Albisteak 28 Marzo, 2025

Industria Defendatzeko Taldeak Euskadiko industriari laguntzeko lehen neurria onartu du

Industria Defendatzeko Taldeak lehen laguntza-programa bat aurkeztu du, “Emisio gutxiagoko ibilgailuak” erosteko, Euskadin errepideko garraioaren deskarbonizazio adimendunean aurrera egiteko eta, aldi berean, euskal industriarako funtsezkoa den sektore bati, automobilgintzari, laguntzeko
  • Industriari aktiboki entzuteko prozesuak agerian uzten du euskal enpresen % 16k inpaktu larria espero dutela muga-zergen gerragatik, eta % 40k, ordea, inpaktua arina edo nulua izango dela aurreikusten dute

 

  • Inpaktu handiena nekazaritza-industriak, automobilgintzak eta produktu metalikoen fabrikazioak dutela estimatzen da

 

  • Ia enpresa guztiak kezkatuta daude Estatu Batuetako merkatuaren itxieraren errebote-efektuarekin eta hirugarren herrialdeetako produktuak Europara iristearekin

 

  • Euskal enpresen % 67k uste dute EBk inportazioei oztopoak ezarri behar dizkiela Europako industria babesteko

 

  • Euskal enpresen % 45ek nazioartekotzearen aldeko apustua egiten jarraitzen dute, eta, horretarako, laguntza eskatzen diote Gobernuari, araudiaren, muga-zergen eta merkatu berriak bilatzearen inguruko aholkularitza izateko

  

AIC – Automotive Intelligence Center automobilgintzako zentroak Zornotzan duen egoitzak Industria Defendatzeko Taldearen bigarren topaketa hartu du aste honetan, otsailaren 12ko bileran ezarritako konpromisoari jarraipena emateko. Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua buru duela, lantalde horrek herrialdeko instituzio nagusiak biltzen ditu, baita eragile ekonomikoak ere, hala nola merkataritza ganberak, industria-klusterrak, enpresa-elkarteak eta produkzio-sarea ordezkatzen duten enpresak.

Foro horrek helburu hirukoitza du: muga-zergen errealitate berriari buruzko diagnostikoa partekatzea eta eragindako sektoreen jarraipena egitea; enpresei laguntzeko eskuragarri dauden tresnak, baliabideak eta politikak identifikatzea; eta euskal industriaren ahalmenak eta aukerak indartzea testuinguru global berriaren aurrean.

Mikel Jauregik nabarmendu duenez, “bigarren bilera egin dugu AIC – Automotive Intelligence Centerren, automobilgintzaren sektoreari ematen diogun babesa esplizituki ikusarazteko, Trumpen Administrazioaren muga-zergen inpaktua gehien jasaten ari den sektorea baita. Industria hori funtsezkoa da euskal ekonomiarentzat, aberastasuna, aurrerapena eta ongizatea sortzen baititu, eta ia 40.000 langile hartzen baititu Euskadin”.

Industriako sailburuarekin batera, lantalde horren bigarren saioa zuzendu dute Irantzu Allende Trantsizio Energetikoko sailburuordeak, Nagore Bonilla Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziako zuzendari nagusiak eta Cristina Oyon SPRI Taldeko zuzendari ondokoak.

Gainera, gonbidatu gisa parte hartu du José W. Fernándezek ere, Obamaren Administrazioan Estatu Batuetako Gobernuko Energia eta Ekonomia eta Enpresa Gaietarako estatu-idazkariaren ondokoa eta Biden Administrazioko Hazkunde Ekonomikorako, Energiarako eta Ingurumenerako idazkariorde izandakoak.

Enpresei aktiboki entzutea

Taldearen lehen bileran, euskal enpresei aktiboki entzuteko prozesu bat abian jartzea erabaki zen, Basque Trade & Investment-en bidez (horren emaitzak gaur aurkeztu dira). SPRI Taldearen Nazioartekotzeko Euskal Agentziak 1.000 enpresari inkestak egin dizkie, eta, lan horretan sakontzeko, elkarrizketa pertsonalizatuak egingo ditu 75 enpresa gailenekin.

Entzute aktiboko prozesu horren emaitzek agerian uzten dute, muga-zergen gerraren aurrean, euskal enpresen % 16k inpaktu larria espero dutela muga-zergen gerraren ondorioz, eta % 40k, ordea, inpaktua arina edo nulua izango dela. Inpaktu handiena nekazaritza-industriak, automobilgintzak eta produktu metalikoen fabrikazioak dutela estimatzen da.

Euskal enpresen % 67k uste dute EBk inportazioei oztopoak ezarri behar dizkiela Europako industria babesteko. Ziurgabetasunaren eta muga-zergen mehatxuaren aurrean, euskal enpresek nazioartekotzearen aldeko apustua egiten jarraitzen dute, eta, horretarako, laguntza eskatu diote Gobernuari, araudiaren, muga-zergen eta merkatu berriak bilatzearen inguruko aholkularitza moduan (% 45).

Gainera, atzerrian ezarritako euskal enpresek adierazi digute % 50ek nolabaiteko inpaktua espero dutela, eta, oraindik zehaztea zaila den arren, salmentetan beherakada izango dela uste dute. Enpresa horietako gehienak Mexikon daude, eta sektore hauetakoak dira: automobilgintza, zerbitzu aurreratuak (ingeniaritza edo aholkularitza), energia eta makina-erreminta.

Azken batean, Industria Defendatzeko Taldea, Eusko Jaurlaritzaren gidaritzapean, merkatu berriak bilatzeko lanean ari da, Europaren alde egiteko apustutik abiatuta. Horretarako, Euskadiren Kanpo Sareak duen potentziala baliatzen ari da (22 bulego ditu eta 92 herrialdetan dago), Europar Batasuneko beste lurralde batzuekin harremanak estutzeko, gerra komertzialaren aurrean euskal produktuetan interesa izan dezaketen beste lurralde batzuekin, hain zuzen. Helburua da EBn sakontzea, gure esportazioetarako merkatu gisa, baita nazioarteko beste merkatu batzuetan ere, hala nola Kanadan, Australian edo Japonian.

Industria babesteko neurriak

Entzute aktiboko fasea amaitu ondoren, jasotako datuak analizatu dira. Prozesu horretan, industriarekin gogoeta eta kontrastea egin da, muga-zergen inpaktuaren jarraipena egin da denbora errealean, eta Helpdesk plataforma bat ezarri da, Basque Trade & Investmenten eta merkataritza-ganberen aldetik enpresei muga-zergen arloko informazioa eta aholkularitza teknikoa emateko.

Une horretatik aurrera, Industria Defendatzeko Taldea diagnostiko-etapa batean sartuko da. Ildo horretatik, hasierako kontrastea egin da Europako instituzio eta estamentuekin, eta Europako Batzordeak aurkeztutako Lehiakortasunaren Iparrorratzaren gakoak aurreratu dira. Ondoren, maiatzean egingo den Taldearen hirugarren bilerari begira, diagnostiko sektorialak eta ekintza-plan bat landuko dira SPRI Taldearen eskutik, industria-klusterrekin eta Confebaskekin batera. Horri esker, Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek laguntza berrien proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte hurrengo bilera horri begira.

Industriarako laguntza berriak abian jartzearen ildo horretatik, proposamen bat aurreratu da, “Emisio gutxiagoko ibilgailuak” erosteko laguntza-programa aktibatuta, automobilgintzaren sektorearekin batera egindako lanaren eta entzutearen ondorioz. Programa hori helburu bikoitz batekin sortu da: Euskadin errepideko garraioaren deskarbonizazio adimendunean aurrera egitea, eta, aldi berean, euskal industriarentzat garrantzitsua den sektore bati laguntzea, ibilgailu berriaren eskari berria sortuta. Ez da ahaztu behar, muga-zergen gerrak sortu duen merkataritza-ziurgabetasuneko giroaren aurrean, automobilgintzaren euskal sektorea bereziki arriskuan dagoela.

Gainera, Euskadik Europan duen eragina indartzeko lanean jarraitzen da, euskal industriaren interesak Europako erakundeen aurrean sendotzeko, muga-zergen arloko babesa bilatzea helburu hartuta.

Lotutako albisteak

Haizea  Wind  Groupek  bere  hazkundea  sendotu  du,  2024an  371  milioiko  salmentekin  eta  18  milioiko  irabaziekin

Haizea Wind Groupek bere hazkundea sendotu du, 2024an 371 milioiko salmentekin eta 18 milioiko irabaziekin

Haizea Wind Groupek, gainera, 2025ean hazkundea sendotzea aurreikusten du, kontratatutako eskaera zorroari esker

Mikel  Jauregi:  “Mundu  mailan  zabaltzen  ari  den  ziurgabetasunaren  aurrean,  Euskaditik  multilateralismoaren  aldeko  apustua  egiten  dugu”

Mikel Jauregi: “Mundu mailan zabaltzen ari den ziurgabetasunaren aurrean, Euskaditik multilateralismoaren aldeko apustua egiten dugu”

"Euskadi herri esportatzailea da, beraz muga-zergek eragina izango dute gure esportazioetan. Baina eragin hori nahiko txikia izango da"

Euskadik  eta  Kataluniak  indarrak  batu  dituzte  Europar  Batasunaren  berrindustrializazio  prozesuan

Euskadik eta Kataluniak indarrak batu dituzte Europar Batasunaren berrindustrializazio prozesuan

Eusko Jaurlaritzak eta Kataluniako Generalitateak aldebiko topaketa egin dute, Euskadik eta Kataluniak industria-polo gisa duten estatusaren garrantzia nabarmentzeko, Atlantikoko eta Mediterraneoko eskualdeen buru diren heinean. Bi lurraldeek Estatuko industriaren arloko barne-produktu gordinaren % 25 biltzen dute, eta Europar Batasuneko eskualde industrializatuenen artean daude

Mikel Jauregi:  “Eusko  Jaurlaritzari  dagokio  Euskadiko  enpresei  segurtasuna  eta  ziurtasuna  eskaintzea”

Mikel Jauregi: “Eusko Jaurlaritzari dagokio Euskadiko enpresei segurtasuna eta ziurtasuna eskaintzea”

Sailburuak "enplegua eta aberastasuna sortzeko Euskadiko enpresek egiten duten lana" balioan jarri du, enpresari eta ekintzaileen figurari prestigioa emateko beharra aldarrikatuz

Mikel  Jauregi:  “Nazioarteko  ziurgabetasunaren  aurrean,  baikortasunez  eta  ilusioz  ari  gara  lanean  Euskadiko  industria  Europako  berrindustrializazioaren  buru  izan  dadin”

Mikel Jauregi: “Nazioarteko ziurgabetasunaren aurrean, baikortasunez eta ilusioz ari gara lanean Euskadiko industria Europako berrindustrializazioaren buru izan dadin”

Mikel Jauregi sailburuak modu positiboan baloratu du Sidenorreko presidente José Jainaga enpresaria buru duen euskal partzuergoak Trilantic funtsari Talgoren % 29,7 erosteko aurre-akordioa. Partzuergo horrek Eusko Jaurlaritzaren -Finkatuz Funtsaren bitartez- eta Caja Vital Kutxa eta Bilbao Bizkaia Kutxa fundazioen babesa du

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.