Ekitaldiaren erakusketa-eremuak eraldaketa digitala xede duten enpresen, zentro teknologikoen eta startupen 170 stand bildu ditu.
4.0 aktiboak izan dira, Euskadin laugarren industria-iraultza eta zibersegurtasunari buruz antolatzen den Basque Industry 4.0 – The Meeting Point erreferentziazko ekitaldiaren erakusketa-eremuko protagonistak. Ekimen Estrategikoen arloaren bitartez, SPRI Taldeak bere standean jarri du ikusgai Basque Digital Innovation Hub sare berria, Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko aktiboak, teknologiak eta ezagutza bildu eta euskal ETE industrialen esku jartzen dituen ekimena.
BDIH eraldaketa digitalean aurrera egiten nahi duten enpresen eskueran dagoen prestakuntzarako, ikerketarako eta 4.0 teknologia digitalen testatze nahiz baliozkotzerako azpiegitura da. “Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko eragileen eskaintza antolatu dugu, taldeetan, laborategietan, azpiegituretan eta ezagutzan oinarrituta, ETEek teknologia horiek testatu eta baliozkotzeko aukera izan dezaten, prozesuetan txertatu baino lehen”, argitu du Amaia Martínez SPRI Taldeko Ekimen Estrategikoen ordezkariak; “talde horien arteko bat-egiteari esker balio erantsia duten zerbitzu gehigarriak eskaini ahal ditugu”. BDIHk enpresei zuzendutako aktiboen eskaintza hau aktibatu du dagoeneko, eta urtarrilean jardunaldi tekniko eta laguntza programak abiaraziko dira, zerbitzu horiez profitatzeko aukera izan dezaten.
BDIHrekin batera, Basque Industry 4.0 topaketako erakusketa-eremuan bildutako puntako enpresek, zentro teknologikoek eta startupek industriako eraldaketa digitalari eta zibersegurtasunari lotutako azken berrikuntzak erakutsi dituzte. Aurten, Bilbao Exhibition Centerreko 2. pabilioiak erakusketa-eremua handitu du 170 stand bildu ahal izateko, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) partzuergoari atxikitako zentro teknologikoak barne. Eusko Jaurlaritzak, SPRI Taldeak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek sustatu eta 2019an aurkeztutako ekimen honek 16 euskal eragile zientifiko-teknologikoren indarrak bildu ditu, Euskadiko zientzia, teknologia eta enpresaren erronka nagusiei erantzuteko xedez.
Eremu berean, euskal enpresa trakziogileak startup teknologikorik berritzaileenekin lotzen dituen BIND 4.0 azeleragailu publiko-pribatuari eskainitako gune bat ere izan da. Berrikitan sortutako 90 enpresak baino gehiagok soluzio teknologikoak erakutsi ahal izan dituzte Bind 4.0 Startup Zone gunean, eta bertaratutakoek bilerak egiteko eta erakutsitako produktu eta zerbitzuak gertu-gerturik ezagutzeko aukera izan dute networking eremuaren bitartez.
Basque Industry 4.0 topaketako hitzaldi-programaren barruan, BIND 4.0ren azken edizioan izandako zenbait arrakasta-kasu ere aurkeztu ziren, izan ere, ekimen horren bitartez, guztira 44 proiektu teknologiko abiarazi ziren. BECeko Auditoriumean bildutakoek gertu-gertutik ezagutu ahal izan dituzte enpresa industrial aitzindarien eta startup teknologikoen arteko lankidetzari esker gauzatu diren eraldaketa digitaleko lau proiekturen emaitzak.
Biomedikuntzan espezializatutako BTI multinazionalak eta Samylabs-ek hortz-protesi pertsonalizatuetarako pieza metalikoak manufaktura aditiboko teknologien bitartez fabrikatzeko proiektua aurkeztu dute. ABB konpainiak eta Bartzelonako Engidi startupak langileak geolokalizatu eta monitorizatzea eta horien segurtasuna hobetzea ahalbidetzen duen IoT teknologiez hornitutako kaskoaren prototipoaren emaitzak partekatu dituzte. Mercedes Benzek eta Neuron Soundware txekiar enpresa teknologikoak argi utzi dute Adimen Artifizialaren erabilerak fabrikazioko roboten mantenimendu prediktiboa hobetzen ahal duela, soinuaren azterketari esker. Era berean, Sidenor enpresak eta Immersia startup donostiarrak konpainia industrialaren instalazioak monitorizatu eta kudeatzea ahalbidetuko duen geruza birtual interaktiboa sortzeko proiektua aurkeztu dute. Azkenik, Acelor Mitalek eta Opencloud enpresa madrildar gazteak ezagutzera eman dituzte, IT zein OT inguruneetan enpresaren sareari konektatutako gailu guztiak bistaratu eta kontrolatzea ahalbidetuko duen sistema garatzeko lankidetza bidezko proiektuaren emaitzak.
Mercedes Benzeko senior manager manufacturing engineering Juan Mocoroak adierazi zuenez, “fabrikazio-prozesua ezagutzen duen enpresaren eta teknologian trebatutako startuparen artean finkatu den taldekako lankidetza arrakastaren mesedeko jarduna da, gure sineste osoa duena”.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?