SVE bere zuzendaritza-organoetako genero-berdintasunagatik nabarmentzen da
Arabako Teknologia Parkean dagoen SVE Corp enpresa sorkuntza elektrikorako kontrol-produktuetan eta motoponpatan liderra den mundu mailako enpresa da eta bere genero-berdintasuneko planak direla eta nabarmentzen da. Zuzendaritza-organoetan, emakumezkoen eta gizonezkoen antzeko ehunekoa du (% 40 eta % 60, hurrenez hurren) eta emakumezkoen generoak enplegu osoaren % 35 betetzen du. Hau da, SPRIk 2023an egindako Emakumeen inpaktua industriako lehiakortasunean azterlanean parte hartu zuten ia 500 enpresetako batezbestekoa baino kopuru handiagoa du, % 21,74koa baitzen.
SVE 1972an sortu zen eta berrikuntzarekiko bere konpromiso irmoa azpimarratu behar da. Izan ere, gutxienez urteko fakturazioaren % 15 bideratzen du I+G+b arlora. Garapenean eta ikerketan egindako etengabeko inbertsio horri esker, abangoardia teknologikoan dago, eta kalitate eta eraginkortasun handiko soluzioak eskaintzen ditu. Ongizate orokorrarekin, ingurumenaren zaintzarekin eta parekidetasunarekin konprometitutako pertsona-talde gisa definitzen da.
Álvaro Cristóbalen, duela 14 urtetik SVEko gerentearen, ustez, genero-berdintasunean lortutako emaitza on horiek berdintasuna funtsezko balio gisa barneratuta duen enpresa-kultura sendoak ahalbidetu ditu. “Ez zaigu harrigarria iruditzen ondo posizionatuta egotea; izan ere, gure kultura eta uste inklusiboak bideratzen gaituzte horretara”.
Zuzendaritza-postuen eta Zuzendaritza Batzordearen parekatze praktikoaren arrazoia balio inklusiboetan, bidezko kontratazio-politiketan, emakumeentzako garapen profesionaleko programetan eta emakumeen lidergoa sustatzen duten ekimenei emandako bultzada irmoan oinarritutako uste sakona da.
Lorpen handiak izan dituen arren, SVEk badaki oraindik ere erronkak dituela honako hauekin lotuta: zuzendaritzan parekotasuna lortzeko bidean, zenbait lan eremutan oraindik irauten duten kultura- eta egitura-oztopoak, emakume batzuek lidergo-rolak beren gain hartzearekin lotuta duten erresistentzia, historikoki gizonezkoenak izan diren giroek eta nork bere buruari ezarritako aurreikuspenek eraginda.
Konpainiak modu aktiboan egiten du lan emakumeen artean bokazio teknikoak sustatzeko ekimenetan, prestakuntza teknikoa duten emakumeen presentzia handiagoa ikusten baitu. Cristóbalek SVEko lan-baldintzak “osasungarriak, erantzunkideak eta errespetuzkoak” direla eta horiek guztiek pertsona guztien kontziliazioa eta bertan jarraitzea bultzatzen dutela nabarmendu du.
Dena den, emakumezko hautagaien gorakada hori ez da lanbide-heziketan hautematen, oraindik ere profil gehienak gizonezkoenak baitira. Hori erronka bat da SVE bezalako industria-produkzioko lantegietan parekotasuna lortzeko. Bestalde, I+G saileko genero-oreka nabarmentzen da. Sail horretan, emakumeek profesionaltasun maila oso handia dute eta, Álvaro Cristóbalek aitortzen duenez, lanarekiko ardura eta enpresarekiko konpromisoa dira nagusi.
Kontziliazioa
Lanbide-heziketan emakumeen azpiordezkaritzarekin gertatzen den bezala, SVEk gizonen artean administrazio- eta gizarte-bokazioak sustatzeko beharra ere badagoela onartu du, administrazio- eta marketin-sailetan emakumeek duten presentzia handiagoa orekatzeko. “Sail horietan, prestakuntza ona duten emakumezko langileen eskaintza gizonezkoena baino handiagoa da”, ohartarazi du Cristóbalek.
Pertsonak eta giza taldearen interdependentzia oinarri dituen bere enpresa-kulturalari eutsiz, lan arloaren eta lanez kanpoko arloaren arteko lotura biltzen du. Horregatik, kontziliazioa errazten duten politikak ezarri dituzte, hala nola lanaldia 17:30ean amaitzea, oporrak planifikatzeko askatasuna, laneko nekea prebenitzeko zereginak antolatzea, zaintzarako baimenak eta lanaldi-murrizketa familiarekin edo prestakuntzarekin lotutako beharren kasuan, eta behar pertsonalekiko errespetua. Langileen ongizate integralari lehentasuna emanda, lan-ingurunea gizatiartzen dute, eta lehiakortasuna eta arrakasta bultzatu.
Errespetu- eta lankidetza-filosofia horrekin bat etorriz, berdintasunerako hainbat barne-politika ezarri ditu, eta politika horiek lan-ingurune inklusibo batekiko konpromisoa sendotzen dute. Politika horien artean, hizkera ez-sexistaren erabilera eta jazarpen-protokoloa nabarmentzen dira. Neurri horiek azpimarratu egiten dute barneko zein kanpoko elkarrekintza guztietan errespetua eta berdintasuna sustatzen dituen kulturaren garrantzia.
SVEko zuzendaritzaren ustez, neurri horiek funtsezkoak dira langile guztien talentuak eta gaitasunek aurrera egin ahal izango duten ingurunea sortzeko eta, horrela, enpresaren lehiakortasuna eta arrakasta orokorra lortzen laguntzeko. Lehiakortasuna errespetuan, inklusioan eta berdintasunean oinarrituta eraikitzen dela uste du. Hain zuzen ere, printzipio horiek bultzatzen dute erakundearen arrakasta eta etengabeko garapena.
SPRI Taldeak aukera ematen die euskal enpresei haien jardueraren berri emateko bere informazio-kanaletan. Zure proiektua gure gaiekin lotuta badago (I+G+b, digitalizazioa, internazionalizazioa, ekintzailetza, berrikuntza…), Zutaz mintzo gara ekimenean parte har dezakezu.
Lotutako albisteak

MEPRO Medical Reproductive Solutions, gizarte-helburu teknologia: ugalkortasun maskulinoa berritzen
Gure helburua osasun-profesionalei eta bikoteei antzutasunaren erronkei aurre egiteko tresna berritzaile, seguru eta eraginkorrak eskaintzea da

Tecoplasek plastiko teknikoen eraldaketan erreferentzia gisa sendotzea du helburu
Bizkaiko enpresak industria-sektorerako eta uren tratamenduko sektorerako lantzen du material hori, eta akuikultura- edo elikagaigintza-sektoreetan duen posizioa handitzea esploratzen ari da.

Aloka, profesionalen artean ikus-entzunezko materiala alokatzeko plataforma
Gipuzkoako startup-ak hainbat ekipo eskaintzen ditu, hala nola kamerak, grabagailuak, mikrofonoak, droneak. Mobile World Congress-eko 4YFN biltzarrean parte hartu zuen, SPRI Taldeak kudeatutako stand batekin, webgunea inbertsore eta bezero potentzialei aurkezteko.

Haizelur, nazioartekotzearen aldeko apustua egiten duen doitasun-mekanizazioaren arloko Debako ETEa
Enpresaren esportazioek SPRI Taldearen zibersegurtasuneko programaren dirulaguntza jaso dute eta negozioaren % 35era iritsi dira dagoeneko

Metagra, mende erdiko berrikuntza automobilgintzarako hotzeko estanpazioan
Bergarako enpresa pieza konplexuen fabrikazioan sendotu da, jasangarritasunaren eta berrikuntzaren alde eginez.

Senvia Systems-ek beste enpresa batzuk gidatzen ditu haien sustapenean eta eraldaketa digitalean
Iaz sortutako enpresa gipuzkoarrak sistemetan, komunikazioetan eta zibersegurtasunean oinarritutako IT zerbitzuak eta aholkularitza eskaintzen ditu.

Jon Ander Egaña: “BASQUE FOOD CLUSTERrek elikadura euskal industriaren sektore estrategiko gisa kokatzea lortu du”
Elikatze-katearen euskal elkartea 150 enpresa eta erakunde baino gehiagoren lehiakortasuna hobetzeko lanean ari da, berrikuntzaren garapenarekin, lankidetza-proiektuekin eta teknologien integrazioarekin.

Siteco, 30 urte automatikoki ordaintzeko makinak ekoizten
Arabako enpresak administrazio publikoarekin eta ostalaritza sektorearekin egiten du lan, eta urteak daramatza nazioarteko merkatuan.

Akting, gizarteari balioa emateko teknologia
Gipuzkoako enpresak euskarri desberdinetarako aplikazioak garatzen ditu eta digitalizazioaren, datuen analisiaren eta prozesuen optimizazioaren aldeko apustua egiten du.

Mecanizados Patro enpresak “fidagarritasuna, segurtasuna eta eraginkortasuna” eskaintzen ditu trenbide-sektorean
Serie laburretarako eta luzeetarako pieza espezifikoak fabrikatzen ditu enpresa arabarrak, doitasun handiko lan-tresna eta makinekin.