Halere, 2005ean erabaki nuen Morgan Stanley enpresan (Londresen) nuen lanpostua utzi eta Ticketbites martxan jartzea.
Gaur egungo krisia amaitu eta perspektiba pixka batekin begiratzeko tartea hartzen dugunean, zure ustez zer izan beharko genuke ikasita?
Nire ustez, ohartuko gara uste genuena baino askoz indartsuagoak garela.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?