Addilan euskal konpainia aitzindaria da mundu osoan plasma bidezko WAAM teknologiaren erabilpenean
Fabrikazio gehigarriko edo metal bidezko 3D inprimaketako hainbat teknologia daude. Oro har, erabiltzen duten materialagatik bereizten dira (metal-hautsa eta metalezko hariak) eta baita ere metala urtzeko baliatzen duten teknologiagatik (elektroi izpia, laserra eta soldadura). Hala, material bat ala bestea erabiliz eta metala urtzeko modu bat edo bestea baliatuz, teknologia mota desberdinak sortzen dira.
Bizkaiko Addilan enpresak WAAM teknologia (Wire Arc Additive Manufacturing) aukeratu du. Teknologia horrek metalezko hariak eta uztai bidezko soldadura baliatzen ditu. Addilan 2017an sortu zen bi makina-erreminta fabrikatzaileren arteko lankidetzatik: Ona Electroerosión eta Maherholding Taldea. Bien artean 110 urtetik gorako esperientzia dute merkatuan eta 2014an ohartu ziren metal bidezko fabrikazio gehigarriak aukera handiak eskaintzen dituela. Harrezkero lanean hasi ziren WAAM makinak fabrikatzeko teknologia eta diseinua garatzeko. Hiru urte geroago badute behar adinako ezagutza, eta Addilan izenarekin sartu dira merkatuan.
WAAM teknologiaren bidez, soldadura-buru batek metalezko hariaren punta urtzen du eta oinarri batean lagatzen du. Materiala hozten denean, metal urtuzko beste geruza bat eransten zaio aurrekoari, eta horrela pieza osatu arte. Sistema horrek hainbat abantaila ditu metal bidezko fabrikazio gehigarriko beste teknologia batzuen aldean, esaterako, tamaina handiagoko objektuak egin daitezke, piezak azkarrago fabrikatzen dira eta kostuak aurrezten dira. “Posible da tamaina handiko elementuak sortzea, gehienez lau metro zabal eta lau metro garai dituzten piezak, alegia” azaldu du Amagoia Paskualek, Addilan enpresako kudeatzaileak. “Bada beste abantaila lehiakor bat, zeren beste teknologia batzuk erabiliz baino azkarrago sortzen baita egin beharreko pieza. Teknologia honek 3-8 kilo/orduko abiaduran funtziona dezake, materialaren arabera. Eta materialei erreparatuz gero, metalezko hariaren alderdi onena da lehendik ere erabiltzen dela soldaduran eta dagoeneko badaudela hari zertifikatuak. Erabiltzaile batentzako pieza bat egiten dugunean, fabrikatzaile bakoitzak eskatzen du proba egiteko hari homologatu batekin. Metal-hautsarekin ez da horrelakorik gertatzen”.
Azken hiru urteotan, Addilan enpresako lantaldea lanean aritu da fabrikazio gehigarriko metodo propioa hobetzeko, eta lan horri esker, gaur egun aitzindari da mundu osoan plasma bidezko soldaduraren erabileran. “Urte hauetan, teknologia eboluzionatu eta WAAM makina baten prototipoa sortzeaz gain, harremanetan egon gara teknologia horren amaierako erabiltzaile posibleekin, proposa ziezaguten zein pieza fabrikatu, kontuan harturik zeintzuk diren eurek erabil ditzaketenak. Kontua ez da bakarrik pieza fabrikatzea, baizik eta probetak ateratzea, aztertzea, galdategiko edo forjako zehaztapenekin alderatzea eta emaitzak ikustea. Ateratzen dugun piezaren integritatea ona da, ez du porositaterik. Une honetan forjako zehaztapenen %90-92 ingurura iristen ari gara, inolako tratamendu termikorik erabili gabe”. Nabarmentzekoa da sistema horrekin ez dela lortzen amaierako pieza, baizik eta aurre-forma bat, eta hainbat milimetro mekanizatu behar direla.
Addilan enpresak dagoeneko fabrikatzen ditu konplexutasun ertaineko pieza geometrikoak hainbat sektorerentzat, esaterako aeronautikarentzat, ontzigintza sektorearentzat eta oil&gas, tresneria eta burdinbideen sektoreentzat. Sorkuntza horietako asko euskal enpresentzat eginak dira, eta Amagoia Paskualek azpimarratu duenez, “horrela hornikuntza-kate bat sortzen da tokiko enpresekin”. Lankidetza hori hainbat esparrutara zabaltzen da, besteak beste, Addilan-ek lankidetza akordio bat sinatu du Tecnalia teknologi zentroarekin “garapen teknologikoa azkartzeko eta merkatura lehenbailehen iristeko”, eta beste hitzarmen bat du Tknika zentroarekin “pixkanaka ezagutzak sortzeko, ikasleak teknologia horrekin espezializatu daitezen eta aukera izan dezaten beronekin lan egiteko”.
Addilan enpresa garatzen ari den makinak sistema zorrotz bat du piezak kontrolatzeko, eta “badu baita ere trazagarritasun-sistema bat, pieza sortu bitartean gertatu den guztiari buruzko informazioa batzeko” nabarmendu du Paskualek. Gainera, “kamera inerte bat du material erreaktiboekin lan egiteko, adibidez titanioarekin”, eta badu CNC programa propioa ere. Addilan enpresak 10 lanpostu zuzen sortzen ditu, eta proiektuarekin lotutako beste zortzi ikerlari ari dira lanean Tecnalia zentroan. Enpresa horren hurrengo helburua izango da WAAM teknologiako makina propioa merkaturatzea eta “makina saldu ondorengo zerbitzu gehigarrien sistema bat diseinatzea, sinpleenetatik hasi eta aurreratuenetaraino”.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?