Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 19 maiatza, 2023 Ekintzailetza Up Euskadi Start up

MUBIL Mobility Awards sarien hirugarren edizioak proiektu berritzaile berriak bilatzen ditu

Bi proiektu irabazleek 25.000 eta 10.000 euro arte jasoko dituzte, hurrenez hurren, eta lurralde kanpoko eta barruko berrikuntzarekin lotura puntua izango den MUBIL Hub-en sartu ahal izango dira.

MUBIL Mobility Awards sarien hirugarren ediziorako izen-emateak irekita daude jada, proiektu irabazle berrien zain, 35.000 euroko zuzkidura ekonomikoarekin eta enpresa-garapena sustatzeko eta bultzatzeko euskarriarekin. Sari horien bidez, mugikortasun adimendunaren eta jasangarriaren euskal ekosistema garatzen lagunduko duten proiektu ekintzaileak identifikatu eta babestu nahi dira, lurralde barrukoak zein kanpokoak.

MUBIL Mobility Awards sariek lotura puntuak ezarri nahi dituzte lurralde barruan eta kanpoan sustatzen ari diren ekimen berritzaileen artean, proiektuen heltze eta hazte prozesua bizkortzen laguntzeko. Mugikortasun adimendunaren eta jasangarriaren euskal sarea garatzen lagunduko duten proiektu berritzaileak eta interesgarriak.

Ane Insausti MUBIL Fundazioko Zuzendari Nagusiaren iritziz, “Sari hauen helburua fase hasiberrietan dauden proiektu berritzaileak radarrean jartzea da, hazten laguntzeko. Eta hori, MUBIL Mobility Awards izenekoek proiektuei ematen dizkieten aintzatespenetik eta hedapenetik egiten dugu, eta, batez ere, MUBIL Hub-en integratzen direnetik, beste eragile batzuen artean erreferentziazko enpresak eta nazioartean aintzatespena duten zentro teknologikoak biltzen dituen polo baten aukerez eta know how-az baliatu ahal izan daitezen. Jakina, MUBILen izugarrizko interesa dugu gure poloari mugikortasun adimendunaren eta jasangarriaren arloko proiekturik berritzaileenak gehitzeko. Denbora daramagu Euskal Herria esparru horretan nazioarteko erreferentziazko ekosistema bihurtzeko urratsak ematen, eta tokiko eta atzerriko talentua erakartzea eta bultzatzea funtsezkoa da horretarako”.

Parte-hartzearen ateak zabalik daude berrikuntzan lagun dezaketen proiektu guztietarako, lurralde barrukoentzat zein kanpokoentzat

 

Sariak

BIC Gipuzkoaren lankidetzarekin antolatutako MUBIL Mobility Awards sarien helburua, prototipatze-fasean dauden eta mugikortasun konektatuko, autonomoko, partekatuko, elektrikoko eta erlazionatutako azpiegituretako arloetan zentratuta dagoen MUBILen jarduera-eremuarekin lerrokatuta dauden inpaktu handiko proiektu teknologikoak identifikatzea da

Proposamenean, identifikatutako arazoa konpontzeko gutxieneko produktu bideragarri bat edo eredu bat aurkezten duten bi ekimen sarituko dira. Lehenengo sariak 25.000 eurorainoko zuzkidura ekonomikoa izango du, eta bigarrenak 10.000 eurorainokoa. Zenbateko horien parte bat, irabazleek MUBIL Hub-eko eragileekin lankidetzan gauzatuko dituzten garapen teknikoko proiektuak finantzatzeko izango dira.

Diruzko sariez gain, bi proiektuak MUBIL Hub-en sartuko dira, eta urtebete izango dute MUBILen egoitzan edo BIC Gipuzkoaren inkubagailuan beraien enpresa-garapena bizkortzeko. Era berean, sariak ematen duen zabalkundearen eta ikusgarritasunaren berezko onurez gain, stand bat izango dute datorren urteko MUBIL Mobility Expo ekitaldian, 2024an laugarren edizioa beteko duen nazioarteko azokan.

Hautagaitzak inskribatzeko epea ekainaren 30ean amaituko da. Proiektu finalistak irailaren erdialdean ezagutuko dira, eta enpresa irabazleak urriaren 26an egingo den final handian jakinaraziko dira. Bertan, start-up finalistek beren ekimenak defendatu beharko dituzte sektorean esperientzia duten pertsonek osatutako epaimahai baten aurrean.

Edizio honetan, hauek dira epaimahaia osatuko dutenak: Arturo Pérez de Lucia, AEDIVE-ko Zuzendari Nagusi eta AVERE-ko Presidenteordea; Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren mendeko kapital publikoko erakundea den ENISAko ordezkari bat; Ignacio Martín, Repsol-eko Kontseilaria, Acerinox eta Repsol Renovables-eko Jasangarritasun Batzordeko kidea; Imanol Rego, Irizar Groupeko CEO-a; Jokin Lopetegi, CAF-eko garapen korporatiboko eta negozio berrietako arduraduna; Marisa Arriola, BIC Gipuzkoako Zuzendari Gerentea; eta Xavier Sánchez, ENION Venture Partners-eko bazkidea.

 

2022ko irabazleak

Iazko edizioan, Green Eel by Full&Fast eta Nemi Mobility Solutions izan ziren proiektu irabazleak, etorkizuneko mugikortasunean eragin positiboa izateko duten potentzial handiarengatik. Green Eelek lortu zuen lehen saria, elektrizitatea ekoizteko erregaia erabiltzen duten multzo elektrogenoen edo diesel sorgailuen alternatiba gisa metaketa energetikoko sistema eramangarriak planteatuz. Nemi Mobility Solutions, bestalde, autobus zerbitzuak hedatzeko eta jarduteko soluzio bat ematen duen Software-as-a-Service-n (SaaS) dago espezializatuta. Proiektuaren ardatza autobus eta garraio publikoko zerbitzuak digitalizatzea eta optimizatzea da.

 

MUBIL-ri buruz

MUBIL, Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz ekimenaren esparruan sortutako Mugikortasun Adimendunaren eta Jasangarriren Poloa da, beste eragile batzuekin lankidetzan lurraldearen etorkizuneko erronkei erantzuteko, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Energiaren Euskal Erakundearen babesa du.

Mubilek Euskadik mugikortasun adimendunaren eta jasangarriaren alde egiten duen apustua bultzatzen du: administrazioen, enpresen, zentro teknologikoen, unibertsitateen eta beste eragile batzuen ahaleginak batzen dituen poloa da, haien gaitasunak indartzeko eta Euskadi mugikortasun adimendunaren eta jasangarriaren esparruan nazioarteko erreferentzia bihurtzeko.

MUBIL Mobility Awards sariek hainbat enpresaren eta erakunderen laguntza dute, horietako asko nazioartean ezagunak eta mugikortasunaren eta energiaren arloan aintzatespen zabala dutenak: AEDIVE, Alba Emission Free Energy, BIC Gipuzkoa, CAF, CIDETEC, Enegia Klusterra, Gipuzkoako Ganbera, Gipuzkoako Foru Aldundia, EIT Innoenergy, EIT Urban Mobility, Enion Partners, ENISA, Energiaren Euskal Erakundea (EEE), GKN Automotive, Iberdrola, IBIL, Irizar Group, MIT City Science, Allianz Partner, Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterra eta Petronor.

info+: mobilityawards.mubil.eus

Lotutako albisteak

26 Azaroa, 2024 Ekintzailetza
Biribil Ecolabek erabilitako materialei bigarren bizitza bat ematen laguntzen du
Irakurri gehiago
Wake Up Euskadi 22 Azaroa, 2024 Ekintzailetza
Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean
Irakurri gehiago
Laukariz Ekosistema 21 Azaroa, 2024 Ekintzailetza
Ekintzailetzak, baloreak dituzten enpresak, B-Corps eta gizarte-erakundeak bilduko dira ‘Laukariz Ekongresuan’
Irakurri gehiago
Wake Up Euskadi 15 Azaroa, 2024 Ekintzailetza
Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean
Irakurri gehiago
Zaindari 14 Azaroa, 2024 Ekintzailetza
Zaindarik guraso-kontrol eraginkor eta erraza proposatzen die familiei
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak