Eika orain dela mende erdi sortu zen Bizkaiko Lea-Artibai eskualdean emakumeei industria-enplegua emateko hausnarketa-prozesu baten emaitza gisa, eta langileen % 52 emakumezkoa da. 2023an SPRI Taldeak eginiko Emakumeen inpaktua industriako lehiakortasunean azterketan parte hartu zuen ia 500 enpresetako bat da.
Emakumeen presentziak azterketan parte hartu zuten enpresen batez bestekoa bikoizten du, % 21,74koa hain zuzen ere. EIKAko zuzendaritzako lanpostuetan eta Zuzendaritza Batzordean genero-berdintasuna dago (% 40-% 60 emakume eta gizonak). Datu horiek bereziki azpimarragarriak dira kontuan izanda EIKAko lanpostu kualifikatuen % 20 eta % 40 artean soilik ordezkatzen dituztela emakumeek, enplegu osoaren % 52 badute ere.
Konpainiak azterketan hautemandako kontziliazio-neurri ia guztiak ditu ezarrita, telelana egin ahal izateko aukera salbu, lagina osatzen duten enpresen % 31n gertatzen den moduan. Erabilera hori modu parekatuan gauzatzen da gizon eta emakumeetan.
Bestalde, Eikak azterketan hautemandako generoari buruzko barne-politika guztiak ditu, baita oinarrizko sortze-elementu moduan berdintasunarekiko konpromiso gehigarria ere, eskualdeko emakumeentzat enplegua sortzeko helburuaren baitan
Bide honetan guztian, Eikak berdintasunaren aldeko hautuari eutsi dio bere printzipio estrategikoen barnean, tutu-formako erresistentzia elektrikoak ekoizten hasi zirenetik gaur egun teknifikazio-maila handiko enpresa kooperatiboa bilakatu den arte, nazioarteko presentzia handiarekin eta egosketa elektrikoaren merkatuan liderra izanik.
Inguruan errotzeko eta lana sustatzeko bokazioa dute; izan ere, Lea-Artibai eskualdeko errealitatearen ezagutza sakona dute. Ezagutzen dute industriak ekoizpen-prozesuan emakumeak sartzeko duen zailtasuna. Haien jatorriei leial izateko nahia tarteko, azterketa bat egin zuten, eta egiaztatu zuten eskualdean emakumeen % 8k baino ez duela industria-arloari lotutako ikasketarik egiten.
“Emakumeak Eikara gerturatzea nahi badugu, hezkuntza-eremuetara hurbildu behar dugu kooperatiba. TALENTATU moduko programen edo ZIENTZIA EGUNA, LEARTIBAI FUNDAZIOArekiko lankidetzaren bidez, enpresa-proiektua eskualdeko ikastetxeetara gerturatzen dugu. Eskualdeko enpresek egiten dutena ezagutzea sustatzen dugu, ikasketa teknikoak neskentzat ere erakargarriak izan daitezen”, azaldu du EIKA Giza Baliabideen lantaldeko Vanesa Salgueirok.
Bestetik, barne-sustapen prozesuak haien DNAren parte dira. “Muntaketara bideratutako enpresaren hasierako logika aldatu egin da, eta orain enpresa teknikoagoa, automatizatuagoa eta berrikuntzaren aldekoagoa da. Horrek profilak egokitu beharra ekarri digu”, onartu du Javier Baztanek, berrikuntza, dibertsifikazio eta negozio berrien buruak. Zailtasun horiei aurre egiteko, heziketaren eta kualifikazioaren alde egiten dute argi eta garbi haien lantaldeetako emakumeentzako barne-sustapeneko neurri gisa.
Lanpostu kualifikatuetan emakumeen presentzia areagotzeko tresna gisa hezkuntzarekiko konpromiso sendoa du kooperatibak. Hori horrela, ekoizpen-katean zeuden emakumeek, kooperatibaren laguntzaz, erraztasunak dituzte prestakuntza-zikloetara sartzeko, matrikulak enpresak ordainduta, ordu-malgutasuna eta kooperatiban praktikak eginda. “Aukera horri esker, hainbat emakume ekoizpen-katetik lanpostu kualifikatuagoetara igaro dira”, nabarmendu du Vanesa Salgueirok. “Zehaztasunekiko duten gustua eta prozesuen zainketa dela eta, emakumeak asko balioesten dira laborategiko lanpostuetan edo industria-prozesuetan”, osatu du Javier Baztanek.
Malgutasunaren alde egiten duten prestakuntza-politikek eta kontziliazio-politikek emakumeek industriako enplegua etorkizuneko aukera gisa ikustea ahalbidetzen du. Malgutasuna eta erantzukidetasuna apustua da taldeen kudeaketan. “Zaila da hiru txandako, are lau txandako, lantegi batean telelana orokortzea. Horregatik, ordutegi-malgutasunaren bilaketan aurrera egiten ari gara lantaldeek konfiantza sentitzeko neurri gisa, eta erantzukidetasuna egon dadin. Kooperatiba bat izateak ideia hori indartzen du, ontzi berean gaudelako denok”, aitortu du Javierrek.
Enpresak emakumeentzako lan-aukerak sortzea azpimarratzen du, eta kooperatiban promozionatu direnak ikustaraztearen garrantzia: “Asko saiatzen gara mailaz igo diren emakume horien adibideetan. Balioa ematen diegu gure komunikazioetan”, adierazi du Vanesa Salgueirok. Gainera, amaitzeko, zenbait eremu maskulinizatutzat jotzen direla aipatu dute, baina Eikaren kasuan emakumeek zuzentzen dituzte sail horiek, Kalitatearen Zuzendaritza edota Industria Zuzendaritza, esaterako. “Egoera hau ez dagokio moda bati edo garaiaren ezaugarri bati, baizik eta pertsonen gaitasun eta balioaren aitortza bati, eta noski, gure jatorritik berdintasunarekiko dugun konpromiso errealari”, baieztatu du Javier Baztanek.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?