3D inprimaketaren hazkunde geldiezina
SPRI Taldeak antolatutako jardunaldi batean erakutsi da nola ari den garatzen teknologia hori eta nola doan zabaltzen industriatik merkataritzara eta hezkuntzara.
“Inprimagailu bat erostera goazenean, galdera ez da zein inprimagailu nahi dugun, baizik eta zein prozesu hobetu nahi dugun enpresan”, dio Aitziber Eizaguirre adituak.
3D inprimaketa 1986an sortu eta 2006an garatu zen, iraungi zirenean teknologia hori sortu zuten bi multinazionalen patenteak. “Modan jarri zen irisgarriago bihurtu zenean, eta 3D inprimaketako enpresa ugari sortu ziren”, azaldu du 3D inprimagailuak fabrikatzen dituen Tumaker euskal enpresako Aitziber Eizaguirrek, SPRI Taldeak astearte honetan Gipuzkoako Zientzia eta Teknologi Parkean antolatu duen jardunaldi batean.
Eizaguirrek esan du 3D inprimaketak 2012an ezagutu zuela bere goraldia AEBetan eta hurrengo urteetan boom hori Europara etorri zela. Aipatu du gaur egun badirela ezin konta ahala teknologia eta material, hala nola polimeroak, konpositeak edo metalak.
Adituak esan du FDM direlakoak (plastikoa urtzen dutenak) direla gehien erabiltzen diren 3D inprimagailuak eta 1.000-1.500 euroko kostua dutela. “Inprimagailu bat erostera goazenean, galdera ez da zein inprimagailu nahi dugun, baizik eta zein prozesu hobetu nahi dugun enpresan”. Esan du teknologia hori bultzatzeko ez dela zertan izan aditua 3D inprimaketan, “badirelako lagundu diezaguketen aholkularitzak eta enpresak”.
Aitziber Eizaguirrek adierazi du ez dagoela “dena egin dezakeen inprimagailurik”, nahiz batzuk gauza izan ataza desberdinak egiteko. “Gomendioa da helburu jakin baterako erostea”.
Gehien erabiltzen den materialetako bat PLA da, “material merke eta ekologikoenetako bat”, baina arazoa da “biodegradagarria dela eta gehiago degradatzen dela aire zabalean erabiltzen bada”. ABSa, berriz, erabilienetako bat da injekzioan, baina “ez da nahitaez egokiena 3D inprimaketarako. Oso ona da erabat itxita dauden inprimagailuentzat”.
Esan du ez dela komeni material batekin tematzea. “Ezin zaizkio eskatu 3D inprimaketari injekzioaren ezaugarri berak: kopia inprimatuak egiteko geruzak jartzen dira elkarren gainean eta beti izango dute erresistentzia mekaniko gutxiago”.
Prototipoak
3D inprimaketa prototipoak egiteko erabiltzen da gehienbat, “horrexetarako sortu zelako teknologia hori 1986an”, eta asko erabiltzen da paketatze-konpainietan diseinatutako gauzen geometria eta bolumena probatzeko. “Oso garestiak izan daitezkeen akatsak eragozten ditu. Eta nola diseinatzaileak tresna bat duen aldamenean bere lana probatzeko, oso erraza da aldaketak egitea eta segurtasun handia ematen dizu”.
Beste erabilera bat da tresnak egiteko, esaterako aulkiak edo antenak muntatzeko edo tren batean muntatzen diren piezak egiaztatzeko. “Azkenean, dena dago bideratuta produkzio arazoak konpontzera”.
Eizaguirrek esan du 3D inprimagailuak, industrian ez eze, merkataritzan ere erabiltzen direla arrazoizko prezioan, 1.000 eurotik behera, eta baita ere hezkuntzan. “Adibidez, hezkuntzan inprimagailu industrialak erabiltzen ziren. Orain jauzi bat egin da, eta oso sinpleak dira, 7 eta 18 urte bitarteko umeek erabil ditzaten”.
Etorkizunari buruz galdetzean, metal bidezko inprimaketa aipatu du, esanez “nahiko hurbil dagoen errealitatea dela. Oraindik makina handiak dira pieza txikiak egiteko. Duela gutxira arte 150.000 euro balio zuten, baina orain badira batzuk 75.000 eurotan”. Orobat aipatu ditu 3D inprimagailu espezializatuak “sektore medikorako, zeramiketarako… oraingo teknologiak iritsi ezin diren lekuetara iristeko”, eta pellet bidezko inprimagailuak.
Lotutako albisteak

Elvira, berrikuntza eta tradizioa osagai nagusi dituen istorio gastronomikoa
Harategi-urdaitegi txiki bat izatetik, gaur egun hamar establezimendu inguru ditu etxean egingo liratekeen moduan prestatutako produktuak saltzeko, online dendan ere saltzen direnak.

Lorra, lau hamarkada inguru Bizkaiko nekazaritzako elikagaien kooperatibismoaren funtsezko zutabe gisa
Gaur egun, erakundearen lehentasuna zahartutako sektore honetako erretiroak ordezkatzea da, belaunaldi-erreleboaren bidez.

Egin ezazu prestakuntza-plana zure enpresan Gaitasun Digitalen programarekin
«Gaitasun Digital Profesionalak» programaren edizio berriak 2 milioi euroraino igo du bere aurrekontua, euskal enpresen lehiakortasuna sustatzen jarraitzeko helburuarekin, langileen prestakuntza indartuz.

NudgeXperience Bilbon: CX eta Portaera Zientzien ekitaldia
Zuzendariei eta gerenteei, Cx-eko arduradunei eta berrikuntza eta marketineko profesionalei zuzendua

Innobideak Prestakuntza prestatu zure lantaldea balioan lehiatzeko eta ez prezioan
Euskadiko ETEen % 60k berrikuntzaren alde egiten du, baina gehienek kostua murrizteko edo kalitatea hobetzeko egiten dute eta ez dute benetako abantaila lehiakorra sortzen merkatuan. Alabaina, berrikuntza ez da etorkizunean mantentzeko tresna soila, etorkizunean liderra izateko estrategia baizik. Horretarako, gakoa teknologia ez ezik, pertsonak, estrategia eta egokitzeko gaitasuna ere badira.