Aitor Urzelai: “BIND 4.0 dagoeneko nazioarteko erreferentziazko ‘hub’ bat da industria eta teknologia arloetan”
Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza zuzendariak aurreratu duenez, programak handitzen jarraitzen du bere hirugarren edizioan, eta bertan parte hartuko dute 40 enpresa trakziogile handik, hala nola Siemens-Gamesa, Orona, Tubacex edo IMQ-k.
Startupak, euskal enpresa trakziogileak eta 4.0 Industria dira Eusko Jaurlaritzak bultzatutako BIND 4.0 azelerazio programa publiko-pribatuaren oinarrizko hiru osagaiak. Aitor Urzelaik, Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza eta Informazio Gizarteko zuzendariak, programa horren bigarren edizioaren balantzea egin zuen joan den ostiralean Donostiako Kursaal Kongresu Jauregian, eta hirugarren edizioaren gakoak azaldu zituen. Ordezkari instituzionalak Made in Basque Country irratsaioan esan zuenez, berrikuntza irekiko plataforma berritzaile hori aukera bikaina da enpresa industrialentzat, aukera ematen baitie talentu onenak azkarrago identifikatzeko eta haiekin harremanetan jartzeko, puntako teknologiak erabiltzeko eta 4.0 Industriako proiektu berritzaileak garatzeko.
Nola bukatu zenuten joan den astean Donostiako Kursaalen antolatutako “Bind demo day” jardunaldia?
Oso pozik, egia esan. BIND 4.0 programak hazten jarraitzen du, eta nahikoa da ikustea protagonistek daukaten sentsazio ona jakiteko norabide onean goazela. Batetik, Euskadiko enpresa trakziogile handiak ditugu, adibidez Mercedes, Michelin, Iberdrola, Petronor, Sidenor edo Gestamp, denak ere digitalizazio prozesuan murgilduta eta oso interesatuak startupen munduan, elementu egokiak baitira prozesuan laguntzeko. Bestetik, enpresa teknologiko txikiak dauzkagu, hasten ari direnak eta merkatuko aukerak edo bezeroak behar dituztenak beren lehen produktu eta zerbitzuak merkaturatzeko. Eta fase horretantxe gaude gu, mahai berean esertzen bi alderdiak, eskuz esku has daitezen lanean elkarrentzako onurak lortzeko.
Zein da bigarren edizioaren balantzea?
Oso positiboa da, adierazleak asko hobetu direlako, ia bikoizteraino. Programaren lehen edizioa duela bi urte abiatu zen 15 enpresa kolaboratzaile handirekin, eta bigarrenean 27 bildu dira. Horrekin batera, bigarren edizioan nazioarteko deialdi bat abiarazi genuen SPRI Taldearen eskutik, mundu osoko startup teknologikoak bilatzeko eta erakartzeko; hala, lehen edizioan 41 herrialdetako 257 eskaera jaso baziren (azkenean 11 aukeratu ziren), bigarren edizioan 57 herrialdetako 385 eskaera iritsi dira (eta 27 aukeratu dira). Zentzu horretan, programa honi esker, nazioarteko hub industrial eta teknologiko oso interesgarria bilakatu gara, bai startup teknologikoentzat eta bai enpresa industrial handientzat.
Lankidetzaz eta garapenaz baizik ez gara ari?
Ez, ez, askoz ere gehiago da. Gauza zehatzei buruz ari gara, berrikuntzaz, garapenaz, eta bizitza duten benetako proiektuei balioa emateaz. Begira, lehen edizioan, enpresa handien eta startupen artean 16 proiektu garatu ziren, hau da, 16 kontratu sinatu ziren; aldiz, bigarren edizio honetan 40 kontratu sinatu dira. Horrek enplegua, talentua eta aberastasuna dakar denontzat.
Zeri egozten diozu arrakasta hori?
Adierazleek erakusten dute bi alderdietako protagonistek badutela interesa, eta proiektu kopuruak eboluzionatzen jarraitzen duela. Zergatik? Uste dugu enpresa handiak oso pozik daudela, aukeratu dituzten startupek teknologia eta talentua ematen dietelako eta enpresa hobeak izaten laguntzen dietelako. Beste aldetik, badakigu enpresa txikiak ere oso gustura daudela, aukera dutelako goi-mailako konpainiak euren bezero nagusi bihurtzeko, eta hori sekulako luxua da lehen urratsak ematen ari den norbaitentzat.
Zer espero daiteke BIND 4.0 programaren hirugarren ediziorako?
Bi berritasun azpimarratuko nituzke. Lehena, Osasun sektorera ere zabaldu behar dugula programa. Orain arte enpresa trakziogile gehienak manufaktura aurreratu eta energia arlokoak izan dira, eta horregatik zabaldu nahi izan dugu, programa ongi lerrokatuta gera dadin Eusko Jaurlaritzak RIS3 estrategiaren barnean markatu dituen lehentasun estrategikoekin.
Eta bigarrena?
Enpresa trakziogile berriak sartu behar ditugu, esaterako Siemens-Gamesa, Tubacex, Orona, Mondragon Taldeko kooperatibaren bat eta, esan bezala, osasunaren sektoreko konpainia handiak: IMQ, Quirón edo Onkologikoa. Ospe handiko konpainiak dira, gure ustez, eta horiekin 40 izango dira Bind 4.0 programaren aldeko apustua egingo duten enpresa trakziogileak.
Programa bat, erronka bat…
Hala da. Esango nuke erronka dela gure startupetan aurki daitekeen talentuari loratzen laguntzea eta konpainia handiekin kolaboratzen jartzea. Aldi berean, gai izan behar dugu erakargarri izateko, gugana erakartzeko atzerriko startupak eta hemen atxikitzeko. Gure ustez, edozein enpresa gazte hasi-berrirentzat karamelu handiena da merkatu aukera bat izatea eta merkatuan sartzeko aukera ematea lehen aipatu ditugun bezero handietako baten eskutik. Horixe da gure helburua.
Lotutako albisteak

Surphasek merkatuan parekorik ez duen teknologia garatzen du eta gatzgabetzeko planten eraginkortasuna handitzea lortzen du
Donostiako ETEak, Europako Batzordearen 2,5 milioiko dirulaguntza lortuta, iragazkien egoera aurreikusten du denbora errealean; hala, geldialdi teknikoen % 60 murrizten du

Kimaiwi: “Gure proposamen teknologikoa balioztatzean eta nazioarteko turismo-industriaren aurrean proiektatzean zentratu gara”
Startup arabarrak online irtenbideak garatzen ditu turismo-sektorearentzat, eta hazkunde eta babes handia izan du bere bederatzi hilabeteko bizitzan.

IDDTEK: “Industriaren eta talentuaren arteko lotura gara”
Orain 20 urte Irene Rodríguez donostiarrak sortu zuen ETEa ingeniaritza arloko outsourcingean erreferentea da eta sektore estrategikoetan lan egiten duen talde sendoa eta proiektuak ditu abian.

NAW: “Gure abantaila lehiakorra 10 urte bitarteko kirol-oinetako minimalista eskaintzea da”
Silvia Echeverríak, NAWren sortzaileak, oinetako minimalistak postura-osasunean eta garapen biomekanikoan haurtzarotik helduarora arte nola eragin dezakeen azaltzen du.

Ezarri Mosaicos: “Enpresa baten egunerokoa lehiatzea, ikertzea eta bezeroei erantzunak ematea da”
Gipuzkoako enpresaren beirazko diseinuak 100 herrialdetan baino gehiagotan daude, eta nazioarteko transakzioak haren negozio-zifraren % 70 dira