Industria Adimendunerako trantsizioa egiten hasteko inbertsioak finantzatzen laguntzen die Renove Smart Industry programak ETE industrialei
SPRI Taldeak Renove Smart Industry laguntza-programaren edizio berri bat deitu du, ETE industrialek eta industriarekin lotutako zerbitzuen ETE-ek makineria berrian eta ekipamendu aurreratuan inbertitzea bultzatzeko, 4.0 Industriako proiektuak ezartzera bideratuta.
Teknologiaren potentziala Industria Adimendunaren arloan aplikatzea helburu duten proiektuak bultzatzen ditugu.
Makinerian edo ekipamenduan egindako inbertsioaren eta proiektuarekin lotutako aholkularitza- eta ingeniaritza-gastuen % 20 arte finantzatzen du programak; gehienez ere, 75.000 € enpresa bakoitzeko.
Zure enpresa ETE bat bada, Euskadin jarduera-zentro bat baduzu, eta teknologiaren bidez lehiakorragoa eta eraginkorragoa izatea ahalbidetuko dizun proiektu bat bultzatu nahi baduzu, ez galdu aukera hau eta izan zaitez Renove Smart Industry 2024 programaren parte!
1.800 proiektu baino gehiago bultzatu ditugu 2014tik
2023an 25 milioi eman genituen dirulaguntzatan, Euskadiko industriak Industria Adimendunaren erronka berriei aurre egin ahal izateko
2014an programa martxan jarri genuenetik, Eusko Jaurlaritzak 75 milioi euro inbertitu ditu SPRIren bidez, eta makineriaren 1.852 berritze bultzatu ditu. Horrek 696 milioi euroko balioa duten inbertsioak eragin ditu Euskadiko enpresa-ehun osoan.
Hasieran, Renove Makineria izena zuen programak. 2018an espezializatu egin zen berritu beharreko makineria mota, eta Renove Industria 4.0 izena hartu zuen. Eta, gaur egun, Industria Adimendunari begira jarrita, Renove Smart Industry izena du programak.
Azken legealdian 500 erosketa-proiektu baino gehiago bultzatu dira. Horretarako, 140 milioi euroko inbertsioa egin da eta 25 milioi euro eman dira dirulaguntza publikoen bidez, Euskadiko industriak abangoardian jarri dezan eta Industria Adimendunaren erronka berriei aurre egin ahal diezaien.
4.0 Industriarako eraldaketari ekiteko unea iritsi da
Prozesu hori hasteko arrazoi nagusietako bat lehiakortasuna hobetzea da. Izan ere, euskal enpresak lehiatzen diren mundu mailako merkatuan ezinbestekoa da joera teknologikoekin egunean mantentzea, lehiakideen atzean ez geratzeko.
Gainera, teknologiaren aukerak aprobetxatzeak antolaketa arloko alderdi askotan askoz ere eraginkorragoa izatea ahalbidetuko dizu, ekoizpenetik hasi eta hornikuntza-katera. Eraginkortasunari esker, kostuak aurreztu ahal izango dituzu eta baliabideak modu eraginkorragoan erabili ahal izango dituzu.
Berrikuntza da Industria Adimenduna bultzatzeko proiektuetan inbertitzeko beste arrazoi nagusietako bat, berrikuntzak aukera emango baitizu lehengo proiektuak optimizatzeko, produktu berriak eskaintzeko eta etengabe hobetzeko. Hala, indartsu mantendu ahal izango zara merkatuan.
Modernizatu enpresako ekipoak eta makineria industriala, eta ekin proiektu teknologiko berri bati
Makina berriak, hardwarea eta softwarea erosteko inbertsioak bultzatzen ditu Renove Smart Industry programak, teknologia hauetakoren bat erabiltzen duten 4.0 Industriako proiektuei aurre egiteko:
- Fabrikazio aurreratua: Big Data eta Analisi Aurreratuaren teknikekin, fabrikazio-prozesuetan sortutako datuen bolumen handiak aztertzeko, eraginkortasuna eta erabakiak hartzeko prozesua hobetzeko helburuz. Aprobetxatu datuen boterea lehiakorragoa izateko!
- Fabrikazio aditiboa: 3D inprimaketarekin lotutako proiektuak, modu malguan ekoizteko eta fabrikatzeko, hainbat material mota erabilita, produktuen pertsonalizazioa erraztuz eta ekoizpen-denborak murriztuz.
- Robotika aurreratua eta kolaboratiboa: hobetu ekoizpen-prozesuak eta handitu lantokiko produktibitatea, teknologia robotikoari esker. Robot konektatuak, denbora errealean langileekin, beste robot batzuekin edo makinekin kolaboratzen dutenak.
- Industrial Internet of Things: ezarri sentsoreak makinetan, haien egoera eta errendimendua monitorizatzeko; ezagutu uneoro hornikuntza-katearen egoera, inbentarioa hobetu kudeatzeko; kontrolatu eta optimizatu energia-kontsumoa. Aprobetxatu Interneteko konexioa, denbora errealean informazioa jaso eta trukatzeko.
- Adimen Artifiziala: ingurune industrialerako proiektu espezifikoak, lantegiko makinek eta ekipamenduak modu autonomoan ikasi eta erabakiak hartu ahal izateko. Gainera, Machine Learning edo Deep Learning teknikak txertatuta, ekoizpenaren ikuspegitik garrantzitsuak diren portaerak edo egoerak iragar daitezke.
- Sistema ziber-fisikoak: automatizazio industrial aurreratuko proiektuak, ekoizpen-prozesuak modu autonomoan kontrolatzen eta monitorizatzen dituzten sistemekin. Ekintza horiek barne hartzen dute sareari konektatutako sentsoreak eta kontrol-sistemak integratzea.
- Errealitate birtuala: benetako egoerak mundu simulatuetan edo ingurune birtualean birsortzea, prozesu konplexuen prestakuntza-prozesuetarako, arriskurik hartu gabe; produktuek prototipoak diseinatzea eta bistaratzea; datu-bolumen handiak bistaratzea; edo urrutiko proiektuetan parte hartzea.
- Errealitate areagotua: mundu fisikoan eta denbora errealean informazio digitala gainjartzen da (adibidez, grafikoak, testua edo irudiak), betaurreko adimendunen, tableten edo smartphoneen bidez. Hala, ingurune fisikoan integratutako elementu birtual horiek ikusi eta manipulatu daitezke, gailu horien bidez.
- Biki digitalak: aktiboen, prozesuen edo sistema industrialen erreplika birtualak sortzeko eta, hala, benetako homologoak egoera jakin batzuetan duen portaera aztertu eta haren eraginkortasuna hobetu ahal izateko. Horrela, modu merkeagoan garatu eta probatu daitezke produktuak, eta produktu fisiko batekin egitea baino eraginkorragoa da.
Nola laguntzen dizu Renove Smart Industryk 4.0 Industriako proiektuak lantzen?
Zure enpresa Euskadin kokatutako ETE industrial bat edo industriarekin lotutako zerbitzuak eskaintzen dituen ETE bat bada, eta Industria Adimendunerako trantsizioa hasi nahi baduzu, programak 75.000 euro arteko laguntza bat emango dizu, makina berrien, hardwarearen eta softwarearen inbertsioak finantzatzeko. Era berean, proiektuarekin lotutako aholkularitza- eta ingeniaritza-gastuei aurre egiten lagunduko dizu, prozesua bermeekin egiteko.
Gainera, beste finantzaketa-iturri batzuetara jotzeko beharra gutxitzeko, % 50eko aurrerapena jasoko duzu zure eskaera onartzen denean.
SPRI Taldeak hainbat laguntza-lerro ditu Euskadiko enpresa industrialak Industria Adimendunera igarotzeko prozesua bultzatzeko. Horien artean daude Smart Industry laguntzak, ekoizpen- eta fabrikazio-prozesuetan EIKTak txertatzea helburu dutenak, balio erantsi handiko produktu eta zerbitzu industrialak garatzeko helburuz.
Kontsultatu laguntza hau eskatzeko baldintzak, eta eman beste pauso bat 4.0 Industriarantz. Eskatu Renove Smart Industry laguntza azaroaren 8a baino lehen.
Lotutako albisteak

Eusko Jaurlaritzak Euskal Finantza Aliantza sustatuko du, lankidetza publiko-pribatuak 4.000 milioi mobiliza ditzan Euskadiren eraldaketa ekonomiko eta industrialerako
Lehendakaria buru dela egin da, Bilbon, Eusko Jaurlaritzak eta bederatzi toki-erakundek “funtsak, tresnak eta finantza-ahalmenak batzeko” protokoloaren sinadura-ekitaldia. Finantzen Euskal Institutuarentzako 1.000 M€-ko zuzkidurarekin hasten da, haren inbertsio-ahalmena indartu dadin

Mikel Jauregi: “Eusko Jaurlaritzari dagokio Euskadiko enpresei segurtasuna eta ziurtasuna eskaintzea”
Sailburuak "enplegua eta aberastasuna sortzeko Euskadiko enpresek egiten duten lana" balioan jarri du, enpresari eta ekintzaileen figurari prestigioa emateko beharra aldarrikatuz

Elkargik tamaina bikoiztu du, enpresa txiki- ertainen finantza erakunde gisa finkatuaz
2024an, 1400 enpresa ingururi eman die laguntza, eta gaineratu egitean da ia 11.300 enpresetarako indarrean duen finantziazioari, zeintzuek 38.500 milioi euroko fakturazioa duten eta 250.000 enplegu baino gehiago ordezkatzen dituzten.

Mikel Jauregi: “Nazioarteko ziurgabetasunaren aurrean, baikortasunez eta ilusioz ari gara lanean Euskadiko industria Europako berrindustrializazioaren buru izan dadin”
Mikel Jauregi sailburuak modu positiboan baloratu du Sidenorreko presidente José Jainaga enpresaria buru duen euskal partzuergoak Trilantic funtsari Talgoren % 29,7 erosteko aurre-akordioa. Partzuergo horrek Eusko Jaurlaritzaren -Finkatuz Funtsaren bitartez- eta Caja Vital Kutxa eta Bilbao Bizkaia Kutxa fundazioen babesa du

Euskadik apustu industriala indartu du talde estrategiko batekin, Europan kokatzeko, erronka global handiei aurre egiteko eta nazioarteko jokalekuaren aldaketei aurrea hartzeko
Imanol Pradales lehendakaria buru izan da Defentsa Industrialerako Taldean. Foro honetan, erakundeak eta produkzio-sektoreak biltzen dira, gero eta handiagoa den protekzionismoaren eta ezegonkortasun globalaren aurrean estrategiak diseinatzeko eta lerrokatzeko