Filtra tu búsqueda



Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 28 uztaila, 2021 Eraldaketa digitala EIKTak

17 erakundek sortu dute BAIC (Basque Artificial Intelligence Center) Elkartea, Adimen Artifizialeko Euskal Zentroa

Espreski sortu da Euskadin Adimen Artifizialaren garapena gidatu eta bultzatzeko

17 erakundek sortu dute BAIC (Basque Artificial Intelligence Center), Adimen Artifizialeko Euskal Zentroa, Euskadin Adimen Artifizialaren garapena gidatu eta bultzatzeko eta, bide horretatik, “enpresen lehiakortasuna eta euskal gizartearen ongizatea hobetzeko”.

BAIC lankidetza publiko-pribatuko espazio bat da, helburutzat duena Adimen Artifiziala (AA) bultzatzea Euskadin. Funtsean, tresna bat da industriak albait azkarren txerta dezan AA eta, era berean, laborategi bat ere bai, baliagarri izango dena esperimentaziorako eta munduko erronka teknologiko eta sozial handienetako batean nazioarteko posizionamendua lortzen lagunduko diguten proiektuak azkartzeko.

Hauek dira BAIC sustatu duten erakundeak: CAF, Deusto Seidor, Euskaltel, Gestamp, Hupi Ibérica, Iberdrola, Inzu Group, ITP Aero, Mondragon Korporazioa, Onkologikoak, Petronor, Sener eta Versia, Sustatzaileen artean daude baita ere eragile zientifiko-teknologikoak eta prestakuntza zentroak, hala nola Tecnalia, Vicomtech eta Basque Center for Applied Mathematics (BCAM). SPRI Taldeak ordezkatzen du arlo publikoa Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren izenean.

Hauek dira elkarte berriaren helburuak:

  1. Adimen Artifizialaren garapena sustatzea Euskadin.
  2. Adimen Artifizialaren euskal ekosistema artikulatzea (enpresak, teknologi eta ikerketa zentroak, prestakuntza zentroak, e.a.).
  3. Adimen Artifizialaren sektoreko enpresa berrien sorkuntza sustatzea, tokiko enpresa trakziogileak inplikatuz.
  4. Adimen Artifizialaren arloko talentuaren sustapena ahalbidetzea Euskadiko prestakuntza zentroekin lankidetzan, arlo horretako prestakuntza aurreratua bultzatuz eta, bide horretatik, talentua sustatuz, garatuz, atxikiz eta erakarriz.
  5. Adimen Artifizialaren arloko sinergiak bultzatzea Euskadiko gaitasun zientifiko-teknologiko desberdinen artean.
  6. Nazioartera hedatzea Euskadik Adimen Artifizialaren sektorean daukan eskaintza, atzerriko talentua, enpresak eta inbertsioa erakartzeko, eta enpresak nazioarteko sare eta merkatuekin konektatu eta proiektatzeko,
  7. Adimen Artifizialaren arloko aurrerapen teknologikoen ondorio etikoak aztertzea eta aintzat hartzea.

 

Bere misioa betetzeko BAICek jarduera-eremu desberdinak jorratuko ditu, eta jarduera-eremu horiek elkarrekin konbinatuz posible izango da konponbide osoak eraikitzea AAk planteatzen dituen erronka konplexuentzat. Hauexek dira jarduera-eremu horiek:

  • Dagoeneko existitzen diren gaitasunak identifikatu, indartu eta koordinatu,
  • Talentua sustatu, garatu, atxiki eta erakarri,
  • Enpresak nazioarteko sare eta merkatuekin konektatu eta proiektatu,
  • AAren arloko enpresa berriak sustatu,
  • Proiektu pilotu bereziak garatu lurraldean, eta
  • Etorkizuneko lan-ildoak sortu administrazioentzat eta enpresentzat

 

BAICen jarduna bederatzi Ardatzetan oinarritzen da, zeintzuetara biltzen baitira AA Euskadiko eragile ekonomiko eta sozialentzat eraldaketa-palanka gisa bultzatzeko egin beharreko ahalegin zehatzak. Ardatz horiek apustu jakin batzuetan zentratzen dira, horien bidez eraiki ahal izateko enpresa-ehun aberats, dibertsifikatu eta berritzaile bat, ekosistema zientifiko-teknologiko espezializatu bat, Administrazio Publiko berritu bat eta AAk eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzeko gai izango den gizarte moderno bat.

Hauek dira apustuak:

 

  • Euskadiren I+G-ko gaitasunak sortzea eta indartzea AAren arloan
  • Adituz osatutako tokiko komunitate bat sortzea eta talentua sortu eta erakartzea
  • AA transferitzea, bai euskal enpresa trakziogileetara, eta baita ere ETEetara
  • AArekin lotutako negozio-eredu berriak garatzea
  • AAren arloko kontzeptuen inguruan sentsibilizatzea eta bizi osoko gaikuntza ematea
  • Administrazioko arlo desberdinetara zuzendutako AAren erabilpen kasuak garatzea
  • Datuaren Euskal Estrategiari laguntzea
  • Alderdi etikoak eta legalak aintzat hartzea ekimen guztietan
  • Nazioarteko sareetan posizionatzea eta parte hartzea

 

AA, lehentasun estrategikoa EBrentzat eta Eusko Jaurlaritzarentzat

BAIC abian jarri da, hain zuzen, AA eta gainerako teknologia digital berriak funtsezko instrumentu bilakatu direnean euskal gizartearen erronkei erantzuteko. Eusko Jaurlaritzak lider izan nahi du AA garatzeko eta haren inguruko ezagutza aplikatzeko prozesuan, eta horregatik, bere Gobernu Programako lehentasunen artean sartu du AA, zehazki, 14. konpromisoan: “Euskadin errotutako 4.0 Industria eta Adimen Artifizialaren garapena”. 2021eko martxoaren 31n onartutako Euskadi 2025 Eraldaketa Digitaleko Estrategiak dio Adimen Artifiziala funtsezko palanka teknologikoetako bat dela aipatutako hiru trantsizioek planteatzen dituzten erronkei aurre egin ahal izateko.

Gainera, Europako Batzordeak eraldaketa digitalaren aldeko apustua egin du, eta harekin bat etorriz, potentzia teknologiko handiek nahiz herrialde aurreratu txikiagoek ere dagoeneko ekin diote AA garatzen eta erabiltzen hasteko bideari. Azken horien artean aipatzekoak dira, adibidez, Finlandia, Danimarka, Eslovenia eta Estonia, zeintzuek herrialde handi eta aurreratuagoek baino ikuspegi espezializatuagoak garatu baitituzte euren nitxoak bilatu eta haiengandik bereizteko.

 

Euskadiko Adimen Artifizialeko aktiboak

Euskadik aktibo ugari ditu AA lurraldearen eraldaketa digital eta lehiakorrerako palanka gisa bultzatu ahal izateko.

  • Euskadiko RIS3 eremuetan badago berrikuntzarako eta lidergorako bokazioa duen enpresa-ehun bat, kluster-sare sendo batek babestua. Kluster horien barruan, produktu-merkatu berbera partekatzen duten ETE, erakunde eta Unibertsitateak lankidetzan aritzen dira lehiakor izateko eta globalizazioari, berrikuntzari eta jasangarritasunari erantzuteko. AAren ekosistemaren barruan badaude, batetik, EIKTen sektoreko enpresak eta startupak, dagoeneko AA erabiltzen dutenak edo epe laburrean erabiltzen hasiko direnak euren produktuak edo zerbitzuak garatzeko. Bestetik, badaude baita ere Euskadiko edo Euskadin finkatutako enpresa trakziogileak, zeintzuentzat onuragarri izan baitaiteke AAn oinarritutako konponbideak aplikatzea euren negozio-prozesuetan, hori dela eta, prest leudeke sektore horren garapena bultzatzeko Euskadin.

 

  • Badago baita ere Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea, zeina dibertsifikatua baitago eta aplikaziora orientatua. Euskadin kontzentratutako I+G+B-ko zentroei esker, posible da arlo horretako jarduera-konbinazio orekatu bat bultzatzea, ikerketa espezializatu eta bikaina garatuz aberastasuna eta ongizatea sortzeko l Abangoardiako ikerketa sortzeaz gain, sare horrek aukera ematen du goi-mailako talentua sortu eta erakartzeko.

 

Sare horren barruan aipatzekoak dira Euskadiko teknologi zentroak, BRTA aliantzaren bidez berrikuntza-proiektuak garatzen dituztenak enpresekin lankidetzan. Horri esker posible da prozesu, produktu eta zerbitzuen sofistikazioa bultzatzea gero eta nazioartekoago, lehiakorrago eta exigenteagoak diren merkatuetan. Horregatik, AAren ekosistemaren barruan teknologi zentro horiek ezagutzaren, berrikuntzaren eta garapen teknologikoaren iturri dira, eta bertara batzen dira orobat unibertsitateak eta industri arloko enpresak.

Horrez gain, badugu baita ere hezkuntzaren zutabea, EHU-UPVk, Deustuko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitateak eta Lanbide Heziketako Zentroek osatua Teknologi Zentroekin lankidetzan. Erakunde horien zeregina da profil profesionalak prestatzea Euskadiko produkzio-sarea mantentzeko eta berrikuntza sustatzeko euskal enpresetan.

 

  • Bestalde, Euskadin badugu Administrazio Publiko bat, digitala eta lehiakorra dena bere funtzionamenduan eta eskaintzen dituen zerbitzu publikoetan, eta AAren aldeko apustua egin duena lurraldearen garapen ekonomikorako palanka bezala. AAri esker, Administrazio Publikoak gai dira kalitatezko zerbitzu publiko pertsonalizatu eta proaktiboen eskaera gero eta handiagoari erantzuteko modu eraginkor, sinple eta gardenean, eta beti ere erabiltzailearen esperientziara bideratuta (izan pertsona bat, enpresa bat edo beste Administrazio bat). 2007tik, legeak aitortzen du edozein pertsona edo erakundek eskubidea duela Administrazio Publikoekin erlazionatzeko bitarteko digitalak erabiliz, eta hori akuilu bat da AAren erabilpena bultzatzeko eAministrazioaren garapenean eta zerbitzuen modernizazioan.

 

Euskal Administrazio Publikoek urteak daramatzate prestatzen digitalizazioaren erronkari aurre egiteko. Horren erakusgarri, Interneterako sarbidea duten euskal enpresen % 94,4k tramitazio elektronikoak egin zituzten euskal Administrazioekin 2020an.[1] Zentzu horretan, Administrazioek zerbitzu publiko teknologikoki aurreratuak jarri dituzte martxan azken urteotan, besteak beste osasun arloan, esaterako, osasun karpeta, historial kliniko integratua edo errezeta elektronikoa (eRezeta).

  • Eta, azkenik, Euskadik posizio pribilejiatua du lurralde osoan konektagarritasun ultra-azkarra hedatzeko, AAren ezarpenerako palanka bezala. Aurreikuspenen arabera, Euskadiko enpresa-gune guztiek, biztanleria-guneek eta barreiatuta dauden eremu gehienek 600Mb-tik gorako konektagarritasuna izango dute 2022rako. Gainerako gune barreiatuetan 100Mb-tik gorako konektagarritasuna izango dute. Era berean, Euskadik abiapuntu aproposa du 5G zerbitzuak eskaintzeko, Banda Zabal finkoaren hedapena handia baita lurralde osoan. Horren erakusgarri, Europako Batzordeak Broadband Award 2019 Saria eman zion Euskadiri. Sari hori aitortza bat da, Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta Udalek Internet landa-guneetara eta industrialdeetara hedatzeko eginiko lanagatik.

 

Funtsean, Euskadik jokaleku oso lehiakorra dauka, gai dena lurraldea AAren garapen eta hedapenerako benetako proba-laborategi bihurtzeko.

Lotutako albisteak

18 abendua, 2024 Eraldaketa digitala
Gureak enpresak digitalizazioaren arloan aurkitu ditu desgaitasuna duten pertsonentzako enplegu berriak
Irakurri gehiago
NOMADA Alfombras 12 abendua, 2024 Eraldaketa digitala
Mila urtetik gorako artea eta teknologia berriak: Nomadaren bilakaera
Irakurri gehiago
11 abendua, 2024 Eraldaketa digitala
Spyro Software, prozesu industrialen digitalizazioan espezializatutako ETE donostiarra
Irakurri gehiago
11 abendua, 2024 Ekintzailetza
Aglaya Virtualek mundu birtualak demokratizatzen ditu mota guztietako konpainia eta enpresentzat
Irakurri gehiago
5 abendua, 2024 Eraldaketa digitala
Lehendakariak eta Bizkaiko Ahaldun Nagusiak EIC Energy Intelligence Center Fundazioa aurkeztu dute
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak