Filtra tu búsqueda



Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 9 Azaroa, 2023 I+G Nazioartekotzea

2.000 lagunek baino gehiagok eman dute izena Basque Open Industryn

Enpresa Txiki eta Ertainen Europako Astearen barruan, eta “Let’s meet in Innovation Land” lelopean, hogeita hamar txosten eta ehun erakusketari inguru, eta bilerak eta hitzorduak izango ditugu gai askoren inguruko joerak ezagutzeko: talentua, nazioartekotzea, eta trantsizio digitala, energetikoa eta ingurumenekoa

Euskadiko industria berritzaileenaren ordezkaritza handia bilduko da azaroaren 13 eta 14an Basque Open Industryn. ETEaren Europako Asteak nazioarteko hainbat egitasmo ekarriko du Bilbao Exhibition Centrerera (BEC) eta horietako bat da Euskadiko industriaren ahalmena erakusteko baliagarria izango den hitzordu hau. Hamar egun falta dira ekitaldirako eta izen-emateak zabalik egongo dira egun horretara arte, baina dagoeneko 2.000 lagunek baino gehiagok eman dute izena.

Basque Open Industryren eskaintza zabala izango da eta Euskadiko ekosistema industrial eta teknologiko zabala erakusteko balioko du. ‘Let’s meet in Innovation Land’ lelopean, bi jardunaldi hauetan pandemia arte egin ohi zen Basque Industry 4.0ren lekukotza jasoko da. Eragile publiko, pribatu eta enpresa ugari izango dira bertan. ETEaren Europako Asteak hurrengo egunetan ere aurrera jarraituko du nazioarteko entzutea duten beste egitasmo batzuekin: SME Assembly eta Enterprise Europe Network-EENren urteroko konferentzia.

Eskaintza zabala eta askotarikoa

Baina BOI ez da soilik baliagarria izango Europako erakundeetako ordezkarien aurrean Euskadiko industriaren ahalmena erakusteko. Izan ere, ETE-ei honako aukera hauek ere eskainiko dizkie: industriaren sektoreari zuzendutako laguntzak ezagutzea, teknologiak probatzea eta balioztatzea, nazioartekotze-prozesurako laguntzak ezagutzea eta, oro har, era askotako gaien inguruko joeren berri izatea (talentuarekin lotutakotik hasi eta trantsizio digitalera, energetikora eta ingurumen mailakora arte). Horretarako, BOIren programak 150 protagonista biltzen ditu (espezialistek eskainitako hitzaldiak eta ehunka erakusketari barne). Gainera, enpresen arteko topaketak antolatuko dira haien arteko interkonexioa bultzatzeko.

Lehen mailako hitzaldiak: Tom TerBush

Bi egun horietan BECen egingo diren hogeita hamar hitzaldi horien artean, Tom TerBushek eskainiko duena nabarmendu behar dugu. Tom TerBush EPRIko (Electric Power Research Institute) Zerbitzu Teknikoen eta Kideen presidenteordea, eta EPRI Internationaleko presidentea da. Inaugurazio-hitzaldian eskainiko dituen xehetasunen artean, honako gai hau nabarmendu behar dugu: industria berria sortzeko deskarbonizazioak ematen duen aukera. Iñigo Urkullu lehendakaria ekitaldian izango da.

Talentua Erakartzen eta Adimen Artifizialean adituak.

BOIn aditu gehiago ere izango dira. Hala, mahai-inguruetan eta solasaldietan, gai hauen inguruko azken joerei buruzko informazioa emango dute: Talentua, Adimen Artifiziala, Zibersegurtasun Industriala, Trantsizio Digitala eta Trantsizio Energetikoa eta Ingurumenekoa.

Talentuarekin lotuta, honako hauek izango dira bertan: José María Peiró, Universitat de Valénciako Erakundeetako Psikologia Sozialaren Unibertsitateko katedraduna eta Daniel Mikolta, Pertsonen zuzendaria Ingeteam enpresan.

Adimen Artifizialarekin lotuta, Petra Püchner-ek, Württembergeko Ekonomia, Lan eta Turismo Ministerioaren Europako komisarioak eta Steinbeis Europa Zentrumeko zuzendariak, AAren bidez negozio-eredu berriak gaitzen dituzten Europako ekimen berriak azalduko ditu.

Erakusketariekin biltzeko hitzorduak APP Networking Landen.

Enpresa parte-hartzaileen artean sortu ohi den interkonexioa da enpresek gehien baloratzen duten eta garrantzi handia duen zatietako bat. Horretarako, APP (Networking Land izenekoa) bat gaitu da. Horren bidez, trukea erraztu ahal izango da eta Euskadiko ETE-ek erakusketariengana sarbide erraza izango dute eta aurrez hitzorduak adostu ahal izango dituzte zibersegurtasun arloko enpresekin, startupekin eta BIND 4.0 programako enpresa bultzatzaileekin, Basque Research & Technology Allianceko (BRTA) teknologia-zentroekin eta abarrekin.

Joeren zuzeneko behatokia

BOI manufaktura aurreratuaren eta Euskadiko industria adimendunaren aplikazio berrien azken joerak zuzenean ikusteko behatoki moduko bat izango da. Euskadik azeleragailua zapaldu du berrikuntzan, eta, izatez, 21 postu egin du gora Europako rankingean.

Programaren barruan konferentziak, mahai-inguruak eta tailer praktikoak daude, elkarri lotuta dauden hiru blokeren egiturarekin; batetik, talentua; bestetik, industria adimendunerako joerak eta; horrez gain, trantsizio energetiko-ingurumenekoak eta teknologiko-digitala.

Gai jakinen inguruan sakontzeko aukera izango da bertan: nazioartekotzea, ekintzailetza, zibersegurtasuna edo teknologia, adibidez.

Nazioartekotze irisgarria eta Ukrainako standa

Nazioartekotzeari dagokionez, nazioarteko hedapena azkartu nahi duten Euskadiko ETE-ek SPRI Taldearen Kanpoko Sarea izango dute eskura, informazioa eskainiko duten stand propioekin. Hala, SPRI Taldeko Kanpoko Sareko 18 bulego egongo dira ordezkatuta, Euskadiko Nazioartekotze Agentziak, Basque Trade & Investmentek (BTI), koordinatuta. Agentziak 90 herrialdetara iristeko ahalmena du.

Standetako batek, gainera, esanahi berezia izango du. Ukraina izango da haren oinarria eta ‘Rebuild Ukraine’ izena izango du. Varsoviako bulegoko kideek (bulego hori arduratzen da Ukrainako merkatuaz), eta Ukrainako enpresek eta elkarteek herrialdea berreraikitzeko programan parte hartzeko aukera eskainiko die Euskadiko enpresei (programa Europar Batasunak babestu du).

BIND 4.0ri lotutako punta-puntako startupak

Ekintzailetzak ere garrantzi handia izango du ekimenean eta BIND 4.0 programari lotutako Euskadiko punta-puntako startupei eskainitako standak izango dira. Programa horrek ia 200 proiektu bizkortu ditu sektore industrial askotako eta neurri desberdinetako Euskadiko beste enpresa batzuekin eratutako loturari esker.

Sustatzaileekin harremanetan jartzeko aukera izango da, industria-sektorerako planteatzen dituzten eta Euskadiko enpresa-ehunduran txertatu daitezkeen irtenbideak ezagutzeko. Halaber, lankidetzarako bideak zabaltzeko lotura-puntua aurkitu dezaketen lehiakideen arteko harremana ere sustatuko da. Astelehenean, hilaren 13an, programako arrakasta-kasuetako batzuk gertu-gertutik ezagutzeko aukera egongo da.

Zibersegurtasunerako tartea

Parte-hartzaileek bereziki estimatzen duten beste gaietako bat zibersegurtasun industrialarekin lotuta dago; izan ere, Euskadi ongi kokatuta dago eremu horretan irtenbide aurreratuak eskaintzen dituen ekosistema baten inguruan. Esparru horretan espezializatutako enpresei eskainitako eremu espezifiko bat egongo da.

BDIHekin teknologiak probatzea, ebaluatzea eta balioztatzea

SPRI Taldeak, Euskadiko industriaren hitzordu handi hau antolatu duenak, agenda oparoa prestatu du Basque Digital Innovation Hubeko (BDIH) taldearekin soluzio teknologikoak aurkitzeko. Horren bidez, enpresek aukera dute beren laborategietan teknologiak probatu, ebaluatu eta balioztatzeko, eta, hala, bakoitzaren beharretarako egokiena zein den erabakitzeko. Hori guztia egun horietan BECen instalatuko den Digitalizazio Jasangarriaren eremuan egingo da.

AAren laborategiak eskaintzen dituen aukerak ezagutzea

Bestalde, Euskadiko ETE-ek kongresuan zehar Basque Artificial Intelligence Center-eko (BAIC) Adimen Artifizialeko laborategiak eskaintzen dituen aukerak ezagutzeko aukera izango dute. Proiektuak esperimentatzeko eta bizkortzeko diseinatuta dago laborategia.

ETE-en esku dagoen teknologia

BRTAren (Basque Research & Technology Alliance) bueltan dauden Euskadiko 17 zentro teknologikoek eta ikerketa-zentroek ere izango dute haien lekua, I+G+b ETE-ei hurbiltzeko.

Energiari eta mikroelektronikari buruzko sektore mailako guneak

Trantsizio energetiko-ingurumenekoari eta teknologiko-digitalari zuzendutako espazioan Euskadiko estrategia mikroelektrikoaz (Basque Microelectronics Hubekin), energiaren arloan dauden aukerez (Energia Klusterrak moderatuta), ekonomia zirkularraz (Ihobe ingurumen-kudeaketarako sozietate publikoak zuzendutako hitzaldi batzuekin) eta nazioartekotzeaz arituko dira.

Speaker Corner BOI: Eraldaketa digitaleko kasu praktikoak

Gainera, aurten, proposamen berri gisa eta parte-hartzaileek bertan esku hartzeko aukera izan dezaten, formatu dinamikoa eskainiko da 15 minutuko erakustaldi laburrak egiteko. ‘Speaker corner BOI’ txokoa izenekoan, zibersegurtasuneko, Adimen Artifizialeko erabilera praktikoen eta 5G teknologiaren arloko kasuak azalduko dituzte.

BOIn izena emateko aukera oraindik ere zabalik dago (bertan parte hartzeko eta beste enpresa batzuekin egingo den networkingean izena emateko).

SME Week 2023

Bestalde, ETE-en Europako Asteak hurrengo egunetan jarraituko du nazioarteko dimentsioa izango duten beste ekitaldi batzuekin. Alde batetik, SME Assembly egingo da (azaroaren 13tik 15era bitarte) eta horixe izango da Europako enpresa txiki eta ertainentzako (ETE) ekitaldirik garrantzitsuena. Formatu hibridoa izango du (aurrez aurrekoa eta online), eta goi-mailako hitzaldiak eta elkarrizketak, adituen mahai-inguruak, tailer interaktiboak eta eskola informatibo magistralak izango dira.

Bestalde, Europe Enterprise Network-EEN erakundearen urteko konferentzia egingo da (azaroaren 15etik 17ra bitarte). Euskadi erakunde horren parte da hasieratik, eta, izatez, SPRI Taldea EENen euskal partzuergoaren burua da. Europako mila ordezkari inguruk osatzen dute erakundea. Enpresa txiki eta ertainentzako munduko babes-sarerik handiena da, mundu osoan dago aktibo eta enpresei laguntzeko bikaintasunagatik ezagunak diren erakundeetako adituak biltzen ditu. Merkataritza-ganberak eta industria, eskualdeko garapenaren erakundeak, unibertsitateak eta ikerketa-institutuak eta berrikuntza-agentziak biltzen ditu.

 

Lotutako albisteak

19 abendua, 2024 I+G
MEEVCE II proiektuak osagai eoliko erresilienteak diseinatzeko metodologia ebolutiboa garatzen du
Irakurri gehiago
16 abendua, 2024 I+G
Euskadiko mila enpresa eta agente teknologiko baino gehiago baliatu dira 2024an Eusko Jaurlaritzaren I+G programaz
Irakurri gehiago
12 abendua, 2024 I+G
Izen-ematea zabalik dago IAM4EUrekin, Material Aurreratuen Aliantza Estrategikoarekin, bat egiteko
Irakurri gehiago
9 abendua, 2024 I+G
Ekonek lehortze-teknologia berrasmatzen du, produktu likidoak eta oretsuak hauts edo pikor bihurtuz
Irakurri gehiago
27 iraila, 2024 I+G
Mikel Jauregi sailburuak makina-erremintaren sektorea bisitatu du, euskal ekonomiarentzat funtsezkoa den industria
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak