Aitor Urzelai.
Ekintzailetza Eraldaketa digitala
Elkarrizketak 1 uztaila, 2019

Aitor Urzelai: “Euskal startup-ek ez dute inolako arrazoirik inbidia izateko munduko gainerako enpresei”

Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetzako zuzendariak Euskadiko talentu gorakorra goraipatu du BIND 4.0 azelerazio programaren bezperan

Elkarrizketa entzuteko: 

 

Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetzako zuzendariak Euskadiko talentu gorakorra goraipatu du BIND 4.0 azelerazio programaren bezperan

Enpresak azeleratzeko BIND 4.0 programaren III. edizioak datorren ostiralean (uztailak 5) ospatuko du bere egun handia, Bilboko Euskalduna Jauregian. “Demo Day” hitzorduan 33 enpresa handik eta 32 startupek parte hartuko dute, horietatik 19 Euskadikoak.

Jardunaldian -zabalik publikoarentzat aforoa bete arte- aurkeztuko dira enpresa eta hornitzaileen artean azken sei hilabete hauetan (programak ezarritako epean) sortu diren 44 proiektuak.

Harrigarria badirudi ere, hirugarren edizio honetako kopuruek lehen urtekoak hirukoiztu dituzte, eta horrek erakusten du ekimen publiko-pribatu hau nazioarteko eredu bezala indartzen ari dela 4.0 Ekintzailetza aplikatzeko orduan.

 

Hirugarren edizioaren ondoren, kanpotik badirudi dena nahiko ondo doala…

Egia esan bai, dezenteko arrakasta izan du, lehen edizioko zenbakiak hirukoiztu ditugu-eta.

 

Zeri zor zaio hori zure ustez?

Esango nuke arrakastaren giltza formularen sinpletasuna dela, win-win (irabazi-irabazi) harreman bat eskaintzen baitu alderdi guztientzat. Batetik, Euskadin kokatutako enpresa handiek hainbat premia dauzkate arlo teknologikoan, berrikuntzan eta eraldaketa digitalean. Bestetik, baditugu mundu osoan barreiatutako startupak, gai direnak horrelako konponbideak, talentua eta enpresa handien interesak ase ditzaketen produktuak eskaintzeko.

 

Nola sortzen da edo nola aurkitzen da itxuraz hain desberdinak diren bi alderdiren (enpresa handia eta startupa) interesen arteko kimika?

Bi mundu guztiz desberdin dira eta, gainera, hizkera erabat desberdina darabilte. Baina konpainia handi batek kanpoko agenteekin erlazionatu nahi duenean bere fabrikazio-prozesuak eta abar berritzeko, bilatzen duena azkartasuna da. Normalean, enpresa handi bat ez da azkarra, baina ETE hasiberri batek baditu arintasuna, malgutasuna eta freskotasuna, eta enpresa handientzat abantaila handia da hori.

 

Badirudi lankidetza-formula hau onuragarriago dela enpresa handiarentzat…

Ez, ez, ezta gutxiagorik ere. Alde bientzat da onuragarria. Adibidez, lehen urratsak ematen ari diren eta oraindik ezagunak ez diren startupei asko kostatzen zaie merkatuko aukerak eskuratzea edo kontratatuko dituen norbait aurkitzea. Horregatik, finantzaketa premiez harago, oso garrantzitsua da lehen bezeroa lortzea beren talentua eta teknologia erakusteko.

 

Eta zer gertatzen da BIND 4.0 programak ahalbidetutako sei hilabeteko harreman horren ondoren? Badago aukerarik harreman horrekin aurrera jarraitzeko?

Askotan esaten dugu programa honek sei hilabeteko nobiotzak sortzen dituela kontratu bat sinatzen duten enpresa handien eta ETE sortu berrien artean (programak 24 asteko iraupena du). Baina hiru edizio igaro dira eta hasi gara ikusten sei hilabeteko harreman hori askotan indartu egiten dela, ezkontza bihurtzeraino. Horregatik, esan genezake BIND amaitu ondoren ere badagoela enpresa-bizitza bi alderdientzat, erlazio maila estutzen delako eta elkarrekin lanean jarraitzen dutelako proiektu handiagoekin eta kontratu anbiziotsuagoekin.

 

Horrek proiekzio handia emango die ETEei…

Bai, zalantzarik gabe. Horregatik, gero eta sarriago ikusten dugu ezkontza horietan badirela desleialtasunak; hau da, beste lehiakide batzuk jeloskor jartzen dira ikusten dutenean nolako arrakasta duten enpresa handien eta startupen arteko proiektuek, eta ETE horiekin lan egin nahi izaten dute. Hala, harreman gurutzatu oso interesgarriak sortzen dira, euskal enpresa-sare osoaren lehiakortasuna hobetzen dutenak.

 

Ez zaie eskatzen esklusibitaterik alderdiei?

Ez, batere ez. Gure misioa da bi enpresak harremanetan jartzea eta harreman horrek arrakasta izateko behar duen testuingurua sortzea. Eta ikusten dugunean harremanak, konexioak eta kontratuak sendotzen ari direla, urrundu egiten gara pixkanaka.

 

Zein proiektu nabarmenduko zenuke hirugarren edizio honetan eta datorren ostiralean Demo Day ekitaldian aurkeztuko diren 44 ekimenen artean?

Aurtengo edizioan bada startup bat arreta handia erakarri duena, Valentziako Witrack Comunicaciones Inteligentes, Arcelor eta Aernnova enpresekin lanean ari dena. Konponbideak eskaintzen ditu piezak, materialak eta ibilgailuak geo-lokalizatzeko bi konpainia horietako instalazioetan. Hala, biek hala biek posible izango dute beren instalazioetan mugitzen den guztiaren trazagarritasun zehatza izatea.

 

Eta zein da zuretzat nobedade garrantzitsuena?

Agian aurten deigarriena iruditu zaiguna da enpresa arteko harreman mota berriak sortzen ari direla, enpresa-hornitzaile formula tradizionaletik harago doazenak. Aurten, adibidez, baditugu bi startup Pharma sektoreko bi enpresa trakziogilerekin -Faes Farma eta IMQ- lanean aritu direnak; enpresa horiek premia bera ikusi dute eta bi startupek –bata, Euskadikoa eta bestea, Madrilekoa- aseko dute premia hori.

 

Laburbilduz, hirugarren edizio honek argazki hauxe utzi digu: 33 enpresa trakziogile, 32 startup eta 44 proiektu. Zein sektore edo arlotakoak dira?

ETEak batez ere azken belaunaldiko teknologien arlokoak dira: adimen artifiziala, Big Data, zibersegurtasuna, errealitate birtual eta areagotua, manufaktura aurreratua… Abangoardiako teknologiak dira, 4.0 Industriako aitzindariak dira, eta aplikazio zuzena dutenak 4.0 programaren eta Eusko Jaurlaritzako estrategia eta espezializazio planaren arabera lehentasunezkoak diren hiru sektoreetan: manufaktura aurreratua, energia eta osasuna.

 

32 startup horietatik zenbatek dute euskal DNA?

Azken edizio honetan 64 herrialdetako 564 startup aurkeztu dira eta enpresa handiek horietatik 32 aukeratu zituzten. Azken multzo horretatik 19 dira Euskadikoak. Beraz, pozik esan dezakegu gai garela hemengo eta mundu osoko talentua erakartzeko baina, aldi berean, lasai gaude gure startupak gai direlako munduko gainerakoekin lehiatzeko, baldintza berdinetan eta inolako konplexurik gabe.

 

I+G sustatzearen aldeko apustu horren norabide berean, uztailean berriro jarriko duzue martxan Hazinnova programa, berrikuntza ez teknologikoa bultzatzen duena oraindik berrikuntza programak aprobetxatu ez dituzten ETEen artean… Zeintzuk dira programa horren helburuak?

500 enpresarenganaino iritsi nahi dugu. Ekimenaren helburua da 15 hilabeteren buruan 500 bat mikro-proiektu garatzea 8 arlotan: ekonomia eta finantzak, produkzioa, logistika, barne-prozesuak, pertsonak, bezeroak, merkatu berriak eta markak eta diseinuak.

Lotutako albisteak

NAW:  “Gure  abantaila  lehiakorra  10  urte  bitarteko  kirol-oinetako  minimalista  eskaintzea  da”
04/03/2025 Berrikuntza

NAW: “Gure abantaila lehiakorra 10 urte bitarteko kirol-oinetako minimalista eskaintzea da”

Silvia Echeverríak, NAWren sortzaileak, oinetako minimalistak postura-osasunean eta garapen biomekanikoan haurtzarotik helduarora arte nola eragin dezakeen azaltzen du.

Isabel  Urbano:  “Novia  Salcedo  Fundazioarekin  praktiketan  dauden  gazteen  %60k  kontratu  bat  lortzen  dute”
06/02/2025 Ekintzailetza

Isabel Urbano: “Novia Salcedo Fundazioarekin praktiketan dauden gazteen %60k kontratu bat lortzen dute”

Novia Salcedo Fundazioak 45 urte inguru eman ditu ikasketa-ingurunetik lan-mundurako trantsizioa errazten, prestakuntza praktiko ez-laboraleko programen bidez.

AIDTEC  Solutions  :“Ekintzaileak  zaindu  egin  behar  ditugu”
05/02/2025 Ekintzailetza

AIDTEC Solutions :“Ekintzaileak zaindu egin behar ditugu”

Nekazaritza jasangarriagoa lortzeko soluzioetan espezializatutako startuparen sortzaileetako bat da Izaskun Oribe

Marijo  Pagalday  (Mondragon  Korporazioa):  “Gure  helburua  balio  kate  osoa  hartzen  duen  360º  digitalizazioa  eskaintzea  da”

Marijo Pagalday (Mondragon Korporazioa): “Gure helburua balio kate osoa hartzen duen 360º digitalizazioa eskaintzea da”

Mondragon Korporazioko Ingeniaritza eta Zerbitzuen saila 9 kooperatiba autonomok osatzen dute, eta elkarrekin koordinatuta daude. Kooperatiba horiek 3.000 lanpostu inguru sortzen dituzte zuzenean, eta 300 milioi euroko fakturazioa dute.

Alex  Rayón  (Brain  &  Code):  “Teknologia  mugikorrekiko  eta  Adimen  Artifizialarekiko  elkarbizitza  naturalizatu  behar  dugu”

Alex Rayón (Brain & Code): “Teknologia mugikorrekiko eta Adimen Artifizialarekiko elkarbizitza naturalizatu behar dugu”

Hezkuntza teknologiko irisgarria bultzatzen duen enpresako CEOak Digital Open Knowledge DOK jardunaldian parte hartu du. Bertan, eraldaketa digitala eta adimen artifiziala aldaketa-azeleragailu gisari buruz hitz egin du.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.