Filtra tu búsqueda



Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 15 maiatza, 2023 Ekintzailetza Up Euskadi Zibersegurtasuna Start up

Orbik jaio da, industria arloari zibersegurtasun zerbitzuak eskaintzeko Ikerlanek sortutako startup

Enpresa berri hau zibersegurtasunaren munduko top 10en dago, eta bere produktuak ziberseguruak direla ziurtatzen duen kanpo-zigilua eskainiko dio industriari, 2025ean nahitaez bete beharko diren nazioarteko arauen arabera.
ORBIK Ciberseguridad Cybersecurity

Zibersegutasunak 1000 milioi euroko negozioa mugitzen du mundu osoan, 300 milioi Europan eta 15 milioi Espainian (globalaren % 12). Testuinguru horretan, duela bi urte, Ikerlan euskal zentro teknologikoak aukera-leiho bat identifikatu zuen: bere produktuak ziberseguruak direla ziurtatuko duen kanpo-zigilu bat eskaintzea industriari, nazioarteko zibersegurtasun-arau zorrotzenen arabera. Ideia horrek Orbik Cybersecurityren sorrera ekarri du.

 

Eguneroko bizitzan, konektatuta dauden (IoT) hainbat gailu erabiltzen ditugu; adibidez, trenak, autobusak, igogailuak edo etxetresna elektrikoak, eta konektatuta daudenez, zibererasoa jasan dezakete. Herritar garen aldetik, ez gara jabetzen konektatutako gailuen tamainaz eta kopuruaz eta eguneroko bizitzan duten eraginaz.

Mundu mailan, 2024an, mundu osoan 22 300 milioi IoT gailu egongo direla aurreikusten da. Ziberdelinkuentziaren hazkunde esponentzialerako eszenatoki ezin hobea da, baina zibersegurtasunaren negozioa garatzeko eta kalitatezko enplegu teknologikoa sortzeko aukera paregabea ere bada, industria zibererasoetatik babestuz.

Produktu elektronikoak kritikoak dira energiaren, garraioaren edo industriaren sektoreetan, non pertsonen eta ondasunen segurtasuna eta babesa aparatu horien funtzionamendu egokiaren mende baitago, eta funtzionamendu okerrak ondorio oso larriak izan baititzake. Horregatik, oso garrantzitsua da produktu elektroniko horiek zibersegurtasun-irizpideen arabera diseinatzeaz gain, aldizka beren bizi-ziklo osoan eguneratzea, zibererasoen aurrean sendoak eta seguruak izan daitezen.

Horretarako, zibersegurtasuneko araudi batzuk garatzen ari dira nazioartean, produktu elektronikoek beren aplikazio-sektorearen arabera bete beharreko irizpideak ezartzen dituztenak, eta fabrikatzaileek bi urteko epean nahitaez bete beharko dituztela aurreikusten da.

 

Ikerlanek Orbik Cybersecurity spin-off-a abiarazi du

Testuinguru horretan, duela bi urte, IKERLAN euskal zentro teknologikoak aukera-leiho bat identifikatu zuen: bere produktuak ziberseguruak direla ziurtatuko duen kanpo-zigilu bat eskaintzea industriari, nazioarteko zibersegurtasun-arau zorrotzenen arabera.

Ideia horrek ORBIK CYBERSECURITY sorrera ekarri du, IKERLAN euskal zentro teknologikoaren spin-off berria, know-how-ean eta zentroaren esperientzian oinarritutako zibersegurtasun-konpainia bat, eta Estatuan dagoen bakarra, ekipamendu elektronikoko fabrikatzaile industrialei zerbitzua ematera bideratua,  ziurtatutako produktu ziberseguruak eskaintzen dituzten konpainia gisa merkatuan kokatu nahi dutenak, nahitaezkoa izan baino lehen. Egoitza Euskadin eta nazioartera zabaldu nahi duen enpresa berriak, nazioarteko araudien eta zibersegurtasuneko zerbitzu gehigarrien (adibidez, ahultasunen analisi aktibo eta etengabea) araberako ebaluazio-laborategi bihurtu nahi du, industria-produktuen eragiketen bizi-ziklo osoan. 2027rako, ORBIK CYBERSECURITYK hogei profesionaleko lantaldea eta bi milioi euroko fakturazio-bolumena izatea du helburu.

Konpainia berriak sektore elektrikoko enpresak ditu ardatz, batez ere osagai eta sistemen fabrikatzaileak, eta, oro har, sektore kritikoetarako ekipo-fabrikatzaileak; hau da, funtsezko zerbitzuak eskaintzen dituztenak eta zibererasoaren aurrean ahulagoak izan daitezkeenak, eta, beraz, ORBIK CYBERSECURITYK proposatzen duen eskaintza aitzindariarekiko sentikorragoak direnak. Epe ertainera, industria-ondasunen, garraioaren, makina-erremintaren eta zibersegurtasuneko produktuen enpresetara zabaltzea aurreikusten du.

Salvador Trujillok, orain arte IKERLANeko zibersegurtasun alorreko arduraduna izan denak eta aurrerantzean ORBIK CYBERSECURITYKO CEO izango denak, azaldu du zentro teknologikoaren spin-off-a“zibersegurtasuneko euskal ekosistema osatzeko eta indartzeko iristen dela, espezializazio-maila handia eskatzen duen behar teknologikoa eta araudia betez, eta gaur egun beharrezkoa dela Euskaditik eta Estatutik kanpo kontratatzea”. Izan ere, ORBIK CYBERSECURITY da zibersegurtasuneko kanpo-zigilu bat eskaintzen duen Estatuko lehen enpresa, ekipamendu elektronikoa egiaztatzea ahalbidetzen duten nazioarteko arauetan oinarritua.

 

Tokiko konfiantzako partnerra

Azken urteotan, zibersegurtasun industriala IKERLANen lehentasunezko lan-arloetako bat da, EIKT – Elektronika, Informazio eta Komunikazio Teknologiak espezializazio-ildoaren barruan. Zibersegurtasunean oso espezializatuta dauden 50 laguneko taldea du, eta urtean 4 milioi euro inguruko fakturazio-bolumena. Erdiak enpresekin egindako kontratuak dira.

Azken hiru urteotan, bikoiztu egin da alorraren bolumena, enpresen beharrak hazi egin baitira. IKERLAN, gainera, BCSCko (Basque Cybersecurity Center) kidea da eta ZIURekin (Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroa) lankidetza estuan aritzen da industria-enpresei laguntza eskaintzeko.

Nazioartean, IKERLAN ECSOko (European Cyber Security Organization) kidea da, eta Alemaniako TÜV Rheinland ziurtagiriarekin (IEC 62443-4-1) eta ISA Secure (elektronikako zibersegurtasun-estandarrak definitzen dituen erakunde amerikarra) lankidetzan aritzen da. Lankidetza horiek guztiak industria-produktuen zibersegurtasunaren arlokoak dira.

Ion Etxeberria IKERLANeko zuzendari nagusiak azaldu duenez, “behar bat identifikatu dugu merkatuan, eta hori aprobetxatu nahi dugu ORBIK CYBERSECURITYren sorkuntzarekin. Izan ere, horrek aukera emango die fabrikatzaileei beren produktu elektronikoak ziurtatzeko, zibererasoen aurrean duten sendotasuna ebaluatuz eta haien aurrean duten babesa hobetuz, merkatuari produktu ziberseguruagoak eskaintzeko aukera emanez eta beren lehiarekiko modu bereizgarrian kokatuz, ziurtagiriak nahitaezkoak izango diren uneari aurrea hartuz”.

Izan ere, EB zibersegurtasun-eskemen sorrera sustatzen ari da sektore ekonomikoentzat, Cyber-security Act delakoaren bidez. Gaur egun, ebaluazio- eta ziurtapen-eskemak enpresek borondatez betetzen dituzte. Hala ere, bi urteko epean, nahitaez bete beharreko Cyber Resilience Act araudia jarriko da indarrean. Horregatik, enpresa askorentzat garrantzitsua da prozesu guztietan aurrea hartzea prest egoteko.

 

Zibersegurtasun-laborategi akreditatua duen munduko zazpigarren enpresa

Gaur egun, eta lehen fase batean, ORBIK CYBERSECURITY IKERLANek Arrasaten (Gipuzkoa) duen Digilab laborategiko instalazio inauguratu berrietan kokatuko da, Estatuko teknologia digitalen laborategirik aurreratuenean. Gainera, 2023. urtean, ENAC Espainiako Akreditazio Erakunde Nazionalak UNE 17025 arauarekin bat akreditatutako zibersegurtasun industrialeko lehen laborategia izango da Digilab.

Hala, IKERLAN izango da munduko zazpigarren enpresa eta Estatuko lehena, ISA SECURE agentzia iparramerikarrak argitaratutako txosten baten arabera, zibersegurtasun-laborategi akreditatua duena.

ORBIK CYBERSECURITY-K IKERLANen jarduerak osatzen ditu eta I+Gko jarduerak garatzen jarraituko du, produktu elektronikoak ebaluatzeko eta ziurtatzeko zerbitzu espezializatuak eskainiz nazioarteko araudiaren arabera, eta produktu horien ahultasunak etengabe monitorizatzeko zerbitzuak emango ditu.

 

Euskadi, gorantz doan sektore baten aitzindari

Zibererasoak eta ziberdelinkuentzia areagotzen ari diren bitartean, zibersegurtasunaren negozioa nabarmen hazten ari da Europan azken urteotan. 1000 milioi euroko negozioa mugitzen du mundu osoan, 300 milioi Europan eta 15 milioi Espainian (globalaren % 12). Euskadi, enpresa aitzindariekin eta zibersegurtasuneko enpresa-sare indartsuarekin, Espainiako sektorearen % 30 da.

Horregatik guztiagatik, Euskadi abiapuntu ezin hobea da ORBIK CYBERSECURITY abiarazteko. Enpresa horrek osatu egingo du osagai elektronikoen enpresa hornitzaileek (ekipamendu-fabrikatzaileek), ekipo horiek osatzen dituzten azken bezeroek, zibersegurtasun-zerbitzuen enpresek, unibertsitateek eta I+Gko erakundeek, hala nola IKERLANek berak, BCSCk eta ZIURek.

Konpainia berria kalitatezko enplegua sortzeko aukera ere bada, eskaera handiko sektore batean, eta etorkizuneko teknologietan talentua leialtzeko eta erakartzeko, herrialdearen lehiakortasunerako eta interes orokorrerako. Zibersegurtasunaren arloko lanbide-profilak oso eskatuak daude une honetan, eta, horregatik, ORBIK CYBERSECURITY-ren helburuetako bat kanpoko talentua Euskadira erakartzea da.

info+: orbik-cybersecurity.com

ORBIK Ciberseguridad

Lotutako albisteak

POLYKEY 17 abendua, 2024 Ekintzailetza
Polykey-k soluzio polimerikoak eskaintzen ditu etorkizun jasangarriago baterako
Irakurri gehiago
Wake Up Euskadi 13 abendua, 2024 Ekintzailetza
Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean
Irakurri gehiago
11 abendua, 2024 Ekintzailetza
Aglaya Virtualek mundu birtualak demokratizatzen ditu mota guztietako konpainia eta enpresentzat
Irakurri gehiago
Bilbao Slush 11 abendua, 2024 Ekintzailetza
Bilbao Slush’D 2025: Deskubritu, konektatu eta hazi
Irakurri gehiago
10 abendua, 2024 Ekintzailetza
Ironsys, segurtasun aurreratua eta automatizazio industriala eskaintzen dituen ingeniaritza
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak