Barakaldoko konpainiak komunikazio teknologien arloan lortu duen ezagutza baliatu du tenperatura edo hezetasunaren sentsoreak garatzeko
Argiztapena kontrolatzeko sistemek eta energia-eraginkortasuna ikuskatzea helburu dutenek haririk gabeko komunikazio-sareak erabiltzen dituzte datuen transmisiorako. Ezagutza honetatik abiatuta, Argi-Tech enpresak Gauzen Internetarekin lotuta dauden produktu eta zerbitzu berriak garatu ditu zenbait aldagai neurtzeko; tenperatura eta hezetasuna, kasu. Proiektu horiei buruz hitz egin dugu Amando Ruiz Argi-Techeko Zuzendari Kudeatzailearekin eta Luis Alberto Velasco Zuzendari Teknikoarekin.
Zein da Argi-Techen jatorria?
2014an, Metro Bilbaorentzako proiektu bat abiarazi genuen, geltokietako argiztapenaren ezaugarri teknikoak zehazteko eta energia-kontsumoak neurtzeko. Duela bost urte ez zegoen horrelako neurketak egiteko aparatu askorik, eta 4G pasabidea eta kontrol-panela zituzten maleta eramangarriak diseinatu genituen, 55 segundoko freskatzeaz 200 seinale sinkronizatu jasotzeko gai zirenak. Aparatu horiei esker egiaztatu zuten geltokietako energia-kontsumoaren ehuneko 53 eskailera mekanikoei zegokiela, eta ehuneko 5 argiztapenari. Denboraren poderioz, Metro Bilbaoko argiztapenari buruzko araudiaren ezaugarri teknikoak sortu genizkien, eskailera mekanikoen kontsumoak optimizatzeko prozesuan ere laguntza emanez.
Enpresen eta eraikinen argiztapena da zuen negozio-nitxo nagusia, bereziki industria sektoreari dagokiona, ezta?
Argi-Techen energia-eraginkortasuna ardatz dituzten proiektuak lantzen hasi ginen, eta berehala konturatu ginen kontuan hartzeko moduko esparrua zegoela argiztapenaren arloan. Kanpo eta barne argiztapen proiektuak landu ditugu ingeniaritza-enpresetarako eta arkitektura-bulegoetarako, araudi aplikagarriaz baliatuta. Horretarako, eraikina ez ezik, bertako jarduera mota eta inguruko argia aztertzen ditugu. Horien arabera aukeratzen dugu dagokion luminaria, eta ondorengo argiztapen proiektuan zehazten dugu nola geratuko den barne argiztapena kanpotik ikusita, gaueko argiztapena izango duen, eguneko argiztapena beharko duen, etab. Datu horiei jarraiki, hainbat sistemaren erabilera gomendatzen dugu; hala, nola, barruko argia kanpoan dagoenaren arabera egokitzen duten sentsore krepuskularrak, presentzia-sentsoreak, uztartutako presentzia-sentsoreak, ordutegiaren araberako koskak edo erloju astronomikoak. Ondoren, kontrol mota aztertzen dugu. Guk erabiltzen dugun LED argiztapenak mugikorretik nahiz tabletatik gobernatzeko moduko erregulazioa ahalbidetzen du hainbat irrati-frekuentziaren bitartez. Horren harira, sortutako sareak erabili ahal ditugu (GSM edo SIM, edota SigFox), baita hutsetik sortu beharreko sareak ere (Wi-Fi, Bluetooth, Zigbee edo LoRaWAN). Komunikazio sareei buruz dugun ezagutzak erraztu digu Gauzen Internetarekin lotutako beste sektore batzuetan sartzeko aukera.
Argiztapenetik harantzago, bestelako proiekturik garatzen ari zarete IoTarekin lotuta?
Gure bezeroetako bat da Norbega, Galdakaotik Coca-Cola ekoiztu eta banatzen duen enpresa. Haientzat zenbait argiztapen-instalazio egin ondoren, egun batean jakinarazi ziguten logistika arloko hotzaren katea kontrolatzeko gai izan daitekeen sistemaren bat garatzeko asmotan zebiltzala. Norbegak iberiar penintsula osoan zabalduko den Coca-Cola lantzeko jarabeak jasotzen ditu, eta garrantzi handikoa da garraioan produktu horren tenperatura maila jakin batetik ez igotzea. Horregatik garraiatzen da hozkailu-kamioien bitartez. Duela gutxira arte, hotzaren katea geroztik kontrolatzen zen. Kamioiek tenperatura neurtzeko sistema bat zeramaten, eta horietan bildutako datuak banaketa amaitu ondoren ikuskatzen ziren. Hartara, konpainia logistikoaren trafiko-zentroarekin etengabeko komunikazioa izango lukeen kostu txikiko sentsore bat garatzea eskatu ziguten, plataforma baten bitartez garraioaren lokalizazioa eta produktuaren tenperatura ezagutzeko eta ‘online’ jarraipena egiteko. Aurretiaz, luminariak kontrolatzeko SigFox erabili genuenez gero, teknologia hori tenperatura-sentsore bati lotuta erabil zitekeela pentsatu genuen, kamioiaren barruan sartuta tenperaturaren berri emateko, eta onartutako mailak gaindituz gero, alerta bat bidaliko liokeela erabiltzaileari plataformaren bitartez. Hasieran, SigFox sentsore sinpleak erabili genituen, eta gero SigFox sentsore programagarriak, hainbat aldagai kontrolatu eta balio irregularen bat neurtzekotan alarma sorrarazteko gaitasuna dutenak. Horrela, informazio guztia aztertzeko ez da aparteko zerbitzari batera bidali behar, baizik eta sentsoreak berak aztertzen du modu lokalean dagozkion alarmak bidaltzeko.
Une honetan, mahastien hezetasuna neurtzeko ere IoT sentsore batzuk lantzen ari zaretela uste dut.
Errioxako kontsultoretza batekin ari gara lanean, SigFox sentsoreen bitartez Errioxako mahastien hezetasuna neurtzeko. Nekazariek kontrolpean eduki nahi dituzte hezetasun-mailak, bereziki une jakin batzuetan; adibidez, udaberrian edo udan. Lursail batean SigFoxen bidez konektatutako 4 edo 5 sentsore instalatu eta mugikorraren bitartez hezetasun-mailak ezagutu ahal izatea oso aukera interesgarria da.
Azterketa ekonomikoa egin dugu eta, horren arabera, merkatura 400 euro inguruko prezioa izan dezakeen soluzio bat atera daitekeela uste dugu, sentsorea eta aplikazioa barne hartuz. Saiakuntza fasean gaude eta guretzat merkatu berri-berria da. Lehenengo pausoak ematen ari gara, baina ondo funtzionatzen ari dela dirudi.
Gauzen Interneta etorkizun handia duen teknologia da, baina ezaguerak ia-ia egunero gaurkotzea eskatzen duena.
Teknologiaren ikuspegitik besteen aurretik egotea da gure balio erantsia. Etengabe aztertzen dihardugu merkatura ateratzen den guztia. Argiztapen-sistemetan espezializatu garen arren, egia esanda, ekipo elektroniko baten kontrola oso-oso antzekoa da argiak ikuskatzeko zein sentsoreak kontrolatzeko. Egungo teknologia ezagutu behar da, interesgarriena zein den bereizi ahal izateko.
Zuen enpresaren jatorrira itzulita, zeintzuk dira industrietan argiztapena kontrolatzeko sistemak ezartzeak dakartzan abantailak?
Munta handiko aurrezkiak lor daitezke. Industria batera joaten garenean, zehatz-mehatz aztertu behar da zergatik argi batzuk une oro piztuta egoten diren, zergatik ez den argiztapena sektoreka banatzen, zergatik ez diren presentzia-sentsoreak instalatzen mugimendu eskaseko lekuetan… Duela urte batzuk, argien kontrola etengailuen bitartez egiten zen, baina orain urruneko kontrol-zentro batetik edo tableta batetik egin daiteke. LED argiztapenera aldatzeak berak aurrezki handiak ekartzen ditu, baina badira argi-kontsumoaren gaineko aurrezkian eragin handia duten beste faktore batzuk ere. Alabaina, jende asko ez da oraindik fidatzen, eta behin eta berriro azaldu behar da nolako abantailak dituzten argiztapena eta energia-eraginkortasuna kontrolatzeko sistemek.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?