Alerion, drone adimendunak muturreko kondizioetarako
Euskal startup-ak aireko robotak egiten ditu, teknologia aeroespazialean oinarrituta
Oier Peñagaricano eta Pablo Ghiglino sortzaile dituen Alerion enpresa espezializatuta dago nabigazio-teknologia propioa duten drone autonomo eta adimendunak egiten. Startup honek B-Venture topaketan parte hartu zuen; kongresu hori SPRI Taldeak lagundu zuen, eta ekintzaileei laguntzea zuen helburu. Jardunaldi horretan, halaber, plataforma hau aurkeztu zuten: UpEuskadi :–Euskadiko Ekintzaileen Ekosistema.
Alerion 2015ean sortu zen, Europako Espazio Agentziaren inkubagailuan (ESA Business Incubation Centre). Sortzaileak nabigazioko espazio-teknologiak garatzen ari zirelarik, aukera ikusi zuten beren proiektua erabilera ez-espazialetara transferitzeko; zehazki, droneen doitasuna hobetzeko. Emaitza aireko robot adimendun eta autonomo bat da, gai dena egiturak ezagutzeko eta datuak denbora errealean aztertzeko.
Alerionek garatzen dituen droneek laser bidezko nabigazio-sistema propio bat dute oinarritzat, zeina enpresak berak patentatu baitu. Teknologia honek aukera ematen du zaintza- eta monitorizazio-gailu gisa erabiltzeko, muturreko kondizioetan eta azpiegitura konplexuetan, iristea oso zaila den horietan. “Beste drone batzuek eskuz gidatuta edo GPS-puntuen bidez nabigatzen dute, baina gureek interesatzen zaien egitura identifikatzen dute eta haren arabera nabigatzen dute”, azaldu du Oier Peñagaricano ingeniaritza aeroespazialeko doktoreak, “eta horrek aukera ematen du asko gertura daitezen eta datu oso zehatzak eta kalitate hobeagokoak lor ditzaten”.
Alerionek garatutako teknologiaren beste elementu bereizgarrietako bat da droneek adimena dutela jasotako datuak aztertzeko. “Datuak dronean bertan prozesatuta, aukera dugu datuak denbora errealean jasotzeko, eta horiek zuzenean bidaltzen dira mantentze-lanez arduratzen diren enpresetara, erabakiak bizkorrago har ditzaten”, adierazi du Peñagaricanok.
Energiaren sektorean aritzen da batez ere enpresa, aerosorgailuen off shore ikuskapen-proiektuetan. Gaur egun, Iberoamerikako lankidetza-proiektu batean ere parte hartzen du, elektrizitate-dorreetan korrosioa detektatzeko, eta 2019an Europako proiektu bat abiaraziko du beso robotikodun droneak sortzeko, konponketak modu autonomoan detektatu eta egiteko gai izango direnak. Bestalde, etorkizun hurbilera begira, Gipuzkoako startup-aren helburua da nazioartean hedatzen hastea, batez ere Estatu Batuetako, Txinako eta Europako iparraldeko merkatuetan.
Iaz, 1,1 milioi euroko diru-laguntza jaso zuen Alerionek Horizonte 2020ren ETE Tresna programaren barruan. Gainera, irailean, EIC Innovator’s Summiten Green Energy kategoriako lehen saria jaso zuen. “Energia-sektoreko enpresa pribatuek osatzen zuten epaimahaia; beraz, guretzat aintzatespen garrantzitsua izan da, eta argi uzten du potentzial handia dugula”.
Lotutako albisteak

Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean 250309
Euskadiko talentu ekintzaile guztia. Wake up! -ek komunikabide eta sareko blog desberdinek argitaratutako albisteen hautaketa txiki bat egunero partekatzen du Linkedinen: ideiak, proiektuak, negozioak, startupak, enpresak etab.

Momentum Gamesek joko arrakastatsuak sortzen laguntzen die markei
Gipuzkoako startupa proiektu bakoitzaren garapenaz eta administrazioaz arduratzen da, baita jokoen-analitikari buruz ere

Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean
Euskadiko talentu ekintzaile guztia. Wake up! -ek komunikabide eta sareko blog desberdinek argitaratutako albisteen hautaketa txiki bat egunero partekatzen du Linkedinen: ideiak, proiektuak, negozioak, startupak, enpresak etab.

Zaher Taldeak bere eraginkortasun operatiboa hobetzea du helburu eraldaketa digital nabarmen baten bidez
Enpresa gipuzkoarra bere zuzendaritzaren errelebo betean murgilduta dago, galdaragintzan eta mekanizazioan aritzen da, eta nazioartekotzearen aldeko apustua ere egin du.

Euskadi herrialde teknologiko eta berritzaile gisa agertu da Mobile World Congress 2025ean
"Innovation Land" lelopean, 16 startup Up!Euskadi berrikuntza-plataforma ordezkari izango dira Euskadiko standean, Spri Taldearen eta Foru Aldundien laguntzarekin