114 enpresak hartu dute parte Euskadiko industriaren digitalizazioa sustatzeko kongresuan
114 enpresak hartu dute parte asteazken honetan Networking Empresarial 2024 – Smart Industry kongresuan, industriako enpresen eta zerbitzu digitalen enpresa hornitzaileen arteko lankidetza aktibatzeko. SPRI Taldeak antolatutako ekitaldia Euskadiko enpresei eraldaketa digitalean laguntzeko eta, hala, lehiakorragoak izateko beste urrats bat da.
Eusko Jaurlaritzaren 2025erako Euskadiko Eraldaketa Digitaleko Estrategiaren barruan kokatzen da. Erakundeen arteko lankidetza sustatzea da egitasmo honen helburua, ekoizpen-prozesuetan EIKTak (Elektronika, Informazioa eta Komunikazioaren Teknologiak) txertatzea bultzatzeko, enpresetan industria adimenduna garatzeko apustu gisa, euskal industriaren eraldaketa digitala moldatzeko eta abiadura desberdinak saihesteko helburuz.
Leyre Madariagak, Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitaleko eta Ekintzailetzako Zuzendariak, eman dio hasiera jardunaldiari eta nabarmendu du enpresetan teknologia berriak sustatu nahi direla, “2026rako enpresek beraien negozioaren % 26 baino gehiago esperientzia digitalen bidez lortuko dutelako”.
Madariagak azpimarratu du Euskadiko industriaren digitalizazio-prozesua “gure lehiakortasuna indartzeko aukera berdingabea” dela. Gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak enpresentzako ibilbide bat sortu duela, eraldaketa horretan laguntzeko. Erantsi du Gobernuak 6.000 proiektu baino gehiago lagundu dituela, 80,4 milioi euroko dirulaguntzekin. “Aurten, 25 milioi euro baino gehiago izango dira, % 15 gehiago”.
Tomas Iriondo Gaia klusterreko zuzendari nagusiak nabarmendu du egun 24.000 profesionalek egiten dutela lan Euskadin teknologiaren arloan eta sektore horretako enpresetan, iaz 6.561 euro fakturatu zituztela eta Euskadiko BPGri (Barne Produktu Gordina) % 7,4ko ekarpena egiten diotela dagoeneko.
Halaber, eraldaketa digitalaren oztopoak aipatu ditu Iriondok, esaterako, zibersegurtasuna, datuen babesa eta kanpoko araudiak: “ez bagara digitalizatzen, ez dira bideragarriak izango”. Baina Euskadik eraldaketa digitalean laguntzeko duen ekosistema “indartsua” azpimarratu du. “Gure ardatzak elektronika eta EIKTak dira eta 57 teknologia espezifiko ditugu”.
Arrakasta kasuak
Jardunaldian hiru arrakasta-kasu aurkeztu dituzte. José Luis Gironések, AINko (irabazi asmorik gabeko zentro teknologiko bat da) teknologia digitalen saileko zuzendariak, industria-prozesu konplexuetarako zehaztasuneko robotika malgua erabiltzeko bere proiektua azaldu du. ImitAI da proiektua eta adimen artifizialaren bidez robotak imitatzean datza. “Langile batek erakusten dio robotari zer egin behar duen. Soldadurarako, kableak manipulatzeko ea zehaztasun-diametroetan sartzeko erabili da”.
José Ramón López Erauskinek, Mekaleruneko (zehaztasuneko mekanizazioan jarduten duen Elgoibarko enpresa bat da) zuzendari kudeatzaileak, mekanizazioan teknologia digitalak txertatzeko bere proiektua azaldu du. “Lehiakorragoak izan behar dugulako” ekin zioten prozesu honi.
“Pertsona bat kontratatu genuen horretan bakarrik jarduteko. Sailak modu independentean digitalizatzen hasi ginen”. Gehitu du esperientzia digitalari esker, makinaren geldialdi-denborak eta gastuak murriztu dituztela eta makinaren errendimendua hobetu.
Laura Francosek, Smart PM enpresako (automatizazioetarako produktuak garatzen ditu) eta Tecnocim Taldeko (soluzio digitalak ezartzen ditu) CEOak, nabarmendu du zibersegurtasuna, sistemen integrazioa eta hodeiko konputazioaren moduko teknologien erabilera beharrezkoak direla. “Erronkarik handiena pertsonak dira, aldaketekiko erresistenteak baitira. Ez da digitalizazioa soilik, baita araudiak eta kostuak eta inbertsio-itzulketak ere”.
Industriako digitalizazioa “erraz egitearen” alde egin du. “Guk erraz ezartzen den teknologia sortu dugu, bezero bakoitzaren egoerara oso aplikatua”. Eta amaitzeko: “Digitalizazioa ez da hautazkoa, talentuaren arazoa kudeatzeko modu bakarra da”.
Kongresua amaitzeko aldebiko bilerak egin dituzte enpresen artean, bai industriakoen, bai EIKT zerbitzuen hornitzaileen artean, eta informazioa eta esperientziak trukatu dituzte beren negozioetara ondoen egokitu daitezkeen produktu eta zerbitzuei buruz.
Lotutako albisteak

Industria Digitaleko laguntzek zure negozioaren eraldaketa digitala lortzeko bidea irekiko dizute
Industria Digitala 2025 laguntza-programaren aurtengo edizioa martxoaren 18tik irekita, 7.5 milioi €-ko aurrekontuarekin. Euren negozioa digitalki eraldatu nahi duten enpresek urriaren 31era arte aurkez ditzakete euren eskaerak.

Zaher Taldeak bere eraginkortasun operatiboa hobetzea du helburu eraldaketa digital nabarmen baten bidez
Enpresa gipuzkoarra bere zuzendaritzaren errelebo betean murgilduta dago, galdaragintzan eta mekanizazioan aritzen da, eta nazioartekotzearen aldeko apustua ere egin du.

Einnek, bost urte etengabe eboluzionatzen sektore elektriko-elektronikoan
Pandemia betean jaio zen enpresak eraldaketa digitalaren aldeko apustua egin du hasieratik, sektorean bereizteko; bideojoko bat ere sortzen ari da, ingeniaritzako eta muntaiako barne-prestakuntza teknikoa iraultzeko.

Enpresa industrialen eta industria adimendunean espezialistak diren enpresa digitalen arteko elkarlana erraztuko du SPRI Taldeak
Enpresen Networkinga 2025 - Smart Industry kongresuaren 8. edizioa egingo dute martxoaren 26an, Bilbon, eraldaketa digitalari laguntzeko

Logistikari buruz Euskadin egiten den kongresuaren hirugarren edizioa egingo dute BECen
Azoka da iparraldeko eremuan packagingaren, logistikaren eta garraioaren sektoreak biltzen dituen azoka bakarra