Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 2 Marzo, 2020 Eraldaketa digitala Industria adimenduna Smart Industry Programa

Adimen lehiakorra eta antolakuntzako hobekuntza, eraldaketa digitaleko prozesuak bultzatzeko

Sakona AL Solutions enpresa gipuzkoarrak barneko eta kanpoko analisien txostenak egiten ditu, bezeroak euren digitalizazio-prozesuetan orientatzeko
Aitor Larrañaga, Sakona AL Solutions enpresako zuzendari nagusia.

Sakona AL Solutions enpresa gipuzkoarrak barneko eta kanpoko analisien txostenak egiten ditu, bezeroak euren digitalizazio-prozesuetan orientatzeko

Sakona AL Solutions enpresa gazte bat da, 2018an abiarazia Ordizian, nahiz eta bere fundatzaileak 20 urtetik gorako esperientzia duen. Enpresetako adimen lehiakorrean eta antolakuntzako hobekuntza-proiektuetan espezializatuta dago. Bere helburu nagusia da laguntza ematea bezeroei modu ordenatu eta antolatuan egin dezaten eraldaketa digitaleranzko eta 4.0 industriaranzko bidea. Sakona AL Solutions enpresako zuzendari nagusi eta fundatzaile Aitor Larrañagarekin hitz egin dugu.

 

Zer egiten duzue Sakona enpresan?

Bi jarduera-ildo garrantzitsu dauzkagu: bata, eremu estrategikoarekin lotua, hots, adimen lehiakorra edo enpresaren adimena lantzen dituena. Jarduera-ildo honen barruan, negozio baten alderdi garrantzitsuenak definitzen ditugu eta enpresaren lehiakortasunean eragina duten elementuak identifikatzen ditugu, gero, hortik abiatuta, informazio esanguratsua etengabe atzematen duen alerta-sistema bat eraikitzeko. Ondoren, enpresarekin batera finkatzen ditugun prozesuen bitartez, informazio horretatik datuak erauzten ditugu, bezeroak aukera izan dezan epe laburrera nahiz epe ertain-luzera jokatzeko. Etengabeko informazio-sistema horiek osatzeko txostenak egiten ditugu, eta merkatuarekin eta teknologiarekin lotutako datuak biltzen ditugu. Horretarako, badugu guk geuk garatutako software bat, eta dagoeneko kontrastatuta dauzkagun prozesuak, 20 urte baino gehiago baitaramatzagu halakoak ezartzen enpresetan.

 

Bigarren jarduera-ildoak zerikusia du enpresako emaitzekin, antolakuntzaren eraginkortasunarekin eta enpresaren balio-proposamenarekin. Ildo honen barruan proiektu integralak garatzen ditugu; adibidez, enpresa bat berrantolatzen dugu lantegian duen banaketatik abiatuta, edo antolakuntza-sistemak eta dokumentu- eta pieza-fluxuak aldatzen ditugu bezeroaren errendimendua optimizatzeko. Konpainia bateko inefizientziak identifikatzen eta detektatzen ditugu, esaterako, stock-ak, estandarizatu gabeko prozesuak, produkzioko datu gabezia, etab.

 

Zein urrats eman behar dira antolakuntzaren analisi bat egitean?

Antolakuntza arloko proiektu bati ekin nahi diogunean, hasteko, enpresako prozesu garrantzitsuenen diagnostiko sakon bat egin behar da, hainbat elementu aztertzeko, hala nola: dokumentuentzat erabiltzen diren euskarri digital eta fisikoak, antolakuntzako prozesuak, produktuen fluxu fisikoak, dokumentuen fluxuak eta faktore horien guztien arteko harremanak. Hori guztia enpresarekin adostutako plan xehatu batean jasotzen da, baliagarri dena pixkanaka aurrera egin eta eskalatzeko eta antolakuntzaren eraginkortasuna hobetzeko. Testuinguru horretan, kontuan hartzen dira 4.0 Industriako teknologia desberdinak eta enpresan ezartzen dira. Guretzat, 4.0 Industriako tresnak enpresa baten antolakuntza eta produkzioa hobetzeko bitartekoak dira.

 

Kontaiguzu 4.0 Industriaren eta eraldaketa digitalaren arloetan eskaintzen dituzuen zerbitzuen adibideren bat edo kasu arrakastatsuren bat.

Normalean, bezeroek gure bi zerbitzuak behar izaten dituzte. Adimen lehiakorreko zerbitzuei esker, lehenago ezagutzen ez zituzten merkatuetako datuak eman dizkiegu bezeroei; horrela, beren garapen-planak berrorientatu ahal izan dituzte beren lehentasunetan ez zeuzkaten merkatu eta eremu geografiko berrietara iristeko. Horrelako proiektuetan, informazio digitala ezagutza eta ekintza bihurtzeko ohitura sortzen dugu enpresan.

 

Antolakuntzako hobekuntzari dagokionez, sarritan aipatzen dugu ekipo-ondasunen sektorerako produktu propioak fabrikatzen dituen enpresa baten adibidea. Konpainiak ez zuen ezagutzen bere produkzioaren eraginkortasun-maila, eta entrega-epeak ikaragarri atzeratzen ziren. Hasieran, lan egiteko era berrantolatu genuen, prozesuak, denborak eta jarraibideak estandarizatu… eta bigarren fasean, berriz, 4.0 Industriako bitarteko aproposenak txertatu genituen, ezarritako sistema ahalbidetu eta mantentzen laguntzeko.

 

Badugu antzeko beste adibide bat, energiaren sektorerako produktuak fabrikatzen dituen enpresa batena. Konpainia hura bitarteko produktuen stock­-a handitzen ari zen, eta zailtasun handiak zeuzkan entrega-epeak betetzeko eskaerak asko handitzen zirenean. Prozesuak estandarizatu genituen, eta baita ere piezen fluxuak eta fabrikazioko aginduak emateko eta lehenesteko modua. Prozesu eta makinen eraginkortasuna ebaluatzen jarraitzeko, berriz, 4.0 Industriako elementuak txertatu genituen, aukera ematen dutelako makinen egoera denbora errealean monitorizatzeko.

 

Zer egiten duzue datuak informazio esanguratsu bihurtzeko?

Atal honetan, banan-banan bereiziko nituzke Sakonaren negozio-ildoak. Adimen lehiakorraren arloan, hainbat text mining tresna erabiltzen ditugu inportatzen ditugun txosten eta argitalpenetatik erauzitako kontzeptu garrantzitsuenak kuantifikatzeko eta erlazionatzeko. Business intelligence tresnak ere erabiltzen ditugu informazioa geo-lokalizatzeko, eta bereizita aztertuz gero ulertzeko eta prozesatzeko zailak diren informazio-lerro kopuru handiak interpretatzen laguntzeko.

 

Antolakuntzako hobekuntzari dagokionez, datuak intentsiboki biltzea bezain garrantzitsua da gai izatea antolakuntzan eragina duten aldagai guztien arteko erlazioa ikusteko, bai eta aldagaiak aztertzea, prozesuei eta produktuei buruzko erabakiak hartzeko. Gure lana, nagusiki, produkzioko parametroen eta emaitzen arloan garatzen da eta, zentzu horretan, erabiltzen ditugun teknologiek prozesu horiek errazten dituzte. Erakunde desberdinekin kolaboratzen dugu, eta proiektu edo enpresa bakoitzaren arabera erabakitzen dugu zein den makinen PLCak konektatzeko eta behar ditugun datuak eskuratzeko sistema aproposena.

 

Zer iritzi dute ETEek eta enpresek horrelako konponbideen inplementazioari buruz?

Ikusi dugu “4.0 Industria” kontzeptua zabaltzen hasi denetik, enpresak kontzientziatuago daudela euren produkzio-inguruneak, negozio-ereduak eta, oro har, eraginkortasuna hobetzeko eta eraldatzeko beharraz. Puntu honetan, aipatu nahi nuke antolakuntzako hobekuntza-prozesuak betidanik egin direla ETEetan -batzuk azkarrago beste batzuk astiroago-, eta euskal industriak horregatik jarraitzen duela lehiakorra izaten.

 

Ikusi dugu enpresek 4.0 Industriaren fenomenoan murgildu nahi dutela. Zentzu horretan, helburu errealistak jartzen ahalegintzen gara, eta prozesua ahalik eta modu eraginkorrenean lantzen. Adibidez, enpresa batek QR sistema bat txertatu nahi badu gaizki ordenatutako lehengaien biltegi batean, aldez aurretik ikusarazten diegu zein beharrezkoa den materialak ongi antolatzea eta ordenatzea. Bestela, arazo bat automatizatzen ariko ginateke eta enpresak ez luke ezer hobetuko.

 

Zeintzuk dira Sakonaren etorkizuneko erronkak?

Bi negozio-ildoak estrategikoak dira Sakonarentzat. Adimen lehiakorraren ildoan, eskaintzen ditugun zerbitzuak zabaldu nahi ditugu. Interesgarria iruditzen zaigu sektore edo industria baten eszenatoki lehiakorra zehaztu dezaketen eredu prediktiboak lantzea. Bestalde, hobetu egin nahi dugu txostenak eta datuak enpresei helarazteko modua, eurentzat errazagoa izan dadin erabaki estrategikoak hartzea.

 

Antolakuntzaren hobekuntza-ildoan, oraindik guztiz osatuta ez dauzkagun hainbat modulu garatu nahi ditugu, adibidez, plangintza-sistemena.

 

Arlo komertzialean, berriz, gaur egungo merkatuetan errotu nahi dugu eta merkatu berri batzuetara zabaldu, tresna digitalak erabiliz. Baliabide ugari bideratzen ari gara arlo honetan, eta espero dugu 2020an emaitzak ikusten hasiko garela.

Lotutako albisteak

14 Azaroa, 2024 Eraldaketa digitala
Alex Rayón (Brain & Code): “Teknologia mugikorrekiko eta Adimen Artifizialarekiko elkarbizitza naturalizatu behar dugu”
Irakurri gehiago
8 urria, 2024 Eraldaketa digitala
Intralogistik: “Industria-sektoreko enpresei laguntzen diegu haien kudeaketa logistikoa eraginkorragoa eta merkeagoa izan dadin”
Irakurri gehiago
5 iraila, 2024 Eraldaketa digitala
NORAi: “Business Intelligence teknologia abantaila lehiakorra da enpresentzat”
Irakurri gehiago
23 abuztua, 2024 Azpiegiturak
Manex 4.0-HRE Automationek “Espezializazio estrategikoa” saria jaso du 2024 Toribio Echevarria sarietan
Irakurri gehiago
10 ekaina, 2024 Eraldaketa digitala
Worköholics: “Agenatzia gisa bereizten gaituena esperientzia digitalak sortzea da”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak