SPRI Taldeak BasKeep Konnekt, Euskadiko enpresa industrialei eta inbertitzaileei zuzendutako lehen jardunaldia, antolatu du urriaren 4an
Parekorik ez duen topaketa da eta Deustuko Unibertsitatearen CRAI aretoan (Bilbo) egingo da Baskeep Konnekt Euskadiko enpresa industrialei eta Euskadiko ekosistema industrialaren aldeko apustua egiteko interesa duten inbertitzaileei zuzenduta. Finantza eta inbertsio arloko ekosistemako eta lege eta enpresa arloetako ordezkariak lehen aldiz bilduko dira Euskadiko enpresa industrialek aurre egin beharko dieten hazkunde, ondorengotza eta negozioari jarraipena emateko erronkak planteatzeko eta inbertitzaileek eskaintzen dituzten hazkunde-aukerak eta kapitalera sarbidea izateko aukerak ezagutzeko.
BasKeep da Euskadiko enpresa industrialak inbertitzaileekin erraz, bizkor eta modu konfidentzialean lotzen dituen lehen aplikazioa. Gaur egun, 135 inbertitzaile baino gehiago ditu erregistratuta, eta Euskadiko 77 enpresa daude inbertsioa modu aktiboan bilatzeko izena emanda.
Ekimenaren helburua da Euskadiko enpresa-egituraren lehiakortasuna hobetuko duten irtenbide eta tresnak eskaintzea sinergia bidez. Hala, bertaratzen direnek BasKeepek Euskadiko enpresa industrialei eskaintzen dizkien onurak ezagutzeko eta, aldi berean, inbertitzaileei Euskadik eskaintzen dituen inbertsio-aukera berriak ezagutarazteko aukera izango dute.
Mahai-inguruak: Euskadiko enpresa industrialen erronkak
Jardunaldiaren helburua da Euskadiko industria-sareak dituen erronka nagusiak jorratzea mahai-inguru batzuen bidez. Mahai-inguru horietan, ikuspegi praktiko eta didaktiko batetik, Euskadiko industriak dituen erronketako batzuk landuko dira. Besteak beste, gai hauek jorratuko dituzte: familia-enpresen oinordekotzak eta belaunaldi-erreleboa, edo hedatze-prozesuan dauden enpresen prebentziozko berregituratzeak eta hazkundea nola bideratu.
Ekitaldiari irekiera Aitor Urzelaik, SPRI – Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiak, emango dio eta ondoren egingo da lehen mahai-ingurua “Sucesiones y/o relevo generacional” (Ondorengotzak eta/edo belaunaldien arteko erreleboa) izenburupean. Lehen saio horretan, familia-enpresa askoren errealitatea, belaunaldi-erreleboa egiteko garaian bizi dituzten egoerak eta horiei aurre egiteko modua aztertuko dira. Ideia nagusia da erabilgarri dauden jarduteko aukerak azaltzea, inbertitzaile berriak sartu diren Euskadiko ekosistemako kasu eta esperientzia errealen bidez.
Mahai-inguruko hizlarien artean inbertsioen eta enpresen setkorerako garrantzi handiko profesionalak eta adituak daude: Gaizka Zulaika, AEFAMEko zuzendari nagusia; Pascal Gómez, Auxiteceko presidentea; Iñaki López Gandasegui, Kaizaharra enpresa-korporaziokoa; eta Elisabeth Errasti, Cuatrecasasen fiskalitate korporatiboko bazkidea.
Bigarren mahai-inguruaren izenburua “Reestructuraciones preventivas y venta de unidades productivas” (Prebentziozko berregituraketak eta produkzio-unitateen salmentak) izango da eta erreformak berregituraketetarako, merkataritza-funtsaren balio-galera ekiditeko eta enpresen jarraipenaren aldeko apustua egiteko dituen abantailak aztertuko ditu. Horretarako, Euskadin arrakasta izan duten produkzio-unitateen berregituraketa eta salmenta kontuan hartuta, erreforma honek biltzen dituen berritasunak landuko dituzte.
Bigarren mahai horretako partaideak izango dira hauek: Núria Meler, Aranzadi LA LEYn konkurtso-edukien arduraduna; Itsaso Santos, PKF Attesteko Berregituraketen eta Kaudimengabezien arloko arduraduna; Luis Miguel Sánchez Velo, Banco Santander bankuko Berregituraketetako Aholkularitza Juridikoko zuzendaria; eta Jose María Tapia, Bilboko Merkataritza arloko 3. epaitegiko magistratua.
“Empresas en crecimiento y conformación de grupos industriales” (Hazten ari diren enpresak eta industria-taldeen eraketa) izango da hirugarren laneko mahai-ingurua eta enpresen tamaina eta lehiakortasunaren erronka sakonduko ditu, hazkunde ez-organikoaren bidez sinergiak eta aukerak bilatuz Helburua tamainaren garrantzia islatzea da, proiektu eta merkatu berriak landu ahal izateko; izan ere, inbertitzaile bat izateak (finantza edo industria arlokoak) oso rol garrantzitsua izan dezake.
Hirugarren zati horretan, honako hauen arteko eztabaida egingo da: Laura Izaguirre, Spri Taldeko Garapen Industrialeko arduraduna; Aitor Alapont, P4Q enpresako zuzendari nagusia; Idoia Bengoa, Talde Gestiónen zuzendari nagusia eta kontseilaria; eta Marco Pineda, Mirai Investments-en zuzendari nagusia. Bestalde, topaketari amaiera Arantxa Tapiak, Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburuak, emango dio. Ondoren, networkingeko topaketa egongo da partaideen artean.
BasKeep Konnekt topaketara joateko eta egitarau osoa ikusteko, egin klik hemen.
AURREZ AURREKO EKITALDIA
BASKEEP KONNEKT
Urriaren 4an, 09:00etatik 13:00etara
CRAI aretoa, Deustuko Unibertsitatea, Bilbo
Sartu izen-ematera eta egitaraura
Lotutako albisteak

