Filtra tu búsqueda



Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 8 urria, 2021 Eraldaketa digitala Industria adimenduna

“Adimen Artifiziala gelditzeko etorri da Euskadiko industriara”

BAIC (Basque Artificial Intelligence Center) elkartearen bultzadak 60 enpresaren interesa piztu du hiru hilabete eskasean  
BAICeko presidenteordea Nerea Aranguren.

 

Hogei bat erakundek sortu zuten BAIC Elkartea (Basque Artificial Intelligence Center – Centro Vasco de Inteligencia Artificial) joan den uztailean, Adimen Artifizialaren garapena gidatu eta bultzatzeko Euskadin.  Labur esateko, eragile berri honen asmoa da enpresen lehiakortasuna eta euskal gizartearen ongizatea hobetzea, Adimen Artifizialaren sustapena helburu duen lankidetza publiko-pribatu baten testuinguruan. Abian jarri zenetik hiru hilabete igaro diren honetan, 60 enpresak dagoeneko benetako interesa agertu dute ekimenarekin bat egiteko.

 

BAICeko presidenteorde Nerea Arangurenen arabera, elkartearen eragile sustatzaileen artean badaude erreferentziazko konpainiak (CAF, Deusto Seidor, Euskaltel, Gestamp, Hupi Ibérica, Iberdrola, Inzu Group, ITP Aero, Mondragon Korporazioa, Onkologikoa, Petronor, Sener eta Versia), baina baita ere eragile zientifiko-teknologikoak eta prestakuntza-zentroak (Tecnalia, Vicomtech eta Basque Center for Applied Mathematics – BCAM). Horrez gain, SPRI Taldeak ere kolaboratzen du elkartean, Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren izenean.

 

Adimen Artifiziala (AA) aipatzen dugunean, zertaz ari gara benetan?

Labur-labur esanda, Adimen Artifizala da makinei erabakimena ematea. Gure enpresa eta sektoreek datu andana sortzen dute egunero; eta datu horiek atzeman egin behar dira, tratamendu egokia eman, eta gero haiengandik ikasi, eraginkorrago eta lehiakorrago izateko. Eta hortxe sartzen dira jokoan Adimen Artifizialeko teknikak, helburua baita makina gai izan dadila erabakiak hartzeko.

 

Adibideren bat jar dezakezu?

Ziurrenik gogoan izango duzu zakur formako robot hura, pilota bat jaurtiz gero bila joaten zena. Pilotak hartzen duen norabidearen arabera, robota modu batera edo bestera mugitzen da, ikasi egin duelako… Guk egiten duguna antzeko zerbait da, baina manufacturing arloan; zehazki, datuak prozesatzen ditugu makina baten barruan, eta adibidez, zuzenketa-prozesurako esanguratsuak diren hainbat datu espektro jakin batetik ateratzen direnean, makinak erabakiko du aldatu egin behar dela fabrikatzeko modua, badakielako gaizki funtzionatzen ari dela.

 

Adimen Artifizialeko prozesuak sektore horretan bakarrik ezarri daitezke?

Ez, ez. Automozioaren sektorean ere bai. Sektore horretan enpresa handiek aurre-aginduak ematen dituzte, zeintzuk pixkanaka doitu egiten baitira eskaeraren azken fasea iritsi ahala; horra, AA aplikatzearen beharra erakusten duen beste adibide bat. Osagai-egileek aurreikuspenak egin behar dituzte, eta jakin behar dute aurre-agindu hori zein neurritaraino den fidagarria, hots, beteko den ala ez. Adimen Artifizialeko teknikak lagungarri dira gertatuko dena askoz modu zehatzagoan aurreikusteko.

 

Hortaz, badirudi joera geldiezina dela, gero eta adimendunagoak, eraginkorragoak eta prediktiboagoak izango diren makinekin, eta eraginkortasun eta lehiakortasun fluxu handiak sortuko dituzten enpresekin…

Horixe da helburua, bai. Eta halaxe da, joera hau geldiezina da. Eskura dauzkagu teknologia eta ezagutza, baina industriaren munduan aplikatzen ditugunean, eraginkortasun eta produktibitate ratio handiagoak lortuko ditugu. Funtsean, gure negozioak hobetuko ditugu. Beraz, esan liteke joera hau geure artean dagoela jadanik, eta komeni zaigula berarekin bat egitea lehenbailehen eta berme guztiekin. Gainera, gelditzeko etorri da, Euskadik oso baldintza abantailatsuak eskaintzen dituelako, eta orain helburua da Euskadi benetako proba laborategi bilakatzea Adimen Artifiziala garatu eta zabaltzeko.

 

Teknologia hau zergatik da hain estrategikoa Euskadirentzat?

2021eko martxoaren 31n onartutako Euskadi 2025 Eraldaketa Digitaleko Estrategiak dio Adimen Artifiziala funtsezko palanka teknologikoetako bat dela etorkizuneko erronkei aurre egin ahal izateko. Eta, ildo horretatik, potentzia teknologiko handiek nahiz herrialde txiki aurreratuenek proiektu anbiziotsuak abiatu dituzte AAren erabilpena zabaltzeko.

 

Eta zergatik orain? Atzeratuta al gabiltza?

Ez dut uste atzeratuta gabiltzanik; esango nuke hainbat inguruabar daudela Elkarte honen sorreraren atzean. Lehena da orain badauzkagula datuak, eta kalitatezko datuak direla. Aspaldi hasi ginen eraldaketa digitalarekin, eta baliteke errealitate hori errotuta egotea beste sektore batzuetan (adibidez Osasunean edo Kontsumo Ondasunetan), baina industriaren munduan orain ari da sortzen. Bestalde, orain datuak atzematen ari gara badugulako horretarako behar den teknologia. Horregatik, nire ustez, inguruabar askok baieztatzen dute hauxe dela BAIC sortzeko une egokia.

 

Nolako harrera izan du enpresa-sarean? Nola ikusten dute enpresek hain disruptiboa den teknologia bat?

Uste dugu teknologiak helduagoak direla orain, eta enpresek ere jarrera hobea dutela horrelako inbertsioak egiteko eta dinamika horietan sartzeko, zeren, neurri handiagoan edo txikiagoan, denei iruditzen baitzaie onurak atera daitezkeela hortik. Horregatik, pentsatzen dut hauxe dela une aproposena BAIC bultzatzeko, eta Adimen Artifiziala sekulako bultzada izango dela lehiakortasunerako.

 

Zenbat enpresak bat egin dute Elkartearekin joan den uztailean martxan jarri zenetik?

Une honetan ia 60 antolakundek eskatu dute ekimenarekin bat egitea. Kopuru oso positiboa iruditzen zaigu, batez ere kontuan hartzen bada lehen urratsak ematen ari garela eta, gainera, uda egon dela tartean. Elkartearen testuingurua eta funtzionamendu-eredua azaldu ondoren, 60 horietatik 30 dagoeneko prest daude BAICekin bat egiteko, eta gainerakoak prozesuan murgilduta daude. Baikorrak gara, hurbildu zaigun enpresa kopurua ikusita.

 

Nolako enpresak bilatzen dituzue?

Batik bat enpresa trakziogileak, Adimen Artifizialari esker euren talentua eta gaitasunak hobetu ditzaketen konpainia industrialak. BAICek AA sustatu nahi duten antolakundeak bilatzen ditu, eta horien artean leudeke IKT hornitzaileak, hots, teknologia garatzaileak. Multzo horretan startup asko sartzen dira, funtsezko player-ak direnak ekimen honetarako. Badago bigarren interes-talde handi bat: hasieran aipatu ditudan enpresa handiak. Horiek hartzaileak izango lirateke, Adimen Artifizialak industrian dauzkan erronkak planteatuko dituztenak. Azkenik, hirugarren taldea ezagutza-agenteena da (teknologi zentroak eta unibertsitateak), eta ezin ditugu ahaztu erakunde publikoak (adibidez SPRI Taldea).

 

BCSC – Zibersegurtasunerako Euskal Zentroaren ereduan oinarritu zarete BAIC sortzeko?

Neurri batean bai, baina ez erabat. Egia da BCSC oso ongi ari dela funtzionatzen, eta horren balorazioa oso positiboa da, baina uste dut badagoela hartatik bereizten gaituen ezaugarri nagusi bat: BCSC Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen Sailaren ekimena da, eta BAIC beti planteatu da ekimen publiko-pribatu bezala, hau da, bere oinarrizko helburuetako bat da Adimen Artifiziala enpresa pribatura hurbiltzea. Uste dugu garrantzitsua dela hasieratik ahaleginak batzea norabide horretan, hau da, alderdi publikoa eta pribatua konbinatzea.

Lotutako albisteak

14 Azaroa, 2024 Eraldaketa digitala
Alex Rayón (Brain & Code): “Teknologia mugikorrekiko eta Adimen Artifizialarekiko elkarbizitza naturalizatu behar dugu”
Irakurri gehiago
8 urria, 2024 Eraldaketa digitala
Intralogistik: “Industria-sektoreko enpresei laguntzen diegu haien kudeaketa logistikoa eraginkorragoa eta merkeagoa izan dadin”
Irakurri gehiago
5 iraila, 2024 Eraldaketa digitala
NORAi: “Business Intelligence teknologia abantaila lehiakorra da enpresentzat”
Irakurri gehiago
23 abuztua, 2024 Berrikuntza
Manex 4.0-HRE Automationek “Espezializazio estrategikoa” saria jaso du 2024 Toribio Echevarria sarietan
Irakurri gehiago
10 ekaina, 2024 Eraldaketa digitala
Worköholics: “Agenatzia gisa bereizten gaituena esperientzia digitalak sortzea da”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak