Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 16 uztaila, 2024 Ekintzailetza Up Euskadi Start up

Imanol Pradales Lehendakariak Hirekin berrikuntza eta ekintzailetza industrial jasangarriko zentro berria inauguratuko du

Hirekin zentroak jasangarritasun-irizpidedun ekintzailetza industrial, teknologiko eta digitala sustatzea du helburu, industriaren sektorea jasangarriagoa, deskarbonizatuagoa eta digitalizatuagoa bihurtzeko
HIREKIN Inauguración

Imanol Pradales Lehendakariak Mondragon Unibertsitatearen berrikuntza eta ekintzailetza industrial jasangarriko Hirekin zentroa inauguratu du gaur eguerdian Arrasaten, erakundeetako eta enpresaren eta ekonomiaren arloetako ordezkari ugariren aurrean.

Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoa buru duen Hirekin berrikuntza- eta ekintzailetza-zentro berriak oinarri hauek izango ditu: ekintzailetza industrial eta teknologikoa, digitalizazioa eta jasangarritasuna (ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen arloetakoa). Estatuan bakarra den proiektu honetan 9 milioi euro inbertitu dira.

Hasiera batean, 25 eta 40 pertsona artean arituko dira zentroan, eta aurrerago beste ikertzaile eta ekintzaile batzuk batuko zaizkie. Zentroa erreferentziazkoa izango da industriaren eta teknologiaren arloetako ekintzailetza eta berrikuntza jasangarriko proiektuen garapenean, baita prototipoen lanketan ere.

 

Proiektu itxiak eta aurreikuspenak

2024-2025 ikasturtearen hasierarako, digitalizazioaren, jasangarritasunaren eta berrikuntza teknologikoaren alorretako 3 enpresa-proiektu ditu aurreikusita Hirekin zentroak. Industriaren egungo erronkei aurre egitea eta eragin handiko irtenbideak sortzea izango da helburua. Zehazki, teknologia, produktu eta ekoizpen-prozesu berriak garatzeko, prototipatzeko eta industrializatzeko proiektuak izango dira, espezializazio-maila handikoak eta bolumen, pisu edo ingurune-baldintza handiei erantzuteko gai diren guneak behar dituztenak. Hemendik lau urtera, 2028-2029 ikasturtera bitarte, zentrotik 36 proiektu, 54 ekintzaile eta 67 ikasle igarotzea aurreikusten dute.

Zentro berria enpresen, ekintzaileen, ikertzaileen eta Goi Eskola Politeknikoko zein Mondragon Unibertsitateko beste fakultateetako edo hirugarrenetako ikasleen arteko lankidetzarako gune gisa sortu da, industria jasangarri baten eta ekonomia lehiakorrago baten alde lan egiteko. Horiek guztiek sarean egingo dute lan, industria jasangarri baterako beharrezko trantsizioa ahalbidetuko duten ekintzailetzako eta barne-ekintzailetzako proiektuak garatzeko.

Proiektu irekia denez, enpresek eta erakundeek hari atxikitzeko aukera dute, rol hauetan: aholku-mahaiko parte-hartzaile gisa, estrategian laguntzeko; babesle moduan, ikasleentzako eta ekintzailetza-proiektuetarako bekak emanez, eta sustatzaile gisa, proiektuak erakartzeko eta gobernantzan beren ikuspegia emateko gaitasunarekin, kooperatiben balioetan oinarrituta betiere.

Mondragon Unibertsitateak zuzentzen du Hirekin zentroa, eta hainbat eragile sozioekonomikok eta euskal erakundek sustatzen dute. Gaur egun, hamar erakunde inguru daude inplikatuta ekimenean, eta espero da etorkizunean erakunde eta entitate gehiagok bat egitea. Oraingoz, hauek dira proiektuaren bultzatzaileak: MONDRAGON korporazioa, Saiolan, LABORAL Kutxa, Fagor Taldea eta haren Gizabidea Fundazioa, Debagoieneko Mankomunitatea, Isea, Galbaian, Krean, Orbea, Garaia Parke Teknologikoa, zentroaren sustatzaileak (Mondragon Unibertsitatea eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoa) eta Mondragon Sustapen Zentroa. Dena dela, proiektu irekia izanik, espero da gerora erakunde eta enpresa gehiagok bat egitea.

Hirekin zentroak industriaren eta sektore teknologikoaren deskarbonizazioan, digitalizazioan eta jasangarritasunean lagunduko du. Izan ere, industria jasangarriaren arloko balio erantsi handiko erreferentziazko zentroa izatea da haren asmoa. Horretarako, jarduera hauek bultzatuko ditu: ekintzailetza, barne-ekintzailetza, hezkuntza, eta hainbat eragileren arteko ezagutza-transferentzia ahalbidetuko duen elkar-lankidetzako eredu irekia.

 

Ekintzailetza industrial jasangarria

Ekintzailetza erronka bat da berez, eta ekintzailetza industrialaz dihardugunean, are handiagoak dira erronkaren tamaina, pisua eta arriskuak, baita horrelako jardueren emaitza diren produktuak, zerbitzuak eta prozesuak ere, bereziki hardware oinarria dutenak. Horrelako jarduerak egiteko guneek ezaugarri industrial oso zehatzak izan behar dituzte, eta Hirekin zentroaren diseinuak posible egingo du hori.

Zentroaren instalazioek, 6.000 metro karraturekin, industria-espazio handi bat dute, prototipoak, simulazioak eta esperimentuak egiteko ekipamenduz hornituta. Halaber, lantegi eta zenbatze-gelak dituzte, baita baterako sorkuntzarako guneak eta bilera-gelak ere, besteak beste. Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoak bertako ikasleen ekintzailetzarako talentua eskainiko du ekarpen gisa, bai eta ikerketa-taldeen talentua eta baliabide teknologikoak ere, beste egoitza batzuetako lantegien eta laborategien bidez; horrela, areagotu egingo dira Hirekin zentroaren zerbitzura jartzen diren baliabideak eta eraldaketa industriala.

Hirekin zentroan esku hartzen duten eragileek erabilgarri izango dituzte unibertsitateak bere laborategietan eta beste egoitza batzuetako lantegietan dituen industria-ekipamenduak. Horrela, baliabide gehiago jarriko dira Hirekin zentroaren eta industria-eraldaketaren zerbitzuan.

Hala, egungo industriaren isurtzeak gutxitzeko irtenbide berriak bilatuko ditu zentroak, baita ingurumen-helburuekin bat datozen jarduera ekonomiko berriak sustatu ere. Hirekin zentroa gizarteari irekita egongo da, eta kooperatiben printzipioetan oinarritua. Bertan, eskualdeko eta kanpoko enpresa eta eragileek elkarrekin lan egingo dute, trantsizio industrial jasangarri eta bidezko baten mesedetan.

 

Eraikin jasangarria

Hirekin zentroaren eraikin berriak eraikuntza jasangarriaren ERAS ziurtagiria du. Izan ere, material berrerabilgarriak eta biodegradagarriak erabili dira eraikuntzan; gainera, honako hauek jartzea aurreikusita dago: eguzki-plakak, energia-efizientzia hobetzeko sistema adimendunak, ur-efizientziarako eta ur-zikloa ixteko irtenbideak, eta inguruko industria-instalazioetako beroa berreskuratzeko sistemak, besteak beste.

HIREKIN Lehendakari Imanol Pradales

Lotutako albisteak

SOCIAL FACTORY 15 uztaila, 2024 Ekintzailetza
#SOCIALFACTORY, Gizarte-ekonomiaren eta helburudun enpresen inkubagailua
Irakurri gehiago
Wake Up Euskadi 12 uztaila, 2024 Ekintzailetza
Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean
Irakurri gehiago
ON ORDEN, orden en empresa 11 uztaila, 2024 Ekintzailetza
‘In Orden’-ek profesionalentzako eta enpresentzako lan-espazioak ordenatzen eta antolatzen ditu
Irakurri gehiago
8 uztaila, 2024 Ekintzailetza
Salupequesek osasun-profesionalen laguntza pertsonalizatua eskaintzen du
Irakurri gehiago
GAME.eus 7 uztaila, 2024 Ekintzailetza
GAME.EUS: Bideo-jokoen campus azeleratzailea Gasteizen
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak