48 euskal ETE atxiki zaizkio teknologia digitalak aplikatzeko lehenengo BDIH KONEXIO 2020 laguntza-programari
Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyen-ek goraipatu egin du SPRI Taldearen ekimen arrakastatsua
48 euskal ETEk SPRI Taldearen dirulaguntza jasoko dute Basque Digital Innovation HUB-eko (BDIH) aktiboen teknologia digital eta jasangarriak aplikatzeko. Orain dela gutxi, Europako komisario Ursula Von der Leyen-ek goraipatu egin du ekimen hori, zeinak lehenengo BDIH Konexio laguntza-programa jarri baitu martxan. Programak milioi erdi eurotik gorako zuzkidura du, baina izaten ari den harrera bikaina ikusirik, asmoa da BDIHren aurrekontua handitzea.
Proiektu azkarrak dira, baliagarri direnak horrelako teknologiek fabrikazioko benetako arazoak konpontzeko eskain ditzaketen erabilerak probatzeko eta ulertzeko. Fabrikazioko arazoak esatean esan nahi da, besteak beste, zikloen denborak murriztea manipulatzaile robotikoek egiten dituzten zenbait jardueratan, produkzio-prozesu jakin batzuen deformazioen simulazioak egitea, pieza espezifikoen fabrikaziorako teknologiak aztertzea edo prototipoak garatzea composite pieza funtzionalen fabrikaziorako.
SPRIk 2020ko irailean jarri zuen martxan euskal industriari zuzendutako laguntza-programa pilotu berri hau. “BDIH KONEXIO 2020” programak erraztasunak ematen dizkie enpresei teknologia digital eta jasangarriak eskuratzeko, eta Basque Digital Innovation Hub-eko (BDIH) aktibo bereziekin, zerbitzuekin eta ezagutzekin konektatzen ditu horretarako.
BDIH Konexio programak 12.000 € eta 20.000 € bitarteko dirulaguntzak ematen dizkie Basque Digital Innovation Hub sareko kideekin (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agenteak, hots, Teknologi Zentro, Unibertsitate, Lanbide Heziketako Zentro eta enpresetako I+G Unitateak) elkarlan estuan garatutako proiektuak aurkezten dituzten enpresei.
BDIH ekimena fabrikazio aurreratuko RIS3 euskal estrategiaren barruan dago kokatua, eta helburutzat du enpresa-sareari laguntzea berrikuntza digital eta jasangarrien esperimentazioan. Aktibo berezien eta zerbitzuen sare konektatu bat da, teknologia digital eta jasangarrien inguruko prestakuntza emateko, ikerketarako, eta probak eta balidazioak egiteko, eta enpresen -bereziki, ETEen- zerbitzura dago.
Salbuespenezko egoera ekonomiko eta sozial baten erdian abiarazitako programa honek are gehiago indartu du euskal erakundeek industriaren eraldaketa digital eta jasangarriaren alde egin duten apustu irmoa.
Aurkeztu diren proiektuek proposatzen dute ekintza-plan bat egitea enpresek hainbat arlotako (Fabrikazio gehigarria, Zibersegurtasuna, Makina adimendun eta konektatuak, Material aurreratuak eta Robotika malgua) teknologiak txertatzeko duten gaitasuna handitzeko edo zuzenean teknologia horiek enpresan txertatzeko kontzeptu-probak egiteko.
Enpresa askok erabaki dute BDIHko bi kide edo gehiagorekin lan egitea; horrelako elkarlanetan, sareko kideek azpiegitura berezia eta ezagutza eskaintzen dute, planteatutako konponbideari balio erantsi handiagoa emanaz. Espero da kolaborazio horiek baliagarri izango direla epe luzeko harremanak finkatzeko eta, horrela, industria parte-hartzaileek aurrera egin dezaten teknologia digitalak txertatzeko bidean.
Proiektuak homogeneoki banatu dira BDIHren eremu teknologiko guztietan. Horrek esan nahi du enpresek interesa dutela BDIHk estaltzen dituen arlo teknologiko guztietan: fabrikazio gehigarria, robotika malgu eta kolaboratiboa, zibersegurtasuna, material aurreratu eta jasangarriak, makina adimendun eta konektatuak, e.a.
“BDIH KONEXIO 2020” programa pilotuaren lehen edizioak sekulako arrakasta izan du, bai parte-hartze aldetik, eta bai aurkeztutako proiektuen kalitateari dagokionez, eta badirudi funtsezko tresna izango dela euskal industriak abangoardiako teknologia digital eta jasangarriak probatu eta baliozkotu ditzan.
Programa hau indartu eta osatu egingo da, Europako Batzordeak abiaraziko duen Europako programa digital berriarekin (Digital Europe Program). BDIHk eta bere kideek espero dute programa horretan parte hartzea, horrela ateak irekiko zaizkielako nazioarteko lankidetza gehiago garatzeko Europako beste eskualde batzuetako Digital Innovation Hub-ekin (DIH).
Lotutako albisteak

Diker, osasungintzaren sektorerako injekzio bidezko plastikoetan Euskadi mailako erreferente bihurtu nahi duen ETEa
Oiartzungo enpresa, gaur egun, batez ere automobilgintzaren eta elektronikaren sektorearentzat ari da lanean

Einnek, bost urte etengabe eboluzionatzen sektore elektriko-elektronikoan
Pandemia betean jaio zen enpresak eraldaketa digitalaren aldeko apustua egin du hasieratik, sektorean bereizteko; bideojoko bat ere sortzen ari da, ingeniaritzako eta muntaiako barne-prestakuntza teknikoa iraultzeko.

Enpresa industrialen eta industria adimendunean espezialistak diren enpresa digitalen arteko elkarlana erraztuko du SPRI Taldeak
Enpresen Networkinga 2025 - Smart Industry kongresuaren 8. edizioa egingo dute martxoaren 26an, Bilbon, eraldaketa digitalari laguntzeko

Logistikari buruz Euskadin egiten den kongresuaren hirugarren edizioa egingo dute BECen
Azoka da iparraldeko eremuan packagingaren, logistikaren eta garraioaren sektoreak biltzen dituen azoka bakarra

Prado Silos nazioartean indartzen, estrategia eta inbertsio berriekin hazkundea bultzatuz
38 herrialdetan presentzia handituz eta 2025erako 9 milioi euroko kontratuak aurreikusiz