2013tik hona, laguntza eman zaie 4.895 enpresa-proiekturi eta Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko (ZTBES) agenteen 677 proiekturi
2019an 166,1 milioi euro inbertituko dira Hazitek, Elkartek eta Emaitek Plus programetan
Azken sei urteetan, Eusko Jaurlaritzak 885 milioi euro inbertitu ditu I+G sustatzeko SPRI Taldearen laguntza-programa teknologikoen bitartez. Hartara, laguntza eman zaie 4.895 enpresa-proiekturi eta Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko (ZTBES) agenteen 677 proiekturi.
Zehazki, enpresek 439 milioi euro jaso dituzte eta eragindako inbertsioa 1.708 milioi eurokoa izan da. ZTBESeko agenteei 445 milioi euro eman zaizkie espezializazio adimendunari buruzko ikerketa-proiektuak garatzeko eta teknologi zentroen zein ikerketa kooperatiboko zentroen (CIC) emaitzak hobetzeko.
Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, 2019an 166,1 milioi euro inbertituko dira arlo horretan; horietatik 83 enpresetara bideratuko dira eta beste hainbeste Sareko agenteentzat izango dira. 2019. urteko laguntzen bidez babesa eman nahi zaie 700dik gora enpresa-proiekturi eta teknologi zentroekin zerikusia duten 80tik gora proiekturi.
Laguntza hauek Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailaren Basque Industry 4.0 Estrategiaren barruan kokatzen dira, estrategia horrek berebiziko garrantzia ematen baitie Euskadiren espezializazio industrialaren barruan lehentasunezkotzat jotzen diren sektoreetako proiektuei, hau da, fabrikazio aurreratukoei, energia esparrukoei eta bio-osasungintzakoei.
Laguntza-programa teknologikoak
Hauek dira I+G sustatzen duten laguntza-programa teknologikoak: Hazitek, Elkartek eta Emaitek Plus. Hazitek zabalik egongo da martxoaren 14ra arte, Elkartek otsailaren 28ra arte eta Emaitek Plus programak ekainaren amaieran irekiko du eskaerak aurkezteko epea.
Lehenak, Hazitek-ek, 83 milioi euroko aurrekontua du eta enpresei zuzentzen zaie, zehazki, ikerketa industrialeko edo garapen esperimentaleko proiektuak egiten dituztenei. Proiektu horiek lehiakorrak nahiz estrategikoak izan daitezke, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2020 Planeko espezializazio-esparruetan gauzatzekoak dira.
Hala, alde batetik, Eusko Jaurlaritzak I+G-ko proiektu lehiakorrak sustatzen ditu: produktu berriak garatzea helburu dutenak (produktu originalak, eskura daudenak baino hobeak, merkatuaren eta gizartearen eskariei erantzuteko) eta oinarri zientifiko eta teknologikoko enpresa berriak abiaraztea helburu dutenak.
Bestetik, Hazitek programaren bidez babesa ematen zaio I+G-ko proiektu estrategikoen garapenari. Enpresen lidergotik sortutako proiektuak dira, Euskadiko gaitasun zientifiko-teknologikoak aprobetxatzen dituztenak eta lankidetzan nahiz bakarka garatu daitezkeenak Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren espezializazio-esparruetan. Proiektu estrategiko horiek ezaugarri jakin batzuk dituzte, nola baitira berrikuntzaren dimentsio globala, beren irismen zientifiko-teknologikoa eta I+G+B-ko inbertsioaren intentsitatea, inbertsio hori beharrezkoa baita ez bakarrik enpresen helburu indibidualak lortzeko, baizik eta, batez ere, trakzio-indarra egiteko Euskadiren ekonomian eta, bide horretatik, bultzada bat emateko Euskadiren nazioartekotzeari.
Beste bi programak, Elkartek eta Emaitek Plus, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agenteei zuzendurik daude. Lehenengoaren helburua da Sarean integratutako Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako erakundeen ikerketa kolaboratiboak sustatzea. Bigarrenarena, berriz, teknologi zentroen eta ikerketa kooperatiboko zentroen (CIC) emaitzak hobetzea eta merkatura orientatzea.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?