Mikel Jauregi: “Eusko Jaurlaritzari dagokiola Euskadiko enpresei segurtasuna eta ziurtasuna eskaintzea”
Sailburuak "enplegua eta aberastasuna sortzeko Euskadiko enpresek egiten duten lana" balioan jarri du, enpresari eta ekintzaileen figurari prestigioa emateko beharra aldarrikatuz

Elkargik tamaina bikoiztu du, enpresa txiki- ertainen finantza erakunde gisa finkatuaz
2024an, 1400 enpresa ingururi eman die laguntza, eta gaineratu egitean da ia 11.300 enpresetarako indarrean duen finantziazioari, zeintzuek 38.500 milioi euroko fakturazioa duten eta 250.000 enplegu baino gehiago ordezkatzen dituzten.

Mikel Jauregi: “Nazioarteko ziurgabetasunaren aurrean, baikortasunez eta ilusioz ari gara lanean Euskadiko industria Europako berrindustrializazioaren buru izan dadin”
Mikel Jauregi sailburuak modu positiboan baloratu du Sidenorreko presidente José Jainaga enpresaria buru duen euskal partzuergoak Trilantic funtsari Talgoren % 29,7 erosteko aurre-akordioa. Partzuergo horrek Eusko Jaurlaritzaren -Finkatuz Funtsaren bitartez- eta Caja Vital Kutxa eta Bilbao Bizkaia Kutxa fundazioen babesa du

Euskadik apustu industriala indartu du talde estrategiko batekin, Europan kokatzeko, erronka global handiei aurre egiteko eta nazioarteko jokalekuaren aldaketei aurrea hartzeko
Imanol Pradales lehendakaria buru izan da Defentsa Industrialerako Taldean. Foro honetan, erakundeak eta produkzio-sektoreak biltzen dira, gero eta handiagoa den protekzionismoaren eta ezegonkortasun globalaren aurrean estrategiak diseinatzeko eta lerrokatzeko

Eusko Jaurlaritzaren industriari laguntzeko plan berriaren bidez, 500 milioira arte jarriko dira industria-sektorea indartzeko, arreta berezia eskainiko zaie ETEei
Katalogo digital bat egin da, SPRIren web-orrian web-orrian kontsulta daitekeena. Katalogo horretan deskribatzen dira laguntzaren edo zerbitzuaren izena, aurtengo aurrekontua, laguntza norentzat den, argitalpen-data eta eskatzeko modua