Adimen artifiziala euskal enpresetara eraman nahi du AiPower-ek
Adimen artifizialari buruzko lehen euskal venture builderak datozen hiru urteetan AA-ko 10 startup sortzea du helburu.
Adimen artifiziala gero eta gehiago agertzen da enpresa industrialen eraldaketa digitaleko prozesuetan. Datuak analizatzeko, roboten edo makinen portaera aurresateko eta, ikusmen artifizialeko tresnen bidez, objektuak detektatzeko erabiltzen da. 4.0 Industriaren etorkizuna adimen artifizialari estu lotuta dago, eta horren aldeko apustua egin du AiPower-ek. Euskadin eta estatuan abian jarri den lehen venture buildera da AiPower, eta etorkizuneko erronka industrialei soluzioak ematen dizkien startup-ekosistema bat sortzea du helburu. Jon Blázquez eta Amaia Palacio izan ditugu solaskide, AiPower-en sortzaileetako bat eta kolaboratzaile bat, hurrenez hurren.
Zein da AiPower-en helburua?
Venture builder bat gara, startup-en inkubagailu baten antzekoa, eta adimen artifizialean dugu gure ezagutza-muina. AiPower-en, AArekin erlazionatutako ideiak eta enpresa-proiektuak zehazten ditugu, eta ekintzaileekin lotzen ditugu ideia horiek, startup bat sustatu dezaten.
Adimen artifizialari, ekintzailetzari eta talentuari buruz dugun ezagutza batzen dugu Euskadira eta gure beharretara egokitutako startup-ak sortzeko. 2018ko otsailean jarri zen martxan AiPower, eta 2019ko otsail-martxorako lehen bi enpresak eratzea espero dugu. Gure helburua da adimen artifizialari lotutako 10 ‘startup’ sortzea hurrengo hiru urteetan. Are gehiago, 2019ko urtarrilaren 25etik 27ra bitartean, AiPower-ek, Eywa Space-rekin (EB/EA arloetako venture builderarekin) lankidetzan, ekitaldi bat egingo du, “Startup Tech Weekend” deritzona, eremu teknologiko horietakoren batean startup bat sortu eta startup-aren ‘building’ programan sartu nahi dutenei zuzendua.
Zer sektoretara bideratuta egongo lirateke ‘startup’ horiek?
Industria da helburu nagusietako bat, baina ‘legaltech’-arekin eta osasunarekin erlazionatutako proiektuak ere sustatzen ari gara. Industriari dagokionez, kalitatearekin erlazionatutako lanetan aplika daiteke adimen artifiziala; esaterako, ikusmen artifiziala erabil daiteke akatsak dituzten piezak atzemateko. Halaber, AA erabil daiteke, adibidez, aurreikuspen-analisiak egiteko eta manufaktura-prozesuetan arriskuak saihesteko. Hizkuntza naturala prozesatzeak ere aplikazio garrantzitsuak ditu 4.0 Industrian, ahotsaren bidez makinak edo robotak maneiatzeko aukera ematen baitu, eskuak beste zeregin batzuetarako libre utzita. Horrez gain, logistikan ere erabil daiteke, eskaerak aurresateko eta gure stocka hobeto kudeatzeko, eraginkortasun handiagoa lortzeko asmoz.
Nola dago kokatuta Euskadi adimen artifizialari dagokionez?
Zentro teknologikotan, unibertsitateetan eta zenbait startup-etan ari dira proiektuak garatzen, baina egin beharreko bidea luzea da oraindik. Enpresei zuzendutako AAko produktuak sortu behar dira. Bestalde, uste dut garrantzitsua izan daitekeela AAren eremuan lan egiten duten startup, enpresa, aholkularitza eta zentroak batzea, guztiok elkartuta gure lanari balio handiagoa emateko aukera izango baitugu. Adimen artifizialak lehiakortasunerako abantailak ematen ditu. Tresna oso isila baina oso ahaltsua da, eta enpresak apenas erabiltzen dituen aktiboak –datuak, adibidez– maximizatu egiten ditu. Euskadi eskualde perfektua da AAri lotutako ekosistema sortzeko. Kontuan izan, Etxe Zuriak adimen artifizialari buruzko bere estrategia 2016an jarri zuela abian. Alemaniak, berriz, duela gutxi jakinarazi du 3.000 milioi euro inbertituko dituela adimen artifizialaren inguruko bere industria sustatzeko. Une aproposa da, beraz, Euskadik ere AAren aldeko apustua egiteko.
Adimen artifizialaren presentzia argia da gure egunerokoan erabiltzen ditugun soluzio askotan, esaterako, webguneetan zehar gidatzen gaituzten chatbot-ak edo Siri, Alexa edo Cortana bezalako ahots-laguntzaileak ditugu, baina oso ezezaguna da oraindik.
AAri buruzko hedatze-lan handia egin behar da, berarekin zer egin daitekeen eta zer ez azaltzeko. Garrantzitsua da enpresetara eta gizartera kasu eta esperientzia arrakastatsuak hurbiltzea, zertan datzan ezagutu dezaten. Bestalde, bada adimen artifizialari lotutako eztabaida bat ere, gai etikoei buruzkoa eta adimen artifiziala erabiltzeak lanpostuak desagerrarazteko aukerari buruzkoa. Alarma sortu da, eta gizakiak adimen artifiziala beldurra sortzen duen teknologia bezala ikusten badu, ezinezkoa izango da teknologiak bilakaera azkarra izatea. Beldurrak suntsitu egin baititzake halako berrikuntzak.
Lotutako albisteak

Rebel Tickets, sarreren birsalmentan iruzurrari eta gehiegizko prezioei aurre egiteko sortutako enpresa bizkaitarra
Gaur egun, beren publikoari baimendutako birsalmenta eskaini nahi dioten jaialdi, kontzertu eta bestelako ekitaldien sustatzaileekin lan egiten du.

Mercanza: “Bezeroa bere datuen ustiapenean espezializatua bihurtzen dugu”
Enpresak eraldaketa digital tradizionala gaindituz soluzioak eta zerbitzuak eskaintzen ditu, enpresen eraginkortasuna eta produktibitatea bultzatzeko.

EatAmigo, ostalaritzako eskaerak automatizatzeko AA erabiltzen duen tresna
Gipuzkoako enpresak jatetxeekin, ostalaritza kateekin eta elikagai banaketa enpresekin egiten du lan estatu mailan, eta duela gutxi Mexikon lortu du lehen bezeroa.

Zabalgarbik denbora errealeko analisi-tresnekin modernizatu du bere azpiegitura
Besteak beste, biki digitala eta adimen artifizialean oinarritutako teknologiak ezartzeaz gain, lurrun-gainberogailu bat instalatzea du helburu enpresak, energia-eraginkortasuna eta jasangarritasun operatiboa hobetzeko ekimen estrategiko bat.

GAIAk IKT sektorearen prestakuntza-beharren diagnostikoa egin du eta merkatuaren eskaerei erantzuteko prestakuntza-ibilbideak garatu ditu
GAIAk azpimarratu duenez, sektoreko eta gobernuko erakundeen, sozietate publikoen eta hezkuntza-sistemaren parte-hartzea funtsezkoa izan da azterlanari balio erantsia emateko

Senvia Systems-ek beste enpresa batzuk gidatzen ditu haien sustapenean eta eraldaketa digitalean
Iaz sortutako enpresa gipuzkoarrak sistemetan, komunikazioetan eta zibersegurtasunean oinarritutako IT zerbitzuak eta aholkularitza eskaintzen ditu.

Akting, gizarteari balioa emateko teknologia
Gipuzkoako enpresak euskarri desberdinetarako aplikazioak garatzen ditu eta digitalizazioaren, datuen analisiaren eta prozesuen optimizazioaren aldeko apustua egiten du.

Biotz: “Roca Salvatellarekin egindako akordioak berrikuntza teknologikoaren balio-kate osoa batzen du”
Gipuzkoako enpresak Kataluniakoarekin aliantza bat itxi du bere talentu digitala indartzeko eta nazioarteko merkatu berrietan bere presentzia zabaltzeko.

Elvira, berrikuntza eta tradizioa osagai nagusi dituen istorio gastronomikoa
Harategi-urdaitegi txiki bat izatetik, gaur egun hamar establezimendu inguru ditu etxean egingo liratekeen moduan prestatutako produktuak saltzeko, online dendan ere saltzen direnak.

Lorra, lau hamarkada inguru Bizkaiko nekazaritzako elikagaien kooperatibismoaren funtsezko zutabe gisa
Gaur egun, erakundearen lehentasuna zahartutako sektore honetako erretiroak ordezkatzea da, belaunaldi-erreleboaren bidez.