BasKeep, euskal enpresak eta inbertitzaileak konektatzeko aplikazioa
Sei hilabeteko epe laburrean, hirurogeitik gora inbertitzaile erregistratu dira aplikazioan, eta informazio eguneratua ematen du finantzaketa bila dabiltzan industri arloko hogeita hamar enpresari buruz.
SPRIk, enpresen garapenerako euskal agentziak, hobetu egin du industri arloko euskal enpresei ematen dien zerbitzua eta areago garatu du BasKeep plataforma, hala, sei hilabetean martxan egon ondoren, bere zerbitzuak zabaldu eta euskal enpresak eta inbertitzaileak konektatzeko aplikazio bihurtu da. Aplikazio horrek baditu erregistratuta 30 enpresa eta 60 inbertitzaile baino gehiago, eta helburu nagusitzat dauka Euskadiko enpresa-sarea bultzatzea eta enpresen negozioak sendotzea etorkizunean. Bestalde, une honetan aplikazio berri hau da inbertitzaileek daukaten modu sinple, azkar eta konfidentzialena informazio anonimoa lortzeko finantzaketa-modu berrien bila dabiltzan industri arloko euskal enpresei buruz.
Mota guztietako enpresek har dezakete alta aplikazioan: negozioa sendotu nahi duten enpresek, tamaina handitu edo etorkizuneko jasangarritasuna hobetu nahi dutenek, belaunaldi aldaketarekin laguntza behar dutenek nahiz zailtasun ekonomikoak dituztenek. Helburua da Euskadiko enpresen ekosisteman sartu nahi duten inbertitzaileek erraz eta azkar aurkitu ditzatela. Hala, BasKeep aplikazioari esker enpresek bazkideak aurkitu ahal izango dituzte beren negozio-planak martxan jartzen laguntzeko eta, aldi berean, inbertitzaileek aukera izango dute euren interesekin bat datozen inbertsio-aukera berriak aurkitzeko.
Inbertitzaileentzat BasKeep espazio seguru eta konfidentzial bat izango da, non lortu ahal izango duten BasKeep-eko aditu taldeak berretsitako egiazko informazio kontrastatua inbertitzaile bila dabiltzan enpresa guztiei buruz. Aplikazioa zabalik dago era guztietako inbertitzaileentzat: izan daitezke indibidualak, instituzionalak, enpresa industrialak, family office direlakoak edo inbertsio funtsak, eta baita ere Euskadin inbertitu nahi duten tokiko, Estatuko zein nazioarteko inbertitzaileak. Inbertitzaileek behar duten informazioa lortzeko, aplikazioan txertatu behar dituzte gehien interesatzen zaizkien inbertsio-eremuak, —jarduera-sektoreak, enpresaren egoera edo premiak—, eta berehala lortuko dute informazioa.
Nola aurkitu enpresa edo inbertitzaile egokiena?
Industri arloko enpresa interesatuari hainbat informazio eskatuko zaizkio BasKeep aplikazioan erregistratzeko, esaterako datu ekonomiko-finantzarioak eta inbertsio-beharrak edo inbertitzaile bat bilatzeko dituen arrazoiak. BasKeep-eko lantaldeak konfidentzialki aztertu eta tratatuko du informazio hori bere direktorio anonimora sartu aurretik. Era berean, inbertitzaileek ere alta hartu behar dute aplikazioan, inbertitzaile bila dabiltzan enpresen informazioa jasotzeko eta aukera berriei buruzko jakinarazpenak hartzeko. Bere aldetik, inbertitzaileak bere profilari buruzko oinarrizko informazioa eman beharko du aplikazioan alta hartzeko: antzeko zein inbertsio-operaziotan hartu duen parte, daukan esperientzia profesionala (indibiduala zein taldekoa), eta nolako enpresa bilatu nahi duen.
Behin alta hartu ondoren, enpresaren eta inbertitzailearen arteko kontaktu edo “match” prozesua burutzeko lau urrats egin behar dira:
- Inbertsio aukeraren berria. Sare sozial bateko feed-a bailitzan, plataformak eguneratze anonimo berri bat argitaratzen du automatikoki BasKeep plataformako “inbertsio-aukerak” atalean, erregistratutako inbertitzaileek erraz identifikatzeko moduan.
- Interes eskaera. Inbertitzaile erregistratu batek posible du “inbertsio-aukerak” espaziora sartzea eta informazio gehiago eskatzea eguneratze anonimoari buruz.
- Aditu taldearen analisia. BasKeep plataformako lantaldeak inbertitzailearen interes eskaera aztertuko du eta sarbidea emango dio enpresari buruzko informaziora, bi alderdien anonimotasuna mantenduz.
- Kontaktua. Behin informazioa aztertu ondoren inbertitzaileak aurrera jarraitu nahi badu prozesuarekin, BasKeep-ek harremanetan jarriko ditu bi alderdi interesatuak.
BasKeep bezalako komunitate bateko kide izateak baditu abantailak erregistratzen diren euskal enpresentzat. Hasteko, enpresa aitzindari bat izango zara, euskal enpresak etorkizuneko inbertitzaileekin konektatzeko eta lehiakideen aurretik joateko lehen aplikazioko kide izango zarelako. Bigarrenik, bidea ematen dizu inbertsio-aukera berriak zuzenean eskuratzeko eta, hartara, zure enpresa industrialaren negozioa handitzeko. Hirugarrenik, inbertitzaileek erraz identifikatuko zaituzte eta euren interesen araberako informazioa eskaini ahal izango diezu. Eta, azkenik, datuak konfidentzialtasun eta segurtasunez tratatzen dituen plataforma bat izango duzu, SPRI Taldeko aditu taldeak ematen duen babes eta fidagarritasunarekin.
Berrikuntza euskal enpresa industrialen zerbitzura
BasKeep-ek bere zerbitzuak zabaldu ditu eta aplikazio berritzaile eta aitzindari bilakatu da. Orain zerbitzu digital berri bat jartzen du industri arloko euskal enpresen eta haien etorkizuneko inbertitzaileen eskura, inbertsio-aukera berriak azkarrago identifika ditzaten espazio berri eta erabilerraz bakar batean. Prozesu digital berri bat da, SPRI Taldeak berak garatua, aukera ematen duena datuak anonimoki tratatzeko, eta euskal enpresen premia berrietara egokitua.
Ezagutu gehiago BasKeep-i buruz.
Lotutako albisteak

Mikel Jauregi: “Eusko Jaurlaritzari dagokiola Euskadiko enpresei segurtasuna eta ziurtasuna eskaintzea”
Sailburuak "enplegua eta aberastasuna sortzeko Euskadiko enpresek egiten duten lana" balioan jarri du, enpresari eta ekintzaileen figurari prestigioa emateko beharra aldarrikatuz

Elkargik tamaina bikoiztu du, enpresa txiki- ertainen finantza erakunde gisa finkatuaz
2024an, 1400 enpresa ingururi eman die laguntza, eta gaineratu egitean da ia 11.300 enpresetarako indarrean duen finantziazioari, zeintzuek 38.500 milioi euroko fakturazioa duten eta 250.000 enplegu baino gehiago ordezkatzen dituzten.

Mikel Jauregi: “Nazioarteko ziurgabetasunaren aurrean, baikortasunez eta ilusioz ari gara lanean Euskadiko industria Europako berrindustrializazioaren buru izan dadin”
Mikel Jauregi sailburuak modu positiboan baloratu du Sidenorreko presidente José Jainaga enpresaria buru duen euskal partzuergoak Trilantic funtsari Talgoren % 29,7 erosteko aurre-akordioa. Partzuergo horrek Eusko Jaurlaritzaren -Finkatuz Funtsaren bitartez- eta Caja Vital Kutxa eta Bilbao Bizkaia Kutxa fundazioen babesa du

Euskadik apustu industriala indartu du talde estrategiko batekin, Europan kokatzeko, erronka global handiei aurre egiteko eta nazioarteko jokalekuaren aldaketei aurrea hartzeko
Imanol Pradales lehendakaria buru izan da Defentsa Industrialerako Taldean. Foro honetan, erakundeak eta produkzio-sektoreak biltzen dira, gero eta handiagoa den protekzionismoaren eta ezegonkortasun globalaren aurrean estrategiak diseinatzeko eta lerrokatzeko

Eusko Jaurlaritzaren industriari laguntzeko plan berriaren bidez, 500 milioira arte jarriko dira industria-sektorea indartzeko, arreta berezia eskainiko zaie ETEei
Katalogo digital bat egin da, SPRIren web-orrian web-orrian kontsulta daitekeena. Katalogo horretan deskribatzen dira laguntzaren edo zerbitzuaren izena, aurtengo aurrekontua, laguntza norentzat den, argitalpen-data eta eskatzeko modua