INDEUS Batzar Orokorra 2025
Albisteak 12 Marzo, 2025

ALBERDI MEKANIZATUAK, BIOLAN eta MITXELENA Kooperatibak bat egin dute INDEUS Industriaren Euskal Plataformarekin

Urteko lehen bilera egin dute Indeus sustatzen duten erakunde publikoek eta Indeuskide diren enpresa, zentro teknologiko eta elkarteek Euskadiko Parke Teknologikoaren Abantoko campusean.

Batzar Orokorra egin du INDEUS Industriaren Euskal Plataformak gaur, Aitor Aldasororen (Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburua), Sonia Rodriguezen (Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria), eta Mikel Amundarainen (Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia) gidaritzapean.

Azken hilabeteetan hiru enpresa berri batu dira Industriaren Euskal Plataformara eta gaurkoan euren burua aurkeztu dute Indeuskideen aurrean:

  • Alberdi Mekanizatuak: Azkoitiko enpresa bat da, 1958an sortua, eta edozein piezaren mekanizazioan eta dekoletajean adituak dira. Altzairuzko, plastikozko, herdoilgaitzezko, brontzezko eta beste material askoko piezak mekanizatzen dituzte.
  • Biolan: Biosentsore entzimatikoak, sentsore potentziometrikoak, test inmunokromatografikoak eta diagnostiko genetiko eta molekularrak garatu, fabrikatu eta merkaturatzen ditu. Parke Teknologikoaren Zamudioko campusean du egoitza.
  • Mitxelena Koop.: Hernanin dago, hainbat sektoretarako mekanizazio handiak egiten dituen enpresa da, hala nola, aeronautika, ontzigintza, papergintza, prentsak, siderurgia eta abar.

Kide berriak aurkezteaz gain, PuntuEus fundazioko Lorea Arakistainek eraldaketa digitala bultzatu eta Interneten euskararen eta euskal kulturaren presentzia sustatzen duten proiektuak eman ditu ezagutzera, zibersegurtasunean arreta berezia jarrita. Euskaraldiak ere izan du bere tartea; datorren maiatzean egingo den euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua azaltzera hurbildu baita Haizea Solagurenbeaskoa.

Iazko jardunen balantzea egin eta aurtengo helburuak finkatzeko balio izan duen Batzar Orokorra amaitzeko, lantaldeetan bildu eta aurrera begirako helburuak landu dituzte indeuskideek gaur goizean zehar.


Zer da INDEUS? INDEUS Industriaren Euskal Plataforma Spri-Enpresen Garapenerako Agentziak, Energiaren Euskal Erakundeak, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek bultzatzen duten ekimena da. Euskaraz lan egitea erabaki duten enpresa industrialei laguntzeko sortu zen ekimena, euskarazko produktu eta zerbitzuak lortzeko bideak landuz. Eta ibilbide horretan, Indeusek euskararen presentzia txikia duten enpresei ere ireki dizkio ateak, aurrekoen eskarmentua besteen eredu izango delakoan.


Katalogoa. Enpresa industrialentzako produktuak eta zerbitzuak euskaraz emateko gai diren eta horrela egiten duten enpresei eskainitako atala ireki du Indeusen webguneak, hain zuzen ere, zerbitzua edo produktua euskaraz eskaintzen duen hornitzaileren baten bila dabilen enpresari bilaketa errazteko.


Industria Berriaren SPRI Hiztegia. Hiztegia industria-sektorearen alderdirik aurreratuenari dagokion hiztegi espezializatua da. Sektore hori etengabe ari da kontzeptu berriak sortzen eta zaharrak eguneratzen. Horregatik, ezinbestekoa da berrikuntza horiei guztiei jarraipena egitea eta hala kontzeptuen edukia nola kontzeptu horiek izendatzeko terminoak ondo finkatzea eta baliabide batean biltzea eta argitaratzea. Hiztegi honek SPRI Taldean erabiltzen dugun dokumentazioa du oinarri; horregatik, esan daiteke erabileran oinarritutako hiztegia dela. Hiztegiak 1.083 kontzeptu ditu, eta kontzeptu guztiek euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko ordainak dituzte; guztira, 4.341 termino. Hiztegian bilaketa bat egin nahi dugunean, hiru hizkuntza horietako edozeinetatik abia gaitezke.


Indeus Elkarrizketak. Duela 2 urte sortu zen Indeus Elkarrizketak ekimena, Indeuskide diren enpresak eta hizkuntzarekiko euren atxikimendua ezagutzera emateko helburuarekin. Guztira 29 elkarrizketa egin eta argitaratu dira, guztiak Indeus gunean daude ikusgai. Elkarrizketa guztien jatorrizko hizkuntza euskara da, baina gaztelaniazko eta ingelesezko azpitituluak ere txertatu dizkiete, beste herrialde eta hizkuntza batzuetara hedatu ahal izateko.


Partaideak

43 dira Industriaren Euskal Plataforman parte hartzen ari diren enpresak, zentroak eta elkarteak: ALBERDI, AMPO, BASQUE AUTOMATION, BATZ, BIELE GROUP, BIOLAN, BRTA, CAF, CEIT, CIKAUTXO, COPRECI, DANOBATGROUP, EGA MASTER, EGA SOLUTIONS, EGOIN, EIKA, EKIN, ELAY, ENERGIA KLUSTERRA, ESLE ELKARTEA, EUSKADIKO ITSAS KLUSTERRA, FAGOR, GAIA KLUSTERRA, GISLAN, GKN, GOIZPER, IKERLAN, I+MED, INNOBASQUE, KIMUA GROUP, LARRAIOZ TALDEA, LEYCOLAN, MAIER, METAPOSTA, MITXELENA, OREKA IT, ORKLI, ORONA, PETRONOR, SISTEPLANT, TECNALIA, ULMA, VICOMTECH.

Lankidetza Sareak lau kide ditu: SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRA, EUSKALIT, LABORAL Kutxa, LANGUNE.

Erakunde publikoak, azkenik, sei: Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikako Sailburuordetza, Spri-Enpresen Garapenerako Agentzia, Energiaren Euskal Erakundea eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiak.

Lotutako albisteak

IndeusBerri:  Industria  eta  Euskararen  plaza

IndeusBerri: Industria eta Euskararen plaza

Gaur albiste dira ETEKIN ekonomia-solasaldien bigarren edizioaren hasiera, KomunikaziONA Bidegurutzean jardunaldia Notasuna Sareanen eskutik, BAIC - Datuaren estrategia eta Fabrika adimendun.

Ekonomia  eta  Finantzak;  ETEKIN  Topaketen  edizio  berria

Ekonomia eta Finantzak; ETEKIN Topaketen edizio berria

Andrés Arizkorreta, Ane Insausti eta Lander Beloki, martxoaren 26an Donostiako Aquariumean

IndeusBerri:  Industria  eta  Euskararen  plaza

IndeusBerri: Industria eta Euskararen plaza

Gaur albiste dira i+Med, Puntueus, Bikain ziurtagiria, Instagram ikastaroa eta Eraso-bektore

IndeusBerri:  Industria  eta  Euskararen  plaza

IndeusBerri: Industria eta Euskararen plaza

Gaur albiste dira EUSKORPUS, INGUMA ikerketa-bekak, Gipuzkoa ARIGUNE eta Engainu-teknologia.

IndeusBerri:  Industria  eta  Euskararen  plaza

IndeusBerri: Industria eta Euskararen plaza

Gaur albiste dira BIKAIN, Mikroenpresa digitala, Puntueus, EnpresaBIDEA eta Datu-analisi

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.