IndeusBerri: industria eta euskara uztartzen dituen informazioaren topagunea
Azaroaren 3an egingo den ENPRESAREAN Azoka nabarmentzen du gaur IndeusBerrik, Sprik aurkeztutako bere hizkuntza kudeaketa praktika onekin batera. Beste albiste batzuk ere ekarri ditu taula gainera gaurko agerraldiak: Sprik Euskaraldiarekin bat egin duela, MetOnChip proiektu berrian hasi dela lanean Leartiker, GA4ra migratzeko tailer praktikoa Enpresa Digitalaren eskutik eta Industria Berriaren hiztegiko berba berri bat: IKASKETA SAKON.
SPRIk bat egin du EUSKARALDIArekin, bi Arigune sortuz eta langileak parte hartzera animatuz. Gero ta gutxiago falta da Euskaraldiari hasiera emateko. “Hitzez ekiteko garaia” mezua zabalduz, azaroaren 18tik abenduan 2ra bitartean egingo da euskaraz jarduteko eta euskara eremu guztietara zabaltzeko ariketa kolektiboa. Aurreko edizioetan bezala, aurtengoan ere Sprik bat egin du ekimenarekin eta bi Arigune izango ditu Bizkaia Plazako bere bulegoetan.
Bere hizkuntzen kudeaketa praktikak aurkeztu ditu SPRIk Euskalduna Jauregian egindako Praktika onak partekatzeko bigarren topaketan. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskalitek antolatutako topaketan, lau erakunderen praktika onak ezagutzeko aukera izan dute bertaratu direnek eta ekitaldia online jarraitu dutenek. SPRIk hizkuntzen kudeaketako bi praktika on aurkeztu ditu, bata Lan-hitzarmenaren ingurukoa eta bestea duela 7 urte martxan jarritako Euskara Sariak.
Datorren ostegunean, azaroaren 3an, egingo da ENPRESAREAN azoka. Etorkizuneko lan munduari begirada partekatua eskaintzeko helburuarekin dator aurtengo ENPRESAREAN azoka.
Euskaraz lan egin nahi duten enpresen eta profesionalen arteko harremana eta elkarlana sustatzeko helburuarekin sortu zen azoka urriaren 3an egingo da, Orona Ideoren egoitzan goizeko 9etan hasita, ongizateaz, lehiakortasunaz eta adimen artifizialaz aritzeko.
IKASKETA SAKON Industria Berriaren Spri Hiztegian.Ikasketa automatikoko metodoa, nerbio-sistema biologikoetan informazioaren prozesamendua nola gertatzen den eta komunikazio-eredua zein izan litekeen interpretatuz sortua. Hainbat aplikazio-eremutan erabili da, eta lortutako emaitzak giza adituek erdietsitakoekin alderagarriak edo hobeak izan dira. Besteak beste, aplikazio-eremu hauetan erabili da: ikusmen artifiziala, bioinformatika, sendagaien diseinua, hizketa-ezagutze automatikoa, hizkuntzaren prozesamendua, audio-ezagutze automatikoa eta itzulpengintza automatikoa.
GA4ra migratzeko tailer praktikoa, azaroaren 11n Enpresa Digitalaren eskutik. Joan dan ekainaren 17an egindako tailerrak izandako arrakasta ikusita, azaroan beste ekitaldi bat egitea erabaki du Garaia Enpresa Digitalak. Tailer praktiko honetan Universal Analytics-etik GA4ra migratzeko oinarrizko pausoak emango dira lehen bait lehen analitika bertsio berriarekin lanean hasteko alferrikako pausorik eman gabe.
MetOnChip proiektu berrian hasi da lanean Leartiker, mikroingurune metastasikoa Organ-on-a-chip gailuen bidez simulatzeko eta bularreko minbizirako tratamenduen azterketak egiteko. Tumoreen mikroingurunea funtsezkoa da minbiziaren aurkako terapien garapenean eta erresistentzian, eta oso aldakorra da gaixotasunaren garapenaren etapa guztietan. Metastasia, zelula batzuk tumore-masa primariotik bereizten direnean eta odol-fluxuaren bidez ehunak eta organoak inbaditzen dituztenean gertatzen da.
Lotutako albisteak

IndeusBerri: Industria eta Euskararen plaza
Gaur albiste dira EUSKORPUS, INGUMA ikerketa-bekak, Gipuzkoa ARIGUNE eta Engainu-teknologia.

IndeusBerri: Industria eta Euskararen plaza
Gaur albiste dira BIKAIN, Mikroenpresa digitala, Puntueus, EnpresaBIDEA eta Datu-analisi

IndeusBerri: Industria eta Euskararen Plaza
Gaur albiste dira HiTZ zentroa, Jendaurrean, Otsailak 11 eta Datu-bilketa.

IndeusBerri: industria eta euskara uztartzen dituen informazioaren topagunea
Gaur albiste dira Klima-aldaketa eta trantsizio ekologikoa hiztegia, Eusko Ikaskuntza, Emakumeak Zientzian eta Datu irekiak.

IndeusBerri: industria eta euskara uztartzen dituen informazioaren topagunea
Gaur albiste dira Emakumeak Zientzian 2025, Ziur, Puntueus eta Baliozkotze-datu.