Filtra tu búsqueda



Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 13 Azaroa, 2024 Up Euskadi UP Euskadi

Bizkaia gizarte-inpaktuko inbertsioaren Europako erdigunea izango da Impact Week 2024 foroan

Impact Week 2024 foroak gizarte-inpaktuko ekonomia jasangarrian inbertitzen duten eragile ekonomiko nagusiak hartuko ditu Bilbon, azaroaren 25etik 29ra; merkatu horrek 2022an 80.000 milioi euro mobilizatu zituen Europan bakarrik
Bizkaia nazioarteko topagunea izango da azaroaren 25etik 29ra bitartean ekonomia jasangarria garatzeko kapitala mobilizatzen duten Europako eragile ekonomiko nagusientzat. Goranzko merkatu hori, Impact Europe-k (inbertsio-mota hori bultzatzeko erreferentziazko Europako sareak) argitaratutako azken txostenaren arabera, 80.000 milioi eurora iritsi zen 2022an, Europan bakarrik.
Impact Week foroak hogeigarren urteurrena ospatzen du aurten, eta Impact Europek antolatzen du, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Seed Capital Bizkaia haren Ekonomia Sustatzeko Sailari atxikitako sozietatearekin lankidetzan. Bilbo-Bizkaiak Turinen lekukoa hartuko du aurtengo edizioaren anfitrioi gisa, hazkunde ekonomiko integratzailea sustatzen egindako ibilbide nabarmenagatik.
“Bizkaia, eragin soziala duen inbertsioa bultzatzen duen eskualdeko gobernu baten adibide paregabea da mundu mailan. Hunkitu egiten gaitu gure aldaketa eragileen komunitate globala Bilbon biltzeak, lurraldeko eragin liderrengandik ikasteko eta etorkizun hobe baten alde elkarrekin lan egiteko”, nabarmendu du Roberta Bosurgi Impact Europe erakundeko CEOak.
Impact Europek 35 herrialdetako 300 erakunde baino gehiago biltzen ditu, barne direla fundazioak, inpaktu-funtsak, inpaktu-eragile korporatiboak, finantza-erakundeak, finantzatzaile publikoak, unibertsitateak, eta enpresa eta startupen inkubagailu eta azeleratzaileak, eta horien artean dago Seed Capital Bizkaia, kongresuaren hogeigarren edizioaren anfitrioi gisa eginkizun nabaria izango duen sozietatea.
Foroaren helburua da benetako gizarte-eraldaketa lortzeko proiektuen garapenean inbertsioa sustatzea, besteak beste jasangarritasuna, desberdintasunen murrizketa edo gizarte-ekonomiaren sustapena jorratuta.
Inpaktu handiko programa
Lehen mailako 150 eragile ekonomiko-finantzariok baino gehiagok bisitatuko dute Bizkaia azaroaren 25etik 29ra bitartean, Euskalduna Jauregian, Guggenheim Bilbao Museoan eta BAT, B Accelerator Towerren, Impact Week 2024 foroaren esparruan, antolatutako jardueretan parte hartzeko. Ekitaldietara 1.000 lagunetik gora bertaratzea espero da.
Kongresuaren agenda ofiziala azaroaren 28an, osteguna, abiatuko da Euskalduna Jauregian, Elixabete Etxanobe Bizkaiko diputatu nagusiaren hitzaldiarekin, eta harekin batera egongo dira gizarte-inpaktuko filantropiaren arloko nazioarteko pertsona nabariak, hala nola: Roberta Bosurgi (Impact Europe), Leslie Johnston (Laudes Foundation), Shiva Dustdar (European Investment Bank Institute) eta Adam Weiss (ClientEarth); baita Euskadikoak eta Estatukoak ere, Jon Uriarte (Athletic Club) edo Alejandro Oñoro (Ilunion) kasu.
Aurreko egunetan, BAT-B Accelerator Towerrek inpaktu-inbertsiorako funtsezkoak diren dozena bat topaketa hartuko ditu, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutakoak Seed Capital Bizkaia sozietatearen bidez. Saio hauetara doan sartu ahal izango da, aurretiaz erregistratuta, edukiera osatu arte, eta bertan Euskadiko eta Estatuko ekonomia- eta finantza-arloko erakunde nabarietako ordezkariek elkarrizketarako eta ekonomia jasangarriago bat sustatzeko sinergiak eta aukera berriak esploratzeko espazio bat eskainiko diote publikoari. Erakunde horien artean daude Oxfam, Latimpacto, Microbank edo Fondo de Fundaciones de Impacto, besteak beste.
Gainera, Europako Inbertsio Funtsak, Europako Batzordeak eta Europako Inbertsio Bankuak inpaktu-ekitateari buruzko lehen foroa egingo dute aste horretan: “Making It Count. Impact Equity Forum”. Azaroaren 26an izango da Euskalduna Jauregian.
Jardueraz betetako programa bati esker, Europan inpaktu-inbertsiorako funtsezko foroa bihurtu da Impact Week 2024. Foroaren hogeigarren urteurrena Bizkaian antolatzeak indartu egiten du lurraldeak ekonomia jasangarriaren sustapenean duen eginkizuna. Impact Week 2024ra joateko erregistroa esteka honen bidez dago irekita.
Bizkaia, gizarte-eraldaketarako inbertsioan aitzindari
 “Impact Week hartzea bultzada handia da etekin ekonomikoa duten gizarte- eta ingurumen-inpaktuko proiektuen inbertsioan Europan erreferente den ekosistema gisa Bizkaia kokatzeko estrategiarentzat”, azaldu du Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatuak.
Bizkaiko Foru Aldundia Europan administrazio publiko aitzindaria da gizarte-inpaktua duten proiektuak bultzatzen, eta ekimen publikoen bidez balioa sortzea birdefinitzen duen eragile eraldatzaile gisa kokatu da azken urteotan.
Bestalde, Seed Capital Bizkaiak, duela 35 urtetik, lurraldeko enpresa-ehunaren berrikuntza eta birsorkuntza sustatzeko finantza-tresnak kudeatzen ditu. Ildo horretatik, proiektu berritzaileak eta jasangarriak bultzatzen ditu osasungintzaren, ekonomia zirkularraren, hezkuntza eta kulturaren, eta laneratzearen eta lan-inklusioaren arloetan, besteak beste.
Impact Europe-ri buruz
Impact Europe, lehen European Venture Philanthropy Association (EVPA), Bruselan egoitza duen irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da, eta Europan inpaktu-inbertsioa sustatzea du helburu. Nazioarteko sare bat da, 35 herrialdetako 300 erakunde baino gehiago biltzen dituena (fundazioak, inpaktu-funtsak, inpaktu-eragile korporatiboak, finantza-erakundeak, finantzatzaile publikoak, unibertsitateak, inkubagailuak eta azeleratzaileak). Aurten 20. urteurrena ospatzen du. Inpaktu-inbertsioa izenekoan dihardu. Kontzeptu horrek arriskuko inbertsio-printzipio eta -jardunbideak aplikatzen ditu gizarte- eta ingurumen-esparruan, ikuspegi estrategiko, neurgarri eta berritzailearekin, gizarte-inpaktu nabarmena eta jasangarria lortzeko.
Seed Capital Bizkaiari buruz
Seed Capital Bizkaia Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailari atxikitako sozietate publikoa da, 1989an sortua. Bizkaian enpresa-ehunaren berrikuntza eta berroneratzea sustatzeko finantza-tresnak kudeatzen ditu. Helburu du lurraldean enpresa sortu berriak edo lehendik daudenak sustatzen eta garatzen laguntzea, gizartean inpaktu positiboa duten proiektuak babestuta. Baliabideen kudeaketa eraginkorra, zerbitzuaren kalitatea, ingurumenarekiko errespetua, erantzukizun soziala, eta gardentasuna eta zuzentasuna ditu balio nagusiak.

Lotutako albisteak

Wake Up Euskadi 20 abendua, 2024 Ekintzailetza
Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean
Irakurri gehiago
19 abendua, 2024 Ekintzailetza
BIC Bizkaiak 10. urteurrena ospatzen du 65 enpresa garatu, 500 lanpostu sortu eta 175 milioi euroko fakturazioarekin
Irakurri gehiago
POLYKEY 17 abendua, 2024 Ekintzailetza
Polykey-k soluzio polimerikoak eskaintzen ditu etorkizun jasangarriago baterako
Irakurri gehiago
Wake Up Euskadi 13 abendua, 2024 Ekintzailetza
Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean
Irakurri gehiago
Startups FInalistas BIND SME 12 abendua, 2024 Up Euskadi
28 startupek eta 18 ETEk elkarlanean jardungo dute 2025ean digitalizazio-proiektuak garatu ahal izateko
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak