Aeronautika Fabrikazio Aurreratuko Zentroak aurreikuspenak gainditu ditu lehen urtean
AFAZek 59 enpresa kide ditu gaur egun, eta 60 proiektu garatu ditu aeronautika eta makina-erreminta sektoreetarako
Duela urtebete inauguratu zen AFAZ (Aeronautika Fabrikazio Aurreratuko Zentroa) Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoan. Europan aurrekari gutxi dituen ikerketa-zentro bat da, eta haren helburua, Norberto López de Lacalle zuzendariaren hitzetan, hau da: “Gauza praktikoak egitea, enpresek beren eguneroko jardunean gero eta azkarrago eta hobeto ezar ditzaten”. Nola ez, aeronautikako sektoreari lotutako proiektuak eta enpresak dira guztiak. Sektore horrek pisu nahiko nabarmena du Euskadiko ekonomian: Euskadiko BPGd-aren % 6,1 sortzen du, eta industria-lanpostuen % 2; 2017an 2.500 milioi euro fakturatu zituen, eta zuzeneko 4.520 lanpostu ditu. Eusko Jaurlaritzak, SPRI Taldeak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak sustatzen dute AFAZ elkartea. Gaur egun 59 enpresa kide ditu, eta urtebetean inoiz ez bezala lan egin dute elkarrekin. Elkarlan horri esker, ia 60 proiektu arrakastatsu gauzatu dituzte eta laster abian jarriko diren beste 114ren oinarriak finkatu dituzte.
Hamaika enpresa kiderekin hasi zuen urtea Zentroak, eta orain ia 60 dira. Zure ustez, zein da hazkunde nabarmen horren arrazoia?
Bi arrazoi daude arrakastaren atzean. Alde batetik, zentro honetan Euskadirentzat oso interesgarriak diren bi industria-sektore daude elkarrekin: aeronautika eta makina-erreminta. Lehena konpainia askoren bultzatzailea da, eta etorkizun oparoa du. Bigarrenak, makina-erreminta eta osagarrien sektoreak, lagundu egin nahi dio aeronautikari bere produktibitatea hobetzen. Horregatik, bi sektoreen arteko lankidetza-harreman leiala dago, eta horrek azaltzen du AFAZen arrakasta. Guztiek bide beretik egiten dute aurrera, konfiantza- eta lankidetza-esparru berezi horretan.
Lehiarekiko prebentzio eta diskreziorik handiena duen kultura batetik etorrita, nola gainditu dira iraganeko errezelo horiek halako lankidetza irekia lortzera iristeko?
AFAZek bidearen zati bat egina zuen aurretik, baina argi zegoen arriskuak eta lehiak globalak zirela dagoeneko. Zorionez, Euskadin hain errotuta dagoen pentsamoldea —pareko bizilaguna zure lehiakidea dela pentsatzea, alegia— alde batera utzi da azken urteetan. Globalizazioak ikuspegi hori zabaldu egin du, eta orain, Zentroan ikus daitekeen bezala, lankidetza- eta konfiantza-giro bikaina dago; gauzak elkarrekin egiteko gogoa iraganean gaindiezinak ziren alderdien gainetik geratu da. Kultura aldatzea eta pentsatzeko era irekia izatea dira gakoa.
Lan egiten duzuen sektoreetako enpresentzat gauza praktikoak egiten dituzue, azkar aplikatzeko modukoak. Adibiderik?
Hiru emango dizkizut. Horietako bat Euskadin oso hedatua dagoen sektore batean koka daiteke, mekanizatuen sektorean. Sektore horretako enpresek ez dute denborarik egunerokoan probak edo esperimentuak egiteko, eta ezin dute produkzioa eten erreminta berri bat probatzeko. Hori dela eta, gure gain hartzen dugu eragozpen hori. Guk egiten ditugu probak, emaitzak eskuratzen ditugu eta haiei azaltzen dizkiegu, haiek euren egunerokoan aplika ditzaten. Bestalde, metalean egindako fabrikazio gehigarriaren kasua dago. Erronka handia da, plastikoa baino garestiagoa eta problematikoagoa baita, baina itxaropen handia dago jarrita teknologia horretan. Esaten da bi urte barru zenbait enpresak 40-50 metal-inprimagailu izan ditzaketela, benetako pieza mekanikoak fabrikatuko dituztenak, gero hegan egiteko prest daudenak.
Eta hirugarrena?
Lanean ari garen hirugarren eremua AFAZen aprobetxamendua da; kontzeptu berrietan, digitalizazioaren kulturan eta 4.0 industrian, aurrerapausoak ematea da helburua. Alegia, eskura ditugun makina guztiek sortzen duten informazioa erabiltzea, prozesuak hobetzeko.
Eta, agian, hegazkin elektrikoaren garapenean laguntzeko?
Azkenaldian aipatu da 2027rako hegazkin elektrikoa errealitate bihur daitekeela, baina guk uste dugu ordurako hegazkin hibrido bat izatea dela egingarriagoa. Izan ere, propultsio elektrikoak sektorean etorkizun handia izango badu ere, arazo erreal bat dago: ontzi batek potentzia eta bultzada handia behar ditu aireratzeko, eta, oraingoz, motor elektriko bat ez da gai eskaera horri erantzuteko. Gaur egun ezagutzen ditugun turbinak, beraz, ez dira guztiz desagertuko; aitzitik, berekin izango dituzte zenbait elementu elektriko, gurutzaldi-abiadurarako guztiz egokiak.
Lotutako albisteak

Mercanza: “Bezeroa bere datuen ustiapenean espezializatua bihurtzen dugu”
Enpresak eraldaketa digital tradizionala gaindituz soluzioak eta zerbitzuak eskaintzen ditu, enpresen eraginkortasuna eta produktibitatea bultzatzeko.

MEPRO Medical Reproductive Solutions, gizarte-helburu teknologia: ugalkortasun maskulinoa berritzen
Gure helburua osasun-profesionalei eta bikoteei antzutasunaren erronkei aurre egiteko tresna berritzaile, seguru eta eraginkorrak eskaintzea da

GAIAk IKT sektorearen prestakuntza-beharren diagnostikoa egin du eta merkatuaren eskaerei erantzuteko prestakuntza-ibilbideak garatu ditu
GAIAk azpimarratu duenez, sektoreko eta gobernuko erakundeen, sozietate publikoen eta hezkuntza-sistemaren parte-hartzea funtsezkoa izan da azterlanari balio erantsia emateko

Icónica, errotulua artelan bihurtzen denean
Arabako enpresa da kartelak fabrikatzen dituen Euskadiko azken enpresetako bat. Hain zuzen ere, bost hamarkada daramatza lanean eta teknika eta artisautza uztartzen ditu bere produkzioak

Biotz: “Roca Salvatellarekin egindako akordioak berrikuntza teknologikoaren balio-kate osoa batzen du”
Gipuzkoako enpresak Kataluniakoarekin aliantza bat itxi du bere talentu digitala indartzeko eta nazioarteko merkatu berrietan bere presentzia zabaltzeko.

IDDTEK: “Industriaren eta talentuaren arteko lotura gara”
Orain 20 urte Irene Rodríguez donostiarrak sortu zuen ETEa ingeniaritza arloko outsourcingean erreferentea da eta sektore estrategikoetan lan egiten duen talde sendoa eta proiektuak ditu abian.

NAW: “Gure abantaila lehiakorra 10 urte bitarteko kirol-oinetako minimalista eskaintzea da”
Silvia Echeverríak, NAWren sortzaileak, oinetako minimalistak postura-osasunean eta garapen biomekanikoan haurtzarotik helduarora arte nola eragin dezakeen azaltzen du.

Ezarri Mosaicos: “Enpresa baten egunerokoa lehiatzea, ikertzea eta bezeroei erantzunak ematea da”
Gipuzkoako enpresaren beirazko diseinuak 100 herrialdetan baino gehiagotan daude, eta nazioarteko transakzioak haren negozio-zifraren % 70 dira

Begoña San Miguel: “Oja-Remen trokelen diseinua menderatzea bilatzen dugu kalitatezko piezak prezio lehiakorrean eskaintzeko”
Ia 60 urteko ibilbidearekin, Gernikan sortu eta Zornotzan egoitza duen enpresak berrikuntza teknologikoaren eta dibertsifikazioaren alde egin du, estanpazio metalikoaren sektorean hazten jarraitzeko.

Naberan Sareak: “Hazinnovak enpresan pertsonen arteko harremanak hobetzen lagundu digu”
Gipuzkoako enpresak itsasorako arraste-sareak fabrikatzen ditu berrikuntza-elementu ugarirekin, artisau-lana eta teknologia aurreratua konbinatuz.