Agustín J. Saenz, Tecnalia: “Gai izan behar dugu teknologikoak ez diren arazoak teknologian oinarritutako konponbide bihurtzeko”
Tecnalia korporazio teknologikoak 1.500 langile inguru biltzen ditu Euskadin, Zaragozan, Cadizen eta Madrilen dauzkan egoitzetan. Baditu bulegoak eta lantaldeak beste herrialde batzuetan ere, hala nola, Kolonbian, Ekuadorren, Brasilen, Estatu Batuetan, Alemanian, Frantzian, Italian, Mexikon, Serbian, Txinan, Japonian edota Arabiar Emirerri Batuetan. Hain zuzen, bere nazioarteko bokazio horri esker bihurtu da proiektu gehien bultzatu dituen antolakundea Europar Batasunean antzeko langile kopurua duten erakundeen artean. Europako 22.000 antolakunde, enpresa, ingeniaritza eta ikerketa-zentroen artean Tecnalia da ranking horretako liderra. Bakarrik iaz lortu zuen EBko 70 proiektu onartzea, horietako asko 4.0 Industriaren esparrukoak.
Tecnalia korporazioa dibisiotan egituratua dago. Horietatik handienak, Industria eta Garraio sailak, giza eta finantza baliabideen heren bat hartzen du. Energia eta Ingurumen sailek beste heren bat partekatzen dute. Azken herenean daude Eraikuntza Sostengarri, Osasun eta ICT (softwarea eta telekomunikazioak) sailak. I+G sail horiez gain, Tecnaliak baditu baita ere laborategiak entsegu, ziurtatze eta homologazio lanetarako.
Solasean aritu gara Agustín J. Saenzekin, Tecnaliako Industria eta Garraio saileko zuzendariarekin eta 4.0 Industriaren arloko Europa osoko erreferenteetako batekin. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseiluko Aholkularitza Batzordeko kide ere bada.
Zer esan nahi du 4.0 Industriak Tecnalia barruan?
4.0 Industria izan da une honetan toki guztietara –industriaz harago– iristen ari den eraldaketa digitalaren gezi punta. Gaur egun badakigu datuak atzematea oso garrantzitsua dela energia sektorean kontsumoa optimizatzeko, edo adimen artifiziala erabili daitekeela osasun arloan gaixotasunen patroiak aurkitzeko edo erradiografiak aztertu eta gaixotasunak detektatzeko. Teknologia eta erabilpen horiek 4.0 Industriarekin lotzen ziren hasieran, baina orain gainditu egin dute muga hori.
Beraz, eraldaketa digitala dinamikoa da eta eboluzionatzen jarraitzen du?
4.0 Industriak gainditu egin du Alemaniak duela urte batzuk egin zuen hasierako planteamendua. Orain garrantzitsuena ez da teknologia eta bere aplikazioa; badira beste tresna batzuk -hala nola datuak atzematea eta aztertzea-, goitik behera aldatzen ari direnak antolakundeak eta negozio-ereduak. Hausten ari dira produkzio-katearen begiak. Duela urte batzuk robotak eta robot fabrikatzaileak ziren industriako zutabeak. Baina halako batean jokalari berri bat sartzen da zelaian: robot horiei ezartzen zaizkien pintzen fabrikatzailea, ordura arte produkzio katean garrantzi handirik ez zuena. Baina orain erabakitzen du pintza horiei sentsoreak jartzea informazioa atzeman eta neurtzeko, eta zerbitzu erantsi bat eskaintzen die bere bezeroei. Informazioa sortzen duten sentsoreak aplikatuz adimena eman diezaioke pintzari, datu horiek denak lainora igotzen dira, eta gero analisi algoritmo batetik pasatzen dira konponbideak eskaintzeko. Une horretan, robotaren fabrikatzailea bigarren mailara pasatzen da produkzio katean, eta pintza-egilea bihurtzen da protagonista. Eta horixe da une honetan gertatzen ari dena zerbitizazio eredu zenbaitekin.
Datuak izango al dira etorkizuneko digitalizazio prozesuen giltzarria?
Gauza bat da datuak atzematea eta beste bat erabiltzen dituenari lehiakortasun abantaila bat ematea. Halako inertzia batekin garrantzi gehiago eman zaio datuak atzemateko gaitasunari, eta ez hainbeste zertarako erabili nahi ditugun jakiteari. Egokiena izango litzateke datuak aztertzen hasi baino lehen definitzea zer nahi den hobetu edo optimizatu, eta informazio horretatik abiatuta erabakitzea zer monitorizatu behar den. Datu esanguratsuek badute garrantzia, eta hain zuzen ere duela gutxi ikusi dut fabrikatzaile bat bere produktua saltzen euro eta terabyte truke. Produktu bat merkeago eskaintzen duzu bere jarduera monitorizatzeko aukeraren truke, hartara produktua hobetu eta beste bezero batzuei eskaini ahal izateko. Joera bat izan daiteke hori.
Zure ustez zein da 4.0 Industrian eta digitalizazio prozesuetan eragin handiena izan dezakeen teknologia bideratzailea?
Benetan balioa ematen duena da zerikusia daukana datuen analisiarekin eta, zehazkiago, adimen artifizialarekin. Algoritmoek bihurtzen dute karbonoa diamante. Datuak informazio esanguratsu bihurtzen dituzte. Argi dago datu horiek lortzeko behar ditudala sentsorika, IoT, konektagarritasuna, lainoko biltegiratzea, e.a., baina tresnak baino ez dira. Benetako balioa adimen artifiziala da. Gainera, AA oso teknologia transbertsala da sektore guztietan, erabilgarria baita osasunean eta beste hainbat esparrutan. Adimen artifizialean oinarriturik gauzek eta osagaiek erabakiak beren kabuz hartu ahal izateak aldaketa handia ekarriko du, sekulako jauzia izango da.
Tecnalian nola aurreikusten duzue zeintzuk izan daitezkeen etorkizuneko teknologia disruptiboenak?
Badaukagu ikertzaile-talde bat aztertzen ari dena zertan egon behar dugun espezializatuta hiru urte barru. Horretarako teknologiak aztertu behar dira, baina batez ere jakin behar da nolako premiak izango dituzten enpresek. Konpainiak gauza dira detektatzeko nolako arazoak izango dituzten bi urte barru, baina ez dira gauza konponbideak aurkitzeko. Gu gauza izan behar gara etorkizuneko arazo ez teknologiko horiek teknologian oinarritutako konponbide bihurtzeko. Zailena da jakitea merkatu bat noiz dagoen helduta gure konponbideak eskaintzen hasteko. Baditugu duela lau urte garatutako konponbideak, une hartan funtzionatu ez zutenak baina orain inplementatzen ari direnak. Konponbide horien arrakasta ez dago bakarrik teknologiaren mende, baizik eta merkatu, araudi eta beste hainbat konturen mende ere. Hor ditugu, adibidez, ibilgailu elektrikoa edo auto autonomoa. Aspaldi asmatu ziren, baina ez dira erabat gailentzen.
Nola egin dakioke aurre merkatuaren heldutasunarekin lotutako erronka horri?
Nire ustez arriskua finantzatu beharko litzateke. Teknologia finantzatu beharrean, jendea edo enpresak finantzatu, teknologia gorakorrak proba ditzaten. Estatu Batuetan early adopters teknologikoen portzentajea oso handia da, eta horrek sektorea dinamizatzen du. Sekulako gaitasuna dute ia probatu gabeko gauzak saltzeko, baina guk hemen ez daukagu horrelako filosofiarik. Garapen teknologikorako gaitasuna izatea bezain garrantzitsua da early adopter-ak izatea. Munduko edozein enpresak eros dezake teknologia, baina besteetatik bereizteko oraindik merkatuan ez dauden eta desberdintasun bat marka dezaketen teknologiak probatu behar dira. Halere, enpresek ez dute esperimentatu nahi. Denek diote akatsak direla nagusi, porrota bidearen parte dela, baina ez dute arriskatu nahi teknologiarekin. Euskadiko early adopter izan gara alde industrialean, baina beharbada Jaurlaritzak pizgarriak edo diru-laguntzak eman behar lizkieke enpresei, esperimentatu eta arriskatu dezaten garatzen ari diren teknologiekin.
Lotutako albisteak

ESGI 188 (European Study Group with Industry) Bilbon izango da 2025eko maiatzaren 26tik 30era
Enpresek problema matematikoak aurkezten dituzte azterketa-taldeak konpon ditzan, askotan modelizazio edo optimizazio moduan.

BeDIGITALek zazpigarren edizioa ospatuko du BECen, enpresa eta erakunde liderren partaidetzarekin
Ekainaren 3tik 5era izango da, +INDUSTRYren esparruan, herrialdeko Smart Manufacturing-ari eskainitako topagunerik handienean. SPRI Taldea erakusketarien artean dago, ‘Invest in the Basque Country’ programarekin.

Zabalgarbik denbora errealeko analisi-tresnekin modernizatu du bere azpiegitura
Besteak beste, biki digitala eta adimen artifizialean oinarritutako teknologiak ezartzeaz gain, lurrun-gainberogailu bat instalatzea du helburu enpresak, energia-eraginkortasuna eta jasangarritasun operatiboa hobetzeko ekimen estrategiko bat.

HIMUGI proiektuak mugikortasunean eta garraioan aplikazioak dituen hidrogeno-propultsio sistema bat lortu nahi du
Euskal erakundeen arteko partaidetza eta lankidetza handia du, eta SPRIren Hazitek programaren laguntza ekonomikoa jaso du.

Zinemaldia Startup Challenge 2025
Izen-ematea: apirilaren 15etik ekainaren 2ra arte

Sei euskal ikerketa-erakundek bat egin dute ITTHACAn zahartze osasuntsua sustatzeko
Elkartek programak finantzatutako proiektu honek biomarkatzaileak, iragarpen-ereduak eta osasunaren zuzeneko monitorizazioa erabiltzen ditu.

Sustatu berrikuntza-proiektuak zure enpresan Fast Track Innobideak ekimenarekin
Fast Track Innobideak Euskadiko enpresa berritzaileen kopurua handitzeko eta sustatzeko sortu zen. Merkatuan ondasun edo zerbitzu berriak sartu dituzten edo enpresan negozio-prozesuak hobetzen dituzten berrikuntza-jarduerak babesten ditu, enpresa lehiakorrago bihurtzeko.

Industriarako soluzio teknologiko aurreratuen garapenean erreferentea den ULMA kooperatiba taldea bisitatu du Mikel Jauregi sailburuak
Oil&Gaseko negoziorako brida homologatuen fabrikazioan munduko liderra den ULMA Forged Solutionsen lantegi nagusian ibili da eta "ziurgabetasuna nagusi den une honetan, ULMA kooperatiba-taldea industriaren, inbertsioaren, berrikuntzaren eta kalitatezko enpleguaren aldeko apustua nabarmena egiten ari da" nabarmendu du

Senvia Systems-ek beste enpresa batzuk gidatzen ditu haien sustapenean eta eraldaketa digitalean
Iaz sortutako enpresa gipuzkoarrak sistemetan, komunikazioetan eta zibersegurtasunean oinarritutako IT zerbitzuak eta aholkularitza eskaintzen ditu.

Europako ordezkaritza bat etorri da Euskadira industria teknologiko kuantikoaren lider izateko bertako estrategia hobeto ezagutzeko
Finlandia, Grezia, Italia eta Espainiako ordezkariak izan dira Euskadin Europako QUANTUM+ proiektuan aurrera egiteko. GAIA klusterra da proiektuaren kideetako bat, eta helburu du teknologia kuantikoei buruzko ibilbide eta prestakuntza-plataforma bat garatzea goi-mailako hezkuntzako ikasleentzat, irakasleentzat eta enpresa teknologikoetako profesionalentzat