Filtra tu búsqueda



Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Argitalpenak 7 ekaina, 2023 Ekintzailetza Up Euskadi Start up

Euskadi Teknologian Ekiteko Hub gisa indartu da, 2022an 1.000 startup baino gehiago izatera eta 100 milioi euro inbertitzera iritsi baita

Eusko Jaurlaritzak eta SPRIk, Euskadiko BIC zentroen sarearekin elkarlanean, Euskal Ekintzailetza Ekosistemaren egoerari buruzko lehenengo txostena egin dute. Txostena egiteko, Up! Euskadi plataforma interaktiboan dagoen informazioa erabili da. Plataforma horrek Dealroom-en teknologia darabil, eta startup-ak, inbertitzaileak eta eragileak ezagutaraztea eta ekosistema kokatzea du helburu
  • Euskadin, 1.000 enpresa teknologiko emergente baino gehiago daude; oro har, 8.000 pertsonari baino gehiagori ematen diete lana, eta, gutxi gorabehera, 1.500 milioi euroan baino gehiagoan baloratzen dira. Ekosistema hori oso lotuta dago bere ekoizpen-sarearekin; sare horretako 10 startup-etik 7k Euskadiko sektore estrategikoetara bideratutako soluzioak garatzen dituzte.
  • Inbertsioari dagokionez, txostenak dio hazkundea etengabea dela; horren erakusgarri da balorazio osoan, erronden kopuruan eta azken urteotan lurraldean eragiketak egin dituzten inbertitzaile pribatu aktiboen kopuruan izandako igoera.
  • Ekosistema horrek babes publiko nabarmena du, eta, haren barruan, 100 eragile publiko eta pribatuk baino gehiagok sarean egiten dute lan, enpresa berritzaileek eta/edo oinarri teknologikokoek sortzeko, garatzeko eta hazteko ingurune onena izan dezaten. 2022an, euskal ekosistemako eragile publiko eta pribatuek 800 programa, ekimen eta tresna inguru jarri dituzte talde guztien eskura, etapa eta mota guztietako ekintzailetza bultzatzeko. Guztira, 96M eurotik gorako aurrekontua gauzatu da.
  • “EEP 2024 Ekintzailetzaren Erakunde arteko Plana – Gure ekonomia eraldatzen” bigarren urtea bete du 2022an. Planari lotutako adierazle nagusiek euskal ekosistema osoaren osasun ona erakutsi dute, eta Euskadiko ekintzailetza maila pandemia aurrekoaren antzekoa dela egiaztatu dute.
  • BICak ekosistemara sartzeko atea dira, euskal startup-en % 90 baino gehiago hornitzen baitute, eta unibertsitateekin eta eragile zientifiko-teknologikoen sarearekin lankidetza estuan aritzen baitira hainbat ekimen eta programa garatzeko. Gainera, talentu-harrobi garrantzitsu eta oinarri teknologikoko enpresa disruptibo berrien katalizatzaile dira.
  • Euskadi mundu-mailako ekosistema gisa indartu da; dinamikoa eta konektatua da, eta interakzio bizkorra ahalbidetzen eta sustatzen du startup-en, enpresa berritzaileen, zentro teknologikoen, unibertsitateen eta inbertitzaileen artean, nazioartean erreferentzia diren berrikuntza irekiko ekimenen bidez.

 

Euskal Ekintzailetza Ekosistemaren egoerari buruzko lehenengo txostena

Eusko Jaurlaritzak eta SPRIk Euskal Ekintzailetza Ekosistemaren egoerari buruzko lehenengo txostena aurkeztu dute. EEP 2024 Ekintzailetzaren Erakunde arteko Planaren bidez Eusko Jaurlaritzak ekintzailetza eta barne-ekintzailetza babesteko hartutako konpromisoaren barruan kokatzen da proiektua.

Txostenak Euskadiko startup-en ekosistemari buruzko orain arteko deskribapen xehatuena eskaintzen du, eta elkarlanean egindako proiektu bat ere bada, eta Euskadiko BIC zentroen sarearen babesa izan du.

Txostena idazteko, Up! Euskadi plataforma irekian dagoen informazioa erabili da. Plataforma hori ekosistemako startup-ak eta eragileak bistaratzeko eta lurraldea ekintzailetza aurreratuaren hub-a bihurtzeko diseinatu zen. Dealroom-ekin garatu da plataforma, eta ikaskuntza automatikoko eta datuen ingeniaritzako teknologia berritzaile batean oinarrituta dago.

Euskal Ekintzailetza Ekosistema

Txostenaren arabera, Euskal Ekintzailetza Ekosistema oinarri teknologikoa eta/edo berritzailea duten 1.000 enpresa baino gehiagok osatzen dute. Enpresak lurralde historikoka duten banaketa kontuan hartuta, Arabak oinarri teknologikoko eta/edo berritzaileko enpresa berrien % 16 ditu; Bizkaiak, % 52, eta Gipuzkoak, % 32.

Txostenak erakusten duenez, enpresa berrien % 75ek B2B (Business-to-business) ikuspegia dute, Euskadiko Espezializazio Adimentsuaren Estrategiarekin lerrokatuz, euskal startup-en % 70ek RIS3 lehentasun estrategikoetara bideratutako konponbideak baitituzte.

Enpleguari dagokionez, azken 8 urteetan sortutako oinarri teknologiko eta/edo berritzaileko enpresek 8.000 langiletik gora zituzten 2021ean (batez beste, 8 langile enpresa bakoitzeko), eta 750 milioi eurotik gorako fakturazio-bolumena. Nabarmentzekoa da, halaber, sortutako enpresen biziraupen-tasa; alegia, % 80tik gorakoa.

Inbertsioari dagokionez, nabarmen hazi da lurraldeko funts aktiboen kopurua, 130 inbertitzaile publiko zein pribatu baino gehiago baitaude (arrisku-kapitala, funts korporatiboak, business angel-ak, funts publikoak, …). Txostenaren arabera, Euskal Ekintzailetza Ekosistemaren balio osoa 1.500 milioi eurokoa da.

Halaber, hazkunde jarraitua nabarmentzen da inbertsio-erronden kopuruan eta azken urteetan erronda horiek izan duten zenbateko osoan, zeina lau bider handitu baita 2016tik. Azken 2 urteetan, 198 milioi euro baino gehiago mobilizatu dira 300 inbertsio-errondatan; % 70 eskualdeko/estatuko inbertsio-funtsetatik dator, eta % 30 Europako inbertsio-funtsetatik.

Txostenak informazio bereizia ere dakar, eta lurralde historiko bakoitzaren ahalmena eta erakargarritasuna bistaratzen ditu bere protagonisten bidez. Txosteneko informazioaren artean, nabarmentzekoa da startup-en kopurua (Araba: 150; Bizkaia: 505; Gipuzkoa: 320), startup guztien 2022ko gutxi gorabeherako balorazioa (Araba: 104 milioi euro; Bizkaia: 1.000 milioi euro; Gipuzkoa: 313 milioi euro) eta azken 5 urteetan hiru lurraldeetako inbertsio-errondetan izandako hazkunde nabarmena (Araba: 96; Bizkaia: 323; Gipuzkoa: 280).

Laguntza publiko bereizgarria duen ekosistema

Ekintza publikoa funtsezkoa da Ekosistema sortzen eta garatzen laguntzeko osagarri gisa. “EEP 2024 Ekintzailetzaren Erakunde arteko Plana – Gure ekonomia eraldatzen” bigarren urtea bete du 2022an. Planari lotutako adierazle nagusiek euskal ekosistema osoaren osasun ona erakutsi dute, eta Euskadiko ekintzailetza maila pandemia aurrekoaren antzekoa dela egiaztatu dute.

2022an, euskal ekosistemako eragile publiko eta pribatuek 800 programa, ekimen eta tresna inguru jarri dituzte talde guztien eskura, etapa eta mota guztietako ekintzailetza bultzatzeko. Guztira, 96M eurotik gorako aurrekontua gauzatu da, haien artean 20M euro baino gehiago inbertsio-funts berri eta azpiegitura espezializatuetarako eman direlarik. Ekintzen % 90 baino gehiago zenbait eragileren artean egin ziren.

Taldeko ahalegin horrek erakusten du proiektu ekintzaile berriak sortzeak lehentasuna izaten jarraitzen duela Euskadin, jarduera ekonomiko berria sortzeko eta enpresa-sarea berritzeko helburuarekin. 2022an lortutako eraginari dagokionez, honako hauek nabarmen daitezke:

  • Jarduera ekintzailea: Euskadiko ekonomiaren eta enpleguaren bilakaerarekin bat etorriz, 2022an honako hau ikusi zen:
    • Alta eman ziren pertsona autonomoen kopurua % 23 igo zen 2021arekin alderatuta, eta pandemia aurreko mailak ere gainditu zituen. Guztira 27.931 langile autonomori eman zitzaien alta Euskadin, eta 2017-2019 aldian, berriz, urteko alten batezbestekoa 27.000 izan zen.
    • Sortutako enpresa berrien kopurua egonkor mantendu zen (alta-bajen saldo negatibo txiki batekin). 2022an 3.055 enpresa sortu ziren guztira, pandemia aurreko urteetan urtero sortutako 3.000-3.100 enpresen joerari eutsiz.
    • TEAren (GEM txostenak neurtutako Ekintzailetza Osoaren Tasa) arabera, azken urte honetan, EAEko biztanleen % 4,9 negozio berri bat abian jartzen edo kudeatzen aritu zen. Euskadik herrialde garatuen (Italia % 4,8) eta Nafarroa bezalako eskualdeen ( % 5) antzeko emaitzak izan zituen.
  • Pertsona ekintzailearen profila: aurreko urteetan bezala, 2022an ere, ekintzaileak helduak, gaituak eta enpresa berri bati ekiteko beharrezko gaitasunak zituzten pertsonak izan ziren.
    • Porrotaren beldurrak behera egin zuen eta ekintzailetzarako aukerak daudela hauteman zuten.
    • Azkenik, emakume ekintzaileen taldea handitu egin zen aurreko urteetako batezbestekoaren aldean. Aztertutako azken aldian, ekintzaileen % 51,4 emakumeak izan ziren, eta aurreko urteetan, berriz, % 42,4.

Bestalde, Euskadik unibertsitate asko ditu, eta nazioartean erreferentzia diren eragile zientifiko eta teknologikoen sare bat. Guztiak Basque Research and Technology Alliance (BRTA) sarean daude. BIC zentroen sareak haiekin elkarlan estuan dihardu ekintzailetza zientifiko eta teknologikoko ekimen eta programa ugari garatzen, eta talentu-harrobi garrantzitsu gisa eta oinarri teknologikoko enpresa disruptibo berrien katalizatzaile gisa finkatu dira.

Bestalde, Euskadin, barne-ekintzailetza, historikoki, oso formula egokia izan da enpresen sarea birsortzeko eta eraldatzeko. Euskal erakundeek urteak daramatzate barne-ekintzailetzako jarduera ehunka industria-enpresaren artean sustatzeko ahaleginak egiten, eta agerian geratu da zeinen ahalmen handia duen jarduera horrek proiektu berriak sortzeko.

Horrela, Euskadi mundu-mailako ekosistema gisa indartu da; dinamikoa eta konektatua da, eta interakzio bizkorra ahalbidetzen eta sustatzen du startup-en, enpresa berritzaileen, zentro teknologikoen, unibertsitateen eta inbertitzaileen artean, nazioartean erreferentzia diren berrikuntza irekiko ekimenen bidez.

 Up! Euskadi plataforma

Eusko Jaurlaritzak, lurraldean enplegua, aberastasuna eta berrikuntza sustatzeko funtsezko neurrien artean ekintzailetza sustatuz, Up! Euskadi marka indartu du, Euskal Ekintzailetza Ekosistemari buruzko online datu-base propioa kaleratuta.

Plataforma SPRIk zuzentzen du, eta Euskadiko BIC zentroen sarearekin batera garatu da. Plataformak Euskal Ekintzailetza Ekosistemari buruzko informazio eguneratua eskaintzen du, bai oinarri teknologikoko eta/edo berritzaileko enpresa emergenteei dagokienez, bai Ekosistema osatzen duten beste eragile batzuei dagokienez, hala nola inbertitzaileak, inkubagailuak eta azeleratzaile publiko eta pribatuak, eskaintza zientifiko eta teknologikoa eta Euskadiko beste datu asko.

Euskal Ekintzailetza Ekosistemaren egoerari buruzko informazio eguneratua edukitzeak Ekosistema ezagutarazteko eta kokatzeko aukera ematen du, eta oso erabilgarria ere bada laguntza-politikak eta -ekimenak prestatzeko eta ebaluatzeko, erabakiak datuen oinarrituta hartzea, sektoreek ezagutza trukatzea eta berritzaileen hurrengo belaunaldiari mundu-mailan arrakasta izaten laguntzeko beharrezko loturak sustatzea ahalbidetzen baitu.

Plataforma Dealroom-ekin lankidetzan garatu da, ekosistema teknologikoei lotutako datuen inteligentzian espezializatutako Amsterdameko enpresa teknologikoa. Ikaskuntza automatikoa eta datuen ingeniaritza uztartzen dituzte egiaztapen prozesu sendoekin eta ekosistema sare ahaltsu batekin.

 

Lotutako albisteak

Coyuntura Emprendimiento 2024 19 ekaina, 2024 Ekintzailetza
Euskal ekosistema ekintzaileak eskualdeko ekonomia sustatzen du 7.100 enplegu baino gehiagorekin eta 828 milioiko fakturazioarekin
Irakurri gehiago
Silver Economy 12 otsaila, 2024 Ekintzailetza
Nagusi Intelligence Centerrek Startup eta Enpresen Gidaren hirugarren edizioa abiarazi du sektoreko 63 erakunderekin
Irakurri gehiago
Arantxa tapia Hernáez Laviña 19 abendua, 2023 Ekintzailetza
Ekintzailetzaren Euskal Aholkularitza Batzordeak Euskadiren sendotasuna berretsi du; mila enpresa emergentetik gora ditu eta 130 inbertitzaile aktibo baino gehiago
Irakurri gehiago
4 urria, 2023 Ekintzailetza
Euskadi erreferentziazko ekosistema ekintzailea da, eta kultura ekintzailea sustatzeko erronka garrantzitsuak ditu
Irakurri gehiago
2 iraila, 2023 Ekintzailetza
Euskal Ekintzailetza Ekosistemaren egoerari buruzko lehenengo txostena
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak